Berriak
2024(e)ko uztailaren 12(a) 15:09
Aldundiak Sexu-indarkeriaren biktimei laguntza integrala emateko zerbitzuaren hedapena osatu du
Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila
Zerbitzuak dagoeneko bi zentro ditu (bata publikoa Bilboko Ledesma kalean eta bestea konfidentziala), eta hiru arreta-mota (krisia, herritarrentzako informazioa eta berreskuratze integrala). Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko, aurrez aurre egin daiteke Bilboko Ledesma kaleko zentroan, telefonoz (900 840 977), posta elektroniko bidez (atencionviolenciasexual@bizkaia.eus) edo webgunetik (https://www.bizkaia.eus/eu/arreta-zerbitzuak/hasiera).
Vicente, Seco, Elgarresta eta Laespada.
Laespada: "Biktimak erabaki guztiak hartuko ditu eta errespetatu egingo dira"
Aldundiak Sexu-indarkeriaren biktimei laguntza integrala emateko zerbitzuaren hedapena osatu du, arreta publikorako zentro bat jarri baitu martxan Bilboko Ledesma kalean.
Hortaz, zerbitzuak dagoeneko bi zentro ditu (bata publikoa, aipaturiko Bilboko Ledesma kalean, eta bestea konfidentziala); horietan hiru arreta-mota eskaintzen dira (krisi-egoeretarako, herritarrentzako informaziorako eta berreskuratze integralerako).
Zentro konfidentziala abenduan ireki eta jarri zen martxan; gaur, berriz, bigarren zentroa ireki eta aurkeztu da, arreta publikorako zentroa (uda amaierarako iragarrita zegoen, eta, beraz, jardueraren hasiera, iragarritako datari dagokionez, pare bat hilabete aurreratu da).
Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatu eta diputatu nagusiorde Teresa Laespadak gaur aurkeztu du Bilboko erdigunean dagoen zentro berri hau. Bertan azpimarratu duenez, zerbitzu honetan artatzen den emakumeak erabaki guztiak hartuko ditu eta errespetatu egingo dira
, ikuspegi feminista duten diziplina anitzeko
profesionalez osaturiko talde baten laguntzarekin.
Biktimak behar dituen denborak markatuko ditu eta beti errespetatuko da bere intimitatea. Gainera, argi izan behar du erabakia edozein dela ere horrek ez duela ezertara konprometitzen, eta lehen arretak ez diola jarraitzeko konpromisorik ezartzen. Bere autonomia beti errespetatuko da
, azpimarratu du.
Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko, aurrez aurre egin daiteke, Bilboko Ledesma kaleko zentro honetan (10. zk. bis, 7. solairua), telefonoz (900 840 977), posta elektroniko bidez (atencionviolenciasexual@bizkaia.eus) edo webgunetik —bertan txat-zerbitzua ere eskaintzen da— (https://www.bizkaia.eus/eu/arreta-zerbitzuak/hasiera).
ESKAINTZEN DIREN ARRETAK
Krisi-egoeretan arreta emateko zentroan —horren kokapena konfidentziala da— honako hauek eskaintzen dira: larrialdi-egoeretan esku hartzea (24/7); informazioa eta aholkularitza (24/7); aldi baterako ostatua; banakako arreta psikologikoa; aholkularitza soziojuridikoa; gizarte-arreta; garraioa eta itzulpengintza. Hain zuzen ere, biktima zenbait egunez zentro honek dituen bost egoitza-plazetako batean kokatu daitekeelako da konfidentziala haren kokapena.
Bilboko Ledesma kalean dagoen Herritarren Arretarako eta Berreskuratze Integralerako Zentroak honako ordutegi hauetan ematen du zerbitzua: astelehenetik ostegunera, goizeko bederatzietatik arratsaldeko seietara eta, ostiraletan, goizeko zortzietatik arratsaldeko hiruretara. Bertan, herritarrentzako eta profesionalentzako arretaren esparruan, informazioa eta aholkularitza, gizarte-arreta, aholkularitza soziojuridikoa, banakako arreta psikologikoa, itzulpengintza eta prestakuntza/kontzientziazioa/dibulgazioa eskaintzen dira. Berreskuratze integralaren esparruan, ordutegi berberekin, gizarte-arreta, aholkularitza soziojuridikoa, banakako arreta psikologikoa eta itzulpengintza eskaintzen dira.
Beraz, oro har, Sexu-indarkeriaren biktimei laguntza integrala emateko zerbitzuak honako hauei eskaintzen dizkie zerbitzuak: sexu-indarkeriaren biktima diren eta bizirik atera diren 18 urtetik gorako emakumeei; sexu-indarkeriaren biktima diren eta bizirik atera diren adingabeei —baldin eta Haurren Zerbitzuaren babespean ez badaude—; biktimaren ingurukoen senide eta pertsonei; gizarte-zerbitzuen, zerbitzu sanitarioen, zerbitzu juridikoen, hezkuntza-zerbitzuen eta abarren arloko profesionalei; eta, oro har, herritarrei.
Bi zentroak eta horien zerbitzu guztiak artatuko dituen taldea besteak beste psikologian, zuzenbidean, gizarte-lanean, gizarte-hezkuntzan eta gizarteratzean esperientzia duten hogei profesional inguruk osatzen dute.
Sexu-indarkeriaren biktimei laguntza integrala emateko zerbitzuak 2,5 milioi euroko inbertsioa izango du ekitaldi honetarako; 1,5 milioi Next Generation funtsetik eratorriak eta milioi bat Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren aurrekontutik eratorriak.
Era berean, sexu-askatasunari dagokionez, foru-sail honek sentsibilizazio-lana ere egiten du; adibidez, duela gutxi, sexu-erasoen aurkako kanpaina bat jarri du abian, ‘Vigilantes de la JAIA’ lelopean. Kanpaina honen bidez, gizarte osoaren baina bereziki gizonen aliantza lortu nahi da, jaiak berdinzaleak, askeak, alaiak, errespetutsuak eta dibertigarriak izan daitezen.
https://www.bizkaia.eus/eu/web/comunicacion/berriak/-/news/detailView/26173
ARRETA-ZIFRAK ABENDUTIK
Bizkaiko Foru Aldundiak dagoeneko bazeukan sexu-indarkeriaren biktimei laguntzeko lehen zentro bat, iazko urtearen amaieratik (abenduaren 15etik), eta zentro horren kokapena, lehen aipatu dugun bezala, konfidentziala da. Krisi-egoeretarako 24/7 arreta-zentro horri arreta mugikorreko talde profesional bat ere jarri zitzaion (24/7), bai eta aipatutako telefonoa, posta elektronikoa eta txata duen webgunea ere.
Abendutik hona, 263 kontsulta jaso dira, eta horietatik, 105 kasutan espedientea ireki da eta biktimarentzako laguntza abiarazi da (11 presazko bidetik eta 94 bide arruntetik). 105 kasu horietatik 33 sexu-erasoak izan dira, zeinean erasotzailea biktimaren familia-ingurunekoa baitzen (kasuen % 31). Erasotzailea biktimaren ingurunekoa (familiakoa, familiakoa ez den bizikidetzakoa, lagunak, hezkuntzakoa/aisia/denbora librea eta lanekoa) den espedienteak batuz gero, 74 dira guztira; hau da, artatutako kasuen % 70.
Gainera, laguntza psikologikoaren esparruan, aurtengo urtarriletik ekainera bitartean, 113 pertsonari eman zaie arreta, sexu-indarkeriari lotutako egoeren ondorioz. Pertsona horietatik, 26 adingabeak ziren eta 87 helduak. Helduen kasuan, 87 horietatik, 69 sexu-erasoen biktima zuzenak ziren, eta 18 zeharkako biktimak, hau da, zuzeneko biktimaren ingurune hurbilekoak.
GENERO INDARKERIAREN AURKAKO GOBERNUAREN ORDEZKARITZA
2021ean, Berdintasun Ministerioko Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzak autonomia-erkidegoak gonbidatu zituen krisialdi iraunkorreko zentroak diseinatu eta ezartzera, sexu-indarkeriak prebenitzeko eta biktimei diziplinarteko arreta integrala emateko.
‘España te protege contra la violencia machista’ planaren esparruan, "Plan de recuperación, transformación y resiliencia" delakoaren barruan, probintzia bakoitzari sexu-indarkeriaren biktimentzako 24 orduko laguntza-zentro bat ematea onartu zen, aurrez aurreko arreta, telefono bidezkoa eta telematikoa barne hartuko lituzkeena.
Euskadiren kasuan, Emakunde arduratu zen zentroak izan zitezkeenaren hasierako oinarriak koordinatzeaz. Foru-aldundiei dagokie sexu-abusuen biktima diren emakumeei laguntzea. Hiru foru-aldundiek, Emakunderekin batera, funtsak banatzea erabaki zuten, hiru lurralde historikoen artean banatzeko ohiko irizpidearekin. Bizkaiari 1.574.575 euro egokitu zitzaizkion, zeinak 2021etik 2023ra bitartean jaso baitziren, ekipamenduan inbertitzeko eta higiezin bat erosteko.
este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp