“Bizkaian ikerketa eta garapen teknologikoaren zentroak eraikitzeko” foru-proiektua 2007-2013 denboraldirako EGEFak finantzatu du eta Automotive Intelligence Center (AIC) izenekoan gauzatu da.
Bazkide fundatzaileak hurrengoak dira: Bizkaiko Foru Aldundia, Amorebieta-Etxanoko Udala, Ermuko Udala, ACICAE-Euskadiko Automobilgintzaren Klusterra, ZF Lemförder TVA, Pierburg, CIE Automotive, Amaya Tellería eta Microdeco.
Automotive Intelligence Centerra (AIC) nazioartean automobilgintzarako lehenengo zentro adimentsua da. Merkatuaren orientaziopean, proiektu honek modu adimentsuan bateratzen ditu ezagutza, teknologia eta industria-garapena, diziplina anitzen arteko lana eta goi-mailako prestakuntza duten pertsonen koordinazioa bilatuz.
AIC fundazioa balioa sortzeko zentroa da. Ofizialki 2006ko urrian eratu zen honako helburuekin: sektorearen ezagutza erraztea, sektorearekin zerikusia duen oinarrizko ikerketa eta aplikatua areagotzea, automobilgintzan maila profesional guztietan prestakuntza bultzatzea, sektorean balio erantsi handia duten enpresa-proiektu berrien sorrera endogenoa erraztea eta proiektu berriztatzaileak erakartzea.
Orain arte proiektuari hogeita hamar bat erakunde erantsi zaizkio, hala nola ibilgailuen egileak, multinazional atzerritarrak, tokiko taldeak, kooperatibak, familia-enpresak, ikerketa-zentroak, prestakuntza-zentroak eta ingeniaritzak, aholkularitzak eta klusterrak.
Lehenengo fasean 42 milioi inbertitu dira eta bigarrenean beste 20 milioi. Horiek guztiak Bizkaiko Foru Aldundiak eta Europako Batasunak Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bitartez ordaindu dituzte. Bestalde, Amorebieta-Etxanoko Udalak 50.000 m2 lursail laga zituen kokatzeko.
AICk Amorebieta-Etxanon eta Ermuan azpiegituren konplexua du. Bi faseak amaitutakoan, guztira 26.700 m2 ditu egoitza zentralean eta I+G+brako hainbat unitatetan banatuak eta 10.500 m2 industria-garapen unitateetarako.
2015eko martxoan proiektu honen hirugarren fasea inauguratu zen eta konplexuaren azalera 8.000 m2-n gehitu da, beraz, guztira 45.000 m2 daude. Aurrekoari eutsiz, Bizkaiko Foru Aldundiak 15 milioi euroko inbertsioa egin du. Amorebieta-Etxanon gaitutako instalazio berrietan konplexuak AIC Academy izenekoa hartuko du, automobilgintzaren industriarako prestakuntza-zentro integrala, alegia.