2026(e)ko otsailakren 18(a) 10:00

Arkeologia Museoak Fernando G. Baptistaren Infografia zientifikoaren esploratzailea erakusketa hartuko du

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Erakusketa EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Laboratorium Museoak antolatu dute, eta Arkeologia Museoan egongo da ikusgai otsailaren 20tik apirilaren 24ra. Munduan eraginik handiena duen ilustratzaile zientifikoetako bati eskainitako erakusketa da.

Arkeologia museoa

Arkeologia Museoak Fernando G. Baptistaren Infografia zientifikoaren esploratzailea erakusketa hartuko du otsailaren 20tik aurrera. Erakusketak nazioarte mailako ilustratzaile zientifikorik ospetsuenetariko baten ibilbidea goratzen du. Erakusketa Arkeologia Museoan bisitatu ahal izango da, eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Laboratorium Museoak antolatu dute.

Infografia zientifikoa funtsezko tresna bihurtu da ezagutza konplexua modu argi eta bisualean komunikatzeko, ilustrazioak, diagramak, mapak eta grafikoak konbinatuta, eta zorroztasunari uko egin gabe. Fernando G. Baptistaren lana - EHUko Arte Ederretako lizentziatua eta National Geographic Magazine aldizkariko infografien editore seniorra - mundu mailako erreferentea da arlo horretan.

Erakusketak National Geographic aldizkariko argitalpenik enblematikoenetako batzuk izango ditu, bai eta horien sorkuntza-prozesuak ikusteko aukera ematen duten materialak ere: hasierako ikerketatik eta dokumentaziotik, zirriborroetara eta amaierako obrara arte. Aurkeztuko diren lanen artean, nabarmentzekoak dira Vikingos gudarien azala (2017ko martxoa), La nueva apariencia del dodo infografiak (2020ko uztaila), La columna de Trajano monumentuaren berreraikuntza bisuala (2015eko apirila) edo Redefiniendo la cúpula kupulen konparazio grafikoa (2024ko otsaila).

Erakusketa Bilboko Alde Zaharreko Arkeologia Museoko Mallona aretoan egongo da ikusgai otsailaren 20tik apirilaren 24ra. Bisitak egiteko orduak: asteartetik larunbatera, 10:00-14:00 eta 16:00-19:30. Igande eta jaiegunetan (goizez bakarrik), 10:30-14:00. Museorako sarrerarekin, erakusketa ikus daiteke.

Egileari buruz

Fernando G. Baptista (Bilbo, 1965) Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako lizentziatua da. Hainbat urtez freelance ilustratzailea izan ondoren, El Correo egunkarian hasi zen lan egiten. 2007tik, National Geographic Magazine taldearen parte da, editore senior gisa. 250 sari baino gehiago jaso ditu, besteak beste, Peter Sullivan infografiako sari gorena eta Emmy sarietarako bi izendapen. Gaur egun eraginik handiena duen infografistetako bat da, eta, 2025ean, SND (Society for News Design) erakundeak munduko diseinatzailerik onena izendatu zuen, sarien 46. edizioan. Bere lana erreferentea da informazioa modu bisualean aurkezteko arloan.