Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
79. alea
2013ko apirila

 
Teknologia berriak ikastaroaren balorazioa
+

Alkarbide bilguneak, Azkue Fundazioarekin lankidetzan, Bizkaiko udalerri eta mankomunitateetako euskara teknikariei zuzendutako teknologia berriei buruzko ikastaroa antolatu du apirilean. 40 euskara teknikarik parte hartu dute eta bi egunetan honako aplikazio hauek landu dituzte: Dropbox, WeTransfer, Yousendit, Google Drive, Facebook, Twitter, Slideshare eta Skype.

Ikastaroari egindako balorazioa positiboa izan da eta emaitzak oso onak izan dira. Gehienek ikastaroa oso interesgarria izan zela aipatu zuten eta bertan emandakoa eguneroko lanean baliagarria izango dela aitortu zuten. Ikastaroa laburra egin zitzaien eta aurrerantzean ere mundu digitala eta lanean aplikazioa izango luketen ikastaroak egitea proposatu zuten.

Argazkiak ikusi

IMG-20130416-WA0000.jpg

Itxaso Paiaren gazteentzako motibazio hitzaldiak
+

Nahi dudalako! kanpainari lotuta, martxoa eta maiatza bitartean Itxaso Paiak motibazio hitzaldiak emango ditu Bizkaiko hainbat institututan. 14-16 urte bitarteko gazteei zuzendutako hitzaldion helburua gazteok Batxilergoa eta Lanbide Heziketako ikasketak euskaraz egiten jarraitzea eta euskararen erabilera sustatzea eta indartzea da. Itxasoren testigantza kanpainaren web gunean agertzen da eta hitzaldiaren bidez gazteak euskaraz ikasten jarraitzera animatuko ditu.

Hitzaldian Itxaso Paiak kanpainako web gunea aurkezten die institutuko gazteei eta bertan dauden baliabide guztien gainean aritzen dira bai hizlaria, bai gazteak. Era dinamiko eta erakargarrian, gazteek hurrengo urteetan euskaraz ikasten jarraitzeko aukeren berri izango dute.

Aurten gainera, gazteek ikasketen inguruan duten informazioa partekatzeko tuenti eratu da eta haren berri ere ematen da hitzaldietan.

Argazkiak ikusi

Itxaso Paiaren hitzaldia.jpg

Leioako euskara plan berria eta ekintzak
+

Leioako Udalak euskara plana jarri du martxan aurten eta hurrengo lau urteetan euskara sustatzeko ekintzak egingo dira herrian. Helburu nagusia euskara arlo guztietan erabiltzea da eta herritarrek aldeko jarrera izatea. Lehenengo plana hasi zenetik hona Leioan euskaldunen portzentajeak gora egin du eta aldeko datuok aprobetxatuta, plan berriak euskara erakargarri bihurtzea lortu nahi du, batez ere, gazteen artean. Izan ere, haien artean erabilera gehiago jaitsiz gero, transmisioaren katea apurtzen joango litzateke.

Plana garatzeko, herritarrei parte hartzeko aukera eskaini zitzaien. Herriko gizarte eragileek euskararen egoeraren gaineko iritzia eta hobetzeko beharrekoak liratekeen neurriak udalari jakinarazi zizkioten horretarako egin ziren bi batzarretan.

Planari lotuta, azken asteotan euskara sustatzeko hainbat ekintza egin dira. Hasteko Paula Kasaresek hitzaldia eskaini zuen euskaraz ez dakiten gurasoentzat eta bertaratu ziren gurasoen kezka eta galderei erantzuten aritu zen. Bestetik, Udala oroigarriak euskaraz egiteko laguntza eskaintzen hasi berri da. Horretarako, euskara zerbitzuak edozein gizarte ospakizunetarako doako itzulpen zerbitzua eskainiko die bai herritarrei, bai merkatariei. Amaitzeko, udalak ekintza berria jarri du martxan aurten: ‘Barikuetan jai’. Programa honek famili osoa euskaraz jolasteko eta bizitzeko helburua du eta horretarako ekintzak antolatuko dira hilean bi ostiraletan.

