saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Agerkaria

Informazioa

Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
84. alea
2013ko azaroa

 
Euskararen eguna
+

Joan den azaroaren 29an Euskararen Eguna aurkezteko prentsaurrekoa egin zen EUDELen egoitzan. Bertan izan ziren BFAko Euskara zuzendaria, Ana de Castro, eta Eudeleko ordezkaria, Andoni Busquet.

Prentsaurrekoan Bizkaian Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan egingo diren egitasmo eta bestelako ekintzen berri eman zen eta horretarako prestatu den kartelaren eta agendaren berri ere zabaldu zuten. Izan ere, azken urteetan bezala, ekitaldi horiek guztiak biltzeko asmoz, Euskararen Eguna iragartzeko kartela jarri da Bizkaiko euskara zerbitzu guztien esku eta bizkaia.net atarian argitaratu da ekimenon agenda.

Kartelari dagokionez, bi kartel eredu prestatu dira, diseinuz antzekoak, bata Euskararen eguna bera iragartzeko eta bestea ekintzen berri emateko.

Agenda elektronikoak, berriz, Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan Bizkaiko hainbat udalerrietan egingo diren egitasmoak biltzen ditu. Agenda herritarrek herrian bertan zein Bizkaiko beste udalerri batzuetan egingo diren ekintzen berri izateko garatu da.

Kopiatu helbide hau zure nabigatzailean agenda elektronikoa ikusteko:

http://web.bizkaia.net/Kultura/Euskara/Euskararen_eguna/index.asp?Tem_Codigo=6687&Idioma=EU&bnetmobile=0

Argazkiak ikusi

Euskararen eguna 2013.JPG

Beharsarea, 56 udalerritan
+

Getxoko Egizu elkarteak sustatuta, 2011n beharsarea.net sortu zen Getxoko euskara zerbitzuarekin lankidetzan. Web gunearen helburua herritarren artean lana euskaraz eskaintzeko edo eskatzeko Internet bidezko tresna sortzea izan zen. Iaz 28 udalerri batu zitzaizkion eta aurten beste 7 udalerri eta 2 mankomunitate. Guztira 56 udalerritako bizilagunek erabili ahal izango dute web gunea lana eskaintzeko edota topatzeko.

Web gunearen hasierako orria ekimenean parte hartzen duten herri eta mankomunitate guztiak batzeko diseinatu da eta Euskal Herriko mapa batean Bizkaia nabarmendu da. Bizkaiko mapan udalerri partehartzaileen izenak agertzen dira eta gainean sakatuz gero berari dagozkion eskaintzak eta eskaerak ikusteko aukera dago. Era berean, hasierako orrian argitaratu diren azken hamar eskaintzak eta eskaerak ere ikusi ahal dira. Ataria erabiltzea doakoa da.

Web gunea ikusteko www.beharsarea.net atarira joan zaitezkete.

Argazkiak ikusi

Beharsarea 2013.jpg

Euskarazko Produktuen Katalogoa
+

Euskarazko Produktuen Katalogoaren 15. edizioa argitaratu berri da eta dagoeneko udalerri askotan banatzen hasi dira. Liburuxka honen bidez, urte osoan zehar eta, batez ere, Gabonetan euskaraz oparitzeko zer dagoen erakutsi nahi dute euskara zerbitzuek.

Katalogoak gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu zortzi ataletan sailkatuta; horrela etxeko haur eta gaztetxoek euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko edo gozatzeko aukera izango dute. Aurten, Bizkaiko 44 udalerri eta 2 mankomunitatetan , 42.860 katalogo banatu dituzte.

Paperean jasotako produktuez gain, merkatuan aurkitu daitezkeen beste asko www.katalogoa.org web gunean agertzen dira eta begiz jotako produktuak etxetik erosteko aukera ematen du. Web gunea urtean zehar kontsulta daiteke eta produktu berriak sortu ahala, bertan aurkitzeko aukera dute erabiltzaileek, une oro eguneratzen baita.

Argazkiak ikusi

EPK 2013-14.jpg

Gernika-Lumoko Hitzargune
+

Gernika-Lumoko euskara zerbitzuak hainbat urte daramatza merkataritza euskalduntzen eta aurten orain arteko kanpainaren irudia aldatu egin du eragile gehiago erakarri asmoz. Geure berbie euskeraz izena zuen kanpainak Hitzargune izena du orain. Kanpainaren izena eta logoa aldatzeak garai berri baten hasiera irudikatu nahi du merkatarien, tabernarien, enpresen eta elkarteen artean euskara sendotzen jarraitzeko.

Beste erronka bat udal zerbitzuaren eta herriko eragileen arteko komunikazioa hobetzea eta sendotzea da eta eragile gehiago izateko zuzeneko harremanak eta sare sozialak erabiliko dira. Era berean, sektore bakoitzeko lan taldeak sortuko dira eta merkatarien eta bezeroen artean lan taldeak ere eratu nahi dira, gabeziak eta onurak identifikatzeko.

Aldaketa horiek ezartzen hasteko, merkatari eta ostalarien artean inkesta batzuk egin dira eta orain arte egindako lanaren balorazioa jaso eta etorkizuneko erronkak zehazteko proposamenak adierazi dituzte. Datorren urtean udalerrietako enpresekin batuko dira eta aurrera begira elkarteekin gauza bera egiteko asmoa dago.

Merkataritza-kanpaina hau 1993an martxan jarri zen merkatari eta ostalarien artean eta gerora enpresak eta elkarteak batu ziren. Gaur egun, 142 merkatarik eta ostalarik, 56 elkartek eta 50 enpresak parte hartzen dute kanpainan.

Argazkiak ikusi

Merkataritza aurkezpena.jpeg

‘Pasa baloia euskarari’ ekimena Getxon
+

Getxoko Udalak urte asko daramatza kirolaren esparruan euskararen erabilera sustatzen eta, oraingo honetan, Getxo Kirolak eta euskara zerbitzuak elkarlanean, Pasa baloia euskarari egitasmoaren baitan futbol entrenamenduak euskaraz planifikatzeko eta egituratzeko Kimet planning izeneko programa informatikoa aurkeztu dute. Aurkezpenean Koldo Iturbe euskara zinegotzia, Garikoitz Fullaondo Kimet Sport enpresako kirol zuzendaria eta Jose Angel Iribar izan dira eta euskara kirolarekin batzearen garrantzia azpimarratu dute.

Egitasmoaren helburua 8 eta 18 urte bitarteko ume eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzea da eta horretarako Kimet Sport enpresarekin orain dela urte batzuk sinatutako hitzarmenari esker, entrenamenduetarako metodologia teorikoa euskaratu da. Materiala enpresa horren web gunean dago. Taldeetako entrenatzaileak ume eta gazteen erreferentea izan ohi dira eta kirol arloan euskaraz mintzatzea ohikoa ere badela jasoko dute programak entrenatzaileei eskaintzen dizkien euskaratutako baliabide teknikoi esker.

Argazkiak ikusi

Aurkezpena_kimet planning.jpg

Herrietako egitasmoak
+
Bilbo

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak Rafael Mikoleta XXVI: Ipuin Lehiaketa antolatu du. Lehiaketaren helburua Bilboko Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek euskaraz irakurtzea eta idaztea da. Parte hartzaileak lau kategoriatan banatuko dira eta gaia librea izango da. Lanak urtarrilaren amaiera baino lehen aurkeztu behar dira eta epaimahaia Bilbon bizi diren literaturaren munduarekin lotutako zortzi kidek osatuko dute.

Bermeo

Bermeoko Erdu Txo Asanbladak, Bermeoko Udaleko Gazte Informazio Zerbitzuaren laguntzarekin, adin guztietako herritarrei zuzendutako Olerki lehiaketaren lehenengo edizioa antolatu du. Lehiaketaren helburua da gazte eta nagusiengan euskaraz kritikoki idazteko ohitura sustatzea. Neurriak eta gaiak askeak izango dira eta euskararen kalitatea eta edertasuna baloratuko dira, alde kritikoa ere kontuan hartuz. Bi modalitate izango dira: 15 urte artekoentzat eta 16 urtetik gorakoentzat. Sari banaketa abenduaren 14an izango da.

Bestetik, Bermeoko Berbalagun egitasmoaren bitartez euskararen erabilera bultzatu eta indartu nahi da eta interesa duen edozeinek parte hartu ahal du, bai ikasten ari dena, zein euskaraz ondo berba egiten duena, izan ere, taldeak euskara mailaren arabera antolatzen dira: oinarrizkoa, tartekoa eta trebea. Beraz, 5-6 pertsonako taldeetako berbalagunek euskara praktikatzeko eta bizitzeko aukera izango dute.

Gernika-Lumo

Gernika-Lumoko Berbalagun taldeak azaroaren 6an bertsolaritzari buruzko hitzaldia antolatu zuen. Hitzaldia Xabi Paya bertsolariak eman zuen kultur etxean eta, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako Gernika-Lumon egingo den finalaurrekoa aitzakia hartuta, berbaldi didaktikoa eskaini zuen. Lehenengoz txapelketako saio batera hurbilduko direnei zuzendu zuen hitzaldia eta etenik gabe oso era atseginean bertsolaritza zer den, txapelketaren historia eta bertsoaren ezaugarriak azaldu zituen.

Argazkiak ikusi

rafael_mikoleta_lehiaketa_bilbao.jpg

Lauaxeta sariak 2013
+

Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Sariaren irabazleen izenak ezagutzera eman ditu. Ohorezko saria euskararen sustapen, zabalkunde eta normalizazioan izandako ibilbideagatik eman ohi da. Era berean, poesia saria eta ikus-entzunezkoen sariak ere esleitu dira.

Aldundiak Balendin Lasuen Solozabali eman dio “Lauaxeta Ohorezko Saria”; Ricardo Arregi Díaz de Herediari "Lauxeta Poesia Saria" Bitan esan beharra lanagatik eta Jabi Elortegiri "Lauaxeta Ikus-entzunezkoen Saria", Galerna, ekaitz ezezaguna lanagatik.

Argazkiak ikusi

Lauaxeta sariak 2013.JPG

Koordinatzaileen batzarra

Abenduaren erdialdean urteroko koordinatzaileen batzarra egingo da eta bertan Alkarbide bilgunearen 2013ko nondik norakoak eta datorren urteko lan-ildoak aztertuko ditugu.

Horretarako teknikarion iritzia ezinbestekoa da Alkarbide bilgunearentzat eta, kudeaketa hobetze aldera, eskertuko genizueke egunotan jaso duzuen balantzea abenduaren 10a baino lehen betetzea.

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea