saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Agerkaria

Informazioa

Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
82. alea
2013ko iraila

 
Eskola agenda 2013-2014
+

Bizkaiko 21 udalerrik lehen hezkuntzako ikasleen artean banatzeko Eskola Agenda 2013-2014 argitaratu dute. Alkarbide bilguneak koordinatu du egitasmoa eta aurten 5500 ale banatu dira kanpaina parte hartu duten udalerrietako 28 ikastetxetan.

Agendaren helburua irakasle, ikasle eta gurasoen arteko harremanetarako baliabide praktikoa izatea eta harreman horiek euskaraz izan daitezen ahalbidetzea da. Aurtengo eskola agendaren gai nagusia alegiak dira. Animaliak protagonista dituzten ipuinok irakurriz, une atsegina igarotzeaz gain, animalien jokabideak ardatz harturik hainbat kontu ikasteko aukera izango dute etxeko txikiek. Hilabete bakoitzean alegia bat agertzen da eta alegiaren azpialdean etxean zein ikasgelan lantzeko hiru-lau jolas edo ariketa. Horrekin batera, egun bakoitzean esaldi bat irakurri eta horren inguruan gogoeta egiteko aukera ere eskaintzen du agendak. Aurten, gainera, gurasoen eskaerei jarraituz, irakasleentzako oharrak zelan idatzi azaltzen duen atala ere jaso dugu agendan.

Argazkiak ikusi

Agenda.jpg

‘Zatoz euskarara!’ kanpainaren aurkezpena
+

Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko udal eta euskaltegiekin elkarlanean, Zatoz euskarara! kanpainaren aurkezpena egin zuen uztailean. Kanpainaren helburuak honakoak dira: helduen matrikulazioa sustatzea Bizkaiko euskaltegietan 2013-2014 ikasturtera begira eta, bestetik, euskaltegietan euskalduntzen diren herritarrak eta gizataldeak animatzea euskara eguneroko bizimoduan erabil dezaten euskaltegitik kanpo, edozein gizarte-esparrutan.

Prentsaurrekoan, kanpainaren berri eman zuten ondokoek: Imanol Landak, EUDEL eta Bizkaiko udalen izenean, Miren Josune Ariztondok, Kulturako foru diputatuak eta Mertxe Mugikak, AEKren koordinatzaile eta Bizkaiko euskaltegi pribatu homologatuetako ordezkari gisa.

Egitasmoaren euskarriak Alkarbide bilgunearen bitartez Bizkaiko euskara zerbitzuetako teknikariei banatu zaizkie: bata orokorra, kanpaina iragartzeko, eta bestea mutua, herri bakoitzean dagoen euskaltegien eskaintza iragartzeko.

Argazkiak ikusi

Kanpainaren irudia.jpg

Getxoko ESEP 2013-2016
+

Getxoko Udalak datozen lau urteetarako Erabilera Sustatzeko Ekintza Plana 2013-2016 (ESEP) onartu berri du. Planaren helburu nagusia euskararen erabilera areagotzea da eta hiru helburu estrategikotan oinarritzen da: euskararen jabekuntza, euskararen erabilera eta euskararen elikadura.

Euskararen jabekuntzan lau esparru bereiz daitezke: familia bidezko transmisioa, euskarazko irakaskuntza, helduen euskalduntzea eta kultura-artekotasuna. Nahiz eta euskara lehen hizkuntza bezala belaunaldiz belaunaldi transmititu, eskolak ere garrantzi handia du eta askotan bigarren hizkuntza gisa transmititzen du helduen euskalduntzearen antzera. Plan berriarekin hauxe lortu nahi da: batetik, euskarara inoiz hurbildu ez diren helduen munduan elebitasun pasiboa areagotzea eta bestetik, euskara eta gure kultura etorkinengana hurbiltzea.

Euskararen erabileran, berriz, familiaren eta eskolaren luzapen eta ingurune diren jardunbide guztiak zaindu behar dira: kultura, aisia, kirola, teknologia berriak, lan mundua (merkataritza), administrazioa, hedabideak eta bestelako zerbitzu eta jarduerak. Etorkizuneko erronka nagusia euskaldun guztientzat, baina bereziki gazteentzat, euskararen erabilera eremu berezi eta garrantzizkoetarako erakargarri egitean datza.

Bukatzeko, euskara eroso eta erraz hitz egin eta erabiltzeko, elikatu egin behar da, euskarazko edukien bidez eta horiek sortzen dituzten euskal eragileen bidez (hedabideak, kultura arloko eragileak...). Euskal hiztunak euskaraz behar ditu ereduak eta edukiak, bere hizkuntza jarduna aberasteko.

Argazkiak ikusi

Getxo ESEP 2013-16.jpg

Bilboko ‘Euskaraz badakizu?’ egitasmoa
+

Irailean Bilbon Euskaraz badakizu? El euskera es nuestra lengua, la tuya. Aprende, mejora y comparte el euskera kanpaina martxan jarri dute eta Bilboko kaleko faroletan 300 banderola eskegi dituzte horren berri emateko. Helburuak bilbotarrak euskaltegietara hurbiltzea eta euskalduntze bidean jartzea dira, hiriko euskaltegietan topatu ahal izango baitituzte euskararen ikaskuntza, erabilera eta normalizazioa sustatzeko tresnak. Aurreko ikasturtean 8.000 lagun baino gehiago matrikulatu ziren Bilboko euskaltegietan.

Bestetik, ikasturte honetarako euskara ikasteko laguntzak ere eskainiko ditu udalak gurasoen euskalduntzerako, beraiek talde estrategikoa osatzen dutelako hizkuntzaren biziraupenean.

Argazkiak ikusi

euskaraz-badakizu irudia.jpg

Udalerrietako ekintzak
+

Zaldibarko Udalak ikasturte honetan berriro martxan jarri du Zapatuak blai! egitasmoa. Helburuak dira 3-11 urte bitarteko umeen artean euskararen erabilera bultzatzea, natura errespetatzea eta aisialdirako hezkuntza-aukera ematea. Gazteak, hamarreko taldetan, hamabostean behin zapatu batean ordu batez batuko dira begiraleekin. Egitasmoa urrian hasi eta ekainean amaituko da. Interesa duten gazteek eta matrikula ordaindu izena eman beharko dute.

Durangoko Udalak Guk Euskeraz egitasmoa abian jarri du. Honen helburua herriko merkataritza eta ostalaritzako establezimenduetan euskararen presentzia areagotzea da, bai hizkuntzaren erabilera, bai hizkuntza paisaia. Horretarako euskara zerbitzuko langile batek udalerriko bostehun denda eta taberna bisitatuko ditu eta establezimenduan bertan euskaraz zerbitzua eskaintzeko udalak dituen baliabideen gaineko informazioa eskainiko zaie, besteak beste, errotuluak euskaraz jartzeko laguntzak edota denda edo tabernako web gunea euskaratzeko aukerak. Interesa duten merkatari edo ostalariek udalaren diru-laguntza eskatzeko aukera izango dute urria amaitu baino lehen.

Getxoko Udalak ikasturte berriaren hasierarekin batera 6.500 gutun bidali dizkie 2-16 urte bitarteko seme-alabak dituzten herriko gurasoei euskaraz ikasgairen bat eskaintzen duten herriko akademien zerrendarekin. Aurtengo liburuxkan 36 akademia edo ikasgune agertzen dira, iaz baino 11 gehiago. Liburuxkan agertzen den eskaintza helduei ere zuzenduta dago eta musika, artea edota dantza euskaraz ikasteko aukera izango dute.

Muskizko Udaleko euskara zerbitzuak merkataritzako eta ostalaritzako establezimenduetan errotuluak euskaraz jartzeko diru-laguntzak emango ditu. Errotulua euskaraz edota euskaraz eta gaztelaniaz idatzita egon beharko du laguntza jaso ahal izateko.

Sopelako Udalak, Koikili Lertxundi futbolariarekin elkarlanean, futbol taldeetako entrenamenduetan euskararen erabilera bultzatzeko proiektua aurkeztu du. Horrela udalerriko ikastetxeetako entrenamenduak euskaraz egingo dira kategoria txikietan entrenamenduen kalitatea bultzatzearekin batera. Irailean zehar 16 entrenatzailerekin 25 orduko saio teoriko eta praktikoak egingo dira. Bertan, besteak beste, kirol arloko terminologia zehatza eta entrenamenduak aurrera eramateko tresna ezberdinak ikasiko dituzte. Era berean, entrenatzaileek euren entrenamenduen kalitatea hobetuko dute, eta kirolari gazteek kirol arloko euskarazko berbak ikasiko dituzte.

Argazkiak ikusi

‘Herriko euskalgintza janzten’ sakontze ikastaroa
+

Euskaltzaleen Topaguneak eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZIk Herriko euskalgintza janzten sakontze ikastaroa antolatu dute 2013-2014 ikastuterako. Euskaltzaleen elkarteetako kide zein herrietan dabiltzaten gainontzeko euskaltzaleei zuzendutako formazio eskaintza izan nahi du. Teoria eta praktika uztartuko dira eta horretarako, aurrez aurreko saioez gain, tutore mintegiak aurreikusi dira eta lanak ere egin beharko dituzte parte hartzaileek. Ikasturte amaieran partaide bakoitzak bere ingurune hurbilean baliagarri izango den proiektu bat sortu beharko du. Informazio gehiago posta elektroniko hauetan eska dezakezue: info@topagunea.org (Topagunea) eta kulturgintza@mondragon.edu (Mondragón Unibertsitatea)

Argazkiak ikusi

sakontze ikastaroa_irudia.jpg

Berbagunea, euskararen alde
+

Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, Bilbon euskararen aldeko Bilboko II. Berbagunea egingo da urriaren 23an egun osoan zehar Bilboko Alondegian. Bertan, ezaguna den “word coffee” sisteman oinarrituta, hainbat txandatan partaideek euskaraz hitz egiteko aukera izango dute. Gizartean ezagunak pertsona euskaldunak (kultura, kirol, politika arloak) eta euskaraz ikasten ari direnak elkartuko dira. Ordu eta erdiko txanda bakoitzean mahai desberdinetan arituko dira berbetan aurretiaz emandako gaiez.

Helburu nagusia euskaldunek eta euskalduntze prozesuan ari direnek euskaraz aritzeko aukera izatea da, eta bide batez, Bilbon euskararen erabilera indartzeko ahalegina egitea.

Argazkiak ikusi

berbagunea irudia.jpg

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea