Gidabaimena euskaraz 2012ko kanpainaren sari banaketa egin zen martxoan eta ekitaldi horretan kanpainak emandakoaren berri eman zuten. Egitasmoa orain dela hiru urte hasi zen eta ordutik Bizkaiko hainbat herrik parte hartu dute. Helburu nagusia gazteak gidabaimena euskaraz ateratzera animatzea da eta, horretarako, udal batzuek azterketa euskaraz prestatu eta egitea erabakitzen duten 18 eta 23 urte bitarteko gazteei diru-laguntza eman diete bai eta institutuetan informazioa eskaini ere. Aurten gainera, autoeskoletako irakasleei prestakuntza eman zaie APAVIrekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker.
2012an egitasmoan parte hartu duten herrietako 66 gaztek (100 baino gehiagok Bizkaian) gainditu dute gidabaimenaren azterketa euskaraz. Aurreko urteetako datuekin alderatuz, nabarmen egin du gora ekimenak; 2011n 28 gaztek eta 2010ean gazte batek bakarrik gainditu zuen azterketa euskaraz.
Hortaz, gazte horiek saritzeko asmoarekin, ekimenean parte hartu duten udalerriko gazteen artean 3 sari banatu ziren. Sariak banatzeko ekitaldia Bizkaiko Foru Aldundiko Rekalde aretoan antolatu zen eta bertan Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua, Imanol Landa Getxoko alkatea, Iñigo Montenegro APAVIko burua, irabazleak eta azterketa gainditu zuten beste hainbat gazte izan ziren.
Durango
Durangoko Udalak otsailean 2013-2017 euskara plana onartu zuen, bai udal administrazioari dagokiona, bai herri mailakoa. Udal administrazioaren planak lau helburu ditu: euskara zerbitzu hizkuntza izatea, euskara lan-hizkuntza bilakatzea, udal programetako euskarazko eskaintza handitzea eta herritarren euskarazko eskaria handitzea. Bestetik, herri mailako euskara planak bi helburu nagusi ditu: hizkuntza politikako neurriak erabakitzea eta sustatzea euskaraz bizitzeko aukera bermatze aldera, eta ekimenak areagotzea euskararen erabilera normalizatzeko maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean. Plan biak osatzeko, batetik udaleko alderdi politikoetako ordezkariekin, udal sailetako buruekin eta udal langile gehienekin elkarrizketak egin dira. Bestetik, herri mailako planean Durangoko 70 eragilek eta Euskararen Aholku batzordekideek hartu dute parte.
Trapagaran
Trapagarango Udalak euskara sustatzeko lehen plana onartu berri du. Hurrengo lau urteetan, arlo ezberdinetan euskararen erabilera handiagotzeko asmoz, helburu nagusiak hauek izango dira: euskararen erabilera sustatu, herria horretarako sentsibilizatu, hizkuntzaren irakaskuntza sustatu eta instituzionalizazioa bultzatu. Nahiz eta plana aurten indarrean jarri, udala iaztik lanean dabil. Hasteko, biztanleek udaletik diru-laguntza jasoko dute euskara ikasteagatik, eta hasi berria den Berbalaguneko ekintzak beregain hartu ditu. Gainera, planak ere eragina izango du arlo hauetan: merkataritza eta ostalaritzan, aisialdian, kirolean, kulturan, komunikazioan eta teknologia berrietan.
Markina-Xemein
Markina-Xemeingo Udalak martxoan herrian euskara sustatzeko plana onartu du hurrengo 5 urteetarako. Bertan gazte, familia eta etorkinen esparruetan euskararen erabilera nola sustatu aipatzen da, baita merkataritzan, kulturan eta kirolean ere. Hori guztia euskararen erabilera handitzeko ekintzen bitartez burutuko da. Plana osatzeko herritarrekin batera, bi lansaio ireki egin ziren eta merkatariekin lansaio berezi bat. Bertan aztertu ziren egungo egoera, herrian euskarak dituen hutsuneak, herritarren ardurak euskararen inguruan eta aurrera begira dituzten gogoak eta asmoak.
Orozko
Orozkoko Udalak euskararen erabilera sustatzeko plan berria onartu du eta, besteak beste, euskararen ikaskuntzan eta transmisioan eragin nahi du. Horretarako planak euskararen erabilera sustatu nahi du udalerrian eta arlo hauetan: familian, kulturan, gizartean, kirolean eta merkataritzan.
Durangaldeko Merinaldearen Amankomunazgoko euskara zerbitzuak eta Batzorde teknikoko kideek Zarea: Durangaldeko euskararen sarea sustatu eta martxan jarri dute. Batzorde teknikoaren bitartez eskualdeko euskara eta kultur teknikariak ere lanean aritu dira: Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar eta iaz hasitako lan hori martxoan aurkeztu dute. Web gunearen helburua da mankomunitateko herrietan dagoen euskarazko eskaintzarekin zerikusia duen guztia batzea, besteak beste, EBPN, erabilera plan eta aurrekontuen gaineko informazioa. Gainera, ondare toponimikoa, albisteak, loturak, baliabideak eta euskarazko ekitaldien agenda ere batuko dira bertan.
Zarea hitzak otzara esan nahi du Durangaldeko eskualdean eta web guneak euskararen gaineko informazioa biltzen duenez, otzara bat izan nahi du, hau da, eskualdeko euskarazko edukien bilgunea.
Durangalderako tresna baliagarria izan nahi du Zareak, batez ere, mankomunitateko herrietako euskara zerbitzuetatik egiten diren proiektuak ezagutzera emateko: agenda, soziolinguistika, diru-laguntzak, toponimia, argitalpenak, euskara bultzatzeko egitasmoak…
Zarea ezagutu nahi baduzu sartu lotura honetan: www.durangaldeaeuskaraz.eu
Aurreko urteen antzera, Galdakaoko Udaleko euskara zerbitzuak gazteen artean motibazio-saioak eta “Lagunarteko hizkerarekin jolasean” saioak antolatuko ditu herriko hiru ikastetxeetako DBH eta Batxilergoan.
Motibazio-saioetan gazteen euskararekiko inplikazioa landu nahi da. Motibazio-saioen helburuak honako hauek dira: alde batetik, euskararen egoerari buruzko hausnarketa egitea, jarrera aktiboa eta kontzientea bilatuz, eta, bestetik, gazteen inplikazioa bilatzea, euskararen normalkuntzan egin dezaketena ikasaraziz.Beste alde batetik, “Lagunarteko hizkerarekin jolasean” saioa ere burutuko da DBH irakasten duten herriko ikastetxeetan. 10 orduko saio horrek egoera ez-formaletan euskararen erabilera areagotzea izango du helburu. Saio honekin gazteek euskaraz jolastu, bizi eta gozatzea lortu nahi dute antolatzaileek.
Orokorrean, erabiltzen dituzten esaerak aztertu eta berriak nola sortu ahal dituzten landuko dute eta, era berean, gazteei animatu nahi zaie egoera ez-formaletan eta lagunarteko erregistroan euskara erabiltzen.
Martxoaren 21ean Ondarroako hizkuntza-erabileraren kale-neurketaren aurkezpena egin zen herrian bertan Soziolinguistikako Klusterreko kidea den Olatz Altunaren eskutik. Neurketa 2011n egin zen eta Ondarroako kaleetan zehar urte horretako udazkenean hitz egin zutenen emaitza da. Guztira 2.924 elkarrizketa behatu ziren eta 7.038 solaskideren datuak bildu ziren. Aztertutako solaskide kopurua handia izan zen Ondarroak 8.852 biztanle dituela kontuan hartuta.
Azterketaren arabera, Ondarroako kaleetan entzundako elkarrizketen euskaren erabilera % 96,3koa da, gaztelaniazkoa % 4,7koa eta beste hizkuntzetakoa % 1,7koa. 1996an egin zen Euskal Herriko kale-neurketan Ondarroak % 79,1eko erabilera izan zuen; beraz, gorakada nabarmena izan du. Gainera, Ondarroako biztanleriaren hizkuntza-gaitasunarekin alderatuz, % 81,1ekoa, espero zitekeen erabilera baxuagoa zatekeen eta ez da horrela izan.
Neurketaren txostena Ondarroako udalaren web gunean, euskara atalean, dago ikusgai: www.ondarroa.eu
Sopelako Aitxu! euskara taldeak udalerriko kiroldegiko ikastaro eskaintzetan euskararen erabilera sustatzeko kanpaina berria jarri du martxan. Gaur egun, umeei zuzendutako ikastaroak kenduta, beste guztiak gaztelaniaz eskaini eta ematen dira. Horregatik euskara taldeak, udalarekin lankidetzan, kiroldegiko erabiltzaileen artean inkesta bat banatu du euskararen ezagutza eta ikastaroak euskaraz jasotzeko prestutasuna neurtzeko asmoz.
Inkesta banaketa martxoan hasi zen eta hilabeteko epean emaitzak herritarren artean zabalduko dituzte. Helburua da, erabiltzaileek horrela eskatuz gero, hurrengo ikasturtean kiroldegiko ikastaro batzuk euskaraz eskaintzea. Emaitzak aldekoak badira, lehen aldia izango litzateke Sopelan ikastaroren bat euskaraz burutu ahal izango dena.
Gernika-Lumoko toponimiari buruzko liburua 2011n aurkeztu eta gero, orain liburu horretan oinarritutako datu-basea sarean dago ikusgai euskara zerbitzuaren web gunean. Helburua aurrerantzean egin beharreko aberaste, zuzentze eta zehazte lanak web gune horretan kokatzea da.
Liburuan dagoen informazio guztia eta toponimoen fitxak txertatu dira bertan: etimologia, historia, bilakaera, aldaketak, sinonimoak. Bilaketak egiteko aukera ere badago, alfabetikoki edo toponimo motaren arabera eta udalerriko toponimia mapa eta kaletegiaren mapan ere ikusgai daude.
Beraz, http://www.gernika-lumo-euskaraz.com/toponimia/ web gunea martxan dago jada eta nahi duenak kontsultatu, iradokizunak egin, toponimo berriak proposatu edo kritikagarriak kritikatzeko beta izango du. Tresna hau bizi-bizia izatea nahi dute, guztiona den altxorra denon artean handitzeko.
Ermuko euskara sailak herriari testuak euskaratzeko eskaintzen dion zerbitzua indartu nahian, martxotik aurrera herriko merkataritza eta ostalaritzara ere zabaldu du eskaintza hori. Horrela herrian euskararen erabilera handiagotu nahi da. Arlo horietan egunero eta normaltasunez erabiltzen diren testuak euskaratzeko eskaintza zabaldu da: prezioen edo eskaintzen kartelak; jatetxeetako kartak edo menuak, prezioen tarifa taulak… Horretarako interesdunek udalarekin harremanetan jarri beharko dira zerbitzuaz baliatzeko.
Bestetik, eta helburu berarekin, oinarrizko hitz-bilduma edo glosarioa banatuko da herriko ostalarien artean. Hitz-bilduma horrek ostalaritzan sarritan erabiltzen eta ohikoak diren esalditxo eta hitzak biltzen ditu, ezagutza eta erabilera pizteko asmoarekin.
Udaltop
Udaletako euskara zerbitzuek egin duten lana elkarbanatzeko eta denontzako erabilgarria izateko sortu ziren orain dela bost urte Udaltop topaketak. Aurten apirilaren 25 eta 26an Udaltop Udaletako Euskara-Zerbitzuen V. Topaketak antolatu dira. Jorratuko duten gaia hauxe da: Nola aktibatu herritarrak udalarekin euskaraz jarduteko? Zer eta nola egin, euskaraz ikus gaitzaten? Guztira 11 ponentzia egongo dira eta 18 hizlari arituko dira bi egun horietan. Beti bezala, topaketa Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean izango da. Izena emateko azken eguna apirilaren 19a izango da.
Euskararen transmisioari buruzko III. mintegia
Maiatzaren 7rako Eibarko …eta kitto! Euskara Elkarteak euskararen transmisioari buruzko III. mintegia antolatu du Eibarko Portalea Kultur Etxean. Gaiari sendotasunez heldu eta mintegiaren bitartez gaiaren inguruan dauden esperientzia eta praktika onak elkarbanatu eta ezagutarazteaz gain, transmisioari buruz eztabaida eta lan ildoak definitu nahi ditu elkarteak. Egun osoko saioa izango da eta bertan zazpi hizlari arituko dira transmisioaren gaineko esperientziak azaltzen. Izena emateko epea apirilaren 8an hasiko da.
beharsarea.net web gunea, orain urte batzuk Getxon sortua, iaz 28 herrira zabaldu zen. Web gunearen helburua herritarren artean lana euskaraz eskaintzeko edo eskatzeko Internet bidezko tresna izatea da eta dagoeneko 700 lan eskaera eta eskaintza daude jasota bertan.
Web guneak harrera ona izan duenez eta beste udalerri batzuen interesa ikusita, egitasmoan parte hartzeko epe berria zabaldu da. Beraz, zure udalerriak Beharsarean bere txokoa izatea nahi izanez gero, edo informazio gehigarririk nahi baduzu, jarri harremanetan Alkarbiderekin. Izena emateko azken eguna apirilaren 19a da.
D bitamina kanpainaren eragina neurtzeko asmoarekin, kanpainari buruzko informazioarekin batera, gurasoek inkesta bat jaso zuten. Guztira 70 inkesta inguru jaso dira eta, zozketa egin eta gero, sariaren irabazlea Muskizko familia bat izan da. Sari banaketan Muskizko alkateak eta euskara zinegotziak gurasoei eta alabari saria eskuan eman zieten.


