Zamudioko Teknologi Parkea

1988-1993 denboraldian Bizkaiko Foru Aldundiak, Eskualdeko Garapeneko Europako Funtsarekin (EGEF) batera finantzatuta, Talde Teknologikoak Eraikina (202 eraikina) egin zuen Zamudioko Teknologi Parkean eta bertan Robotiker nahiz Gaiker ikerketa-zentroak kokatu ziren.

Gaur egun Robotiker eta Gaiker-IK4 Tecnalia Teknologi Korporazioan sartuta daude 2001. urtean eratu zenetik. Helburu nagusia ekonomia- eta gizarte-ingurunearen garapenean laguntzea da eta, horretarako, berrikuntza teknologia erabili eta sustatzen dute, baita ikerketa garatu eta hedatu ere nazioarteko testuinguruan. Ildo horri eutsiz, proiektu europarretan eta nazioak nahiz eskualdeak finantzatzen dituen proiektuetan parte hartzen dute.

Bi zentro teknologikoek I+G+b errazten dute eta sektore espezializatuetan proiektuak garatzen dituzte. Robotikerrek eremu anitzetan lanean dihardu, besteak beste, ingurumen-adimena, konektibitatea, elektronika, fabrikazioa eta teknologia nahiz gizartea. Bestalde, Gaiker-IK4 plastikoak eta konpositeak ingurumena, birziklatzea eta bioteknologia bezalako ezagutza-eremuetan oinarritzen da.

Bere eremu espezializatuez gain, zerbitzuen eta produktuen espektro osoa eskaintzen dute, hala nola bezeroei aholkularitza teknologikoaren eta laguntza teknikoaren zerbitzuak, produktuen ziurtapen eta homologaziorako analisi eta saiakuntzak, prestakuntza eta hedapen teknologikoaren zerbitzua eta teknologia berrietan oinarritutako negozio berriak abiaraztea.

Gaur egun parkea Zamudio eta Derioko udalerrietan zehar zabaltzen da; pribilegiozko ingurumen-inguruneen 213 hektarea ditu eta bertan ikerketa-zentroak nahiz enpresa teknologiko aurreratuak kokatzen dira, komunikazio-azpiegitura bikainekin batera. Are gehiago, Bizkaiko Teknologi Parkeak zabaltzeari ekin dio, Ezkerraldeko Campusaren proiektuaren bidez Abanto eta Ortuellako udalerrietan. Halaber, Leioan UPV/EHUren Zientzia Parkearen proiektua du. Bere hedadura 292 hektareara iritsiko da, proiektu horiek gauzatzen direnean.