2017(e)ko martxoakren 05(a) 10:00

Aldundiak eta DEMAk negozio ideiei buruzko bideo lehiaketa bat antolatu dute, Enpresari programaren baitan

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Izena emateko epea martxoaren 30era arte izango da zabalik Bizkaiko Lanbide Heziketako zentroetako ikasleentzat. Lehiaketaren xedea da sormena sustatzea gazteen ekintzailetzaren arloan.

Enpresari.

Bideoak aurkezteko epea 2017ko martxoaren 30ean amaituko da.

Lanbide Heziketako ekintzailetzako ENPRESARI programa da DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak urteko antolatzen eta kudeatzen duen klasikoetako bat. Programa hori Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren laguntzarekin antolatzen da. Enpresa proiektuen lehiaketa bat da, Lanbide Heziketako Bizkaiko ikasleentzat. Zer duen helburu? Bizkaiko gazteen artean kultura ekintzailea-enpresa kultura sustatzea; erakustea enpresen sorkuntza enplegua lortzeko baliozko aukera dela.

Azaroan ezagutu genituen aukeratutako 50 ideiak (ENPRESARI 2016-2017 deialdian aurkeztu ziren 200 baino gehiagoren artetik). Ideia horiek ikasle eta prestakuntza zentroetarako negozio proiektuak dira jada, eta datorren martxoaren 10era arte garatuko dituzte (programako lan fasearen baitan), DEMAko tutoreen aholkularitzarekin. Maiatzean ezagutuko ditugu 10 sarituak. Konpentsazio ekonomikoa jasoko dute, sarituen sailkapenean duten kokapenaren arabera. Zenbateko horrekin, batik bat, ahalegina eta espiritu ekintzailea saritu nahi dira, baina baita enpresa martxan jarri nahi dutenak ere, haien enpresa proiektuak errealitate bihurtzen laguntzearren.

Negozio ideiei buruzko bideo lehiaketa

Programa honen baitan, baina 50 ideia horietatik aparte, Foru Agentziak Lanbide Heziketako zikloetako ikasleak deitu ditu soilik negozio ideiei buruzko bideo lehiaketa batera, ekintzailetzaren arloan sormena sustatzeko asmoz. Bideoek (gehienez ere 3 minutukoak) enpresa ideia bakoitzean funtsezkoa dena adierazi beharko dute, eta parte hartzaileek beren ideia irudikatzeko egokientzat jotako modu (bideo)grafikoan aurkeztu ahal izango dira.

Nik parte hartu nahi dut! Nola emango dut izena?

Zuk, zure ikaskideek, zure ikasgelak... negozio ideiei buruzko lehiaketan parte hartu nahi baduzue eta talde irabazleko kide bakoitzak tablet bat jasotzeko aukera izan (gehienez ere lau tablet taldeko) kategoria hauetako bakoitzean: Bideo bozkatuena eta Bideorik onena DEMAren iritziz; hau egin behar duzue

1) Ideia bideo batean grabatu.
2) Bideoa YouTube edo Vimeo plataformara igo.
3) DEMAren web orrian izena eman, prozedura honen bitartez: bit.ly/2l7KilQ
4) Izena emateko inprimakiaren amaieran, zuen bideoaren YouTube edo Vimeo plataformako lotura erantsi.

Bizkaiko Lanbide Heziketako zentroetako irakasle eta ikasleak animatu nahi ditugu ekimen honetan parte hartzera; izan ere, sariaz haratago, ekimenaren xedea da kultura ekintzailea eta sormena sustatzea gazteen artean. Gure ustez, honelako ekimenak beti aukera ona dira gazteak gai izateko "barnetik" antzemateko ekintzailetza, autoenplegua, etorkizuneko aukera erreal eta bideragarria izan daitekeela. Bideoak aurkezteko epea 2017ko martxoaren 30ean amaituko da. Lanak DEMAren web orrian argitaratuko dira 2017ko apirilaren 3an. Bideo bozkatuena kategoriarako bideo irabazleak 2017 apirilaren 4tik 6ra bozkatu ahal izango dira. Ikusi lehiaketaren oinarriak.

Ikusi lehiaketaren oinarriak.