Kirolbide programa 2000. urtean jaio zen, Bizkaiko Foru Aldundiko orduko Kirolen Zuzendaritza Nagusiaren ekimen gisa. Gaur egun, ordea, Kirol eta Gazteriaren Zuzendaritza Nagusiak darama. Bizkaiko kirol-eragileak hobetzea eta egunean jartzea zen helburua.
Ildo horri jarraiki eta prestakuntzarekin dugun konpromisoari eutsita, gure asmoa izan da kirol-instalazio eta -ekipamenduen erabiltzaileekin egunero zuzenean lan egiten duten pertsonengana hurbiltzea ikuspegi praktiko batetik. Izan ere, haien esku dago ariketa fisikoaren arloan ohitura onak ikasi eta finkatzea.
Horren guztiaren ondorioa da oraingo programa hau. 2013an izan da lehenengo edizioa, eta bi saioko lau jardunaldi egin dira, "Ariketa fisikoa osasungarri: teoriatik praktikara" lelopean. Bi saioko jardunaldien sistemaren bidez hau bilatu nahi izan dugu: lehenengo saioan gaiari buruzko oinarri teorikoak ematea, eta, bigarrenean, berriz, ariketen tailer praktiko bat egitea, saio teorikoa osatzearren.
Ariketa fisikoa egiterakoan inoiz ahaztu behar ez ditugun irizpideak, Gimnasia suabeetan, Fitness aretoan eta Zuzendutako jarduera dinamikoetan kontuan hartu beharreko oinarrizko kontzeptuak izan dira lau prestakuntza-saioetan jorratutako gaiak.
Ondoren, hezitzaileak azalduko digu zer irizpide hartu behar diren kontuan edozein ariketa fisiko egiterakoan. Lehenengo, jarrera ebaluatu behar da: zer jarrera izan behar dugun zutik eta etzanda gaudenean. Bigarren, luzaketa-ariketak eta indarra lantzeko ariketak egingo ditugu, eta, amaitzeko, erresistentzia aerobikoa lantzeko ariketa bat.
-
Jarreraren ebaluazioa, zutik:
-
Oinen artean behar besteko lekua utziko dugu eroso egoteko.
-
Oinak jartzean kontuan hartuko dugu irudizko lerro bat egon behar dela bigarren eta hirugarren behatzen eta orkatilaren artean.
-
Belaunak tolestu egingo ditugu, pelbisa posizio neutroan jartzeko; koadrizepsek eutsiko diote gorputzaren pisuari.
-
Lehenengo saihetsa gorantz jarriko da.
-
Ondoren, kokotsa barrurantz jarriko dugu, eta bizkarrezur guztia luzatuko dugu; lunbarren inguruan inolako tentsiorik sortu gabe.
-
Jarreraren ebaluazioa, etzanda:
-
Oinak jartzeko, batetik, orkatilak eta aldaka lerro berean jarriko ditugu, eta, bestetik, bigarren eta hirugarren behatzak orpoarekin lerrokatuko ditugu.
-
Belaunak ere orkatilekin ondo lerrokatuta egon behar dira.
-
Pelbisa posizio neutroan eduki behar dugu. Horretarako, apur bat goratuko ditugu ipurmasailak, eta, ondoren, beherantz eramango ditugu astiro, hezur sakroa lur gainean ondo jarri arte.
-
Besaburuak eta sorbaldak beherantz eramango ditugu eta, aldi berean, burua lerrokatu egingo dugu.
-
Eskuetan nabaritu behar dugu arnasa. Beharrezkoa bada, zerbait ipiniko dugu goratzeko.
-
Abdomenaren aurrealdeko muskulu zuzena lantzeko indar-ariketa:
-
Pertsonari esango diogu bularrezurra pubiserantz eramateko; gorputza blokean igoko du, eskuak buruan jarrita, lepoan tentsiorik ez izateko.
-
Pelbisa posizio neutroan eduki behar du, eta lunbarren aldean ez du inolako tentsiorik sentitu behar.
-
Luzaketa-ariketa baten adibidea: alboko katea
-
Hankak banan-banan igoko ditugu pelbisa posizio neutroan edukitzeko; ondoren, lurrerantz eramango ditugu belaunak. Hanka lurreraino heltzen ez bada, espumazko pilota bat erabiliko dugu, intentsitatea gutxitzearren. Hanka biak erabat elkartzen ez badira, pilota bat jarriko dugu haien artean.
-
Ariketaren intentsitatea aldakatik oin-puntetara joango da.
-
Eta, intentsitate hori areagotu nahi badugu, besoa luzatu ahal dugu, bai eta hanka ere.
-
Indar-ariketa (fitness-aretoa):
Gure lehentasuna beti izango da pertsona ondo kokatzea; horretarako, makina egokituko zaio pertsonari, eta ez alderantziz.
-
Oinak simetrikoki jarriko ditugu, aurrera begira ondo lerrokatuta.
-
Iskionak jarlekuan ondo ipinita jarriko ditugu; pelbisa posizio neutroan, lunbarretan inolako tentsiorik gabe.
-
Lehenengo saihetsa gorantz jarriko dugu, kokotsa apur bat barrurantz eta buruan jarriko dugu arreta (gorantz egingo bagenu bezala).
-
Ondoren, makina heldulekuetatik hartu eta ukondoak enborreraino eramango ditugu; puntu horretan geldituko gara unetxo batean, barruko errotazioa saihesteko.
-
Sorbaldetan mantenduko dugu egonkortasuna.
-
Erresistentzia aerobikoa lantzeko ariketa baten adibidea (indoor bizikleta):
Garrantzitsuena da bizikleta gainean ondo esertzea.
-
Horretarako, pedala behean dagoenean, hanka ia erabat luzatuta eduki behar dugu.
-
Pelbisa posizio neutroan jarriko dugu; lehenengo saihetsa, gorantz; kokotsa, barrurantz, eta bizkarrezurra ondo luzatuko dugu.
-
Besoak ondo lerrokatuko ditugu. Hau da, sorbaldak eta eskumuturrak lerro berean jarriko ditugu.
Proiektuan inplikatutako pertsonek erakutsitako interes eta gogoagatik, modu positiboan baloratu behar dugu lan-ildo hau, eta jarraipena eman behar diogu.
Prestakuntzari laguntza emanez, Bizkaiko Foru Aldundiak gizartean detektatu dituen kezka batzuei erantzun nahi die, eta garbi adierazi nahi du kirolarekin eta Bizkaiko herritarren artean kirola bultzatu eta sustatzen dutenekin duen konpromisoa.