saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Agerkaria

Informazioa

Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
80. alea
2013ko maiatza

 
Eman giltza 2012. Sari banaketa
+

Eman giltza-¡Háblale, escúchale! egitasmoa 2012an bideratu zuten Bizkaiko 36 udalerrik eta 2 mankomunitatek. Kanpainaren euskarri nagusietako bat www.emangiltza.com web gunea da eta abian jarri zenetik hainbat gurasok erabili dute euren zalantzak edota kezkak argitzeko. Web gunean, beste atal batzuen artean, gurasoen iritzia jasotzeko atala dago; eta iritzia emateko inkesta bete duten gurasoen artean lau sari zozketatu dira:

- 1. saria: EAEko Nekazalturismo edo landa-etxeren baten 4 lagunentzako egonaldia. Derioko guraso bati egokitu zaio.

- 2. sariak: Euskarazko jolasen 3 sorta (sorta bakoitzak 100 euroko balioa du). Artzentales, Leioa eta Loiuko hiru gurasok sorta bana jaso dute.

Sari horiek banatzeko ekitaldiak egin dira Enkarterriko Udal Mankomunitatean, Txorierriko Mankomunitatean eta Leioan. Ekitaldi horietan irabazlearekin batera, arduradun politikoa eta euskara teknikaria egon dira saria emateko.

Argazkiak ikusi

Irabazleak 2012.JPG

Euskara plan berrien aurkezpenak Bizkaiko udalerrietan
+

Balmasedako Udalak datozen lau urteetarako (2013-2016) euskara plan berria herritarren aurrean aurkeztu berri du, udalbatzan urte hasieran onartua izan eta gero. Planaren diseinuan herritarrek eta herriko eragileek parte hartu dute. Urtez urte egingo diren kudeaketa planak, besteak beste, familian, hizkuntzaren transmisioan, kirolean eta lan arloetan oinarrituko dira.

Zaldibarko Udalak ere herritarren aurrean aurkeztu du hurrengo lau urteetan udalerrian garatuko den euskara plana. 2016 arte garatuko dituzten ildo nagusien eta ekintzen berri eman zuten eta helburu nagusiena euskararen erabilera bultzatzea da. Horretarako apropos antolatutako ekitaldian planaren helburuen eta ekintzen berri eman zitzaien bertaratu ziren herritarrei.

Amaitzeko, Gernika-Lumoko Udalak euskara plan berria egin nahi du. Horretarako urtean zehar herritarrekin eta herriko eragileekin batzarrak antolatuko dira gero, udalerriak euskararen arloan dituen hutsuneak eta beharrizanak planean txertatzeko eta hurrengo lau urteetan (2014-2017) garatzeko.

Argazkiak ikusi

Gurasoentzako hitzaldiak eta beste Sopelan
+

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko euskara zerbitzuak hainbat ekintza antolatu ditu datozen hilabeteetarako. Hasteko Sopela Solasean I. Hitzaldi Zikloa antolatu du Sopelako Udalarekin batera. Hitzaldiok gurasoentzat zuzenduta daude eta hiru saio antolatu dira Kurtzio Kultur Etxean. Lehenengo saioa maiatzean izan da eta euskararen motibazio eta jarreren gainean aritu zen …eta kitto! euskara elkarteko ordezkaria. Hurrengo bi saioak ekainean eta irailean izango dira. Lehen hitzaldia Irene Txurrukak emango du ekainaren 26an Guraso bihurtu gara, eta orain zer? izenburupean eta bigarrena Olatz Bilbaok irailaren 19an Haurrak eta jana izenburupean.

Bestalde, Mankomunitateak literatur solasaldiak ere antolatu ditu. Maiatzean Pako Aristik Kurtzio Kultur Etxean Euskara, hizkuntza bat bere bakardadean hitzaldia eman du. Ekainaren 20an, berriz, Uxue Alberdik Aulki-jokoa liburuaren gainean arituko da. Amaitzeko, irailaren 26an, Gotzon Barandiaran idazleak Errotik liburuaren gainean solasaldia eskainiko du.

Azkenik, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak Zure adina hitz lehiaketa antolatu du eta Barrikan, Lemoizen, Gorlizen, Plentzian, Sopelan edo Urdulizen erroldatuta dagoen 6 urtetik gorako edozein laguni zuzenduta dago. Helburu nagusia 6 urtetik gorako edozein lagun euskaraz idaztera animatzea da. Horretarako parte hartzaileek euren adina beste hitz idatzi beharko dute eta testua originala eta zuzen idatzia izan behar du. Sariak lau kategoriatan banatuko dira: 6-12 urte bitartekoa, 13-17 urte bitartekoa, 18 urtetik gorakoak eta familiak.

 

Argazkiak ikusi

KARTELA_SOPELA_SOLASEAN_001.jpg

Euskara etxez etxe Erandion
+

Erandioko euskara zerbitzuak, herriko ikastetxe eta liburutegiekin elkarlanean, Euskara etxez etxe ekimen berria martxan jarri du aurten. Kanpainak bi helburu ditu: batetik aisialdirako euskarazko produktuak ezagutzera ematea eta bestetik herritarrei erabiltzeko aukera eskaintzea. Horretarako herriko liburutegietan eta ikastetxeetan 16 poltsa banatuko dira, zortzi Haur Hezkuntzako ikasleei zuzenduta eta beste zortziak Lehen Hezkuntzako ikasleetzat. Poltsa horietan aisialdirako euskarazko produktuak egongo dira bi kategoria horietan banatuta, eta denek material ezberdina izango dute.

