Familiak hizkuntza transmisioaren garrantziaz sentiberatzeko Eman giltza / ¡Háblale, escúchale! ondorengoetaratze kanpaina abian jarri dute aurten ere Bizkaiko 39 udalerrik eta 2 mankomunitatek, guztira 54 udalerrik. Alkarbide bilguneak koordinatu du kanpaina eta ia 10.000 familia inguruk jasoko dute informazioa euren etxeetan.
Horren berri emateko, urriaren 9an prentsaurrekoa egin zen eta bertan izan ziren Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Andoni Busquet, EUDELeko ordezkaria eta Lander Aiarza, Txorierriko Mankomunitateko presidentea.
Orain arte egindako euskarriez gain, aurten hainbat berrikuntza egin dira. Batetik azken hiru urteetan martxan dagoen www.emangiltza.com web gunea eguneratu da, gurasoei baliabideak eta bestelakoak eskaintzeko. Horrez gain, azken urteetan hainbat udalerrik banatu duten Ku-Ku liburuxka eguneratu da, lehengo liburuxkako edukiak eguneratu eta osatu egin dira eta gainera hainbat atal berri ere sortu dira, esaterako umearen hazte aldiei buruzko informazioa ematen duena, eleaniztasunean hezteko aholkuak ematen dituena edota liburuxkan ikasitakoa praktikan jartzeko ariketen atala. Material osagarria ere moldatu egin da, adur-zapi eta askari-poltsekin batera kotxean jartzeko pegatinak ere banatu dira aurten; guztietan Ku-Ku liburuxka berriaren irudia agertzen da. Berrikuntza garrantzitsuena, hala ere, egitasmoaren zabalkundea egiteko sortu den telebistarako iragarkia izan da. Bertan guraso ezagunekin batera, kanpainan parte hartu duten gurasoak agertzen dira. Iragarkia urrian eta azaroan ikusi ahal izango da ETB2n.
Soziolinguistikan aditua eta Nafarroako Unibertsitateko irakaslea den Paula Kasaresek urrian 5 hitzaldi eman ditu eta azaroan beste 3 emango ditu Bizkaiko zenbait udalerritan. Hitzaldiak haur eta lehen hezkuntzako ikasleen gurasoei zuzendutakoak dira, guraso euskaldunei, zein ez euskaldunei.
Guraso euskaldunei zuzendutako hitzaldiak “Zuek duzue giltza” izenburupean eman du. Umeak txikitatik barneratzen hasten dira hizkuntza-ohiturak eta lehen urte horiek oso garrantzitsuak izaten dira hizkuntza-aberastasunari begira. Ordu eta laurdeneko hitzaldi horretan ideiak eta aholkuak ematen zaizkie gurasoei, batez ere, gizarte eleanitz honetan hizkuntza horiek umeak zelan bereganatuko dituen azaltzeko eta laguntzeko.
Bestetik, “Euskera. Entra un idioma en casa” hitzaldia seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatu nahi edo matrikulatu dituzten guraso ez euskaldunei zuzenduta dago. Umeak eskolan euskara ikasten hasten direnean hizkuntza berri hori etxera sartzeko lehen pausua izan daiteke. Hitzaldian gurasoei aholkuak ematen zaizkie euskararekiko harreman egokia izan dezaten eta jarrera positiboak nola bideratu azaltzen zaie.
Orain arteko hitzaldien balorazioak oso onak izan dira eta gurasoek beraien kezkak argitu ahal izan dituzte.
Bermeoko Udaleko Euskara Sailak www.bermeo-euskaraz.com web gunea sarean jarri berri du. Helburua euskararen normalizazio lanean beste tresna bat izatea da. Josu Unanuek, Bermeoko alkateorde eta Euskara zinegotziak; Maite Alvarezek, Bermeoko Udaleko euskara teknikariak; eta Joxerra Aizpuruak, web gunea garatu duen enpresako ordezkariak, aurkeztu zuten web gune berria.
Web gunea alor guztietako pertsonei zuzenduta dago: merkatariak, ostalariak, gurasoak, ikasleak, kirolariak… eta bertan eskaintzen zaizkien zerbitzuen eta baliabideen berri ematen da. Besteak beste, Euskara Sailaren egitasmoak, diru-laguntzak, albisteak, esteka interesgarri asko, udalerriko euskarari buruzko datu estatistikoak eta hainbat zerbitzu on-line jasotzeko aukera eskaintzen da. Azken zerbitzu honen bitartez aholkularitza zerbitzuak eskura daitezke on line, merkatariek eta ostalariek euskarazko materiala eska dezakete (kartelak, fakturak, entrega-agiriak, hiztegiak...), baita itzulpen zerbitzua ere.
Zuztarretatik ahora egitasmoa orain dela zazpi urte hasi zen Nerbioi-Ibaizabal bailarako euskal ondare etnografikoa eta linguistikoa batu, sailkatu eta lantzeko eta jasotako guztiarekin material didaktiko-pedagogikoa sortzeko asmoarekin. Atzean geratu dira DVDa kaleratu zen eguna edota kantuen bilduma aurkeztu zeneko eguna. Baina egitasmoa ez da hor amaitzen, orain arteko lan guztia www.zuztarretatikahora.com web gunean bilduta dagoelako. Urtez urte erronka berriak jartzen dituzte egitasmoan parte hartzen duten udalerriek, eta aurten Olgetan brinko izeneko 2013-2014 Eskola agenda eta bideo transkribatuen bilduma aurkeztu dira.