Argazkiak ikusi

1110_1098_BarikuetanJai.jpg

Hemengo 2013, gazteentzako jardunaldiak Barakaldon
+

Barakaldoko gazteek aisia euskaraz bizitzeko aukera izango dute Hemengo, euskara eta euskal kulturaren VIII. Jardunaldiei esker maiatzera bitartean. Udalak hainbat ekintza antolatu ditu udaleko Giltzarri plataformaren bitartez. Erakunde horrek 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzako aisialdirako ekintzak prestatzen ditu.

Hemengo jardunaldietako ekintzen aukeraketan gazteek eurek parte hartzen dute zuzenean. Aurreko hilabeteetan 49 ekintza-proposamen jaso zituen Giltzarrik eta horietatik zazpik aurrera egin dute. Ekintzak doakoak dira eta arlo ezberdinetakoak, besteak beste, hitzaldiak, emanaldiak, txotxongiloak, graffitiak egiteko tailerra eta flashmob-a.

Argazkiak ikusi

hemengo 2013.jpg

Errotuluentzako diru-laguntzak Portugaleten
+

Portugaleteko udalak diru-laguntza deialdia argitaratu du merkatariek establezimenduetako kanpo errotuluak euskaraz jartzeko, izan ere, udalak hizkuntzaren erabileran hizkuntza-paisaiak garrantzi handia duela uste du. Diru-laguntzaren onuradunak herrian kokatuta dauden merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen establezimenduak izango dira. Horretarako errotuluetako testuak zuzen idatzita egon behar du eta, aholkurik behar izanez gero, udaleko euskara zerbitzura jo daiteke laguntza eskatzera.

Errotulua euskara hutsean idatziz gero, gastuaren % 50 diruz lagunduko da, gehienez 400 euro. Errotulua, aldiz, euskaraz eta gaztelaniaz idatziz gero, gastuaren % 30a lagunduko da, 200 euroko mugarekin.

Argazkiak ikusi

izengabea.JPG

Uribe Kostako Bertsolaritza (1900-1980) liburua
+

Uribe Kostako Bertsolaritza (1900-1980) liburuaren aurkezpena apirilaren 17an egin zen Getxon. Bertan batu ziren Miren Dobaran, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Koldo Iturbe, Getxoko euskara zinegotzia, Joseba Goikuria, Erandioko alkatea, Mari Isabel Landa, Uribe Kostako Mankomunitateko lehendakaria, Fredi Paia bertsolaria eta informanteak eta euren senideak. Getxo, Leioa eta Erandioko Udalek eta Uribe Kostako Mankomunitateak bultzatuta, lana Fredi Paiak eta Labayru Ikastegiak egin dute, Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Liburuaren argitalpena aitatutako erakundeak 2005etik Uribe Kostako ondare etnolinguistikoa berreskuratzeko egiten ari diren lanaren beste pausu bat da. Liburua, beraz, gure hizkuntza-ondarea jaso eta zabaltzeko beste ahalegin bat da, ahozko tradizio zaharra gaur egungo herritarrei uzteko asmoarekin. Liburuarekin batera DVDa ere egin dute, lekukoek emandako berriak entzun ahal izateko eta argazkiak ere bertan batu dira.

Argazkiak ikusi

UK bertsolaritza.JPG

Ikasleen XII. Idazlan Koadernoak Gernika-Lumon
+

Gernika-Lumoko Udaleko euskara zerbitzuak eta Hezkuntza arloak, udalerriko irakaskuntza zentroekin elkarlanean, XII. Idazlan Koadernoak argitaratu dute. Orain dela hamabi urte, Udal Eskola Kontseiluak eskolaz kanpoko egitarauan sartu zuen ekintza hau idazmena lantzeko eta irakurzaletasuna sustatzeko asmoarekin. Helburu nagusia euskara sendotzea da.

