Bizkaiko Foru Aldundiak eta UEMAk, Bizkaiko hainbat udalekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri dute abian. Kanpainaren berri emateko 20.000 eskuorri baino gehiago banatu dira, etxez etxe. Bide horretan, errenta aitorpena euskaraz eginda euskarari bide berriak irekitzeaz gain, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatu nahi da.
2013ko ekitaldiari dagokion errentaren gaineko aitorpena egiteko kanpainan, zergadunek hainbat bide dituzte euskaraz egiteko, eta oso modu errazean gainera; lehen urratsetik zein hizkuntzatan egin nahi duten aukera dezakete, hau da, euskaraz egiteko ez dago inolako zailtasunik. Urtez urte, gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiteko hautua egiten duten herritarrak eta aurten ere errenta euskaraz egiten duten pertsonen kopurua handitu nahi da.
Apirilean, Zaldibarko Euskararen Aholku Batzordea batu zen lehenengo aldiz. Bertara herriko hainbat elkarteen ordezkariak eta norbanakoak deituta zeuden eta hogei lagun inguruk batzordearen funtzionamendua finkatu zuten, besteak beste, urtean zehar hiru-lau batzar egingo dituztela.
Lehenengo bilera honetan udal arduradunek udalak euskararen erabilera bultzatzeko dauzkan baliabideak zeintzuk diren azaldu zituzten, hau da, zer aurrekontu eta baliabide dauden proiektuak aurrera ateratzeko eta euskararen erabilera sustatzeko zer arautzen duten udalak onartu dituen planek. Hurrengo bi urteetarako batzordeko partaide izango direnen behin betiko izendapenak egingo dira eta hilabete barru batzordea berriro elkartuko da.
Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren aurtengo edizioa jarri du abian. Egitasmoaren helburua euskarazko irakurketa bultzatzea da. Bizkaiko hainbat udalerritan egingo den egitasmo hau tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu-denden elkarlanari esker gauzatzen da. Bizkaian ez eze, Euskal Herriko beste hainbat udalerritan ere egiten da.
Egitasmoaren lehen pausoa liburutegira joatea da. Liburua irakurri ostean liburutegira bueltatzen denean, hiru galdera errazeko fitxa bat bete eta liburuzainak deskontu txartela emango dio herritarrari hitzartutako dendetan erabili ahal izateko. Azken urratsa deskontuarekin erosi den liburua oparitzea izango da.
Irakurri, Gozatu eta Oparitu apirilaren 23an hasi da, Liburuaren Nazioarteko egunean, eta ekainaren 30ean amaituko da.
Bizkaiko Foru Aldundiak iazko abenduan K-proiektua aurkeztu zuen eta bertan 18 eta 30 urte bitarteko gazteek era aktiboan parte hartuko dute beraien kezka eta arazoei irtenbide eta proposamenak bilatzeko orduan. Gazteak elkartzeko, etorkizunera begiratzeko, eztabaidatzeko eta hausnarketak partekatzeko topaleku parte hartzailean eta sortzailean, euskara erabiliz, gazteok dituzten jakin-minak, desioak eta konpromisoak adierazteko jarri da martxan K proiektua. Hauek dira martxan jarriko diren ekintzak: KIT.lab, K movie eta (K)abian topaketak.
KIT.labak komunikazio eta informazio teknologikoen laborategiak izango dira, ikerketa eta sormen espazioak. Laborategi horietan hainbat gai jorratuko dira, besteak beste, sare sozialen komunikazioa, sormen ahalmena ikasteko teknikak, esplorazioa… KIT.labak 4 ordutako bi saiotan burutuko dira. K movie ekintzarekin, berriz, euskararen inguruko errealitateak, berezitasunak eta ekimenak jasotzen dituen pelikula-dokumental parte-hartzailea sortu nahi da. Horretarako gazteek beraien inguruko errealitatea sakeleko telefonoarekin zein kamera profesionalekin grabatu ahal izango dute, K webgunean elkarbanatu eta sariak irabazi.
Amaitzeko, (K)abian topaketak Bizkaiko gazteak elkarbanatzeko, kritikak egiteko eta hausnarketak partekatzeko saioak izango dira. Gazteek eurentzat interesgarriak diren gaien inguruan adituen esperientzia ezagutzeko aukera izango dute. Horretarako lehenengo saioan gazteentzat interesgarriak diren gaiak azalarazteko Open Space bat antolatuko da eta hurrengo lau saioetan hasierako saioan aukeratutako gaiak lantzeko bilduko dira gai horietako adituekin eta aldundiko ordezkariekin.
Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzua eta Hezkuntza Arloaren eskutik eta udalerriko irakaskuntza zentroekin elkarlanean XIII. Idazlan Koadernoak argitaratu dira azken hamahiru urteetan bezala. Horri lotuta martxoaren 8an eta 9an irakurketa ekitaldiak antolatu ziren. Egitasmoaren helburu nagusia euskara sendotzea eta idazmena lantzea da, irakurzaletasuna sustatzearekin batera.
Idazlan koadernoetako idatziak aukeratzeko, zentro bakoitzak bere idazlanak hautatzen ditu, ziklo bakoitzeko bi. LHkoen liburuan 31 idazleren lanak jaso dira, eskuz eurek idatzitako moduan eta jatorrizko marrazkiekin folio formatuan. DBH/Batxilergo/HHI mailakoen argitalpenak, berriz, azken bi urteetan antzera, formatu digitalean 30 idazlan bildu ditu CD batean.
Jasotako idatzietako idazleek egindako lana saritzeko, irakurketa ekitaldiak antolatu ziren apirilaren 8 eta 19an. Argitalpenen aleak eskuratzeaz gain, LHkoek 30 euroko bonoak jasoko dituzte eta DBH/Batxilergokoek 40koak, udalerriko liburu dendetan euren gustuko liburuak erosi ahal izateko.
Bermeo Udaleko Euskera Sailak, herriko ikastetxeekin batera Bertsopaper lehiaketaren hamargarren edizioa antolatu du. Lehiaketaren emaitzen berri apirilaren 9an eman zen eta Nestor Basterretxea aretoan egin zen sariak banatzeko ekitaldia.
Lehiaketa honen bitartez, gaztetxoen artean bertsozaletasuna sustatu nahi da. Aurten 11 eta 18 urte bitarteko gazteek parte hartu dute. Bertso bat aurkeztu duen gazte bakoitzak sari bana jasoko du eta maila bakoitzeko irabazleek, berriz, bertsozaletasuna lantzen jarraitzeko materiala jasoko dute. Aurten 11 eta 14 urte bitarteko mailan 115 lagunek aurkeztu dute bertsoa, urterik urte gehiago. Bigarren mailan, berriz, 3 lagunek aurkeztu dituzte bertsoak.
Bestetik, Bermeoko Udalak orain dela urte batzuk Kalinpan izeneko maskota sortu zuen kirol-ekitaldietan parte hartzeko eta ekitaldi horietan euskararen erabilera bultzatzeko asmoz. Aurten kirol txokoetan ez eze, herriko beste arlo batzuetako ekintzetan arituko da euskararen herriko maskota. Egitasmoaren helburua da euskara herriko toki guztietara eramatea euskararen erabilera sustatzeko herriko eta kanpotik etorriko diren pertsona guztien artean.
Eusko Jaurlaritzak V. Mapa Soziolinguistikoa aurkeztu du eta, mapak berak, Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen bilakaera nolakoa izan den erakusten du, ikuspegi zabal bat eskainiz. Maparen arabera eremu formaletan, hezkuntzan esaterako, euskararen ezagutza eta erabilera handitu egin da, baina eremu ez formaletan, etxean adibidez, pixka bat behera egin du. Lana garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria osoa kontuan hartu da. 2011ko datuak eta azken hogeita hamar urteotako euskararen bilakaera soziolinguistikoa jaso dira.
Mapa soziolinguistikoak lau aldagai aztertzen ditu: hizkuntza-gaitasunaren bilakaera; biztanleriaren lehen hizkuntza; hizkuntza-gaitasunaren eta lehen hizkuntzaren arteko gurutzaketa, BILA indizea (hizkuntza-bilakaeraren indizea); eta etxeko erabilera.
Hala ere, erabileraren inguruko datuak ez dira onak. Azken urteotan erabilera esparru berriak eta garrantzitsuak irabazi diren arren, bizitza publikoan batez ere, etxean edo familia esparruan euskarak atzera egin du.
Ermuko Udalak maiatzaren 8tik 11ra bitartean XXII. Euskal liburu eta disko azoka antolatu du. Azokaren helburua da euskaraz argitaratuta dagoen produkzioa herritarrengana hurbiltzea. Horretarako herriko plazan hamaika postu jarriko dira eta euskaraz argitaratu diren azken nobedadeak ikusi, ezagutu eta erosteko aukera egongo da. Azokarekin batera, hainbat ekitaldi antolatu dira euskaldun giroa handitzeko: liburuen aurkezpenak, ipuin saioak, tailerrak, bertso saioak…


