Bilboko Alondegian Badu, Bada. Euskara mundu eleanitzean erakusketa Otsailaren 24an martxan jarri zenetik hainbat bisita jaso ditu jada euskara eta hizkuntza gutxituei buruzko erakusketa honek. Erakusketa 10 gunetan banatuta dago eta bertaratzen diren guztiek beraien iritzi, kritika nahiz hausnarketak egin ahal izango dituzte horretarako prestatuta dagoen txokoan.
Teknikarientzat interesgarria izango delakoan, bisita gidatu bi antolatu dira: martxoaren 27an eta apirilaren 2an. Bertaratutako teknikariek erakusketari buruzko iradokizun edo bestelakoak egiteko aukera izango dute.
Barakaldoko Udalak Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) diseinatu eta garatzeko parte-hartze prozesua jarri du martxan. Planaren helburu nagusia da euskararen ezagutza eta erabilera bermatzea hizkuntza ofiziala den heinean. Beste helburu batzuen artean herritarrei euskara erabiltzeko aukera gehiago ematea aipatzen da, batez ere, bost arlo hauetan: haurrak, gazteak, guraso gazteak, euskara ikasleak eta euskal biztanleria.
Plana prestatzen hasteko, udala herriko elkarte eta eragileekin jarriko da harremanetan planaren diseinuan eta garapenean parte hartzen animatu asmoz, besteak beste, guraso elkarteak, hezkuntza erakundeak, euskalduntzea sustatzen duten elkarteak, aisialdiko elkarteak, kirol elkarteak, kultur elkarteak eta, amaitzeko, ostalari eta merkatariak.
Herrian gero eta biztanle gehiagok daki euskaraz baina erabilera ez da ezagutzaren parekoa. Ezagutza hori ez galtzeko, ikastetxeetan edota euskaltegietan ikasten ari diren guztiei eta euskaldunei zuzendu nahi zaie orokorrean plana eta bertan ezarriko diren helburuak.
Leioa
Leioako Berbalagunak martxoaren 19an lehenengo Mintzodromoa antolatu zuen Sakoneta kiroldegian. Berbalagun egitasmoa bezala, Mintzodromoa Leioako Udalak, AEK-ko Lamia euskaltegiak eta Mastitxu udal-euskaltegiak elkarlanean antolatu dute. Berbalagun egitasmoa sortu zenetik, hainbat ekintza egin dira herrian euskararen erabilera sustatzeko eta, bide berean, Mintzodromoaren helburuak dira euskaraz ikasten edo euskalduntze prozesuan ari direnak euskaraz hitz egitera animatzea eta euskararen erabilera bultzatzea. Bertaratutakoak, seinaka ezarri ziren mahaietan, 15 minutuko hiru mintzagai izan zituzten eta mintzagai bakoitzean mahaiaz aldatzen ziren. Lehenengo edizio honetan 140 pertsona inguruk parte hartu zuen, antolakuntzak espero zuen baino lagun gehiago hurbildu ziren Sakonetara euskaraz berba egitera.
Lemoa
Lemoako Udalak herritarrak euskararen aldeko lanean parte-hartzaile bihurtzeko, beraiekin batera euskararen aldeko irudia/logoa, leloa, abestia eta bideoklipa sortu ditu. Lehiaketa batzuen bitartez eta Harro bizi euskaraz Lemoan leloa oinarri hartuta, herriko musika talde batek doinua eta kanta osatu dute euskaraz mintzatzearen eta bizitzearen nahia transmititzeko asmoarekin. Azken ekintza abestiaren bideoklipa egitea izan da eta horretarako Lemoako 30 elkarte, eragile eta lagun-taldek hartu dute parte grabazioan. Emaitza interneten dago ikusgai: http://vimeo.com/88144343
Ermua
Ermuko Euskara Sailak herrian euskaraz egingo diren ekintzetako urteko agenda argitaratu du eta bertan urte amaiera arte zehaztuta dauden ekintzen berri ematen da, besteak beste, Berbalaguneko ekintza guztiak, liburu eta disko azoka, Euskal Jaia… Poltsikoan sartzeko moduko agenda honen bitartez ekintzetako datak kontuan hartu eta haietan parte hartzera animatu nahi da udaletik.
Getxo
Aurten ere Getxoko euskara zerbitzuak GetxOnegin pintxo lehiaketa antolatu du eta egitasmoa berrikuntzaz beterik dator. Besteak beste, Getxolanek ere parte hartu du antolakuntzan eta egitasmoa udaberrira aldatu da eta bi asteburutan burutuko da: martxoaren 29 eta 30ean eta apirilaren 5 eta 6an. Bosgarren edizio honetan Getxoko 49 taberna eta jatetxek parte hartuko dute eta bezeroek dastatzen dituzten pintxoak puntuatzeaz gain, haiei euskaraz piropoak idatzi ahal izango dizkiete eta piropo onenen artean sariak zozketatuko dira. Lau egunetan zehar jai-giroa ere ez da faltako trikitilari, panderojole eta hainbat elkarteren laguntzarekin. Epaimahaikideek pintxoak, barrak eta euskararen erabilera baloratuko dituzte.
Durango
Bizi euskaraz ekimenaren barruan, bideo lehiaketa bat antolatu dute Durangon. Helburu nagusia da Durangon erosketak egitera animatzen duen bideo laburra sortzea. Bideoak maiatzaren hasieran aurkeztu behar dira eta irabazleen artean sariak banatuko dira. Bizi euskaraz kanpainaren ardatz nagusia Durangoko herritarren eguneroko erosketetan euskararen erabilera bultzatzea da.
Bermeo
Bermeotarrek aukera paregabea izango dute berriro ere izena eta/edo abizenak euskarazko grafiara aldatzeko. Izan ere, Bermeoko Udaleko euskara zerbitzuak Guk abizenak, zuk? sensibilizazio kanpainaren edizio berria martxan jarri du. Kanpaina horren helburua da euskarazko izenak euskal grafiarekin idaztea sustatzea eta epaitegietan egiten diren inskripzioak (jaiotzak, ezkontzak eta heriotzak) euskaraz egitea. Kanpainaren bidez, euskal abizena modu ofizialean eta leku guztietan euskaraz idatzita izateko eman beharreko hiru pausoak jasotzen dituen esku-orria banatu da herriko hainbat lekutan. Aurreko bi edizioetan arrakasta handia izan zuen.
Bestetik, Bermeoko webgunean euskara zenbat maite duzun ezagutzeko testa jarri dute. Benetan maite nauzu? izeneko kanpainaren helburua norberak egoera jakinen aurrean duen hizkuntza-jokabidearen inguruan hausnarketa egitea da, baita egoera horietan umorez jokatzen ikastea ere. Euskaldunok euskara erabiltzeko topatzen ditugun traba eta zailtasunei aurre egiteko argudio-sorta landu zuten Bermeoko guraso-elkarteetako kideek urte hasieran eta horren ondorioa Benetan maite nauzu? testa da.
Uribe Kosta
Uribe Kostako euskara zerbitzuak Uribe Kostako bertsolaritzari buruzko hitzaldiak antolatu ditu eta Fredi Paia arituko da hizlari. Hitzaldiak apirila eta maiatza bitartean emango dira Gorlizen, Urdulizen eta Sopelan.
Bestetik, Gorlizen bertoko euskera, ahozko ondarea eta toponimia ezagutzeko ikastaroa antolatu du euskara zerbitzuak. Ikastaroaren helburua da, herriko ahozko ondarea eta leku izenak ezagutzera ematea. Horretarako interesa duen 16 urtetik gorako edozein herritarrek Gorlizko euskaldun-zaharren euskara eta herriko lekuen izenak ezagutu ahal izango ditu. Ikastaroa maiatzeko lau asteazkenetan arratsaldez emango da Sertutxenan. Era berean, bi txango egingo dira Gorlizko mendi eta itsasbazterretara.
Amaitzeko, euskara zerbitzuak antolatutako Mihiluze Uribe Kosta lehiaketa apirilaren 5ean Sopelako Kurtzio kultur etxean izango da. Lehiaketaren prestakuntza urrian hasi zen eta orain lehiaketa egiteko momentua heldu da. Helburu nagusiak euskararen erabilera sustatzea eta eskualdeko ondare linguistikoa berreskuratzea dira eta horretarako hileotan ‘Zer Ikusi Ha Ikasi’ gida didaktikoaren edukia mankomunitateko herritarren artean ezagutzera eman da. Lehiaketan parte hartzeko dokumentazioa eta informazioa www.mihiluzeuribekosta.com web gunean dago eskura.
