2026(e)ko irailakren 09(a) 09:53

Bizkaian lan-merkatuen etorkizunari eta aurrea hartzeko politiken beharrari buruzko topaketa europarra egingo da.

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Ehunka ordezkari instituzional, akademiko eta teknikok "Europako aurreikuspen-politikak enpleguan" gaiari buruz eztabaidatuko dute datorren asteko asteazkenean Bilbon. Jardunaldian parte hartuko dute Elma Saiz ministroak, Mikel Torres lehendakariordeak, Teresa Laespada foru diputatuak, Antón Costas Espainiako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko presidenteak eta Laszló Andor FEPSko idazkari nagusi eta Europako Enplegu komisario ohiak. Topaketa honen ondorengo bi egunetan Eskualdeko Lan Merkatuaren Jarraipenerako Europako Sarearen (EN RLMM) urteko 21. bilera egingo da; bilera honen ardatza lan-merkatuaren adimena eta ebidentzian oinarritutako politikak aztertzea izango da.

.

Laespada: "Lan-merkatuaren aldaketei aurrea hartzea behar estrategikoa da kalitatezko enplegua eta gizarte-kohesioa bermatzeko"

Bizkaiko Foru Aldundiak "Europako aurreikuspen-politikak enpleguan" jardunaldia antolatuko du datorren asteko ostegunean, irailaren 16an. Jardunaldian ehunka ordezkari instituzional, akademiko eta teknikok lan-merkatuen egoeraz eta aurrea hartzeko politiken beharraz eztabaidatuko dute.

Deustuko Unibertsitatean egingo da topaketa Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak bultzatuta eta antolatuta. Parte hartzaileen artean izango dira Elma Saiz ministroa, Mikel Torres lehendakariordea, Teresa Laespada foru diputatua, Antón Costas Espainiako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko presidentea eta László Andor Europako Ikasketa Aurrerakoietarako Fundazioko idazkari nagusia eta Europako Enplegu komisario ohia.

Jardunaldiaren irekiera instituzionala, 9:30etarako programatu da eta bertan izango dira Juan José Etxeberria Deustuko Unibertsitateko errektorea, Teresa Laespada diputatu nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua eta Mikel Torres lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua.

Ondoren Elma Saiz, Gizarteratzeko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako ministroaren, László Andor, Europako Ikasketa Aurrerakoietarako Fundazioko idazkari nagusiaren eta Enpleguko Europako komisario ohiaren eta Antón Costas, Espainiako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko (EGAB) presidentearen esku hartzeak garatuko dira.

Jardunaldi honi dagokionez Laespada diputatuak nabarmendu duenez, "lan-merkatuaren aldaketei aurrea hartzea behar estrategikoa da kalitatezko enplegua eta gizarte-kohesioa bermatzeko". Eta "Bizkaiak laneko prospektiba eta adimena gidatu behar ditu, nazioarteko jardunbide egokienetatik ikasiz eta bere politikak etorkizunera egokituz" azpimarratu du.

Jardunaldia hiru eztabaida-mahaitan egituratuko da goizean zehar. Mahaia horien gaiak  lan-merkatuaren adimena, enplegu-zerbitzu publikoak eta Europako lankidetza-gobernantza izango dira. Itxiera ofiziala Susana González Romulok, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua Sustatzeko zuzendari nagusiak egingo du, 15:30etarako programatutako saioa amaitu aurretik.

Asteazkeneko topaketa instituzional eta tekniko europarra, gainera, ostegunean eta ostiralean Bilbon egingo den Eskualdeko Lan Merkatuaren Jarraipenerako Europako Sarearen (EN RLMM) urteko 21. bileraren atarikoa izango da.
 

Inskripzioa eta informazio interesgarria

  • Eguna eta ordua: Irailaren 16an. Akreditazioa/erregistroa 9:00etatik aurrera; programa formala 9:30etik 15:30era.
  • Lekua: Deustuko Unibertsitateko Paraninfoa (Unibertsitate etorbidea, 24, Bilbo).
  • Zerbitzuak eta hizkuntza: Topaketak aldibereko interpretazioa (ingelesa) eta zeinu-hizkuntzaren interpretea izango ditu.
  • Programa osoa: Programaren Linka
  • Inskripzioa: Inskripzioaren Linka