2024(e)ko martxoakren 12(a) 11:32

Bizkaia: apirilaren 10ean hasiko da errentaren aitorpena aurrez aurre, telefonoz edo modu digitalean aurkezteko aldia

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Herritarrek hiru kanaletako edozein (bulegoak, telefonoa edo digitala) erabili ahal izango dute aitorpena aurkezteko izapide guztiak egiteko. Aldundia apirilaren 10ean hasiko da bidaltzen errentaren kanpainako gutunak, eta egun horretatik aurrera zergadun guztien errenta-aitorpenen zirriborroak Bizkaiko Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoan egongo dira.

Itxaso Berrojalbiz prentsaurrekoan

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) 2023ko ekitaldiko aitorpena aurkezteko kanpaina apirilaren 10etik ekainaren 28ra arte izango da. Bi hilabete eta erdiko aldi horretan zergadunek laguntza-zerbitzu zabala erabili ahal izango dute aitorpena aurkezteko eta dauzkaten zalantza guztiak argitzeko hiru kanalen bitartez: aurrez aurre, telefonoz eta baliabide digitalen bitartez. Gainera, Foru Ogasunak bildutako datuekin egindako aitorpen-zirriborroa edukiko dute. Beraz, zirriborro hori aztertu eta, behar izanez gero, osatu besterik ez dute egin beharko aitorpena aurkezteko.

Halaber, herritar bakoitzak bere aitorpen-zirriborroa aztertu eta osatu ahal izango du aurrean aipatutako hiru kanaletako bat erabiliz (errentaren gaineko zergaren inguruko izapide guztietarako erabil daitezke).

Errentaren aitorpen-zirriborro guztiak apirilaren 10etik aurrera

2023ko ekitaldiko datu ekonomikoak dauzkaten pertsona guztiek Ogasunaren jakinarazpena jasoko dute apirilean. Jakinarazpen horretan Foru Ogasunak argituko die aitorpena aurkeztu behar duten edo ez, zein duten tributazio-aukerarik hoberena (banaka edo batera) eta zein den zirriborroaren behin-behineko emaitza. Foru Ogasunak ez badauzka zergadun baten aitorpen-zirriborroa egiteko behar diren datu guztiak, jakinarazpenean ez dira agertuko behin-behineko emaitza eta tributazio-aukera hoberena.

Jakinarazpenarekin batera Bak gakoa aktibatzeko kodea emango zaie identifikazio digitaleko sistema hori ez daukaten pertsonei, eta ordezkaritza-gakoa ere banatuko da, norbaitek errenta-kanpainako izapideak beste pertsona batek bere izenean egitea nahiko balu ere.  Jakinarazpenak apirilaren 10etik aurrera eskuratu ahal izango dira egoitza elektronikoaren sarrera-ontzian. Gainera, postaz ere bidaliko dira. Posta-bidalketak egun horretan bertan hasiko dira eta uste da hil beraren 22an hasten den astean amaituko dela.

Laguntza eta aurkezpena: baliabide digitalen bidez, telefonoz eta aurrez aurre

Kanal digitala:

Izapideak modu digitalean egin nahi duten zergadunek  www.bizkaia.eus/eu/errenta-bizkaia web orria eta gailu mugikorretarako Renta Bizkaia Errenta aplikazioa erabil ditzakete. Batera zein bestera, identifikazio elektronikoko sistema balioduna identifikatu beharko dute beren burua. Horrelakorik eduki ezean, zergadun bakoitzak bere Bak gakoa sortu ahal izango du errenta-gutunean jasotako aktibazio-kodea erabiliz. Bai webgunean, bai aplikazioan, apirilaren 10etik aurrera zergadunek beren zirriborrora eskuratu ahal izango dute; gero, datuak berrikusi eta aitorpena aurkeztu ahal izango dute.

Telefonoz:

Errentaren telefonoan (94 608 30 00) 311 agente ariko dira lanean 08:30etatik 19:00ak bitartean (lanegunetan): zergadunei zirriborroa aztertzen eta osatzen eta aitorpena aurkezten lagunduko diete, eta aitorpenaren inguruan sortzen diren zalantzak argituko dizkiete. Ordutegi horretatik kanpo izapide errazak egin ahal izango dira, nahitaez arreta pertsonalizatua behar ez dutenak. Sistema automatiko batek egingo ditu.

Kontuan eduki behar da zergadunak bere nortasuna egiaztatu beharko duela telefonoz bere datu pertsonalak edo ekonomikoak eskuratzeko. Horretarako, identifikazio-prozeduran bere Bak gakoa edo errenta-gutunean jasotako aktibazio-kodea erabili beharko du.

Aurrez aurre:

Aurrez aurreko arreta Foru Ogasunaren bulegoetan eta Aldundiaren Gertu bulegoetan emango da. 12 bulego horiek Balmasedan, Barakaldon, Basaurin, Bermeon, Bilbon, Gernika-Lumon, Getxon, Igorren, Markina-Xemeinen, Mungian, Durangon eta Portugaleten daude. Aurrez aurreko arreta lanegunetan emango da, goizez eta arratsaldez, 8:30etatik 19:00ak arte. Hamabi bulego horietan 132 agente ariko dira zergadunei aurrez aurreko arreta ematen.

Foru bulegoetara joan nahi dutenek hitzordua hartu beharko dute; bi aukera daude horretarako: www.bizkaia.eus/eu/errenta-bizkaia web orrian sartu edo Errenta23 kanpainako 94 406 66 00 telefonora deitu. Telefono horretara deitzen dutenei Ogasuneko langileek jakinaraziko diete zer dokumentazio aurkeztu behar duten lehen bisitan aitorpena ondo beteta aurkeztu ahal izateko. Hitzordua eskatzeko aldia apirilaren 8an hasiko da.