Iurreta
Iurretako Udalak herriko ostalaritzan eta merkataritzan euskararen presentzia neurtzeko azterketa egiten hasi da. Martxoa eta apirila bitartean establezimenduen hizkuntza-paisaia, idatzietan erabilitako hizkuntza eta hizkuntzen ahozko erabilera aztertuko du egoeraren diagnostikoa egin asmoz. Ondorioz, euskararen presentzia handitzeko neurriak proposatuko dira eta merkatariei euskararen aldeko konpromisoak hartzera animatuko zaie.
Udaltop eta Soziolinguistika Jardunaldiak
Aurten Udaltop eta Soziolinguistika Jardunaldiak batera antolatuko dira. Herri administrazioetako euskara teknikarien mundua eta soziolinguistikaren mundua batu egin dira gai beraren gainean hausnarketa egiteko: Administrazioko erabilera planak: elkarrekin berritzen. Bi arloetako esperientziak oinarri hartuta, jardunaldian herri administrazioetan euskararen erabilerak aurrera egiteko oinarriez eta ibilbideaz arituko dira bertaratuko direnak.
Udaltop Soziolinguistika Jardunaldia 2014 maiatzaren 15ean eta 16an izango da Lasarte-Oriako kultur etxean.
Euskararen transmisioari buruzko IV. mintegia
Maiatzaren 6rako Eibarko …eta kitto! Euskara Elkarteak euskararen transmisioari buruzko IV. mintegia antolatu du Eibarko Portalea Kultur Etxean. Gaiari sendotasunez heldu eta mintegiaren bitartez gaiaren inguruan dauden esperientzia eta praktika onak elkarbanatu eta ezagutarazteaz gain, transmisioari buruz eztabaida eta lan ildoak definitu nahi ditu elkarteak. Egun osoko saioa izango da eta bertan bederatzi hizlari arituko dira transmisioaren gaineko esperientziak azaltzen. Izena emateko epea martxoaren 31n hasi da.
Bizkaiko Saskibaloi Federazioak, Leioa SBT eta Leioako Udalarekin batera, II. Saskibaloi Heziketa Jardunaldiak antolatuko ditu apirilaren 14an eta 15ean Leioako Kandelazubieta kiroldegian. Jardunaldiok entrenatzaile euskaldun guztientzat zuzenduta daude, batez ere, hasi berriak diren entrenatzaile gazteentzat. Helburu nagusia da etorkizuneko entrenatzaile euskaldunak euskaraz heztea eta, era berean, saskibaloiaren hastapenetan orientabideak ematea. Hainbat saskibaloi entrenatzaile kirolari lotutako gai ezberdinez arituko dira eta hitzaldien artean euskaraz entrenatzeko motibazio estrategien ingurukoa ere izango da.
Heziketa jardunaldiak goizez eta bi egunetan emango dira 11 ordutan eta Grado1 Entrenatzaile Ikastaroetako praktiketarako balio dute. Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko helbide elektroniko honetara idatzi ahal duzue: prensa3@bizkaiabasket.com Iaz Begoñazpi Ikastolan egindako jardunaldien gaineko informazioa lotura honetan duzue: http://www.bizkaiabasket.biz/bisaski/entrenatzaile-euskaldunak-hezten/
Azkue Fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak Irudimena sormen lehiaketaren laugarren edizioa antolatu dute. Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 16a izango da eta lehiaketaren helburua 14 urtetik gorako gazteen artean euskal kulturaren inguruko sormen literarioa, musikala eta grafikoa bultzatzea da. Bederatzi soinu oinarri hartuta, beste soinu, irudi edo testu bat sortu beharko dute edozein estiloko teknika edo generoa erabiliz, eta euren sormena azaltzeko aukera izango dute. Guztira 6 erosketa bono banatuko dira parte hartzaile guztien artean, kategoria bakoitzeko bi sari.


