saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Berritasunak

Informazioa

 
 
 
 

2022/05/23

 Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko oinarrizko kirolaren lana aintzatesten du Bizkaia Kirolak Sariak 2022 sarietan

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko oinarrizko kirolaren lana aintzatetsi du gaur arratsaldean Bizkaia Kirolak Sariak 2022 ospatuz. Bizkaiko Ahaldun Nagusiak,  Unai Rementeriak, eta Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak, Lorea Bilbao Ibarrak, Bizkaian Oinarrizko Kirolean jarduera fisikoa eta kirola bultzatzeko eta sustatzeko egindako lanagatik nabarmendu diren pertsona eta erakundeei ematen zaizkien sarien banaketan parte hartu dute. Ekitaldia Bizkaia Frontoian egin da eta erakundeetako eta kiroletako ordezkari ugari bertaratu dira.

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak nabarmendu du kirola talde-lana dela, eta "gure gizarteak gauza bera egin behar duela. Kirolean bezala, taldean lan egin behar dugu". Rementeriak azpimarratu duenez, "beharrezkoa da kirola eguneroko bizitzarekin konektatzea. Eta Bizkaia bide horretan dago. Helburu hori lortzen lagunduko duten azpiegiturak sortuz. Hainbat proiektu, hala nola Durangaldea eta Txorierri Bilborekin lotzen dituen bizipista, itsasadarreko bulebarra, Erandio eta Barakaldo arteko zubia, edo Bizkai Bizi, Bide Berdeak… hainbat proiektu. Ororen gainetik eta kirola bezala, pertsonak konektatzen dituzten proiektuez ari naiz. Eta pertsonez ari naiz, kirolariez, gizarte aurreratu baten funtsezko ardatz gisa".

Sarituen izenak ekitaldian zehar azaldu dira eta, ondorioz, sariak banatu direnean agerian geratu da sarituen eta haien laguntzaileen emozioa. Sari banaketa honetan Iñigo Arroyok eta Alberto Moyak Flatland erakustaldia egin dute.

Oraingoan bederatzi kategoriatan saritutako bederatzi erakunde edo pertsona izan dira: Banakako Kirolean, Virginia Diaz Rivas (arrauna); Taldeko Kirolean, Itsasoko Ama Arraun Kluba (arrauna); epaileen kategorian irabazlea Olatz Rivera Olmedo izan da (futbola); saria irabazi zuen entrenatzailea Iker-Ekaitz Libano Salas izan da (piraguismo egokitua); erakunde saritua Gaztedi Sokatira; eta pertsonalaren kategorian saria Andoni Lopez Garcia zuzendariak jaso du  (karatea); Bruno Soto Fernández (halterofilia) izan da gazte promesaren saria jaso duena; Mikel Bildosola Agirregomezkortak (igeriketa) kirolari beteranoen saria jaso du; eta, azkenik, ekitaldi irabazlea Sokatira Mundiala izan da.

Bizkaiko txirrindularitzako ordezkaritza handiak banatu ditu Bizkaia Kirola Sariak 2022 sariak. Horrela sarituek Julian Gorospe, Joane Somarriba, Ramontxu Gonzalez Arrieta, Eneritz Iturriaga, Agurtzane Elorriaga, Ziortza Villa eta Igor Antonen eskutik jaso dute saria. Sari banaketa Eider Merinok eta Aitor Elduiaienek gidatu dute.

Foru erakundeak 60 hautagaitza-eskaera jaso ditu Bizkaia Kirolak 2022 Sarien kategoria desberdinetarako.

Bizkaia Kirolak 2022 Sariek Bizkaiko kirolariek 2021ean lortutako kirol-merituak aintzatesten dituzte, bai eta oinarrizko kirolari emandako laguntzagatik nabarmendu diren teknikariak, erakundeak eta ekitaldiak ere.

Hala, sarituek Bizkaiko kirol-jarduera fisikoa bultzatzen eta zabaltzen lagundu dute 2021eko ekitaldian. Aurtengo edizioan bederatzi sari banatu dira bederatzi kategoriatan: Ostadarra Saria, talde kirolaren kategoria saritzeko; Argizagi Saria, banakako kirolaren kategorian; Izar Gaztea Saria, promesa gazteen kategoria saritzen duena; kirolari beterano eta beteranoek Iparrizar Saria lortzeko aukera izan dute; Zuzentasun Saria, arbitro kategoria saritzeko; Lidergorasun Saria, entrenatzaileak saritzen dituena; Kidetasun Saria, lurraldeko kirol-erakundeak saritzeko; Leialtasun Saria, zuzendaritzako langileak balioesten dituena; eta, azkenik, Ikusgarritasun Saria, 2021ean Bizkaiko kirol-jarduera fisikoaren hedapenean nabarmendu den ekitaldia saritzen duena.

Bizkaia Kirolak Sariak 2022 ekitaldiko finalistak:

Talde kirolari dagokion Ostadarra Sarian finalistak honako hauek dira:

  • Club Alusigma Peñota Dental Triathlon (triatloia).      
  • Itsasoko Ama Arraun Kluba (arrauna).
  • Equipo Fhimasa Escuela De Vela Jose Luis Ugarte (bela).        

Hauek dira banakako kiroleko Argizagi Saria irabazteko hautagaiak:

  •  Alex Goitiandia Goyonaga (euskal pilota).        
  • Naiomi Anaiansi Matthews (borroka eta sanboa).
  • Virginia Diaz Rivas (arrauna).

Izar Gaztea Saria jasotzeko aukera duten promesa gazteak hauek dira:

  • Bruno Soto Fernández (halterofilia).  
  • Iagoba Madariaga Gaueka (pilota-pala).
  •  Manolo Rey Baltar (bela).

Iparrizar Saria kirolari beteranoen kategoriako sarirako hautagaiak hauek dira:

  • Juan Carlos Maurer Gonzalo (motoziklismoa).              
  • Eider Fuentes Alejandre (igeriketa).   
  • Mikel Bildosola Agirregomezkorta (igeriketa).              

Honako arbitro hauek dira Zuzentasun Saria irabaz dezaketenak:

  • Olatz Rivera Olmedo (futbola).

Lidergortasun Sarirako teknikari eta entrenatzaile hauek daude hautatuta:

  • Iker-Ekaitz Libano Salas (piraguismo egokitua).

Hauek dira Kidetasun Saria jasotzeko hautagaiak:

  • Gaztedi Sokatira Taldea.

Leialtasun Saria irabaz dezaketen zuzendaritzako kideak  hauek dira:

  •  Andoni Lopez Garcia (karatea).

Ikusgarritasun Sarirako ekitaldi hauek daude  aukeratuta:

  • Sokatira Mundiala.  

 

Argazkia eta albiste osoa Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean.

 
 

itzuli