Horretarako poltsa bakoitzak zenbaki bat izango du elkarrengandik bereizteko eta bakoitzaren barruan bertan duen materialaren zerrenda ere izango du. Poltsa bakoitzean material hau egongo da: jostailu edo jokoa, liburua, CDa, DVD edo CD-ROMa eta Euskarazko Produktuen Katalogoa, produktu gehiago ezagutu ahal izateko eta bertako produktu asko liburutegietan ere maileguz hartu ahal direlako.

Argazkiak ikusi

Etxez etxe irudia.jpg

Errenta aitorpena euskaraz Lea-Artibain
+

Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroako udaletako euskara zerbitzuek herritarrek errenta aitorpena euskaraz egin dezaten animatu nahi dituzte sentsibilizazio-kanpaina baten bitartez. Hori lantze aldera, errenta aitorpena egiten duten erakundeetan kartelak jarri dira herritarrei errenta aitorpena euskaraz egiteko gonbitea eginez.

Era berean, aipatutako udalek esku-orria zabaldu dute herritarren artean eta bertan errenta aitorpena euskaraz egitearen garrantzia eta egiteko bideak jaso dira. Helburu nagusia da herritarrek euskara diru kontuetan ere erabiltzea eta, urterik urte, euskararen erabilera handitzen joatea.

Argazkiak ikusi

Errenta euskaraz kanpaina.bmp

Gazte triatloia Enkarterrin
+

Enkarterriko Mankomunitateko euskara zerbitzuak badaramatza jada bost urte Gazte triatloia antolatzen. Ekimenaren helburu nagusia da euskara gazteengana hurbiltzea ekintza erakargarriekin. Ikasturtean zehar, eskualdeko bost ikastetxeetako kirol irakasleekin elkartu ondoren, proben ezaugarriak eta edukiak zehaztu dira. Guztira triatloi probak egiteko 155 ikasle, 14-15 urte bitartekoak, eta hainbat irakasle eta antolatzaile bildu dira.

Proba guztietan Jon Alegria kirol esatari profesionalak megafoniaz gertatzen zenaren berri eman du. Bitartean, ikastetxeetatik etorritako gazteak beraien ikastetxeko lehiakideak animatzeko, euskarazko animo oihuak erabili dituzte eta hainbat pankarta ere ikusi ahal izan dira inguruan euskaraz animatzen.

Aurtengo berrikuntzen artean ginkana proba izan da. Gazteek abilezia eta arintasuna erakutsi behar izan dute, baita teknologia berriak erabiltzeko trebezia ere. Dena euskaraz, noski. Urtero bezala, gazte triatloian jasotako guztia grabatu egin da eta DVD batean jaso, gero ikastetxeetan banatzeko asmoarekin. Iaz grabatutakoa helbide honetan ikusgai dago: http://vimeo.com/44068628

Argazkiak ikusi

Gazte triatloia.jpg

Zuztarluze txapelketa Galdakaon
+

Galdakaoko Udaleko euskara zerbitzuak, Zuztarretatik Ahora proiektuan oinarrituta, Zuztarluze txapelketa antolatu du Galdakaoko ikastetxeekin elkarlanean. Lehiaketak Galdakaoko ondare etnolinguistikoa bultzatu nahi du eta LH5, LH6 eta DBHko ikasleei zuzenduta dago. Materiala, proben edukiak, moldaketak eta abar ikastetxeekin batera landu eta adostu dira. Zuztarretatik Ahora proiektu barruan batu den ahozko ondarearen edukiak (kantuak, errefrauak, hiztegia, toponimia …) modu atsegin eta dibertigarrian lantzeko sortu da egitasmo hau.

Telebistako programa batean oinarrituta dago eta programaren antzera partehartzaileak bikoteak dira. Bikote bakoitza beste 3-4 bikoteekin lehiatuko da eta hiru fase ezberdinetan, probaz proba, irabazle bakarra geratu arte garatzen joango da jolasa. Horretarako maiatzaren 31n 3 ekitaldi antolatu ziren kategoria bakoitzeko. Lehenengo biak, goizez izan ziren eta ikastetxeetako ikasleak joan ziren. Hirugarrena, aldiz, arratsaldez egin zen eta herriko jendeak izan zuen joateko aukera. Bertan DBH3 eta DBH4ko ikasleak lehiatu ziren herri guztiari zabaltzeko asmoa duen egitasmo berri honetan.

Argazkiak ikusi

Zuztarluze irudia.jpg

ArgIHIzkiak, testu laburren lehiaketa Uribe Kostan
+

ArgIHIzkiak argazkietan oinarritutako II. testu laburren lehiaketa martxan dago jada. Egizuk eta UK aldizkariak antolatu dute lehiaketa eta, besteak beste, Getxoko Udala, Erandioko Udala, Leioako Udala eta Uribe Kostako Mankomunitatea dira laguntzaile eta babesle. Literatur-ekimen honen helburuak dira jendea euskaraz idaztera eta irakurtzera animatzea eta Uribe Kostako argazkilarien lana ezagutzera ematea. Horretarako aukeran ematen diren hamabi argazkitatik parte hartzaileek bat aukeratu eta irudi horretan oinarritutako testuak idatzi beharko dituzte.

Lehiaketa bi kategoriatan banatuta dago: labur-laburra, gehienez 160 karaktereko testua, eta laburra, gehienez 100 hitzeko testua. Lanak bidaltzeko epea maiatzaren 31n amaitu zen eta epaimahaiak kategoria bakoitzeko 200 euroko sari orokorra nortzuei dagokien hausnartu beharko du. Argazkiak helbide honetan daude ikusgai: http://www.egizu.org/literatura/argi-hizkiak/2013/

Argazkiak ikusi

argihizkiak-2013-kartela_txiki.jpg

‘Euskararen txokoa’ Txorierriko Mankonunitateko web gunean
+

Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateko euskara zerbitzuak Euskararen txokoa izeneko gune berria sortu du bere web gunean eta epe laburrean mankomunitatea osatzen duten udaletako web guneetan ere ikusgai egongo da. Gune honen helburua da euskarari lotuta dauden hainbat web gune interesgarri leku bakarrean izatea kontsultagai.

Sarean euskarazko eskaintza oso handia bada ere, sakabanatuta dago eta euskara zerbitzuak web gune interesgarrien aukeraketa egin du lagungarria izango delakoan. Herritarrek modu errazean behar dutena aurkitzeko 10 interesgune ezberdinen sailkapena egin da eta 60 sarbide inguru ditu Euskararen txokoak: informatika baliabideak, hiztegiak, gazteen txokoa, gurasoen txokoa, euskara ikasteko, euskara elkarteak, bizkaiera, merkataritza eta ostalaritza, leku-izenak euskaraz eta kirola. Gune berriak sortu ahala, sarbide berriak sartuko dira eta eguneraketa horretan herritarrek ere parte hartu ahal dute sarbide interesgarri berriak euskara zerbitzuari jakinaraziz. Euskararen txokoa helbide honetan dago: http://www.e-txorierri.com/eu-ES/Zerbitzuak/Euskera/Orrialdeak/bizi_Euskararentxokoa.aspx

Argazkiak ikusi

Euskararen txokoa.JPG

Udaberri Kulturala Etxebarrin
+

Maiatzaren 23 eta 24an Etxebarriko Udalak Udaberri Kulturala: XI. Liburu eta disko azoka egitasmoa antolatu zuen udalerriko plazan. Bi egunetan zehar herritarrek euskarazko liburuak, diskoak eta materiala erosteko aukera izan zuten. Gainera etxebarritarrek % 20ko deskontua izan zuten produktu guztietan. Azokara herriko ikastetxeetako ikasleak ere hurbildu ziren eta beraientzat zuzenduta hainbat ekintza izan ziren. Era berean, bertaratutakoek herriko liburutegietan dagoen euskara eskaintza eta udalak euskararen arloan egindako lanen berri izan zuten.

Argazkiak ikusi

Erandio eta Leioako ondarea unitate didaktikoetan
+

Erandioko eta Leioako Udalek bertako kultur ondarea lantzeko prestatu dituzten unitate didaktikoen aurkezpena izango da ekainaren 6an, goizeko 11:00etan, Erandioko udalbatza aretoan. Unitate didaktikoak liburu eta DVD formatuan bildu dira. Lan honen helburua Erandio eta Leioako euskal ondare etnografikoa eta linguistikoa batu, landu, sailkatu eta berarekin Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako umeentzako Euskal Curriculumean txertagarri den material didaktiko-pedagogia eskaintzea da.

Argazkiak ikusi

Txiker eta handi dvd.JPG

Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak
+

Dakizuenez, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetan 2013ko ekitaldian Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) garatzeko diru-laguntzei buruzko agindua (2130/2013 Agindua, maiatzaren 2koa) argitaratu da maiatzaren 6ko EHAAn. Eskabideak aurkezteko epea 2013ko maiatzaren 7an hasi zen eta ekainaren 6an amaituko da.

Argazkiak ikusi

Lan mundua euskalduntzeko konferentzia
+

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak euskarak lan munduan duen egoeraren inguruan lan munduko eragileekin hausnarketa egin ondoren, ekainaren 13an, Arrasateko Garaia Berrikuntza Zentroan lan mundua euskalduntzeko konferentzia antolatu du. Lan munduan zeresana duten lau eremu nagusiei, hau da, enpresariei, langileei, administrazioari zein herritarrei, gaiaren inguruan hitz egiteko aukera eskainiko zaie konferentzia horretan. Administrazio arloari dagokionez, Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Orokorreko Hizkuntza Araubiderako buru den Joan Ramon Solé Duranyk bertako politiken berri emango du.

Argazkiak ikusi

Konferentzia.jpg

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea