2017(e)ko urriakren 26(a) 13:33

Bilbao Bizkaia Card txartela itzuli da garraio-bidaia mugagabeekin eta museo, saltoki, aisialdi zein ostalaritzako beherapenekin

Ekonomia Sustatzeko Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak sustatu dute txartela, eta astelehenaz geroztik –hilak 23– dago eskuragarri Turismoari begira egingo den beste ahalegin bat da, eta bisitariei hirian nahiz lurraldean esperientziaz ahalik eta gehien gozatzeko aukera emango die. Hiru modalitate daude: 24, 48 eta 72 ordukoa, eta prezioa 10, 15 eta 20 eurokoa da, hurrenez hurren

Bilbao Bizkaia Card turismo-txartela itzuli da, eta garraio publikoan bidaia mugagabeak eskainiko ditu, bai eta beherapenak eta lehentasunezko sarrerak museoetan, bisita gidatuak doan eta prezio bereziak saltokietan, aisialdiko jardueretan, jatetxeetan eta ostatuetan ere. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren asmoa da hirian eta lurraldean beste bultzada bat ematea turismoari, eta bisitariek egonaldiaz ahalik eta gehien eta erosoen gozatzeko kalitate oneko zerbitzua eman ahal izatea.

Txartela urriaren 23az geroztik dago eskuragarri, eta guztiz berriztatutako webgune batekin iritsiko da, www.bilbaobizkaiacard.com, non zerbitzu eta onura guztiak zehaztuko diren. Hiru modalitate daude: 24, 48 eta 72 ordukoa, eta prezioa 10, 15 eta 20 eurokoa da, hurrenez hurren. Zuzenean eskuratu ahal izango da Bilbao-Bizkaia Turismo bulegoetan, Bilboko bietan, bai Plaza Biribileko 1. zenbakikoan, bai Mazarredo zumarkaleko 66. zenbakikoan. Era berean, webgunetik erreserbatu ahal izango da eta aipatutako bulegoetan batu ilararik itxaron gabe.

Garraio-bidaiak mugagabeak izatea da Bilbao Bizkaia Card txartelaren alderdi erakargarrienetako bat; izan ere, linea guztietatik ibiltzeko aukera ematen du Metro Bilbaon, Bilboko tranbian, Bilbobusen, Bizkaibusen eta Artxandako zein Larrainetako funikularretan. Garraiobideetara sartzeko, txartela dagokion balidatze-makinan sartu beharko da.

Bilbao Bizkaia Card txartelaren bitartez, halaber, Bilbao Turismok antolatzen dituen bisita gidatuetan doan parte hartzeko aukera egongo da. Zehazki bi ibilbide egongo dira gidari profesionalekin eta, bertan, Alde Zaharreko eta Zabalguneko-Abandoibarrako sekretu eta txokorik berezienak deskubrituko dira.

Beherapenak eta lehentasunezko sarrerak museoetan

Museoetara sartzea txartelaren balio erantsi handia izango da; izan ere, erakusketa-guneak dira bisitariek gehien gustuko dituzten planak. Txartelak beherapenak eskainiko ditu sarreren prezioan, eta, Guggenheim Bilbao museoaren eta Arte Ederren Museoaren kasuan, tarifa murriztua eskaini beharrean, lehentasunezko sarrera eskaintzen du, ilara itxaron beharrik gabe.

Bisitariek saltokiez, aisialdiaz, jatetxeez eta ostatuez ahalik eta gehien gozatzea errazteko beherapenak izango dituzte elkartutako 46 establezimendu baino gehiagotan. Guztiontzako planak egongo dira: erosketak, ostalaritza, autoak eta bizikletak alokatzea, abentura-parkeak, bisitak upategi eta kobazuloetara, ibilbideak itsasontzian, Urdaibai Bird Center delakoan txoriak ikustea.

Txartela norberarena eta besterenezina da, eta erabiltzen diren garraio, museo eta gainerako zerbitzu guztietan aurkeztu behar da.