2024(e)ko abenduaren 26(a) 11:05

Bizkaiko tributu-sistemaren berrikuspen fiskalerako neurriak onartzen dituen foru-arauaren proiektua onartu da

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak Bizkaiko Lurralde Historikoko tributu-sistemaren berrikuspen fiskalerako neurriak onartzen dituen Foru Arauaren proiektua onartu du gaur. Neurri horiek hainbat zerga-figurari eragiten diete, Bizkaian bizi diren pertsonen premietara bideratuta daude eta bete nahi diren erronkei lotuta. Horrekin, Bizkaiko Foru Aldundiak bete egin du araua urte hau amaitu baino lehen onartzeko herritarren aurrean hartutako konpromisoa.

Foru-arauaren proiektu horrek gure gizarteak dituen erronka nagusiei erantzuteko balioko du, sei arlotan:

  1. familia, berdintasuna, kontziliazioa, emakumea eta gazteria;
  2. etxebizitza;
  3. enpleguaren inguruko gizarte-aurreikuspena;
  4. trantsizio berdea;
  5. gehikortasuna;
  6. ekoizpen-sarea babestea eta bultzatzea.

Berrikuspen horren bidez hainbat erronkari aurre egin nahi zaie: demografikoari, fiskalitate berdearenari, genero-berdintasunarenari, errenta txikienak dituzten zergadunen babesarenari, gazteenari, kontziliazioarenari, etxebizitzarenari, enpleguarenari edo pentsioenari.

Bizkaiko Foru Aldundiak, orain, Lurraldeko Batzar Nagusiei igorriko die gaur onartutako foru-arauaren proiektua, taldeek eztabaidatu dezaten, eta 2025eko lehen hiruhilekoan onar dadin.

Familia, berdintasuna, kontziliazioa, emakumea eta gazteria

Foru-arau honek berdintasun benetako eta eraginkorra sustatzen duten ekimen fiskalak jasotzen ditu, kontziliazioa hobetzea bilatzen dutenak, erantzukizun profesionalen eta familiakoen arteko bidezko oreka bermatzeko.

Emakumearen diskriminazio positiboaren aldeko apustua egiten da, eta, horretarako, kenkarien eta murrizketen ehuneko jakin batzuk handitzen dira, emakumeek ehun ekonomiko eta sozialean parte har dezaten sustatzeko eta, era berean, gure gizarteko askotariko bizikidetza-unitateei ikusgaitasuna emateko, familia-unitatearen eraketan berrikuntzak sartuta.

Kenkari pertsonal eta familiar berriak sartzen ditu, hala nola hiru urtetik beherako adingabeak zaindu ondoren lan-merkatura itzultzeagatiko kenkaria (eszedentzia / lanaldi-murrizketa), 1.200 eurokoa emakumeentzat eta 1.500 eurokoa gizonentzat (diskriminazio positiboa).

Horrez gain, kenkariak jasotzen dira sozietateen gaineko zergan, legez ezarritakoren gainetik bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko neurri berriak ezartzen dituzten enpresentzat.

Etxebizitza

Etxebizitzaren arloan, errentamendua bultzatzen da, alokairu eskuragarriaren eskaintza handitzeko pizgarri fiskalak indartuz.

Horretarako, errentatzailearen tratamendu fiskala hobetzen da etxebizitza errentariaren ohiko etxebizitza izatera bideratzen bada, eta ezartzen da handiagoa izango dela alokairuan bitartekaritza publikoa dagoenean edo etxebizitza eremu tentsionatuetan dagoenean.

Gazteen emantzipazioa bultzatzen da, 36 urte baino gutxiago, eta, horretarako, ohiko etxebizitza eskuratzea errazten da, honela: etxebizitza-kontuaren epea 6 urtetik 10 urtera luzatzen da; etxebizitza erosteagatiko inbertsioaren 8.500 euroko gehieneko muga ezabatzen da lehen urtean; ohiko etxebizitza alokatzeagatiko kenkariak handitzen dira eta sortutako eta aplikatu gabeko kenkariak hurrengo 5 ekitaldietan aplikatzea ahalbidetzen da.

Era berean, eta higiezinen parkea berritze aldera, etxebizitza baten jabeak babestutako birgaitzeagatiko kenkaria aplikatzeko aukera ahalbidetzen da, betiere birgaitutako etxebizitza errentan ematen bada, ohiko etxebizitza izateko.

Enpleguaren inguruko gizarte-aurreikuspena bultzatzea

Pentsio publikoaren osagarrietan aurrera egiteko, foru-arauak enpleguko gizarte-aurreikuspen osagarriko lehentasunezko sistemak sustatzen ditu, eta, horretarako, zerga-esparru berri bat ezartzen du, helburu hori lortzea ahalbidetuko duena edo horretan lagunduko duena. Horrela, bada, osagarrien tratamendu fiskala eguneratzen da, eta prestazioak errenta gisa kobratzea sustatzen da; horrez gain, kalitatezko ekarpenak bultzatzen dira, eta pizgarri handiagoak ezartzen dira ekarpen handiagoetarako.

Trantsizio berdea

Kenkari berriak ezartzen dira etxebizitzen efizientzia energetikoa hobetzeko obrengatik, izan ohiko etxebizitzan, izan errentan emanda daudenetan: berokuntza- eta hozte-eskaria murrizteko obrak, energia primario berriztaezinaren kontsumoa hobetzeko obrak edo eraikinen energia-birgaitzea egitekoak.

% 5eko edo % 10eko kenkariak proposatzen dira PFEZean zero emisioko ibilgailu berriak erosteagatik, eta % 15ekoak ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak ezartzeagatik.

Sozietateen gaineko zergan ere kenkariak ezartzen dira, garapen iraunkorra, ingurumenaren zaintza eta hobekuntza lortzera zein ekonomia zirkularrera zuzentzen diren proiektuei loturiko inbertsio eta gastuak egiteagatik. Energia-iturri berriekin lotutako I+Gko kenkariak handitzen dira.

Era berean, eta trantsizio berdea bultzatzeko helburuarekin, hainbat pizgarri tokiko tributazioan handitzen dira.

Gehikortasuna

Gehikortasunaren arloan, foru-arau honek gure zerga-sistemaren gizarte-kohesioa eta gehikortasuna sustatzen jarraitzeko aukera emango du. Horrela, PFEZa aitortzeko betebeharra urteko 19.000 eurotik gora ezartzen da (zifra hori nabarmen handiagoa da lanbide arteko gutxieneko soldata baino, zeina 2024an 15.876 eurokoa baita), eta horrekin, errentarik txikienen tributazioa hobetzen da.

Ekoizpen-sarea babestea eta bultzatzea: mikroenpresak eta enpresa txikiak/kooperatibak

Mikroenpresen kasuan, foru-arauak % 15ean finkatzen  du mikroenpresentzako forfaita.

Mikroenpresen eta enpresa txikien kasuan, ezabatu egiten da zerga-oinarri negatiboen konpentsazioa egin aurreko zerga-oinarri positiboaren % 70eko muga.

Kooperatibak babesteari dagokionez, eta etxebizitza eskuratzea errazteko eta haiek babesteko helburu bikoitzarekin, bereziki babestutzat jotzen dira etxebizitzen erabilera eta gozamena xede duten etxebizitzen kooperatibak (erabilera lagatzeko araubideko etxebizitza-kooperatibak).

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp