Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko udal eta euskaltegiekin elkarlanean, Zatoz euskarara kanpaina abian jarriko du. Egitasmoaren xedea helduak euskara ikastera animatzea da.
Horretarako, Alkarbide bilgunearen bitartez, Bizkaiko euskara zerbitzuetako teknikariei kanpainaren euskarriak banatuko zaizkie. Bata orokorra izango da kanpaina iragartzeko eta bestea mutua, herri bakoitzean dauden euskaltegien datuak bertan jartzeko.
Bestalde, uztailean kanpainaren zabalkundea egiteko prentsaurrekoa egingo da.
Aurten ere Bizkaiko hainbat udalerrik martxan jarri dute Gidabaimena euskaraz egitasmoa. Ekintzaren helburu nagusia da gazteei adieraztea gidabaimena euskaraz ere atera daitekeela, eta hori oinarri hartuta, sentiberatze-kanpaina egin da. Aurtengo berrikuntza gisa APAVIko kideei autoeskoletako hizkuntza paisaia itzultzeko aukera eskainiko zaie.
Egitasmoa, batez ere, 17 eta 23 urte arteko gazteei zuzenduta dago eta gidabaimena euskaraz atera nahi duenak erabilgarri izango ditu teoria liburua eta testak egiteko programa informatikoa, euskara hutsean biak; ondoren, azterketa teorikoa euskaraz egiteko aukera ere izango dute.
Bestalde, udalerri batzuek gazteei diru-laguntza emango diete gidabaimena ateratzeko azterketak euskaraz egiteagatik. Matrikula ordaintzeko diru-laguntza emango zaie eta zenbait herritan klase praktiko batzuk ere ordainduko zaizkie. Gainera, azterketa teorikoa euskaraz egin eta gainditu dutenen artean sariak zozketatuko dira.
Orain dela bi urte Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak, EUDELek eta AFADEk (Euskadiko Ferialari Autonomoen Elkartea) lankidetza-hitzarmena sinatu zuten herrietako jaietan jartzen diren jolas-ikuskizunetan euskararen erabilera sustatzeko asmoz. BFAk kartel-eredu bat prestatu zuen eta hori erabili izan da barraketako arduradunek behar izan dituzten testuak idazteko.
Arrakasta ikusita, hainbat kartel eskatu eta plastifikatu egin baitira, aurten ere hitzarmena berretsi da eta dagoeneko AFADEk hainbat kartel egitea eskatu dio Alkarbide bilguneari. Hala ere, lan horiek guztiak egiteko, Alkarbide bilgunearen idazkaritza teknikoa udal-mankomunitateetako euskara teknikariekin koordinatuko da tokian tokiko eskakizunei erantzuteko.
Aurten ere maiatza heltzearekin batera Nahi dudalako! kanpainaren balorazioa egiteko sasoia iritsi zaigu. Aurreko urtekoaren ildotik joan dira datuak, 1.395 bisita izan ditu www.nahidudalako.com web guneak eta 211 inkesta jaso ditugu; inkesta bete dutenek oso ondo baloratu dute web gunea eta Batxilergoan eta Lanbide Heziketan Bizkaian euskaraz dagoen eskaintza kontsultatzeko baliagarria dela aipatu dute. Bestalde, Itxaso Paiak ikastetxeetan emandako hitzaldiak ere oso ondo baloratu dituzte. Aurrera begira bada, orain artekoa indartu eta gurasoentzako hitzaldiak antolatzea izango da asmoa.
Inkesta bete dutenen artean hiru sari zozketatu dira eta sari banaketak azken hilabete honetan egin dira, lehenengo saria Ortuellako gazte batek irabazi du, bigarren saria Erandioko gazte batek eta hirugarrena Enkarterri aldera joan zaigu, Balmasedara hain zuzen ere. Sariak aipatutako herrietako alkate eta euskara zinegotzien eskutik jaso dituzte gazteek.
Maiatzean Leioako Udalaren Osoko Bilkurak Euskara Biziberritzeko Plan Estrategikoa (2013-2017) onartu zuen. Plana parte hartzeko prozesu baten bidez egin zen herritarrekin batera eta eragileekin lankidetzan. Ekainean, berriz, plana herritarren aurrean aurkeztu zen horretarako antolatutako mahai-inguru batean. Aurkezpen horren izenburua Euskararen erabilera eta transmisioa Leioan izan zen eta mahai-inguruan 5 aditu aritu ziren egungo errealitateko hainbat ezaugarri eta adierazle azaltzen eta herrian nola eragin beharko litzatekeen eztabaidatzen.
Bestetik, Foruan ere euskararen erabilera herrian sustatzeko plana egingo du udalak. Herrian euskara gehiago entzuteko asmoarekin, euskararen erabileraren diagnostikoa osatu eta plan estrategikoaren diseinua egingo da. Horretarako hainbat eragilerekin osatutako aholku batzorde parte-hartzailea eratuko da eta, diagnostikoaren nondik norakoak finkatzearekin batera, plan estrategikoa eta urteko lehentasunak finkatuko ditu. Bide batez, Foruko datu soziolinguistikoak jasoko dira inkesta baten bidez plana hobeto diseinatzeko.
Mungiako bi ikastetxetako batxilergoko lehen mailako ikasleek, Euskara Sailaren laguntzarekin, euskararen erabilera neurtu dute herriko kaleetan. Helburua, herritarrei datuak erakusteaz gain, ikasleak bere betiko ingurutik atera eta Mungian euskararen erabilera zenbatekoa den bertatik bertara ikustea izan da. Horretarako kale-neurketetan erabili ohi diren metodologietan oinarritu dira (datuak hartzeko fitxa, jarraibideak…), betiere gazteen eta proiektuaren ezaugarrietara egokituta.
Bi ikastetxeetako 64 bikotek guztira 2.483 inkesta egin zituzten abenduan. Bildutako informazio guztia Euskara Sailak kudeatu eta prozesatu du, gerora ikasleek informazio hori interpretatu eta horren gainean ondorioak atera eta hausnartzeko asmoarekin. Neurketa hau ez da zientifikoa baina aurretik egindako neurketetatik ez da asko aldentzen. Datu bitxi bezala aipatu, erdal hizkuntzen erabilera handitu egin dela, ingelesarena kasu.
Ez da lehen aldia gazteek euskararen erabileraren inguruan egiten duten lehen ekintza, iaz hainbat mailatako ume eta gazteek herriko paisaia linguistikoa aztertu baitzuten.
Arrigorriagako Udalak urteak daramatza herriko merkataritzan euskararen erabilera sustatzen. Horretarako konpromisoa hartu eta hitzarmena sinatu duten merkatariei itzulpen zerbitzua, euskarazko materialak, errotuluentzako diru-laguntzak eta merkatarientzako euskara ikastaroak eskaintzen dizkie.
Aurten ostalaritzako sektorean euskararen erabilera sustatu nahi du udalak eta horretarako ostalariei euskara zerbitzuak merkatariei eskaintzen dien zerbitzuen gaineko informazioa bidali die. Aurrez aurreko elkarrizketa batean beraien establezimenduetan eskaintzen dituzten pintxoen aurrean karteltxo bat euskaraz edo ele bietan jartzeko doako eskaintza ere egin zaie. Orain arte 13 ostalarik parte hartu dute kanpainan eta karteltxoak jartzeko euskarri bat banatu zaie. Eskaintza berriro zabalduko da uda ostean eta orduan ostalari gehiagok parte hartzea espero da.
Urtero bezala, Labayru ikastegiak antolatu duen euskara teknikari eta trebatzaileen prestakuntzarako ikastaroa egiteko izena emateko epea zabalik dago uztailaren 26a arte. Ikastaroa euskara teknikari lanetan dabiltzanei edo euskara teknikari edota trebatzaile beharretan ibili nahi dutenei zuzenduta dago.
Ikastaroak atal bi izango ditu. Lehenengoak, Administrazioa eta euskara izenekoak, ikasleak trebatzaileen mundura hurbilduko ditu. Bigarren atalean, Hizkuntzaren normalizazioa, ikasleek euskararen erabileraren normalizaziorako dauden planak (EBPN-ESEP, Erabilera Plana eta Enpresetan Hizkuntza Normalizaziorako Plana) eta euskara-elkarteen egitekoak sakonean ezagutzeko aukera izango dute. Ikastaro bukaerarako, talde txikietan, lan praktiko bat egin beharko dute ikasleek, eta eskolan egindakoarekin batera, hori izango da ebaluatzeko erabiliko dena.
Ikastaroa irailean egingo da, 9tik 21era hain zuzen ere. Izena emateko deitu Labayrura (944 437 684) edo idatzi posta elektronikora honetara (eskola@labayru.org).
Erandioko Udalak maiatzean martxan jarri du Olgetan solas egitasmoa udalerriko auzoetan. Helburua euskararen erabilera sustatzea da eta horretarako familiarteko kirol-jolasen lehiaketa antolatu da. Gura duenak parte hartu ahal izango du eta herriko hamabi auzoetako jaietan egingo da.
Bilboko euskara zerbitzuak Zortziko txikia programaren bukaerako jai-topaketa antolatu zuen ekainean Bilborocken. Bizkaiko Bertsozale Elkartearen laguntzaz egindako ekimena da eta bertan Bilboko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako azken zikloetako gazteek parte hartzen dute. Programa honen helburua da adin tarte horretako gazteen artean bertsolaritza sustatzea eta euskal kulturan sakontzea, euskararen erabilera ikasleen artean sustatzen den bitartean. Ildo horretan bada, urtean zehar ikastetxean bertan astean zenbait saio egiten dira ikastorduetan eta euretan ikasleek abestiak, erritmoak, antzinako bertsoak eta beste ikasteko aukera izaten dute.
Aitxu! euskara taldeak, Sopelako Udalarekin eta kiroldegiarekin elkarlanean, hurrengo ikasturterako kiroldegiko erabiltzaileek lehen aldiz hainbat jarduera euskaraz jasotzeko aukera izatea lortu du. Martxoan elkarteak inkesta bat egin zuen kiroldegiko erabiltzaileen artean eta % 80k ikastaroak euskaraz egiteko gogoa agertu zuen. Ondorioz, kiroldegiak irailean hiru ikastaro euskaraz egiteko eskaintza zabalduko du.
Dagoeneko uda etorri da eta Agerkariak ere oporrak hartuko ditu. Irailean berriro hemen izango da albiste interesgarri gehiagorekin. Bien bitartean, Alkarbideko postontziaren bidez jasoko dituzue sortzen diren berri guztiak.
Ondo-ondo ibili oporretan eta irailera arte.


