2026(e)ko urriakren 14(a) 14:57

BIME Bilbao 2026 programazioa itxi da,70 showcase baino gehiagorekin, aire zabaleko kontzertuekin eta musikaren industriako izen handiekin

Ekonomia Sustatzeko Saila

BIME Pro programazio profesionala Euskalduna Bilbaon izango da, eta musikaren industriako eragile garrantzitsuenekin itxi du agenda, hala nola Walter Kolm (WK Entertainment), Etiophia Habtemariam (HYBE), Allan Mcgee edo Rafa Sardina (Abbey Road Institute Los Angeles), baita Alaska, Luz Casal eta Pedro Capó ere

BIMEren 14. edizioaren aurkezpena Euskal Museoan

Bilboko Euskal Museoan aurkeztu da gaur BIME ekimenaren hamalaugarren edizioko programazio osoa, urriaren 27tik 30era bitartekoa. Isabel Villanueva BIMEren zuzendariak Javier Garcinuño Bilbao Ekintzako zuzendari nagusia eta Cristina Múgica Bizkaiko Foru Aldundiaren Lurralde Lehiakortasunerako eta Kanpo Sustapenerako zuzendari nagusia izan ditu ondoan eta, azaldu duenez, musikaren nazioarteko industriako eragileak bilduko dira hitzorduan.

Aurkezpenean, BIME ekimenaren bokazioa musika-ekosistema osoaren zerbitzura dagoen tresna izatea dela nabarmendu du Isabel Villanuevak: “BIME bokazio oso argi batekin sortu zen: musikaren industriarako espazio baliagarria izatea, industria horretako kide guztiek elkartzeko, ezagutza partekatzeko eta elkarrekin aurrera egiteko aukera izan dezaten, artista eta profesionalekin hasi, enpresa eta proiektu berriekin bukatu. Sorkuntza, prestakuntza eta ikerketa industriarekin konektatzen dituen topagunea, aukera berriak sortzeko eta sektore osoaren garapenean laguntzeko”.

Lau egunez, zuzeneko musika, konexio profesionalak, berrikuntza eta herritarrei irekitako kultura eskainiko dira, BIME Pro eta BIME Live ekimenen bitartez, topaketa bene-benetan hiriko ekitaldi bihurtuta. Javier Garcinuño Bilbao Ekintzaren zuzendari nagusiak balioa eman dio dimentsio horri, kultura Bilboko eguneroko espazioetara hurbilaraztearen garrantzia nabarmendu duen aldetik: “BIMEk herritarrei aukera ematen die hiriko hainbat gunetan askotariko musika- eta kultura-proposamenez gozatzeko”. Kulturaren eta lurraldearen arteko lotura horrek alderdi ekonomikoa ere badu, batik bat, jarduera sortzeko, talentua erakartzeko eta aukera berriak zabaltzeko duen gaitasunagatik. Zentzu horretan, Cristina Múgica Bizkaiko Foru Aldundiaren Lurralde Lehiakortasunerako eta Kanpo Sustapenerako zuzendari nagusiak azpimarratu du “Kultura- eta sormen-industriak sektore estrategikoa direla Bizkaian, berrikuntza bultzatzeko, enpresa-aukerak sortzeko eta gure talentua gure mugetatik haratago proiektatzeko sekulako potentziala dutelako”.

Aire zabaleko hitzordu handi bat BIME Live kartela ixteko

BIME Live BIME barruko showcase eta kontzertuen jaialdia da, eta musikaren arloko talentua ikusgai egiteko erreferentziako plataforma sendoa da dagoeneko, hiria zuzeneko musika eskaintzeko agertokien zirkuitu erraldoi bihurtuko baitu berriro. Urriaren 27tik 29ra, Kafe Antzokia, BBK Sala, Bilborock, Azkena, Crystal, Dock BBF, La Ribera, Stage Live eta Back Room aretoetan hirurogeita hamar showcase baino gehiago eta hainbat afterparty antolatu dira, industriako profesionalek eta publiko orokorrak une honetako musika-proposamen abangoardistenetako batzuk ezagut ditzaten. Publikoak programazio osoaz gozatu ahal izango du aldez aurretik izena emanda. Izen-emateak euro bateko dohaintza izango du, eta bildutako diru guztia Kolonbiako lurrikarek kaltetutako eremuak berreraikitzera bideratuko da. Sarrerak hiru egunetarako balioko du, baita showcase guztietarako ere.

Kartela ixteko izen berriak aurkeztu dituzte: Ashleys (ES) madrildar laukotea, egunerokotasunari buruzko letrak power pop eta indie rock indartsu batekin uztartuta; Dianka (ES), pop indie eszena berriko proposamen berezienetako bat, popa eta elektronika espainiar kantagintzaren erreferentziekin eta unibertso narratibo nabarmenarekin uztartzen dituena; Tussiwarriors (UY), Rio de la Platako proposamenean trap, RKT, reggaeton eta kultura digitala nortasun estetiko eta soinuzko berezi-bereziarekin konbinatuta; eta Pedro Capó (PR), pop latinoaren ahots ezagunenetariko bat, Urteko Abestiaren Latin GRAMMY saria irabazi zuena Calma abesti ezagunarekin; azken horrek BIME Pro programazioan ere parte hartuko du.

BIME Live barruan programazio bereziak prestatu dituzte, musikaren industriako enpresa eta erakunde garrantzitsuenek talentu onena aurkez dezaten. Asteartea 27an, AIE - Espainiako Artista Interpretatzaileen Elkartearen txanda izango da Bilborocken, eta ICEX-Sounds from Spain-ena Stage Live-n; eta Universal Music etxeak Bistec Music aurkeztuko du Crystal aretoan. Asteazkena 28an, Euskal Herriko musika-proposamenak aurkeztuko dira BASQUE. MUSIC. elkartearen eskutik Stage Live-n, eta Altafonte Crystalen arituko da. Osteguna 29an, Argentinako banden txanda izango da Argentinako Musika Institutu Nazionalaren (INAMU) eskutik BBK Salan; Virgin Music, berriz, Stage Live-n egongo da, eta Jägermeister eta Virgin Music etxeen afterpartyak Crystal eta Back Room aretoetan, hurrenez hurren, BIMEren hamalaugarren edizioko showcaseen programazioari amaiera emateko.

Gainera, BIMEk euskal kulturaren gunerik bereizgarrienetako batera eramango du musika: txoko batera, hain zuzen ere. Bertan, Universal Music eta Amazon Musicen eskutik, flamenkoari eskainitako topaketa berezi bat egingo da. Txoko Flamenco izeneko ekitaldia gonbidapen bidezkoa izango da, eta edukiera mugatua izango du. Esperientzia esklusibo horrek aukera emango du mundu osoko entzuleen artean gero eta indar handiagoa hartzen ari den musika-genero honetako artistak gertutik ezagutzeko, flamenkoa eta euskal tradizioa uztartuko dituen topaketa paregabe batean.

BIME Live ez da hor amaitzen. Hilaren 30ean, ostirala, zuzeneko musika aire zabaleko toki berezi batera iritsiko da. Bilboko Udaletxearen alboko Uribitarte pasealekuko OMODA agertokietan honako emanaldi hauek izango dira 17:00etatik aurrera: 1111 (ES) hirukote madrildarra; Alcalá Norte (ES) talde errebelazioa Estatuko rock alternatiboaren barruan; Hija del Nopal (MX) eta bere salsa, boogaloo, mambo, cumbia, merengue, psikodelia eta norteña musika; Jimena Amarillo (ES) taldearen proposamen emozional eta argitsua; eta cumbia musika jai-girorantz eta musika garaikiderantz daraman Sedientos de Cumbia (ES) taldea, aurten BIENDESED albuma kaleratu duena. Hori guztia Bilboko Udalaren eta OMODAren babesari esker.

BIME Live programa musikaren arloko talentuaren garapenean eta nazioartekotzean erabakigarri diren eragile hauei esker ere osatzen da: Navarra Music Commission; Murtziako Eskualdeko Kultura eta Sormen Industrien Institutua; Catalan Arts; Asturiasko Printzerria; Ñuble Eskualdeko Gobernua (Txile); Dutch Music Export; València Music City; Institut d'Estudis Baleàrics eta Fira B; Axencia Galega das Industrias Culturais (AGADIC); Uruguaiko Hezkuntza eta Kultura Ministerioko (MEC) Musika Institutu Nazionala (INMUS); Extremadurako Junta; Swiss Music Export; Pro Helvetia; eta European Talent Exchange.

BIME Pro: musika elkarrekin eraikitzen

Programazioaren barruan, solasaldiak antolatu dira industria honetako profesional garrantzitsuekin, hala nola Luz Casal eta Alaska; azken horren ibilbidean urte bereziki esanguratsua izaten ari da aurtengoa, eta Grabazioaren Akademia Latinoaren Bikaintasun Musikalaren Saria jasoko du. Bestalde, Maluma, Carlos Vives, Prince Royce edo Emiliaren karrera artistikoak bultzatu dituen Walter Kolm agentea ere etorriko da; edo Alan McGee, Oasis taldea ezagutarazi eta fitxatzeaz gain, My Bloody Valentine, Primal Scream eta The Jesus and Mary Chain taldeen ibilbideak bultzatu zituen Creation Records diskoetxe independente mitikoaren sortzailea; eta Ethiopia Habtemariam, HYBE Amerikako musika-presidentea eta nazioarteko disko-industriaren funtsezko figura.

Musika-industriaren orainaldiari eta etorkizunari buruzko solasaldiak izango dira protagonista BIME Pro programazioaren barruan, sektoreko nazioarteko ahots eraginkorrenetakoak bilduta: Amy Roland, Andrés Sánchez (OCESA), Josh Javor (WME), Carlos Abreu (United Talent Agency), Alejandro Mejía Abad (TRU / HYBE Americas), Juan S. Arenas (HYBE), eta Leon Farrell (MIDiA Research), besteak beste. Musikaren negozioa eraldatzen ari diren erronka nagusiak zeintzuk diren aztertuko dute, zuzeneko musikaren etorkizunarekin eta merkatu berrietan sortzen diren aukerekin hasi, eta datuek, algoritmoek eta zaleen komunitateek industriaren bilakaeran betetzen duten paperarekin bukatu.

Garapen artistikoaren eragile den aldetik, sorkuntzak garrantzi berezia izango du programazioan, musika-ekoizpenaren hiru erreferente hauekin: Michael Beinhorn (Beinhorn Creative Inc), Rafa Sardina (Abbey Road Institute Los Angeles) eta Joe Marlett (NorthAegis); izan ere, besteak beste, Red Hot Chili Peppers, Soundgarden, Alejandro Sanz, Lady Gaga eta Blink 182 artistekin lan egin izan dute. Bestalde, moda, musika eta identitate bisuala garrantzi kulturala eratzeko osagai ote diren aztertuko dute honako hauek: Cristian BM, Jaden Smith, Lola Indigo edo Saiko artisten estilista eta sorkuntza-zuzendaria; eta Guillermo Erice, NOIRFONCE etxean Marka eta Aliantza Estrategikoen zuzendaria. Sortzaileen eta publikoen arteko harremana ere izango da protagonista, ikusleei eta komunitateari buruzko solasaldian honako hauek bilduta: Mer Gil (Estación Fetén), Mikel Unamuno (EITB-Gaztea), Vicent Argudo (PRISA Media), Sebas Alonso (Jenesaispop) eta Marcos García (Substack). Halaber, musika-sinkronizazioari ere erreparatuko dio programazioak: The Pitt, Reacher edo Bosch ekoizpenez arduratu den Ann Kline musika-gainbegirale ezaguna; eta Katie Romanovich, El Diablo Viste de Prada 2 ekoizpenaren musika-gainbegiralea.

Berrikuntzak, ekintzailetzak eta prestakuntzak leku nabarmena izango dute BIMEn. Startup Village eremuan sorkuntzaren eta teknologiaren ekosistemako eragileak, profesionalak eta startupak bilduko dira, proiektu eta konexio berriak sustatzeko. Bestalde, BIME Campus barruan ibilbide bat antolatuko da aurten, programazioaren jarduera batetik bestera, parte-hartzaileak industriaren hainbat arlotara eta profiletara hurbiltzeko. Gainera, BIME barruan, Sormen Industrien Ikerketarako Nazioarteko Kongresuaren (CIIIC) bigarren edizioa antolatu da Universitat Internacional de Catalunya unibertsitateko (UIC Barcelona) Komunikazioaren Zientzien Fakultatearekin batera, ikerketaren, ezagutza akademikoaren eta praktika profesionalaren arteko topagune izan dadin.

BIME Pro ekimenak nazioarteko musika-industriaren topagune bihurtuko du berriro Euskalduna Bilbao, besteak beste, Kolonbia, Argentina, Txile, Uruguai, Venezuela, Suitza eta Herbehereetako profesionalak, enpresak eta ordezkaritzak bilduko baitira sektorearen erronkak aztertzeko eta Atlantikoaren bi aldeetan konexio berriak eta negozio-aukera berriak sortzeko.

Lau egunez, BIMEk musika, industria, berrikuntza, prestakuntza eta hiria konektatuko ditu, musikaren etorkizuna elkarrekin eraikitzeko eta herritarrengana hurbiltzeko gune izanik Bilbo. Hori guztia Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Sailaren eta Bilboko Udalaren bultzadari esker, eta laguntzaile izanik Espainiako Kultura Ministerioa, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta Lan eta Enplegu Saila, eta Heineken. Gainera, Acción Cultural Española (AC/E) erakundearen Espainiako Kultura Nazioartekotzeko Programak (PICE) BIMEren hainbat ekimen gauzatzen laguntzen du, hala nola Latido Transatlántico, Europako eta Latinoamerikako musika-ekosistemen arteko harremanak sendotzea helburu duen topagunea.