Aurten ere abian da Nahi dudalako! egitasmoa. Bertan Bizkaiko 33 udalerritako 5.300 gaztek euskaraz ikasten jarraitzeko aukerari buruzko informazioa jasoko dute.
Ekimen honen hartzaileak DBHko (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako) 3. eta 4. mailan euskarazko ereduetan ikasten ari diren gazteak dira. Gazte horiei ondorengo urteetan ere ikasketak, Batxilergokoak zein Lanbide Heziketakoak, euskaraz egiten jarraitzeko informazioa ematen zaie.
Informazio hori guztia www.nahidudalako.com web gunean aurkitu ahal izango dute gazteek. Ikasketa eta ikastetxeen gaineko informazioarekin batera, DBH amaitu eta euskara ikasten jarraitu duten hainbat gazteren testigantzak ere jaso dira web gunean. Euretan gazteek zergatik ikasi duten euskaraz azaltzen dute. Aurten, gainera, unibertsitateko eskaintza zein den ikusteko aukera ere badute gazteek eta euren zalantzen inguruan eztabaidatzeko tuentia erabilgarri izango dute. Era berean, web gunean sartu eta inkesta egiteagatik sariak eskuratu ahal izango dituzte. Horretarako, parte hartzaileek kanpainan parte hartu duten udalerrietan erroldatuta egon behar dute.
Web gunearekin batera kanpainaren berri emateko diptikoa banatuko zaie kanpaina bultzatu duten udalerrietako gazteei eta gazteon gurasoek kanpainaren nondik norakoak azaltzen dituen gutuna jasoko dute etxean.
Kanpainari lotuta, aurten ere Itxaso Paiak, eremu eta familia ez euskaldunean bizi arren euskara lehen hizkuntzatzat duen gazteak, hainbat hitzaldi emango ditu. Bertan euskaraz ikastearen garrantzia nabarmendu eta web gunean zer aurkituko duten azalduko die gazteei.
Alkarbide bilguneak, Azkue Fundazioarekin lankidetzan, Bizkaiko udalerrietako euskara teknikariei zuzendutako teknologia berrien gaineko ikastaroa antolatuko du. Ikastaro hau azaroan egin zenaren osagarria da. Oraingo honetan orduan aipatutako tresnak sakontasun gehiagoz azalduko dira.
Ikastaroa Azkue Fundazioko teknikariek emango dute Euskararen Etxean. Bi eguneko ikastaroa izango da eta bi saio egingo dira: apirilaren 15 eta 16an eta apirilaren 17 eta 18an. Bertan ondoko tresnak jorratuko dira: Dropbox, We transfer, Yousendit, Google drive, Facebook, Twitter, Slideshare eta Skype.
Ikastaroan parte hartu nahi duzuen euskara teknikariok oraindik garaiz zaudete, izena emateko azken eguna martxoaren 8an baita. Argibide gehiago nahi izanez gero, Alkarbiderekin harremanetan jarri.
Iazko urrian Erandioko euskara zerbitzuak guraso euskaldun eta erdaldunei zuzendutako hitzaldiak antolatu zituen. Hizlarietako bat Paula Kasares izan zen, Soziolinguistikan aditua eta haur eta lehen hezkuntzako ikasleen gurasoei zuzendutako hitzaldiak ematen dituena, bai guraso euskaldunei, zein guraso erdaldunei.
Guraso euskaldunei zuzendutako hitzaldia “Zuek duzue giltza” izenburupean eskaini zuen. Umeak txikitatik barneratzen hasten dira hizkuntza-ohiturak eta lehen urte horiek oso garrantzitsuak izaten dira hizkuntza-aberastasunari begira eta ordu eta laurdeneko hitzaldi horretan ideiak eta aholkuak ematen zaizkie gurasoei batez ere gizarte eleanitz honetan hizkuntza horiek umeak zelan bereganatuko dituen azaltzeko eta laguntzeko.
Bestetik, “Euskera. Entra un idioma en casa” hitzaldia seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatu nahi edo matrikulatu dituzten guraso erdaldunei zuzenduta dago. Umeak eskolan euskara ikasten hasten direnean hizkuntza berri hori etxera sartzeko lehen pausoa izan daiteke. Hitzaldian gurasoei aholku emango zaie euskararekiko harreman egoki bat eskaintzera begira eta jarrera positiboak ematera begira.
Teknikari askoren interesa ikusi ostean, hitzaldi hauek Bizkaiko herrietan eskaintzeko aukera emango da. Horretarako, Bizkaiko euskara teknikariek martxoaren 15a arteko epea izango dute euren eskaerak bilgunera helarazteko.
Erandion emandako hitzaldia ikusi nahi baduzue, sartu ondoko web gunean: http://youtu.be/AN5VP2ah9DY
VI. euskal soziolinguistika jardunaldiak urtarrilaren 31n izan ziren. Bertan Arrue ikerketaren emaitzak azaldu ziren eta horren gaineko hausnarketa egin zuten bertaratutakoek. Arrue ikerketa Soziolinguistika Klusterra, Hezkuntza Saila eta ISEI-IVEIren arteko lankidetzari esker egin da eta bertan 2011n LMH4 (9-10 urte) eta DBH2 (13-14 urte) mailetan zeuden EAEko ikasle guztien erabilera datuak jaso dira. Datu horiek oinarri berri bat eskaintzen dute Hezkuntza arloko bilakaera aztertzeko eta EAEko hizkuntza errealitate orokorra azaltzeko. Ondorioetako bat da ume eta gazte gehienek euskara eskolan bakarrik erabiltzen dutela eta aurrerantzean eta gainontzeko guneetan erabilera jaitsi egiten dela.
Hainbat hizlari aritu ziren jardunaldietan emaitzen gainean hitz egiten. Bertan, besteak beste, aipatu zuten umeen bi gune nagusiak eskola eta etxea direla eta hizkuntza eremuen artean eskola ‘gotorlekua’ dela, batez ere, ume garaian eskolak indar handia duelako eta askorentzat euskaraz egiten duten eremu bakarra delako. Gero, gazte garaian, indarra gutxitzen doa eskolaren eragina txikituz doalako eta beste gune batzuetan dutelako interes gehiago. Era berean, nerabezaroan arauak apurtzeko eta nagusi izateko garaia ere badela aipatu zen eta gehienek erreferentzia gisa gurasoak eta haien hizkuntza ohiturak hartzen dituztela.
Otsailean Berbetan jardunaldiak hasi dira Ermuan. Jardunaldiak martxoan amaituko dira eta helburua da euskararen erabileraren inguruko gogoetak egitea. Jardunaldiak 1999an hasi ziren antolatzen eta bertan euskararen ezagutza eta erabilerarekin lotutako gaiak lantzen dira.
Jardunaldiok Ermuko Euskal Birusa euskara elkartea, Eskolabarri ikastetxea, Ongarai eskola, Kaltxango AEK euskaltegia, Anaitasuna ikastola eta Udal euskaltegiaren arteko elkarlanaren ondorioz eta Ermuko Udaleko Euskara Zerbitzuaren babesarekin antolatu dira.
Lehenengo hitzaldia otsailaren 19an izan zen eta bertan Maite Goñi IKTen inguruan aritu zen irakasle eta teknologia berrien zaleei zuzendutako hitzaldian. Martxoaren 5ean, berriz, guraso-lagun taldearekin solasaldia izango da esperientziak kontatzeko, zalantzak argitzeko eta taldea indartzeko asmoz. Martxoaren 6an Esne Beltza taldearekin jende gazteari zuzendutako hitzaldi musikatua egongo da. Amaitzeko, martxoaren 13an, Kike Amonarrizek “XXI. Mendeko euskara, nola aldatu diren gauzak kamarada!!” hitzaldia eskainiko du eta “euskañola” eta gazteen erabilera aztertuko dira.
V. plangintzaldian sartu berriak gara eta Basauriko Udalaren Euskara Zerbitzuak EBPNren hirugarren plan estrategikoa eta plangintzaldi honetako erabilera plana prestatzen dihardu. Lehen zeregin horretan laguntzeko helburuz, Basauriko EAB biziberritu du udalak eta otsailaren 13an batu ziren batzorde horretan ordezkaritza duten talde guztiak, EBPNk jorratuko dituen esparruetako kideen iritziak jaso eta datozen urteotako lan-ildoez eztabaidatzeko. Basauriko EAB gutxienez hirutan batuko da 2013an, baina urte osoan egin ahalko dituzte proposamenak eta ekarpenak 2013-2017 aldiko planean txertatzeko. EBPN onartu ostean, planaren jarraipena ere hartuko du bere gain batzordeak.
Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Sailak Badihardugu elkartearekin 2009an hitzarmena sinatu zuen udalerriko ondarea eta herri hizkera bildu eta hedatzeko asmoarekin. Horretarako herriko adineko jendea elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jaso dira. Emaitzak azaroan aurkeztu ziren eta orain Gernika-Lumoko herritarren artean zabaltzeko garaia heldu da.
Lau urte hauetan 80 urte inguruko 72 lekukoen bizipenak grabatu, digitalizatu eta interneten ikusgai eta entzungai jarri dira elkartearen eta Euskara Zerbitzuaren elkarlanari esker. Bitartean irudirik gabeko hainbat grabazio ere berreskuratu egin ziren Udal Euskaltegiko Josu Erkiaga irakasleak eta Gernikazarra Historia taldeko Alberto Zarrabeitiak urteetan beraien aldetik egindako lanari esker.
Orain, sortutako materiala, besteak beste, irakaskuntzan, euskalduntze-alfabetatzean eta belaunaldien arteko ezagupena eta harremanak lantzeko erabiliko da. Materiala web gune honetan ikusi eta entzun ahal izango duzue: http://www.ahotsak.com/gernika-lumo/
Bermeoko Udaleko Euskara Sailak Telp tailerrak antolatu ditu euskararen erabilera herrian sustatzeko asmoarekin. Tailerrak euskaraz egiteko gogoa duten herritar edota herrian lan egiten duten guztiei zuzenduta daude eta 3 saiotan banatu dira. Dagoeneko, 2 saio egin dira eta bestea martxoan izango da.
Tailerren helburua euskaraz berba egiten dugunean, zenbait aldiz sortzen diren egoeren aurrean eta izaten ditugun erantzun desegokien aurrean zelan jokatu aztertzea da. Hau da, modu praktiko batean, egoera deseroso horietan hobeto sentitzen erakusteko baliabideak eskaintzen dira. Adibidez, euskaraz hasitako elkarrizketa bat gaztelaniaz berbetan amaitzen denean eta egoera horretaz deseroso sentitzen garenean. Halako jarrerak maila kognitiboan eta komunikatiboan lantzen dira, hau da, estrategiak lantzen dira eta sentsibilizazioa areagotzen da.


