2026(e)ko urriakren 01(a) 10:30

5 Kontinenteetako Landareen X. Azokak 51 erakustoki bilduko ditu EHUko Arboretumean

Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saila

Hitzordua urriaren 3an eta 4an izango da, Leioako campusean; sarrera doakoa izango da eta autobus-zerbitzu berezia egongo da, errazagoa izan dadin esparrura iristea.

5 Kontinenteetako Landareen X. Azoka

Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) batera, 5 Kontinenteetako Landareen X. Azoka antolatu du. 2026ko urriaren 3an eta 4an izango da, Leioako Campuseko Arboretumean. Azoka Leioa eta Erandioko udalen eta BBK-ko Gizarte Ekintzaren lankidetzarekin antolatu da, eta munduko hainbat lekutako landare-bildumak aurkeztuko dituzten 51 erakustoki bilduko ditu.

Asteburuan, jendeak bost kontinenteetako landare ugari ezagutu eta erosi ahal izango ditu. Haietako asko ez dira oso ezagunak gure latitudeetan, baina erraz hazi ahal dira lorategietan eta balkoietan. Azokak, gainera, aukera ematen die lorezaintzaren arloko profesional eta zaleei ezagutzak trukatzeko eta espezie eta laborantza-teknika berriak ezagutzeko.

Azoka 2015ean sortu zen, landare-ekoizleen eta zaleen arteko topagune izateko, bai eta merkataritza-harremanak ezartzeko eta landareen hazkuntzari buruzko ezagutzak trukatzeko aukera emateko ere. Hamargarren edizioan, bere bokazioari eutsi dio: aniztasun botanikoa herritarrengana hurbiltzea, ingurune natural berezi batean.

EHUko Arboretuma 2008an inauguratu zen eta 19 hektareako eremu bat hartzen du, non bost kontinenteetako 450 espezie baino gehiagotako 2.300 zuhaitz inguru baitaude. Bilboko metropoli-eremutik gertu dagoenez, espazio ezin hobea da topaketa hau egiteko.

Erakusketarien postuak ikusteaz gainera, azokara hurbiltzen diren pertsonek tokiko produktuak dastatzeko eta Arboretumeko bidezidorren saretik paseatzeko aukera izango dute, eta, hala, Bizkaiko naturaguneetako batez gozatu ahal izango dute.

Doako sarrera eta autobus-zerbitzu berezia

Azokak urriaren 3an irekiko ditu ateak, 10:00etatik 19:00etara, eta igandean (urriaren 4a), 10:00etatik 18:00etara. Sarrera doakoa izango da, eta antolatzaileek bi aparkaleku prestatuko dituzte Arboretumetik gertu.

Garraio publikoan iristeko aukera emateko, doako autobus-zerbitzu berezia egongo da, Leioa eta Astrabuduko metro-geltokietatik unibertsitateko campuseraino, bi egunetan. Leioaren kasuan, bidaldiak 9:30ean hasiko dira eta 30 minuturik behin abiatuko dira autobusak; unibertsitatetik itzultzeko zerbitzua emango da ere.