Kontuan eduki behar da aurrez aurreko arreta pertsona guztiei emango zaiela, oro har. Nolanahi ere, badaude salbuespenak: PFEZaren araudian biltzen diren eragiketa jakin batzuen bidez lortutako etekinak direla eta konplexuak diren aitorpenak ezin dira aurrez aurre aurkeztu.

Berrikuntzak

Errentaren aitorpenerako aplikazioan berrikuntza batzuk egin dira; hona garrantzitsuenak:

  1. Zirriborroan zergadunaren aurreko ekitaldietako galerak eta aurreko lau ekitaldietan aplikatu gabe geratu zaizkion kopuruak sartuko dira.
  2. Akzioen salerosketaren ondoriozko irabaziak edo galerak inportatu eta esportatu ahal izango dira; horrela, datu guztiak batera bete ahal izango dira, banan-banan aldatzen ibili gabe.
  3. Zirriborroan egiten diren aldaketa guztiak bertan behera utzi eta atzera ere hasierako datuetara itzultzeko aukera egongo da.
  4. Ohiko etxebizitza erosteko hartutako mailegu guztien datuak aztertu ahal izango dira eta aplikatu ahal direnak botoi baten bitartez txertatu ahal izango dira zirriborroan.

Itzulketak eta sarrerak egiteko epealdiak

Aitorpena aurkeztu ondoren, emaitza dirua itzuli beharra bada, zergadunak zazpi egun igaro aurretik jasoko du diru-sarrera bere banku-kontuan, baldin eta ez badago desadostasunik aurkeztu dituen datuen eta Ogasunak dauzkan datuen artean.

Zirriborroa osorik badago, emaitza dirua itzuli beharra bada eta zergadunak ez badu ezer egiten zirriborroa aurkezteko edo aldatzeko, diru-sarrera uztaileko lehen egunetan jasoko du automatikoki, errenta-aitorpena aurkeztu behar zein ez.

Aurkeztutako aitorpenaren emaitza dirua sartu beharra bada (hau da, Ogasunari ordaindu beharra), kopurua zergadunaren banku-kontuan zordunduko da kanpaina amaitu ondoren, aitorpena noiz aurkeztu den kontuan eduki gabe.

PFEZaren aitorpena aurkeztu beharra

Ogasunak gutun edo jakinarazpen elektronikoaren bitartez adieraziko die zergadunei PFEZaren aitorpena aurkeztu behar duten edo ez.  Oro har, lanaren bidez lortutako etekin gordinak 14.000 eurotik gorakoak izan ez dituzten zergadunek ez dute aurkeztu beharko aitorpena. Halaber, urteko lanaren etekin gordinak 14.000,01 - 20.000 euro artekoak eduki dituzten zergadunek ere ez dute aurkeztu beharko aitorpena, honako kasu hauetan izan ezik:

  • Ordaintzaile bat baino gehiago eduki bada eta bigarren ordaintzailearen eta gainerakoen urteko kopuruen batura 2.000 eurotik gorakoa bada.
  • Aitorpeneko urtean lan-kontratu bat baino gehiago edukiz gero.
  • Konpentsazio-pentsiorik edo mantenu-pentsiorik jasoz gero.
  • Zergaduna PFEZaren araudian ezartzen diren kasuetako batean badago.

Halaber, urteko kapitalaren etekin gordinen eta ondare-irabazien batura 1.600 eurotik beherakoa duten zergadunek ere ez dute aurkeztu beharko aitorpenik.

Mutualistak

Gizarte Segurantzan 1979 baino lehen kotizatu zuten pentsiodun bizkaitarren PFEZaren aitorpenean erretiro edo elbarritasun pentsioari kotizazio haiengatik aplikatu ahal zaion murriztapena agertuko da. Izan ere, Ogasunak PFEZaren Foru Arauan ezartzen den murriztapena aplikatuko du Errenta23 kanpainako aitorpenaren zirriborroan, Auzitegi Gorenaren epaietan xedatzen denari jarraikiz.

Epai horien arabera, Gizarte Segurantzaren erretiro edo elbarritasun pentsioa jasotzen dutenek 1978ko abenduaren 31 baino lehen lan-mutualitateetan kotizatu bazuten, eskubidea daukate pentsioaren zenbatekoa % 25 murrizteko egun hori baino lehen egindako kotizazioen zenbatekoaren proportzioan.

Gainera, aitorpen-zirriborro horietan abisu bat ezarriko da, zergadunek jakin dezaten pentsioari bidezko murriztapena aplikatuko zaiola eta aurreko lau urteetako aitorpenak berrikusteko eskatu dezaketela 2023ko aitorpenean bertan, hau da, Aldundiak aurretik prestatutako formularioa erabili gabe.

Ondarearen gaineko zerga eta dirutza handien gaineko aldi baterako elkartasun zerga

Apirilaren 10etik ekainaren 28ra arte ondarearen gaineko zergaren aitorpena ere aurkeztu ahal izango da, eta, aurten lehenengoz, dirutza handien gaineko aldi baterako elkartasun zerga ere bai. Bi zerga horien aitorpenak aurkezten laguntzeko, Bizkaiko Foru Ogasunak ondarearen gaineko zergaren aitorpena egiteko erabiltzen den programa jarriko du erabilgarri, biak aurkezten baitira aitorpen berean.

Bihar, martxoaren 13an, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da aurrean azaldutako guztia xehatzen duen foru agindua.


Bideoak


Audioak