Bigarren ikasturtea da jada eskola agenda argitaratzen dena. Agenda honek ikasle, irakasle eta gurasoen arteko komunikaziorako eta Nerbioi Ibaizabal bailararen eduki etnografikoak transmititzeko bitartekoa izan nahi du. Zuztarretatik ahora egitasmoan batutako berbak eta esaerak uztartu dira agendaren atal guztietan, batez ere, horretarako sortutako hamar ipuinetan. Bertan ere aurki daitezke bailarako bederatzi herrietako jaiak, ohiturak eta abar.
Bestetik, bideo transkribatuen bilduma egitasmoaren web gunean dago ikusgai. Landa-ikerketaren ondorioz, eskualdeko 77 laguni egin zitzaizkien grabaketak DVD batean bildu ziren eta, orain, grabatutako zati horien transkripzioa egin da hiru hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Hitz edota gai zehatz bati buruzko bilaketa egiteko aukera ere ematen du.
Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak, Bizkaiko Gurasoen Elkarteak (BIGE) eta Itzarri Consulting enpresak elkarlanean, euskararen normalizazioaren bidean aurrerapauso bat eman dute kirolaren eremuan. Horretarako Bizkaiko zenbait kirolarik hitzaldiak eta Euskara Tek ekimena abian jarriko dituzte. Hitzaldiak Bilboko ikastetxe eta zentroetan eskainiko dira eta euskara eta kirola gaiak erabiliz euskararen erabilera sustatuko dute gazteen eta hurbiltzen diren pertsonen artean. Helburu nagusia kirolaren balioak hezkuntzaren ikuspegitik sustatzea da eta, era berean, eskola kirolaren ereduaren gainean eztabaida sortzea gaur egungo egoera azalduz. Hitzaldiok urritik ekainera bitartean izango dira.
Bestetik, Euskara Tek ekimena ere martxan jarriko da. Ekimen honetako partaide diren ikastetxeetan ordubeteko bi saioko tailerrak egingo dira eta euskararen erabilera sustatzearekin batera gazteak ulermena, idazketa eta jendearen aurrean hitz egitea praktikatzea du helburutzat. Lehenengo saioan teknikari batek kirolari profesional baten gaineko informazioa eskainiko die gazteei eta ondoren kirolari horri buruzko deskribapen bat sortuko dute. Bigarren saioan, aldiz, kirolaria bera aurrez aurre izango dute eta aurreko saioan ateratako deskribapenak haren aurrean irakurriko dituzte.
Getxo Udalak Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) aurkeztu zien herritarrei horretarako apropos egin zen ekitaldi baten bitartez. Bertan Gotzon Lobera, Herri Administrazioetan euskara normalizatzeko zuzendaria; Ana Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen zuzendari nagusia; Imanol Landa, Getxoko alkatea eta Koldo Iturbe, euskara zinegotzia izan ziren. Plana Eusko Jaurlaritzaren gidaritzapean eta elkarlanean burutu da eta 2013 eta 2016 urteen artean udalerrian aurreikusitako helburuak betetzeko aurrera eramango dituen jarduerak gidatuko ditu.
Plangintza berria hiru helburu estrategikotan oinarritu da. Euskararen jabekuntzan familia bidezko transmisoa, euskarazko irakaskuntza, helduen euskalduntzea eta kultura-artekotasuna kontuan hartu dira. Euskararen erabileran, erronka nagusia gazteen artean euskararen erabilera eremu berezi eta garrantzitsuetan erakargarria sortzea da, administrazioa, lan mundua, aisia eta kirol esparruak ahaztu gabe. Euskararen elikaduran, berriz, kulturgintzari, hedabideei eta teknologia berriei garrantzia emango zaie, hiztunak ereduak eta edukiak behar dituelako bere hizkuntza jarduna aberasteko.
Planaren garapenean udalerriko eragileek eta euskalgintzako taldeek garrantzi handia izan dute, haien ekarpenei esker, besteak beste, plana euskaraz ez dakitenei ere zuzendu zaie lehen baino pixka bat gehiago, beraiengana hurbiltzeko asmoarekin. Guztira 330 jarduera edo ekintza aurreikusi dira plana aurrera ateratzeko.
Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko euskara zerbitzuak egitasmo berri bat jarri du martxan aisialdian euskararen erabilera sustatzeko eta eskualdeko ondare linguistikoa berreskuratzeko asmoarekin: Mihiluze Uribe Kosta lehiaketa. Egitasmo honen bitartez, ‘Zer Ikusi Ha Ikasi’ gida didaktikoaren edukia gizarteratu nahi da. Lehiaketa ez da apirila arte hasiko baina bitartean, euskaltegi eta eskualdeko ikastetxeekin harremanetan jarri dira euskara zerbitzukoak, apurka-apurka, lehiaketan erabiliko den ondare linguistikoaren materiala erabiltzen hasteko. Lehiaketak bi kategoria izango ditu: Mihiluze txiki, 9-12 urte bitarteko gazteentzat zuzendua, eta Mihiluze Herritarrak, gainontzeko herritarrentzat zuzendua. Lehiaketan parte hartzeko dokumentazioa eta informazioa www.mihiluzeuribekosta.com web gunean egongo dira eskura.
Ondarroako Udaleko euskara batzordeak hainbat ekimen antolatu ditu literaturari lotuak Literatur amuak izeneko egitasmoan. Urriaren amaieran eta azaroaren hasieran, astebetez hainbat ekintza antolatu ziren: Kirmen Uriberen irakurraldia irakurleen klubarekin, antzerki, musika, bertso irakurraldia, kontzertua eta azken egunean Augustin Zubikarai Nobela bekaren, II. Idazketa-rallyaren eta II. Nanoipuin lehiaketaren emaitzak eta sari banaketak izan ziren azken emanaldiarekin batera.
Gernika-Lumoko Euskara Zerbitzuak eta udalerriko euskaltegiek abian jarri dute Gurasolagun ekimena. Ekimena Berbalagun proiektuaren barruan sartuta dago eta gurasoak euskara egitera bultzatzea da ekimenaren helburu nagusia. Gurasoek astean behin batu eta ordubetez beste gurasoekin batera euskaraz egiteko aukera izango dute eta aldi berean seme-alabek elkarrekin jolastuko dute. Horrela, seme-alabek euren gurasoak euskaraz hitz egiten dutela ikusiko dituzte eta, era berean, eskolatik kanpo ere euskarak lekua duela ikusi ahal izango dute.
Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuak eta Galdamesko Kultura Aretoak Udazkena euskaraz programaren beste edizio bat antolatu dute. Helburu nagusia da herriko haurrei euskarazko jarduerak eskaintzea; horrela euskara ikasgelatik eta ikastetxetik kanpo ere mintzatzeko eta komunikatzeko berezko hizkuntza dela ikusiko dute. Jarduerak azaroan eta abenduan gauzatuko dira eta 3-11 urte bitarteko haurrek aisialdian euskarazko kultura ezagutu ahal izango dute ludoteka eta hainbat tailerren bidez.
Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak eta Bilboko Euskaltegien Sareak Darabilbo. Erabili euskara Bilbon egitasmoa jarri dute martxan eta helburu nagusia da hiriko auzo desberdin eta guztietan euskaldunei euskara praktikatzeko aukera gehiago ematea. Urria eta abendua bitartean hainbat jarduera burutuko dira eta euskaldun eta euskaltzaleek euskara praktikatu ahal izango dute. Antolatutako jarduerak arlo askotarikoak dira: trikot tailerra; hizkuntza jarrerak, portaerak eta lidergoaren inguruko tailerrak; pintxo tailerra; dastaketa tailerrak; Mahaian egitasmoa; 8 Aste, 8 Museo jarduera; Euskara party-ak, Bertan Bilbo Hiri Ibilbideak, dantza tailerrak, grabatu tailerrak, Athleticekin berbetan jarduera...
Balmasedako Udalak eta Enkarterriko Udal Mankomunitateak Lehen hitza Euskaraz egitasmoa martxan jarri dute. Kanpainaren helburu nagusia da Enkarterriko ostalaritzan euskararen erabilera sustatzea, batez ere, eskualdeko ostalaritza-establezimenduetako langileak animatzea bezeroekin euskara erabiltzera. Horretarako liburuxka bat argitaratu dute eta bertan oinarrizko hiztegia eta taberna zein ostalaritza establezimenduetan egunero erabiltzen diren esaldiak agertzen dira, bezeroekin erabiltzeko, nahiz eta hizkuntza ondo jakin ez.
Dagoeneko 200 ale banatu dituzte eta euskaraz agurtu, zelan kobratu, eta pintxoen, plater konbinatuen, errazioen, ogitartekoen eta edarien karta zabala euskaraz esaten hasiak dira Enkarterri aldeko tabernetan.
Bilboko Alondegian 1.600 pertsona inguru bildu ziren Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako II. Berbagunea ekitaldian. Bertaratutakoek hainbat gairi buruz euskaraz hitz egiten aritu ziren. Arte, kultura, kirol eta politika arloetako pertsona ezagunak ere batu ziren edozein adineko euskara hiztunekin batera. Giro lasai eta euskaldunean aritu ziren 400 pertsonetako lau txandak. Euskara ulertu eta hitz egiten duten sei lagunetako mahaietan eguneko gai ezberdinen gainean aritu ziren.
Sopelako Udalak 2013-2017 aldirako Euskaren Erabilera Plana onartu du eta bere helburu nagusia euskararen erabilera bultzatzea da, udaleko langileen artean erabilera handituz eta, era berean, erakundearen lan egiteko hizkuntza bihurtuz. Horrela kanpo eta barne harremanetarako euskararen erabilera indartu egingo da eta herritarrek udalarekin euskaraz egiteko aukera izango dute.


