2026(e)ko martxoakren 26(a) 11:45

Bizkaia Sortzaileak %30 igo du bere aurrekontua, 650.000 euroraino, eta musika, zinema eta sektore kultural berriak gehitu ditu

Ekonomia Sustatzeko Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak jarduera berri ugari gehitu ditu kultura eta sormen arloko enpresei laguntzeko programan, hainbat esparrutakoak: musika, ikus-entzunezkoak, bideojokoak; apirilaren 15etik maiatzaren 15era bitartean aurkeztu ahalko dira eskabideak

Bizkaia Creativaren edizio berriak dirulaguntzal jaso daitezkeen sektoreak zabaltzen ditu

2026an, Bizkaia Sortzailea programaren edizio berriarekin, Bizkaiko Foru Aldundiak indartu egin du kultura eta sormen arloko industriei ematen dien sostengua. Programa horren zuzkidura % 30 areagotu da, 650.000 euroraino, eta nabarmen gehiagotu dira laguntzak jaso ahal izango dituzten sektoreak eta jarduerak. Ikus-entzunezko esparruan, zinema barne hartuta, jarduera hauek sartu dira: gidoigintza eta zinema-zuzendaritza, casting enpresak, azpidazte eta bikoizketa, eszenografia, kokaleku-bilaketa, argiztapena, soinua eta kamerak, jantzien diseinua eta makillajea, eta filmaketa-estazio mugikorren muntaketa.

Zabalkuntza hori bat dator ikus-entzunezkoen Bilbao Bizkaia Estrategiarekin, zeina Bizkaiko Foru Aldundiak eta Udalak aurkeztu berri baitute. Estrategiaren helburua da sektorearen balio-kate osoa indartzea –hasi edukien sorkuntza eta garapenetik eta ekoizpen, postprodukzio, banaketa eta teknologia sortzaile berrien ezarpeneraino– eta lurraldearen nazioarteko posizionamendua kontsolidatzea Punta Zorrotza eta Urduñako azpiegitura eta filmaketa-gune berriekin.

Gainera, Bizkaia Sortzailea programak berariaz hartu ditu barne musikaren arloko eragileak, hala nola sorkuntza eta konposizio musikaleko enpresak, grabazio, nahasketa eta masterizazioko estudioak eta ikuskizun eta ekitaldien ekoizpen teknikoaz arduratzen diren enpresak. Era berean, toki handiagoa egin die bideojokoei, modari eta diseinuari, hainbat alderditan: produktuaren diseinu industriala, diseinu grafikoa, zerbitzuen diseinua eta diseinu estrategikoa.

Eskabideak aurkezteko epea apirilaren 15etik maiatzaren 15era egongo da zabalik. Laguntzak besteak beste bideratu ahal izango dira sormen arloko enpresa berriak sortzera, jarduera dibertsifikatzeko proiektu berritzaileetara, lehiakortasuna hobetzeko ekimenetara –hala nola produktuen edo zerbitzuen estandarizazioa, negozioaren eskalagarritasuna edo merkatu berrietarako irekiera– eta elkarteek, elkargo profesionalek eta klusterrek bultzatutako proiektu sektorialetara.

Kultura eta sormen arloko industriak, enpleguaren eta jarduera ekonomikoaren sortzaile

Errefortzu horrekin, Aldundiak beste urrats bat egin du sormen-sektoreari lagun egiteko. Izan ere, sektore hori gero eta garrantzitsuagoa da Bizkaiko ekonomiarentzat, bai jarduera eta enplegua sortzeko duen gaitasunagatik, bai dibertsifikazio ekonomikoari, berrikuntzari eta lurraldearen kanpo-proiekzioari egiten dion ekarpenagatik. Bizkaia Sortzailearen bidez, sostengua eman nahi zaie sormen arloko enpresa berrien sorkuntzari, lehendik daudenen dibertsifikazioari eta nazioartekotzeari eta haien hazkundearen bizkortzeari, bai eta sektorearen lehiakortasuna hobetzea ahalbidetuko duten lankidetza-proiektuei ere.

2025ean ekimen horrek hazkunderako 15 enpresa-proiektu bultzatu zituen, eta horretarako 32.000 euroko bataz besteko dirulaguntza izan zuen. Aurten zenbateko hori handitzea espero da, aurrekontu-zuzkiduraren gehikuntzari esker.

Hala, Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko ekosistema sortzailearen benetako bilakaerara egokitu du Bizkaia Sortzailea, eta jarduera horiekin duen konpromisoa indartu du. Izan ere, egun, jarduerok orobat dira industria, enpresa, berrikuntza eta garapen ekonomikorako aukera berriak.

Programa hori 2026ko Laguntza Planaren parte da, eta, beraren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak 63 milioi euro jarriko ditu Bizkaiko enpresen esku. 2026an, erabilgarri egongo dira 18 dirulaguntza-programa, 22 zerbitzu, 8 proiektu estrategiko eta 7 inbertsio-funts.