Herriko ikastetxe bakoitzak zentroko ziklo bakoitzeko bi idazlan aukeratzen ditu. Lehen hezkuntzako 30 idazleren lanak jaso dira liburu batean formatu originalean, hau da, eskuz idatzita eta bere irudiekin. Goi mailetan, berriz, 31 idazlan jaso dira eta CD batean argitaratu dira. Idazleei eskerrak emateko bi ekitaldi egin dira apirilean. Bertan argitalpen aleak eta herriko liburu-dendetan erabiltzeko bonoak jaso dituzte. Bestalde, argitalpen bakoitzak aurretik egindako portada lehiaketako irabazleen lanak jasotzen ditu.

Argazkiak ikusi

Idazlan koadernoak.JPG

Arrigorriagan ere Berbalagun
+

Martxan dago jada Berbalagun egitasmoa Arrigorriagan bertako Udal Euskaltegiak eta Euskara Zerbitzuak antolatuta. Helburua partaideei hitz egiteko aukera eskaintzea da, maila berean, modu erosoan eta lotsa gaindituz. Ekintzak arrakasta handia izan du, aurten 6 talde sortu baitira. Berbakideak, besteak beste, euskaltegiko ikasle eta ikasle ohiak, euren euskara suspertu nahi duten herritarrak eta eskolako begiraleak dira.

Honela, bada, ekainera arte berbakideak astean behin batuko dira eta dinamizatzaile baten gidaritza izango dute gustukoen dituzten ekintzak burutzeko: kafea hartu, paseoan ibili edo erakusketa batera joan. Horrez gain, hainbat ekintza osagarri proposa ditzakete bai dinamizatzaileek zein berbakideek.

Argazkiak ikusi

Arrigorriagako berbalagun.bmp

Zabu-zibu programa Durangaldeko parkeetan
+

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko euskara zerbitzuak euskararen familia transmisioa lantzeko jolasguneak antolatu ditu. Helburua euskararen transmisioa jolasaren bidez lantzea eta indartzea da. Horretarako mankomunitatea osatzen duten herrietako jolasguneetan eta Urtxintxa Eskolako dinamizatzaileen laguntzaz, 3-5 urte bitarteko umeek eta beraien gurasoek eta senideek ordu beteko jolasa izango dute euskara etxean edo eskolan bakarrik ez dela erabiltzen ikusteko.

Argazkiak ikusi

Zergatik ez? tailerra Zaldibarren
+

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak Zaldibarren euskararen erabilera soziala bultzatzeko tailerra antolatu du maiatzean, 0-6 urte bitarteko haurren guraso euskaldunentzat. Euskararen erabilera sozialaren gainean hausnarketa egiteko saioa da eta hizkuntzaren aldeko argudioak eskaini nahi dira. Horretarako aurrez aurreko elkarrizketetan hizkuntzari eusteko teknikak eta hausnarketarako arrazoiak eta gakoak jorratuko dira, bide batez, parte hartzaileen hizkuntzaren aldeko jarrerak indartuz.

Argazkiak ikusi

Euskal astea Abanto-Zierbenan
+

Azken urteetan bezala, Abanto-Zierbenako euskara zerbitzuak apirilean euskal astea antolatu du. Aste osoan hainbat ekitalditan parte hartzeko aukera izan dute abantoarrek bai herriko ikastetxeetan bai eta herrian bertan ere: pailazoak, bertsolariak, hitzaldiak, jolasak, erromeria... eta nola ez, urterik urte gero eta indartsuagoa dagoen Euskal Ezkontza.

Ohitura hori herrian aspaldi galdu bazen ere, aurten, 500 herritar inguru antzinako soinekoekin jantzi dira eta ezkontideei lagundu diete Abanto-Zierbenako kaleetan zehar. Ondoren, 300 lagunentzako bazkaria izan dute.

Argazkiak ikusi

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea