saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Agerkaria

Informazioa

Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
86. alea
2014ko urtarrila

 
D bitamina. Aberastu bere heziketa!
+

Azken urteetan egindako lanarekin jarraituz, aurten ere abian jarri da hainbat udalerritan D bitamina. Aberastu bere heziketa! kanpaina. Egitasmo honen bidez 2-3 urteko umeen eskolatze-aldia baino zertxobait lehenago, gurasoei hezkuntza sistemari buruzko informazioa bidaltzen zaie horren gainean hausnarketa egin dezaten. ALKARBIDE bilguneak koordinatu du ekimena eta guztira 7.000 liburuxka inguru banatu dira.

Helburua umeak eskolan lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoei D ereduari buruzko informazioa ematea eta eredu hori aukeratzeko arrazoiak azpimarratzea da. Guztira 33 udalerrik hartu dute parte: 18 udal eta 2 mankomunitate.

Urtero bezala, aurten ere, kanpainaren euskarri nagusiak banatuko dira eta iaz egin zen bezala, kanpainaren eragina neurtu eta aurrera begirako kanpainak hobetu asmoz, gurasoek betetzeko inkesta ere banatu da. Inkesta www.emangiltza.com web gunean bete daiteke edota gurasoek paperean bete eta euskara zerbitzura eraman dezakete. Inkesta osatzen duten gurasoen artean sariak zozketatuko dira.

Aurrematrikulazio epea otsailaren 3an hasi eta otsailaren 14an amaituko da.

Argazkiak ikusi

Complet 1.jpg

Bilboko ekintzak
+

Ikusi eta ikasi

Aurten Bilboko Udalak antolatzen duen Ikusi eta Ikasi haur kultur zirkuituak hamar urte beteko ditu. Antolatuko diren ekintzen bitartez, Bilboko haurrek euren aisialdia euskaraz gozatu ahal izango dute euskarazko hainbat ikuskizunen bitartez.

Eskaintza gustagarria izan dadin, zirkuituaren barruan era askotako kultur adierazpideak uztartu dira: pailazoak, antzerkia, magia, musika, ipuin kontalariak, familia osoarentzako tailerrak eta bestelako proposamen eszeniko bitxiak. Egitasmo honen hartzaileak bi eta zortzi urte bitarteko haurrak dira; urtarrilaren 14an hasi eta apirilaren 2 arte luzatuko da eta 40 ekitaldik baino gehiagok osatuko dute.

Programaren helburu nagusietako bat gurasoen partehartzea sustatzea da eta horretarako iaz http://ikusietaikasi.net web gunea sarean martxan jarri zen familiako kide guztientzat, baina bereziki gurasoentzat baliagarriak diren era guztietako tresnak bilduz eta kezkak, aholkuak, estekak eta proposamenak partekatzeko aukera erraztuz.

Harrapazank

Bestetik, urtero bezala, Harrapazank egitasmoa dagoeneko martxan jarri da Harrapazank Eszenan eta Sortuzank Tailerren bitartez. Lehenengoan 9-13 urte bitartekoek junior eta 14-18 urte bitartekoek senior kategorietan parte hartu ahal izango dute eta kastin irekietan beraiek egiten dakitena erakutsiz gero, gazteek mila euroko bonoak irabazi ahal izango dituzte. Tailerretan, berriz, aurten eskaintza berria eta zabalagoa dago: argazkilartza, txalaparta, DJ, grafitti, cupckake eta bitxiak egiteko ikastaroak. Parte hartzen duten gazteen artean ikastaro bakoitzeko 250 euroko bonoak zozketatuko dira.

Argazkiak ikusi

Ikusi eta ikasi - Harrapazank.JPG

Erakunde publikoetako euskara planak

Abanto Zierbena

Abanto Zierbenan udaleko bigarren Erabilera Plana onetsi egin zuten pasaden urteko abenduan. Bost urteko plan honek udaletxeko 26 langileri eragingo dio. Helburu nagusia da euskara zerbitzu-hizkuntza den bezala laneko hizkuntza ere izatea. Horietako langile askok badute bere lanpostuko euskara eskakizuna ziurtatuta; beraz, euren lana euskaraz egiteko ahalmena dute. 2017 urte arte indarrean egongo den plan honetan euskararen erabilera bermatzeko neurriak zehaztu dira, besteak beste, hizkuntza irizpideak eta euskara ikasteko baimenak.

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoa

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak 2013-2017 urteetarako erabilera plana onartu du. Mankomunitatea hainbat egoitzatan sakabanatuta dagoenez, mikroplanak egin dira kasuan kasuko beharrizanei erantzuna emateko. Herritarren hizkuntza eskabideak bermatzearekin batera, planaren helburu nagusia da mankomunitateko langileen artean euskararen erabilera handitzea. Horretarako “Eidazu euskaraz” kanpaina abian jarri dute.

Ondarroa

Ondarroako Udalak onartu berri du V. Plangintzaldiko Euskara plana. Gaur eguneko egoeratik abiatuta finkatu du ondorengo urteetarako (2013-2017) eginkizuna. Gaur egun, euskaraz egiten dira udalaren ohiko jardunak, hau da, nagusiki euskaraz funtzionatzen da. Eta nola bide horretan ari den, planaren helburu nagusia da Udalean euskararen erabilera indartzea eta areagotzea, bai zerbitzu hizkuntza bai lan hizkuntza modura.

Hortaz, euskararen erabilera bermatu eta herritarren hizkuntza eskubideei erantzun ahal izateko Udalak finkatu ditu landu beharreko ildo nagusiak, euskaraz funtzionatzen segitu ez ezik aurrerapausoak ere emateko:
   1. Herritarrekiko harremanetan euskara zerbitzu hizkuntza izan dadin bermatzea, beti ere herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuz.
   2. Euskara beste administrazioekiko harremanetako hizkuntza izan dadin bermatzea.
   3. Euskara administrazio barneko lan hizkuntza izan dadin bermatzea.

“Olgetan euskaraz” Getxon
+

Getxoko Egizu euskara elkarteak, Sendi proiektuaren barruan, Olgetan euskaraz ekimena martxan jarri du beste urte batez. Proiektuaren laugarren urtea da eta helburu nagusia guraso eta seme-alaben arteko jolasak eta kantak euskaraz erabiltzen laguntzea da. Horretarako zortzi talde sortu dira, horietatik bi gaztelaniaz. Guztira bi eta lau urte bitarteko umeak dituzten 50 familiek, hau da, 150 haur eta gurasok parte hartuko dute eta udalerriko hiru ikastetxetan batuko dira bi dinamizatzailek lagundurik.

Egitasmoa hau 2011n sortu zen gurasolagun taldeko kide batzuek eskatuta, batez ere, txikienekin, bi eta lau urte bitartekoekin, nahiz eta euskaldunak izan, ez zeudelako ohituta euskaraz jolastera, edo baliabideak (liburuak, kantak, jolas-liburuak…) ez zituztelako ezagutzen. Olgetan euskaraz egitasmoak guraso horiei lagundu nahi die familien hizkuntza-ohituretan eragiteko eta gurasoak euskararen alde motibatzeko.

Argazkiak ikusi

Sendi egizu!.JPG

“AntzerkhizkuntzA” Barakaldoko ikastetxeetan
+

Barakaldoko Udalak AntzerkhizkuntzA programa martxan jarri du. Ekintzaren helburua da DBH2 mailako ikasleek antzerkiaren bitartez euskararen erabilera areagotzea. Herriko zortzi ikastetxeetako 340 gazte inguruk antzerkiak prestatu ondoren jendaurrean aurkeztu dituzte lanok. Gazte gehienek euskara maila ona dute baina bere erabilera ikastetxera mugatzen da, askotan klase barrura bakarrik. Gazte hauek, beraz, euskara erabiltzeko guneak behar dituzte eta gune horiek askeak, dibertigarriak eta gazteen nahiekin lotuta egon behar dira. Hain zuzen ere, AntzerkhizkuntzA programak hori guztia eskaintzen du, hau da, jolas-eremu didaktikoen bitartez gazteek euskara erabil dezaten antzerkia aitzakiatzat hartuz.

Ekintzari esker, gazteek antzerki teknikak euskaraz ikasten dituzte, antzerki-lan txiki bat prestatu behar dute (gidoia egin, eszenak egokitu, entseatu…) eta jendaurrean aurkeztu, aurten aniztasuna gaia izanik. Programak harrera ona izan du gazteei, ikasleei eta programaren arduradunei esker.

Argazkiak ikusi

antzerkhizkuntza.jpg

Jardunaldiak eta hitzaldiak

“Hizkuntza eta Lurraldea. Lurraldea eta Hizkuntza” jardunaldia

Hizkuntza eta Lurraldea. Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldia antolatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk, Kontseiluak eta UEUk, eta helburu nagusia hazkunde urbanistikoaren eta hizkuntza-aldaketaren arteko harremana aztertzea izan zen. Euskal Herriko hainbat kasu ezagutu ziren eta Flandria eta Galeseko ordezkariak ere hizlari aritu ziren beraien herrialdeetako esperientzien gainean.

Motibazioari buruzko jardunaldia Durangon

‘Geure ardura pertsonal eta kolektiboa aktibatzen’ izeneko jardunaldian gai nagusia motibazioa izan zen. Urtarrilaren amaieran Durangoko Elkartegian XI. Topaldia antolatu zuen Euskaltzaleen Topaguneak eta bertan soziolinguistikan eta hizkuntzaren beste zenbait arlotako adituak izan ziren euskara erabiltzera edo ez erabiltzera bultzatzen gaituen motibazioak aztertuz.

“Euskararen ordenantzak, Getxon ere?”

Getxoko Bizarra Lepoan euskara elkarteak ordenantzen inguruko Euskararen ordenantzak, Getxon ere? hitzaldia antolatu zuen Villamonte kultur etxean. Hitzaldia Paul Bilbao Sarriak, Kontseiluko idazkari nagusiak eman zuen eta ordeanantza eta hauen betebeharren gainean aritu zen, baita hizkuntza eskubideen gainean ere.

ArgiHizkiak erakusketa Uribe Kostan
+

ArgiHizkiak literatura-lehiaketako 12 argazki eta horietan oinarritutako euskarazko testu labur onenak biltzen dituen erakusketa Urdulizeko kultur etxean ikusgai egon da urtarrilean. Erakusketa ibiltaria da eta Uribe Kostako hainbat herritan egon da. Hurrengo hilabeteetan eskualdeko gainontzeko herrietan ere ikusi ahal izango dira bi kategorietako irabazleen testuak eta 12 argazkietan oinarritutako testurik onenak.

Argazkiak ikusi

argIHIzkiak-URDULIZ-web.jpg

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea