2026(e)ko abuztuakren 19(a) 10:00

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Iberdrolak hitzarmen bat sinatu dute, Urdaibain obretan dauden bidegorrietan sare elektrikoak lurperatzeko lanak koordinatzeko

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Helburua da lankidetza-esparru bat ezartzea ingurumen-inpaktua murrizteko eta azpiegiturak paisaian hobeto integratzeko

linea elektrikoen dorrea

Bizkaiko Foru Aldundiak, Azpiegitura eta Garapen sailaren bitartez, eta Iberdrolak lankidetza-hitzarmen bat sina dezaten, Urdaibaiko Biosfera Erreserban sare elektrikoak lurperatzea sustatzeko. Akordio horrekin, bi erakundeek era koordinatuan dihardutela, uztartu egingo dira bizikleta-bide foralen eraikuntza eta ingurunean lehendik dagoen sare elektrikoaren hobekuntza eta modernizazioa.

Hitzarmenaren helburua da, lankidetza-esparru bat ezarrita, sinergiak identifikatzea Aldundiaren eta I-DE Redes Eléctricas Inteligentes (Iberdrola taldea) enpresa banatzailearen artean, azpiegiturak paisaian hobeto integratzeko eta ingurumen-inpaktua murrizteko, balio ekologiko handiko naturagune babestu batean.

Zehazki, akordioak lurralde historikoko zazpi bizikleta-korridore handietako bati eragingo dio. Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialaren (BBBLPS) 5. lineari, hain zuzen ere. Linea horrek Gernika eta Bermeo lotzen ditu, Foru, Murueta, Busturi, Sukarrieta eta Mundakatik igaroz.

Hitzarmen honen bidez, bizikleta-bideak eraikitzeko proiektuak koordinatu nahi dira lehendik dauden edo ezarri berriak diren linea elektrikoak lurperatzearekin. Obren kontratazioa alderdi bakoitzak bere aldetik egingo badu ere, obrak koordinatuta gauzatzeak posible egingo du ingurumenaren gaineko eragina murriztea, baliabideak optimizatzea eta bi azpiegituren operatibitatea eta etorkizuneko mantentze-lanak hobetzea.

Nolanahi ere, alderdi bakoitzak bere gain hartuko ditu bere titulartasuneko azpiegituren finantzaketa, kontratazioa eta mantentze-lanak, betiere bermatzen dela jarduketen koordinazioa, hala teknikoa nola ingurumen-arlokoa. Hitzarmenak, gehienez, lau urteko indarraldia izango du, joan den uztailean argitaratu zenetik.

Akordio horren oinarrian, Bizkaiko Foru Aldundiak ingurumenarekin eta eraikuntza arduratsu eta jasangarriarekin duen konpromisoa dago, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren bidez sustatua. Hitzarmen horren bidez, aldundiak bere apustua indartzen du mugikortasun jasangarriaren eta lurralde-garapen orekatuaren alde, batez ere ingurumen-balio bereziko eremuetan, hala nola Urdaibain.