Berriak
2026(e)ko azaroaren 04(a) 17:52
Bizkaiak 83,4 milioi euro bideratuko ditu bere enpresen ekintzailetza, berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatzera 2027an
Ekonomia Sustatzeko Saila
Ekonomia Sustatzeko Sailaren aurrekontua % 2,5 handitu da. Horrekin batera % 18 handitu da programen eta zerbitzuen bidez ekintzailetza aurreratua bultzatzeko aurrekontua, eta % 7,3 enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna bultzatzeko aurrekontua
Ainara Basurko, Joseba Mariezkurrena eta Cristina Múgica
Bizkaiko Foru Aldundiak 83,4 milioi euro bideratuko ditu lurralde orekara, talentua garatzera, eta enpresa txiki eta ertainen ekintzailetza aurreratua, berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatzera 2027an. Aurrekontua 2026an baino % 2,5 handiagoa da, eta horixe aurkeztu du Ekonomia Sustatzeko Sailak gaur arratsaldean Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan egin den batzarrean.
Ainara Basurko foru-diputatuak azaldu duenez, 2027ko aurrekontuko lehentasunetako bat izango da ekintzailetza aurreratua. Bere sailak 13,4 milioi euro bideratuko ditu —aurreko ekitaldian baino % 18 gehiago— enpresa berritzaileak sortzea, sendotzea eta haztea bultzatzeko programetara eta zerbitzuetara. Ekintzaileentzako eta startupentzako zuzeneko laguntzak % 24 haziko dira eta 4,7 milioi euro bideratuko zaizkie.
Halaber, aurrekontuak 2,7 milioi euro gordeko ditu BAT, B Accelerator Tower Bizkaiko Nazioarteko Ekintzailetza Zentroarentzat, eta 2,4 milioi euro Seed Capital Bizkaiaren bitartez enpresak sortzea eta haztea erraztuko duten finantzaketa-tresnak garatzen jarraitzeko.
Baliabide gehiago berrikuntzarako, digitalizaziorako eta deskarbonizaziorako
Berrikuntza Arloak 30,8 milioi euro izango ditu —2026an baino % 15 gehiago—zerbitzu aurreratuak eta industriaren lehiakortasuna sustatzeko. Zenbateko horretatik 24,1 milioi euro enpresentzako zuzeneko laguntzen programetara bideratuko dira, aurreko urtean baino % 7,3 gehiago. Laguntza horiek arlo askotako proiektuak garatzea ahalbidetuko dute: berrikuntzakoak, nazioartekotasunekoak, digitalizaziokoak, ikerketa eta garapenekoak, deskarbonizaziokoak, ekonomia zirkularrekoak eta kudeaketaren hobekuntzakoak.
Nabarmentzekoa da Transferentzia teknologikoko programaren % 35eko gehikuntza. Programa horrek ikerketa, garapen eta berrikuntzako (I+G+b) proiektuak eta enpresetako ikerketa- eta garapen-unitateetako inbertsioak babestuko ditu. Era berean, oinarrizko digitalizazioko eta digitalizazio aurreratuko programen aurrekontua % 12 handituko da.
Ekonomia Sustatzeko foru-sailaren aurrekontuak ere aurreikusten du Bizkaiko bikaintasun lehiakorreko eta garapen teknologikoko zentroen sarea indartzea. Sare horren zuzkidura 5,7 milioi eurokoa izango da, lehen baino % 70 handiagoa. Baliabide horiek zenbait zentro garatzen jarraitzea ahalbidetuko dute: BIQAIN, Bizkaia Quantum Industrial Hub, Energy Intelligence Center (EIC), Automotive Intelligence Center (AIC); BIKE, Global Smart Grids Innovation Hub, Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa (FAAZ) eta Hub Audiovisual Bilbao Bizkaia.
Zazpi milioi euro talentua garatzeko, erakartzeko eta fidelizatzeko
Eskuragarri dagoen talentuaren eta enpresek behar dituzten lan-profilen arteko arrakala murrizte aldera, Aldundiak 7,06 milioi euro bideratuko ditu STEM eta kualifikatutako talentuak garatzera, erakartzera eta fidelizatzera. Bizkaia with the Talent estratyegia kolaboratiboaren bidez jarraituko da sustatzen prestakuntza espezializatua, konpetentzia digitalen garapena eta nazioarteko profesionalen erakarpena. Horretarako zenbait ekimen daude, hala nola 42 Urduliz Bizkaia, Smart Grids Academy, TUMO Bilbao Bizkaia, Bizkaia Euskaltel Digital Center eta enpresekin eta ikastetxeekin kolaboratzeko programak.
Eskualdeko lehiakortasuna, tokiko merkataritza eta kanpo-sustapena
Halaber, aurrekontuak 5 milioi euro bideratuko ditu eskualdeko garapenera. Zenbateko horretatik 4,09 milioi Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiari eta tokiko eta eskualdeko eragileekin elkarlanean egindako proiektuei dagozkie. Eskualdeko lehiakortasunera eta industrialdeen modernizaziora bideratutako baliabideak finkatu dira.
Aurrekontuak 545.600 euro ezarri ditu tokiko merkataritzaren modernizazioa, digitalizazioa eta profesionalizazioa sustatzeko, eta beste 384.400 euro Bizkaiko artisautzaren sektorea bultzatzeko.
Azkenik, 3,15 milioi euro bideratuko dira Bizkaiaren kanpo-sustapenera, nazioarteko posizionamendurako jarduketen bidez, sektoreko ekitaldi estrategikoak antolatuz eta balio erantsi handiko inbertsioak erakarriz.
Lehentasun horiek ikusita, 2027ko aurrekontuak Ekonomia Sustapeneko Sailaren politiken erdigunean jartzen ditu zerbitzu aurreratuetako eta industriako enpresa txiki eta ertainak. Horretarako, enpresei zuzeneko laguntza emango zaie eta talentuan, teknologian eta proiektu estrategikoetan inbertituko da, Bizkaia osoaren lehiakortasunari eta garapen ekonomikoari laguntzeko.
Aurrekontu hori Bizkaiko 2027. urterako aurrekontu orokorraren (12.110,1 milioi euro) parte da. Zenbateko horretatik 2351,6 milioi euro foru-erakundeak kudeatuko dituen kontuei dagozkie. Bestalde, sailek 1806,7 milioi euro izango dute erabilgarri, langile gastuak, zorraren zerbitzua eta ordainketa-kreditu osoa kendu ostean.
este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp