saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Agerkaria

Informazioa

Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
90. alea
2014ko maiatza

 
Eman giltza eta D bitamina egitasmoen sari banaketak
+

Eman giltza-¡Háblale, escúchale! egitasmoa 2013an bideratu zuten Bizkaiko 39 udalerrik eta 2 mankomunitatek. Kanpainaren euskarri nagusietako bat www.emangiltza.com webgunea da eta abian jarri zenetik hainbat gurasok erabili dute euren zalantzak edota kezkak argitzeko. Webgunean, beste atal batzuen artean, gurasoen iritzia jasotzeko atala dago; eta iritzia emateko inkesta bete duten gurasoen artean lau sari zozketatu dira:

- 1. saria: EAEko Nekazalturismo edo landa-etxeren baten 4 lagunentzako egonaldia. Bilboko guraso bati egokitu zaio.

- 2. sariak: Euskarazko jolasen 3 sorta (sorta bakoitzak 100 euroko balioa du). Balmaseda, Bilbo eta Sestaoko hiru gurasok sorta bana jaso dute.

Bestetik, D bitamina, Aberastu bere heziketa! egitasmoaren helburua da umeak eskolan lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoei D ereduari buruzko informazioa ematea eta eredu hori aukeratzeko arrazoiak azpimarratzea. Informazio horrekin batera, gurasoek inkesta bat jaso dute kanpainari buruz duten iritzia eta gaiaren inguruan dituzten kezkak eta zalantzak jaso ahal izateko. Inkesta bete duten guztien artean 100 euroko balioa duen euskarazko produktuen sorta zozketatu da eta Bilboko familia bateri egokitu zaio.

Sari horiek banatzeko ekitaldiak egin dira Bilbon, Balmasedan eta Sestaon. Ekitaldi horietan irabazlearekin batera, arduradun politikoa eta euskara teknikaria egon dira saria emateko.

Argazkiak ikusi

Eman giltza_sariak.JPG

Komunikazio estrategia zelan garatu ikastaroa

Alkarbidek, Azkue Fundazioarekin elkarlanean, Komunikazio estrategia zelan garatu ikastaroa antolatu du. Lau orduko ikastaroa Alkarbiden parte hartzen duten euskara teknikariei zuzenduta dago eta ekainaren 17an eta 18an emango da Euskararen Etxean.

Saio bateko ikastaro honetan komunikazio estrategia eraginkorraren pausuak zeintzuk diren ezagutu, Briefing-a zer den eta zertarako erabiltzen den aztertu, zein nolako mezuak erabili behar diren landu, nola neurtu kanpainak ikasi eta internetek horretarako eskaintzen duena ezagutuko dute parte hartzaileek. Era berean, edukiak praktikan jartzeko aukera ere izango dute.

Ikastaroan izena emateko azken eguna ekainaren 6a izango da.

Euskara Plan berria Galdakaon

Galdakaoko Udalak martxoan Euskararen Sustapenerako Ekintza Plana (ESEP) onartu zuen eta hirugarren plan estrategiko hau 2014-2017 urteetan burutuko da. Plana herriko eragile desberdinen artean sortutako Euskararen Aholku Batzordeak, udaleko politikoek eta udal teknikariek garatu dute. 2011ko datu soziolinguistikoen arabera, Galdakaoko euskararen ezagutza % 65ekoa da eta erabilera % 13koa.

Planaren helburu nagusia euskararen erabilera indartzea izango da familian, administrazioan, aisian eta kirolean. Hala ere, hizkuntzaren ezagutzan ere oraindik hainbat bide jorratu behar diren arren, hizkuntzaren erabilera sendotu eta zabaltzea gizarte elebidun batentzat ezinbesteko urratsa dela uste dute.

Zuztarluze txapelketa
+

Galdakaoko Udaleko euskara zerbitzuak, Zuztarretatik Ahora proiektuan oinarrituta, Zuztarluze txapelketa bigarren urtez antolatu du Galdakaoko ikastetxeekin elkarlanean. Lehiaketak Galdakaoko ondare etnolinguistikoa bultzatu nahi du eta LH5, LH6 eta DBHko ikasleei zuzenduta badago ere edonork parte hartu ahal du. Sorreran materiala, proben edukiak, moldaketak eta abar ikastetxeekin batera landu eta adostu ziren eta Zuztarretatik Ahora proiektu barruan batu den ahozko ondarearen edukiak (kantuak, errefrauak, hiztegia, toponimia …) modu atsegin eta dibertigarrian lantzeko sortu zen.

Telebistako programan oinarrituta dago eta partehartzaileak bikoteak dira. Bikote bakoitza beste bikoteekin lehiatuko da eta fase ezberdinetan, probaz proba, irabazle bakarra geratu arte garatzen doa jolasa. Irabazleak ekainaren 12an eta 13an Torrezabal Kultur Etxean izango diren 2 final ekitalditan ezagutuko dira.

Aurten berrikuntzekin dator lehiaketa. Alde batetik, ikasturte honetan egitasmoa beste herri batzuetara ere zabaldu da: Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri eta Orozko. Bestetik, Eskola 2.0 ordenadorean edo arbel digitalean bistaratu daiteke jolasa. Amaitzeko, www.zuztarluze.com webgunea sortu da eta egitasmoaren nondik norakoak, azalpenak, aurreko ikasturteko bideoa, edukiak, oharrak, foroak eta antzeko edukiak aurkitu daitezke.

Argazkiak ikusi

zuztarluze_logoa.jpg

Bermeon Futbola oinarritik euskaraz
+

Bermeoko Udalak eta Bermeoko Futbol Elkarteak, Itzarri enpresaren bitartez, ikasturte hasieran ‘Bermeon futbola oinarritik euskaraz’ egitasmoa martxan jarri zuten. Egitasmoaren helburu nagusia da Bermeoko futboleko oinarrizko taldeetan euskararen erabilera areagotzea. Bigarren mailako helburuak dira, besteak beste, Bermeoko futbol elkarteko talderik gazteenen entrenatzaileak euskaraz entrenatzeko gaitasuna jasotzea, saio teoriko eta praktiko guztiak euskaraz ematea, material guztiak euskaraz argitaraturik izatea, euskarari prestigioa ematea eta euskara gozamenarekin elkartzea.

Metodologiari dagokionez, Itzarri enpresak Udal eta Futbol elkartearekin batera aldez aurreko lana egin zuen, entrenatzaileei proiektua aurkeztu, lan saioen prestaketarako kudeaketa… eta, ondoren, formakuntza teoriko-praktikoarekin hasi ziren, kalitatezko formazioa euskaraz eskainiz. Saio horien jarraipena eta kontrolak ere egin dituzte eta emaitzak “oso onak” izan direla nabarmendu dute parte-hartzaileek.

Ondorioz, Bermeoko Futbol elkarteko oinarrizko taldeetan euskararen erabilera areagotu egin da proiektuari esker eta helburuak bete dira egin diren jarraipen eta kontrolen arabera.

Argazkiak ikusi

Bermeon futbola euskaraz.JPG

Udalerrietako ekintzak

Atxondo

Maiatzaren 13an Atxondoko ikastetxean No sabemos euskera…¿Cómo podemos ayudar a nuestras hijas e hijos? hitzaldia egin zen. Hitzaldia guraso ez euskaldunentzat zuzenduta egon zen eta hizlariak, Iñaki Eizmendik, guraso horiek beraien seme-alaben euskararen ikaste prozesuan laguntzeko zer egin behar duten eta hizkuntzekin duten harremanari buruz hitz egin zuen.

Portugalete

Euskararen erabilera sustatzeko eta hizkuntza ikasten ari direnen artean jarrera aktiboa bultzatu asmoz, Portugaleteko Udalak, herriko euskaltegiekin elkarlanean, Mintzodromoa antolatu zuen maiatzaren 27an. San Roke plazan goizeko eta arratsaldeko saioetan hainbat jende bildu zen euskaraz mintzatzeko eta elkar ezagutzeko.

Bilbo

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak maiatzaren 28an Rafael Mikoleta ipin lehiaketaren XXVI. edizioko sariak banatu zituen. Helburua gaztetxoak euskal literatura jorratzera bultzatzea da. Bilboko ikastetxeetako lehen eta bigarren hezkuntzako eskola-umeek idatzitako euskarazko ipuinak saritu dira. Guztira 1.263 ipuin aurkeztu dira, iaz baino 337 gehiago. Gainera, nagusien kategorian parte hartu dutenen kopurua bikoiztu egin da iazko kopuruarekin alderatuz. Guztira, 23 umek, 20 irakaslek eta 14 ikastetxek jaso zituzten sariak.

Sopela

Sopelako Udalak, euskara zerbitzuaren bitartez, Surf udalekuak antolatu ditu uztailean. Parte hartzaileak Sopelako 12 eta 17 urte bitarteko gazteak izango dira eta surfari buruzko teknikak eta praktikak euskaraz egiteko aukera izango dute.

ArgIHIzkiak testu laburren lehiaketa
+

ArgIHIzkiak argazkietan oinarritutako III. testu laburren lehiaketa martxan dago jada. Egizuk eta UK aldizkariak antolatu dute lehiaketa eta, besteak beste, Getxoko Udala, Erandioko Udala, Leioako Udala eta Uribe Kostako Mankomunitatea dira laguntzaile eta babesle. Literatur-ekimen honen helburuak dira jendea euskaraz idaztera eta irakurtzera animatzea eta Uribe Kostako argazkilarien lana ezagutzera ematea. Horretarako aukeran ematen diren hamabi argazkitatik parte hartzaileek bat aukeratu eta irudi horretan oinarritutako testuak idatzi beharko dituzte.

Lehiaketa bi kategoriatan banatuta dago: labur-laburra, gehienez 160 karaktereko testua, eta laburra, gehienez 100 hitzeko testua. Lanak bidaltzeko epea ekainaren 5ean amaituko da eta epaimahaiak kategoria bakoitzeko 200 euroko sari orokorra nortzuei dagokien hausnartu beharko du. Argazkiak helbide honetan daude ikusgai: http://www.egizu.org/literatura/argi-hizkiak/2013/

Argazkiak ikusi

Argihizkiak.JPG

Euskararen transmisioaren bide berriak Donostiako udako ikastaroetan
+

Soziolinguistikako Klusterrak EHUaren Udako Ikastaroen baitan, ekainaren 19 eta 20an Euskararen transmisioaren bide berriak izeneko ikastaroa antolatu du. Bi eguneko ikastaro honen helburuak dira egungo euskararen transmisio modu berriak ulertzeko tresna teorikoak, metodologikoak eta praktikoak lantzea eta eskaintzea; ikuspegi soziologiko-kuantitatibotik abiatuta, ikuspegi antropologikoaren eta etnografikoaren ekarpena aztertzea; belaunaldi berriak nola ari diren euskaldun hazten ulertzeko bide berriak erakustea; eta guraso gazteen artean euskararen transmisioa sendotzeko abian dauden ekimenak ezagutzea eta berriak sortzeko moduak aztertzea.

Horien guztien berri emateko, adituak diren lau hizlari sei ponentziatan arituko dira lehen, gaurko eta geroko transmisioaren gaineko esperientzien gainean hitz egiten: Jone Miren Hernandez, Paula Kasares, Pello Jauregi eta Iñaki Eizmendi. Ikastaroari amaiera emateko Zein bide guraso gazteen euskararen transmisioa sendotzeko? izeneko mahai ingurua egingo da.

Argazkiak ikusi

Euskararen transmisioaren bide berriak.JPG

Teknikari eta Trebatzaileen Prestakuntzarako ikastaroa

Labayru ikastegiak antolatu duen Euskara teknikari eta trebatzaileen prestakuntzarako ikastaroan izena emateko epea zabalik egongo da ekainaren 2tik uztailaren 27ra bitartean. Ikastaroa euskara teknikari lanetan dabiltzanei edo euskara teknikari edota trebatzaile beharretan ibili nahi dutenei zuzenduta dago. Ikastaroak atal bi izango ditu: Administrazioa eta euskara eta Hizkuntzaren normalizazioa. Ikastaro bukaerarako, talde txikitan, lan praktiko bat egin behar dute ikasleek ikastaroa gainditzeko ezinbestean gainditu beharrekoa. Ikastaroa irailaren 15ean hasi eta 27an amaituko da eta izena emateko Labayrura (944 437 684) deitu behar da edota posta elektroniko bat idatzi (eskola@labayru.org).

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea