Berriak
2026(e)ko otsailakren 24(a) 12:35
Begoña Sagasti, Loraldi eta Atxurkulu elkarteak eta ¡VIVA! Red Feminista de Arte proiektua, Zirgari 2026 sariak
Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila
Sari banaketa ekitaldia martxoaren 5ean, osteguna, egingo da Bilboko BBK Aretoan. Sarasola: “Berdintasuna bultzatzea funtsezkoa da, oinarrizko giza eskubidea delako, demokrazia indartzen duelako eta gizarte bidezkoagoak, seguruagoak eta iraunkorragoak bermatzen dituelako”
Teresa Laespada eta Nora Sarasola.
Teresa Laespada: "Batasun eta adimen demokratiko eta feministarekin erantzun behar dugu"
Begoña Sagasti feminista historiko bizkaitarra (ohorezkoa), Loraldi Elkartea eta Atxurkulu Emakumeen Elkartea (ex aequo, erakundea) eta ‘VIVA! Red Feminisa de Arte y Pensamiento Contemporáneo (proiektua) dira Zirgari 2026 Sarien irabazleak. Sari hauek emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko ibilbideak eta ekimenak aintzatesten dituzte Bizkaian.
Gaur jakinarazi dute sari hauen hamaikagarren edizioko epaimahaiaren erabakia. Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK Fundazioak bultzatutako sariak dira, eta sari banaketaren ekitaldia martxoaren 5ean, osteguna, egingo da Bilboko Kale Nagusiko 19. zenbakian dagoen BBK Aretoan.
Teresa Laespadak, ahaldun nagusiordeak eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak, eta Nora Sarasolak, BBK Gizarte Ekintzako zuzendariak, gaur goizean eman dute epaimahaiaren erabakiaren berri, prentsaurrekoan.
Laespada diputatuak defendatu duenez, gaur egungo egoera sozial eta politikoan, "indartu egin behar da feminismotik eta berdintasunetik emandako erantzuna, konpromisotik, alaitasunetik eta itxaropenetik abiatuta".
"Zailtasunetatik eta bizitzen ari garen momentutik haratago, batasunetik, adimen demokratikoz eta feministaz, erantzuteko unea da. Beste askotan bezala, onena ematen ari gara berdintasunaren aldeko borrokan, hau da, giza duintasunaren aldeko borrokan", azpimarratu du.
Bestalde, Sarasolak azpimarratu duenez, "BBKn ziur gaude berdintasuna dela pertsona guztientzako etorkizun hobe bat eraikitzeko oinarria. Horregatik, hezkuntzaren, sentsibilizazioaren eta erakundeekin, enpresekin eta gizarte-eragileekin aliantzak egiteko sare sendo baten aldeko apustua egiten dugu”.
“Berdintasunaren alderdi askotan aurrerapenak lortu badira ere, oraindik ere desberdintasun nabarmenak daude hainbat eremutan, hala nola lanean, kirolean, genero-indarkerian edo baliabide ekonomiko eta sozialetarako sarbidean”, esan du.
SARITUAK
Begoña Sagasti Barriok, Berdintasunaren aldeko Zirgari ohorezko saridunak, hirurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik etengabeko presentzia izan du Euskadiko mugimendu feministan.
Bere militantzia Bizkaiko Emakumeen Asanbladan hasi zen eta, harrezkero, funtsezko zeregina izan du, askotan ikusezina: feminismoaren memoria kolektiboa dokumentatzea eta gordetzea.
Kazetaritzan eta komunikazioan izandako esperientzia profesionala erabakigarria izan zen Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroa sortzeko apustuan, eta zentro horren sortzaileetako bat da. Lau hamarkada baino gehiagotan sareak ehundu ditu, laguntza instituzionalak artikulatu ditu eta ezinbestekoa izan den talde-lanari eutsi dio.
Erakundeei dagokienez, Loraldi Elkartea 1990ean sortu zen, Urduñan, eta bertan topaketa eta ahalduntze sarea ehuntzen joan da. Laurogei emakume dira, kultura berdintasunerako tresna bihurtu dutenak tailerren, irakurketaren, artearen eta elkarri laguntzeko espazioen bidez, bakardadeari aurre eginez eta komunitatea indartuz.
Bere lanak emakume aitzindarien memoria berreskuratu du, haien istorioak espazio publikora itzuliz. Gainera urtero martxoaren 8an berdintasuna hausnarketa partekatu bihurtzen dute. Eta euren konpromiso solidarioak ekintza feminista ongizatearekin eta justizia sozialarekin lotzen du.
Beste alde batetik, saria jaso duen beste erakundea, Atxurkulu Emakumeen Elkartea, 90eko hamarkadaren amaieran sortu zen, eta argi frogatu du, udalerri txiki batean ere, emakumeen elkartegintza erreferentzia komunitario bihur daitekeela. Hogeita hamabi emakume, hogeita bost urte baino gehiagoz, parte hartzetik buru izatera igaro dira, kultura-jarduerak, herri-jaiak, boluntariotza-gaiak eta topaguneak antolatuz.
Azkenik, proiektuaren kategorian ¡VIVA! Red feminista de arte y pensamiento contemporáneo deritzonak jaso du saria. Xabier Arakistainek eta Lourdes Méndezek bultzatutako elkarte hau 2018an eratu zen Bilbon, artearen barruan dauden desberdintasunak pentsamendu feministatik aztertu eta zalantzan jartzeko.
Premisa horrekin funtsezko bi ekintzatan egituratzen den proiektua garatzen du:
- Lehenengoa ikerketa- eta erregistro-sare digital bat eratzea da, emakumeek arte- eta kultura-sorkuntzan duten zeregina ikusgarriagoa izan dadin.
- Beste ekintza ezagutza feministaren hedapenean oinarritzen da, artean, kulturan eta pentsamendu garaikidean emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna desagerrarazteko tresna gisa.
Ezagutza feminista hedatzeko ekintza horren adibidea Perspectivas Feministas en las Producciones Artísticas y las Teorías del Arte ikastaroa da. Ikastaro honek 2008tik Estatuko eta nazioarteko profesionalak biltzen ditu urtero Euskadin arte garaikidea ikuspegi kritiko eta diziplinartekoetatik birpentsatzeko.