2025(e)ko abuztuaren 18(a) 12:30

Bizkaiak 45 agente eta baliabide tekniko bidali ditu Gaztela eta Leonera, baso-suteak itzaltzen laguntzeko

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak Suhiltzaileen nahiz Mendietako Zerbitzuetako, eta Basalan foru-enpresa publikoko langile espezializatuak mugiarazi ditu. Operatiboa gaur goizean atera da Uriosteko parketik; horrekin batera, 18 ibilgailu, material espezifikoa, sastrakak kentzeko robot bat eta behaketa-drone bat eraman dituzte.

Bizkaiko Foru Aldundiaren operatiboa, Gaztela eta Leonera lekualdatua

Bizkaiko Foru Aldundiak 45 pertsona eta hainbat baliabide teknikoko kontingentea bidali du gaur, Estatuko hainbat gunetan kaltea eragiten duten baso-suteak itzaltzen laguntzeko. Mobilizazioa Gaztela eta Leongo Erkidegoak Eusko Jaurlaritzari laguntza eskatu ondoren egin da, larrialdietako erakunde arteko lankidetzaren esparruan.

Konboia Uriosteko foru parketik abiatu da gaur goizean, Leongo Boca de Huérgano (Riaño inguruan) udalerrira joateko. Dispositibo hori Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko (PSSZ), Mendi Zerbitzuko eta Basalan foru-enpresa publikoko langileek osatutakoa da.

Langile parte-hartzaileak eta baliabide materialak

Eramandako laguntzaren barruan Bizkaiko suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuetako 15 kide daude (10 suhiltzaile, 2 kabo, sarjentu 1, ofizial 1 eta ikuskatzaile 1), esku hartzeko 8 ibilgailu daramatzatenak. Ibilgailu horien artean honako hauek doaz: basoko bi ponpa astun, bi zisterna, lur orotako bi pickup, aginte-ibilgailu bat eta furgoneta logistiko bat.

Horiekin batera, Mendi Zerbitzuko 10 profesional ere gehitu behar dira, eta horien artean  suteak itzaltzeko 3 zuzendari tekniko daude, 6 baso-agente eta laguntzaile bat; baita Basalaneko 20 pertsona ere (2 teknikari eta 18 baso-espezialista).

Foru-operatiboa basogintzan esku hartzeko askotariko materialaz hornitu da, hala nola eskuzko tresnak, motozerrak, sutze-zuziak, sastrakak kentzeko robot bat eta 500 litroko biltegia duen pickup ibilgailu bat. Halaber, drone bat gehitu da, behaketa-lanak egiteko eta jardueren plangintzan aireko laguntza emateko. Oro har, Mendietako eta Basalaneko ekipoak lur orotako 10 ibilgailutan mugituko dira.

Hasierako aurreikuspenak hiru eguneko esku-hartzea ezarri du, errelebo-aukerarekin, suteen bilakaeraren eta Gaztela eta Leongo agintaritza eskudunek zehazten dituzten premien arabera.

Erakundeen arteko lankidetza

Bizkaiko parte-hartzea euskal erakundeek estatu-mailako larrialdietan laguntzeko duten eginkizunen barruan kokatzen da. Bizkaiko Foru Aldundiak babes zibileko eta larrialdietako dispositiboen eskura jartzen ditu bere giza baliabideak eta baliabide materialak, gehien kaltetutako eremuetan zerbitzu autonomikoen eta tokikoen lana babesteko.

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp