saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Agerkaria

Informazioa

Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
91. alea
2014ko ekaina

 
Zatoz euskarara
+

Iaz ekimenak izan zuen harrera eta arrakasta ikusita, aurten ere Zatoz euskarara! kanpaina bera abian jartzea erabaki du Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko udal eta euskaltegiekin elkarlanean. Kanpainaren helburuak dira helduen matrikulazioa sustatzea Bizkaiko euskaltegietan hurrengo ikasturtera begira eta, bestetik, euskaltegietan euskalduntzen diren herritarrak eta gizataldeak animatzea euskara eguneroko bizimoduan erabil dezaten euskaltegitik kanpo, edozein gizarte-esparrutan.

Egitasmoaren euskarriak Alkarbide bilgunearen bitartez Bizkaiko euskara zerbitzuetako teknikariei banatu zaizkie: bata orokorra, kanpaina iragartzeko, eta bestea mutua, herri bakoitzean dagoen euskaltegien eskaintza iragartzeko.

Argazkiak ikusi

Zatoz euskarara kartela.JPG

Gidabaimena euskaraz
+

Aurten ere Bizkaiko hainbat udalerrik martxan jarri dute Gidabaimena euskaraz egitasmoa. Ekintzaren helburu nagusia da gazteei adieraztea gidabaimena euskaraz ere atera daitekeela, eta hori oinarri hartuta, sentiberatze-kanpaina egin da.

Egitasmoa, batez ere, 17 eta 23 urte arteko gazteei zuzenduta dago eta gidabaimena euskaraz atera nahi duenak erabilgarri izango ditu teoria liburua eta testak egiteko programa informatikoa, euskara hutsean biak; ondoren, azterketa teorikoa euskaraz egiteko aukera ere izango dute.

Bestalde, udalerri batzuek gazteei diru-laguntza emango diete gidabaimena ateratzeko azterketa euskaraz egiteagatik. Gainera, azterketa teorikoa euskaraz egin eta gainditu dutenen artean udalerri bakoitzean sariak zozketatuko dira.

Argazkiak ikusi

azala.jpg

Barraketan euskaraz
+

2011n Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak, EUDELek eta AFADEk (Euskadiko Ferialari Autonomoen Elkartea) lankidetza-hitzarmena sinatu zuten herrietako jaietan jartzen diren jolas-ikuskizunetan euskararen erabilera sustatzeko asmoz. BFAk kartel-eredu bat prestatu zuen eta hori erabili izan da barraketako arduradunek behar izan dituzten testuak idazteko.

Ordutik hona barraketako hizkuntza paisaia euskalduntzen aritu garenez aurten ere hitzarmena berretsi da eta dagoeneko AFADEk hainbat kartel egitea eskatu dio Alkarbide bilguneari. Hala ere, lan horiek guztiak egiteko, Alkarbide bilgunearen idazkaritza teknikoa udal-mankomunitateetako euskara teknikariekin koordinatuko da tokian tokiko eskakizunei erantzuteko.

Argazkiak ikusi

fitxen salmenta.jpg

Komunikazio estrategia zelan garatu ikastaroaren balorazioa

Alkarbidek, Azkue Fundazioarekin elkarlanean, Komunikazio estrategia zelan garatu ikastaroa antolatu du ekainaren 17an eta 18. Lau orduko bi saioetan 42 euskara teknikari eta trebatzailek parte hartu dute Euskararen Etxean.

Ikastaroari buruz egindako balorazioa, orohar, positiboa izan da. Gehienek ikastaroa oso interesgarria izan dela aipatu dute eta bertan emandakoa eguneroko lanean baliagarria izango zaiela aitortu dute. Hala ere, praktika gehiago eskatu dute.

Udalerrietako egitasmoak
+

Iurreta

Iurretako Udalak Euskara betibizi egitasmoa martxan jarri du. Proiektuaren helburua da herriko merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzea. Horretarako euskararen erabilerari lotutako bi mailako kalitate-ziurtagiriak banatuko dituzte euskararen aldeko konpromisoak saritzeko: lehenengoa zerbitzua euskaraz eskaini dezaketen establezimenduei eta bigarrena euskararen aldeko konpromisoren bat hartuko duten establezimenduei. Udalak kalitate-ziurtagiri horien pegatinak banatuko dizkie ezarritako irizpideak betetzen dituzten establezimenduei, erakusleihoetan ipin ditzaten. Kanpaina aurrera ateratzeko, lehenengo herriko merkataritzako eta ostalaritzako euskararen erabileraren diagnostikoa egin da.

Bilbo

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak eta Bilboko Euskaltegien Sareak Darabilbo. Erabili euskara Bilbon egitasmoa abian jarri dute eta helburu nagusia da hiriko auzo guztietan euskaldunei euskara erabiltzeko aukera gehiago ematea. Maiatza eta abendua bitartean hainbat jarduera burutuko dira eta euskaldun eta euskaltzaleek euskara praktikatu ahal izango dute. Antolatutako jarduerak arlo askotarikoak dira: kakorratz – trikota tailerrak; hizkuntza-jarrerak, portaerak eta lidergoaren inguruko tailerrak; dastaketak; museoetara bisita gidatuak; Euskolgetan; Bilbotik bizikletaz; ibilaldi kulturalak herrian zehar; dantza tailerrak; enkuadernazio japoniarra tailerrak; Athleticekin, Futbola eta krispetak zine emanaldiak; Nordic Walking; baratza tailerra; bertso gosari eta askariak.

Erandio

Erandioko Udaleko euskara zerbitzuak 2014an herriko ikastetxeetan garatutako AntzerkHizkuntza programari amaiera emateko II. Antzerki Topatekak antolatu zituen maiatzaren amaieran. Programaren helburua da euskara sustatzea era ludikoan. Beste helburu batzuk: talde batean sortzen diren baloreak kontuan hartzea eta ikasle eta irakasleen arteko elkarbizitza sortzea eta euren arteko harremanak euskaraz sendotzea. Erandioko ikastetxeko lehen hezkuntzako 5. mailako irakasle eta ikasleek parte hartu dute egitasmoan eta euren aldetik jasotako balorazioak oso onak izan dira.

Ermua

Ermuko Udaleko euskara zerbitzuak, herriko beste eragileekin elkarlanean, Ermuko I Mintzodromoa antolatu zuen ekainaren hasieran. Egitasmoaren helburua da herrian dauden euskaldun eta ia euskaldunak elkar ezagutzeko aukera izatea, askotan ez-jakintasuna, ohitura edota errazkeriagatik gaztelaniaz egiten delako. Ehun mintzolagun inguru bildu ziren eta ordu betez solasean aritu ziren bertan proposatu ziren lau gairi buruz. Labur egin zen ordu bete horren balorazioa oso ona izan zen.

Barakaldo

Barakaldoko Udalak I. Mintzodromoa antolatu zuen ekainaren hasieran. Goizeko eta arratsaldeko saioetan euskara zabaldu eta sustatzeko aukera egon zen. Clara Campoamor Zentro Zibikoan bertaratutakoek hainbat gairi buruz euskaraz mintzatu ziren.

Argazkiak ikusi

Udalerrietako hainbat ekintza.JPG

Eusko Jaurlaritzako diru-laguntzak

Dakizuenez, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeetan 2014ko ekitaldian Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia / Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (EBPN/ESEP) garatzeko diru-laguntzei buruzko agindua (2711/2014 Agindua, ekainaren 18koa) argitaratu da ekainaren 19ko EHAAn. Eskabideak aurkezteko epea 2014ko ekainaren 20an hasi zen eta uztailaren 4an amaituko da.

Oporretan goaz!

Dagoeneko uda etorri da eta Agerkariak ere oporrak hartuko ditu. Irailean berriro hemen izango da albiste interesgarri gehiagorekin eta berrikuntzekin. Bien bitartean, Alkarbideko postontziaren bidez jasoko dituzue sortzen diren berri guztiak.

Ondo-ondo ibili oporretan eta irailera arte.

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea