saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Berritasunak

Informazioa

 
 
 
 

2021/11/26

 Rementeriak eta Prudhommek Bizkaiko lehen bizipistaren lanak inauguratu dituzte

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Christian Prudhomme Frantziako Tourraren zuzendari nagusiak Bizkaiko lehen bizipistaren lanak inauguratu dituzte. Bizipista horrek Zornotza, Iurreta eta Durango udalerriak lotuko ditu. Hiru hiriguneez gain, trazadurak sei auzo, lau industrialde eta ikastetxe bat lotuko ditu. Beraz, ondo konektatutako bizipista izango da, eta eguneroko joan-etorrietarako bizikleta erabiltzen duten pertsonei segurtasuna eskainiko die, ibilbide osoan motordunen trafikotik bereizita joango baita.

Unai Rementeriaren ustez Foru Aldundiak mugikortasunaren trantsizioan aurrera egiteko egiten duen lanaren barruan sartzen da bizipistaren eraikuntza, eta Bizkaiak duen erronka global handienetako bat izango da. Horri lotuta, Aldundiak bizikletaren erabilera sustatzen du, garraio publikoarekin batera, etxetik lanera edo ikastetxeetara egunero egiten diren joan-etorrietan.

Rementeriaren esanetan: "Kirol arloan nazio txirrindularia gara eta mugikortasunean ere nazio txirrindularia izan behar dugu"; lanera edo eskolara bizikletaz joateak ez du derrigorrezkoa izan behar, baina bai benetako aukera bat. Ildo horretan, bizikleta modu seguru eta erosoan erabiltzeko azpiegituretan inbertitzea bizi-kalitatean inbertitzea dela adierazi du.

Bizikleta eguneroko joan-etorrietan erabiltzeko mugikortasunean egin behar den trantsizioa epe luzerako erronka dela onartuta, ahaldun nagusiak bereziki eskertu du Frantziako Tourraren zuzendari nagusiaren laguntza; izan ere, erakunde horrek helburu bera du, eta eragin positiboa sortu nahi du bizikleta eguneroko bizitzan sartu nahi duten pertsonengan. Hala azpimarratu du Christian Prudhommek; Tourraren laguntza eskaini dio Bizkaiari, bizikleta bidezko mugikortasuna hobetzeko eta, bereziki, haurrekin esparru horretan lan egiteko. Munduko txirrindularitza lehiaketarik garrantzitsuena izateaz gain, Frantziako Tourra hainbat arlotan aritzen da bizikleta bidezko mugikortasuna eta ingurumenaren gaineko erantzukizuna sustatzen.

Lanak inauguratzeko ekitaldia Zornotzan egin da. Han izan dira Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkatea, Iñaki Totorikaguena Iurretako alkatea, Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatua, Mireia Elkoroiribe Durangaldeko Mankomunitateko presidentea eta Cyrille Tricart Tourreko kanpo-harremanetarako arduraduna.

Andoni Agirrebeitiak Amorebieta-Etxanoko Udalaren eta Foru Aldundiaren arteko lankidetza balioetsi du, bizikletaren eta etorkizun iraunkorrago baten alde. Ildo horretan, 2022a inflexio-puntua izango dela eta bizipista eraikitzeaz gain, Udalak "Amorebieta-Etxano Bizikletaz" proiektua abian jarriko duela aurreratu du.

Bizipistaren datu nagusiak

Bizikletaren eta oinezkoen ibilbideak 7,5 kilometroko luzera eta profil ia laua izango ditu; Zornotzako udalerria Iurretako udalerriarekin lotuko du, Tolsa-Zubieta industrialdetik Mallabiena industrialderaino. Bi puntu horietan, gaur egun bizikletentzat dauden bideekin lotuko da. AP-8 autobidearen paraleloan doan ibilbidean zehar, San Migel Dudea, Erkoles, Euba, Berna eta Arriandi auzoak zeharkatuko ditu.

Bizipista eraikitzeko 12,7 milioi euroko aurrekontua dago, eta hamabost hilabeteko egikaritze-epea. Bizikleta eta oinezkoen mugikortasunerako azpiegitura hau hiru ardatz nagusiri jarraiki diseinatuta dago:

  • Konektibitatea, inguruko eskari-zentroei (egoitza-, lan- eta ikasketa-zentroak) zerbitzua ematen dien azpiegitura baita, eta Zornotzan eta Iurretan dauden bidegorri-sareekin lotzen baita (eta horien bidez Durangoraino helduko da).
  • Segurtasuna, 3,8 metroko zabalera duen azpiegitura izango dutelako bizikletek eta 1,85ekoa oinezkoek. Segurtasunez aurreratzeko edo adingabe bati lagunduta zirkulatzeko aukera emango duen espazioa izango da. Gainera, motordun trafikotik erabat bereizita egongo da; horretarako, errepide gainetik joango diren hiru pasabide eta beheko pasabide bat eraikiko dira, errepideak gurutzatzea saihesteko.
  • Iraunkortasuna, ingurumen-inpaktua murrizten duten elementu berritzaileak erabiltzea lehenetsiko delako, hala nola eguzki-energiaz elikatutako LED argiak, zurezko pasabideak eta harrizko edo landarezko pantailak, bizipista alboko autobidetik ez ikusteko eta autobideko zaratarik ez entzuteko.

 

 
 

itzuli