Aurten ere abian da Nahi dudalako! egitasmoa. Bertan Bizkaiko 34 udalerritako 6.000 gaztek euskaraz ikasten jarraitzeko aukerari buruzko informazioa jasoko dute. Ekimen honen hartzaileak DBHko (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako) 3. eta 4. mailan euskarazko ereduetan ikasten ari diren gazteak dira. Gazte horiei ondorengo urteetan ere ikasketak, Batxilergokoak zein Lanbide Heziketakoak, euskaraz egiten jarraitzeko informazioa ematen zaie.
Informazio hori guztia www.nahidudalako.com webgunean aurkitu ahal izango dute gazteek. Ikasketa eta ikastetxeen gaineko informazioarekin batera, DBH amaitu eta euskara ikasten jarraitu duten hainbat gazteren testigantzak ere jaso dira webgunean. Gainera, unibertsitateko eskaintza zein den ikusteko aukera ere badute gazteek. Era berean, webgunean sartu eta inkesta egiteagatik sariak eskuratu ahal izango dituzte. Horretarako, parte hartzaileek kanpainan parte hartu duten udalerrietan erroldatuta egon behar dute.
Webgunearekin batera kanpainaren berri emateko diptikoa banatuko zaie kanpaina bultzatu duten udalerrietako gazteei eta euren gurasoek kanpainaren nondik norakoak azaltzen dituen gutuna jasoko dute etxean.
Kanpainari lotuta eta euskaraz ikastearen garrantzia nabarmentzeko, aurten ere gazte eta gurasoentzako hitzaldiak antolatu dira: DBH3ko ikasleentzako hizlaria Jon Gómez abeslaria eta aurkezlea; DBH4ko ikasleentzako, berriz, Aitor Murgia ekonomialaria; eta gurasoei zuzendutako hitzaldia Marian Serrano irakasle eta orientatzaileak emango ditu.
Bizkaiko hainbat udalerrik Kontuleku egitasmoa jarri dute martxan. Ekintza honen helburu nagusia liburuen bidez gurasoek umeekin euskaraz gozatzea da. Literaturarekiko zaletasuna pizten eta sustatzen saiatzen den ekimen honen hartzaileak 3 eta 6 urte bitarteko haurrak eta euren gurasoak dira. Saioetan umeen eta gurasoen arteko harremanak sendotuko dira eta euskaldunak ez diren gurasoei eta euren seme-alabei elkarrekin euskaraz gozatzeko txokoa eskainiko zaie.
Ekimena guraso euskaldunei eta ez euskaldunei zuzenduta dago. Euskaldunekin saio osoa euskaraz egingo da, eta ez euskaldunekin, berriz, tartekatu egingo dira hizkuntzak, gurasoek euskararik jakin ez arren, euskarazko jarduera horretan haurrek ikus dezaten biak batera gustura ari direla. Saio kopurua izena ematen duen ume kopuruaren arabera antolatuko da.
Otsailaren 24tik maiatzaren 4a bitartean Bilboko Alondegian Badu, Bada. Euskara mundu eleanitzean erakusketa egongo da. Erakusketaren ardatz nagusia Koldo Mitxelenak esandako esaldi batean oinarrituta dago: “Euskararen egiazko misterioa iraupena da, ez jatorria” Hizkuntza bizirik irauten du hiztunak izan dituelako, ikasi egin delako, irakatsia izan delako… Baina mundu eleanitzean etorkizunean izango duen lekua zein izango den hausnartu egin beharko litzateke. Hori guztia Badu, bada erakusketan erakutsi nahi da.
Erakusketa 10 gunetan banatuta dago: (A)hotsak; Kodeak; Hizkuntza bizia; Euskara mundu eleanitzean; Euskararen iraupena; Euskararen herria; Erabili, maitatu, ikasi, irakatsi; Gozatu, jolastu; Hizkuntzen elkarbizitza, eta Agurra(k). Bilboko erakusketan ez eze, bere webgunea ere bisitatu egin ahal da, bertan baitago jasoa erakusketaren muina eta edukia. Bestetik, erakusketa espazio iradokitzailea eta parte-hartzailea da bertan bisitarien iritzi, kritika nahiz hausnarketak jasotzeko txokoa baitago.
Badu, Bada erakusketa Donostiako San Telmo museoan inauguratu zen 2012ko azaroan museoaren eta Etxepare Institutuaren elkarlanaren ondorioz. Erakusketa ibiltari hau Baionan eta Gasteizen egon da Bilbora etorri aurretik eta beste leku askotara heldu nahi du.
Sestao
Sestaoko Udalak 2013-2017 Euskararen Erabilera Plana urte hasieran onetsi du. Euskara Plan honen helburu nagusia da Sestaoko Udalean euskararen erabilera bultzatzea eta biziagotzea, bai zerbitzu eta lan-hizkuntza moduan, bai gainerako herri-administrazioekiko harremanetan. Planak 79 langileengan eragina izango du.
Era horretan, euskararen erabilera bermatzearekin batera, herritarrek euren hizkuntza eskubideak bermatuta izango dituzte. Planak eremu ugaritan eragina izango du, besteak beste, udal langileen hizkuntza prestakuntzan eta trebakuntzan, ahozko eta idatzizko kanpo- eta barne-harremanetan, hizkuntza paisaian, ekitaldi publikoetan, baliabide informatiko eta teknologia berrietan…
Bermeo
Bermeoko Udalak Euskararen Erabilera Plana onartu du eta plan berri honek udalaren plan estrategikoekin bat datorren planteamendu berritzailea du. Planaren helburu nagusia euskararen erabilera indartzea eta areagotzea da, zerbitzu eta lan hizkuntza modura, euskararen erabilera bermatu eta herritarren hizkuntza eskubideei erantzun ahal izateko. Euskara beste erakundeekiko harremanetarako hizkuntza izatea eta administrazio barneko lan hizkuntza izatea bermatu nahi da.
Udal osoan eta bere eragin esparruan eragiten duten helburu orokorrak ezarri eta hizkuntza irizpideen oinarrizko proposamena egin da eta proposamen hori udaleko arlo guztietara zabalduko da. Sail bakoitzak bere plana izango du, eta sail bakoitzaren egoera aintzat hartuz finkatuko dira helburuak, arloekin eurekin adostuta eta elkarlanean. Kudeaketa planen helburua euskararen erabilera indartu eta aurrerapausoak ematen joatea izango da.
Bermeo
Bermeoko Udalak Ipuin lapikoa 2014 - Dakizuna esan, daukazuna emon ekimenaren hirugarren ikasturtea martxan jarri du. Helburu nagusia ahozkotasunaren transmisioaren bidez gizartearen identitatea berreskuratzea da. Azken urteetan ahozkotasunaren transmisioa asko gutxitu da, hau da, modu natural eta zuzenean egin izan den transmisioa. Egitasmo honen bidez orain, taldekideen bizipenetatik ipuinak, kontakizunak osatzera pasako dira, eta gurasoek ahozkotasunaren transmisioa berreskuratzen hasiko dira.
Bestetik, Bermeoko Udaleko Euskara Sailak ere 11 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako X. Bertso paper lehiaketa antolatu du gaztetxoen artean bertsozaletasuna eta sormen lana sustatzeko. Lehiaketan bi maila bereizten dira eta mailetako irabazleek Nestor Basterretxea aretoan antolatuko den saioan euren bertsoak kantatzeko aukera izango dute.
Bilbo
Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak, BIGEk (Bizkaiko Gurasoen Elkartea) eta Itzarri Consulting enpresak, iaz hasitako bideari jarraituz, euskararen normalizazioaren bidean eta kirolaren eremua oinarritzat hartuta Kirolaren baloreak izeneko hitzaldia antolatu dute. Aitziber Juaristi eta Ibai Gomez aritu dira hizlari eta hitzaldia euskaraz eta gaztelaniaz eskaini da.
Durango
Durangoko Udaleko Euskara eta Inmigrazio sailek AISA programaren hamargarren edizioa jarriko dute martxan. Helburua etorkinentzako euskara ikastaroak eskaintzea da eta horretarako atzerritik etorritako 16 urtetik gorako edozein pertsonak izena eman ahal izango du. Ikastaro hauetan agurrak, zenbakiak, familia, eskola, ibilgailuak, osasuna, kirola eta merkatuari buruzko hiztegia lantzen da hizkuntzaren oinarrizko ulermenarekin batera (errotuluak, kartelak, ordutegiak).
Ermua
Ermuko Udaleko Euskara Sailak Piropo Lehiaketaren zazpigarren edizioa antolatu du. Helburu nagusia da herritar guztien artean euskararen erabilera modu sortzaile, adierazkor, ez-sexista eta ludikoan erabilera sustatzea. Parte hartzaileek piropoa euskaraz paperean idatzi eta liburutegiko kutxa batean sartu beharko dute edota euskara sailera posta elektronikoz bidali. Sariak bi kategorien arabera banatuko dira, 18 urtetik beherakoentzat eta 18 urtetik gorakoentzat. Epaimahaiak piropoen originaltasuna, sormena, luzera, itzulpena edo moldaketa ez izatea eta iraingarria edo sexista ez izatea hartuko du kontuan irabazleak izendatzerakoan.
Leioa
Leioako Udaleko Euskara Zerbitzuak beste urte batez Barikuetan jai egitasmoari eman dio hasiera. Asmoa da umeek eta familiek euskara erabiltzea herriko plazetan eta kaleetan eta horretarako hilean bitan jarduera bereziak egiten dira herriko edozein txokotan euskarazko harreman sareak zabaltzeko eta euskara erabiltzeko guneak eta aukerak sortzeko. Horrez gain txangoak ere antolatu dira.
Amorebieta-Etxano
Amorebieta-Etxanoko liburutegiak Pasioaren ertzak egitasmoa antolatu du. Egitasmoa pasioa kontzeptuari lotuta dago eta hiru zati izango ditu: Argiaz idatzi argazkilaritza ikastaroa, literatura-lehiaketa eta erakusketa. Argazkilaritza ikastaroaren helburua irudien bitartez istorioak kontatzen eta sentimenduak adierazten ikastea da. Literatura-lehiaketan, berriz, pasioa gaia izanik 150 karaktereko testu laburru sortu beharko dute parte hartzaileek. Amaitzeko hitzak eta iruduak uztartuz, ikastaroko lanak eta literatura-lehiaketako lanik onenak erakusketa batean ikusgai jarriko dira.


