Getxoko Egizu elkarteak sustatuta, 2011n beharsarea.net sortu zen Getxoko euskara zerbitzuarekin lankidetzan. Web gunearen helburua herritarren artean lana euskaraz eskaintzeko edo eskatzeko Internet bidezko tresna sortzea da, askotan lanerako pertsona euskaldunak nahi izanez gero, ez delako hain erraza haiek topatzea.
Oraingo honetan indarberrituta dator; izan ere, beharsare.net 28 udalerrira zabaldu da: 9 udalerri eta 2 mankomunitate. Honako hau proiektu irekia da, hau da, Euskal Herriko beste udalerri edo mankomunitateren batek parte hartzeko nahia izango balu Alkarbiderekin harremanetan jartzea baino ez du.
Web gunearen hasierako orria ekimenean parte hartzen duten herri eta mankomunitate guztiak batzeko diseinatu da eta Euskal Herriko mapa batean Bizkaia nabarmendu da momentuz, Bizkaiko udalerri batzuek baino ez dutelako parte hartzen. Bertan partehartzaileen izenak agertzen dira eta gainean sakatuz gero berari dagozkion eskaintzak eta eskaerak ikusteko aukera dago. Era berean, hasierako orrian argitaratu diren azken hamar eskaintzak eta eskaerak ere ikusi ahal dira. Ataria erabiltzea doakoa da eta euskaraz egiten diren lan partzialak zein lan profesionalak eskaini eta eskatzeko tresna erraz eta eraginkorra da. Erabiltzaileek bi baldintza baino ez dituzte bete behar: lana euskaraz egitea eta lan baldintzak duinak izatea.
Azken urteetan egindako lanarekin jarraituz, aurten ere abian jarri da hainbat udalerritan D bitamina. Aberastu bere heziketa kanpaina. Egitasmo honen bidez 2-3 urteko umeen eskolatze-aldia baino zertxobait lehenago, gurasoei hezkuntza sistemari buruzko informazioa bidaltzen zaie horren gainean hausnarketa egin dezaten. ALKARBIDE bilguneak koordinatu du ekimena eta guztira 7.000 liburuxka inguru banatu dira.
Helburua umeak eskolan lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoei D ereduari buruzko informazioa ematea eta eredu hori aukeratzeko arrazoiak azpimarratzea da. Guztira 36 udalerrik hartu dute parte: 21 udal eta 2 mankomunitate.
Urtero bezala, aurten ere, kanpainaren osagarri nagusiak banatuko dira eta lehenengoz kanpainaren eragina neurtu eta aurrera begirako kanpainak hobetu asmoz, gurasoek betetzeko inkesta ere gehitu dugu. Inkesta www.emangiltza.com web gunean bete daiteke edota gurasoek paperean bete eta euskara zerbitzura eraman dezakete. Inkesta osatzen duten gurasoen artean sariak zozketatuko dira.
Aurrematrikulazio epea urtarrilaren 28an hasi eta otsailaren 8an amaituko da.Egun, Bizkaiko udal-mankomunitateetako bederatzi trebatzaile eta Alkarbide bilguneko kide bat batzen dira hilero-hilero trebaGUNEn, batzorde eragile legez, Derioko mankomunitatearen egoitzan. Trebatzaileen bilgunearen osaerari dagokionez, azken urteotan hainbat aldaketa izan diren arren, egitura guztiz finkatuta dago eta lan-egitarau mamitsua aurkeztu dute 2013ko ekitaldian garatzeko. Horiek horrela, trebagaiak motibatzeko ekimenez, trebataldeen eraketaz edo trebataldeen kudeaketaz jardungo dute trebatzaileok urte osoan mintegi-formatuko saioetan.
Beste alde batetik, gainerako lan-mahaietako hainbat teknikarik asmoa erakutsi dute trebaGUNEn parte hartzeko eta horretarako aukera izango dute, betiere interesa daukan teknikariaren egitekoetan trebakuntza-lana jasota badago eta oraingo batzorde eragileak proposatutako lan-dinamika oztopatzen ez bada. TrebaGUNEko kideak bat etorri ziren proposamenarekin eta horren berri eman dugu bilguneko lan-mahai guztietan.
Lan egiteko oinarriak finkatuta, urteko hil bakoitzaren bigarren ostegunean dute hitzordua Bizkaiko trebatzaileok.
Enkarterriko Mankomunitateak 2013-2016 urteetarakoEuskararen Plan estrategiko berria onartu zuen abenduaren 18an egin zuen Batzar Orokorrean. Bertan euskararen arloan Mankomunitateak izango dituen ildoak, lehentasunak eta egitasmoak zehaztu dira. Plan berria osatzeko orduan, garrantzi berezia eman zaio herritarren partehartzeari eta planaren diseinua osatzeko hiru lan-saio egin dira urrian eta azaroan hainbat herritar eta herriko eragilerekin, funtsezkoa baita herriko euskaldunak eta euskaltzaleak aktibatzea eta herritarren elkarlana bultzatzea.
Lehentasunak Enkarterriko herritarren euskararenganako sentsibilizazioa lantzea, euskaldunen kopurua handitzea eta Enkarterriko euskaldun sarea sendotzea dira. Euskaldunen eta erdaldunen motibazioan eragiteko beharra nabarmendu da. Etengabe sortua izateko sortu den den Euskara plana aurrera eramateko beharrezkoak diren egiturak sortzeko interesa duten eskualdeko talde eta norbanakoekin osatu nahi da Euskararen Aholku Batzordea planaren jarraipena egiteko.
Urtarrilaren 31n egin dute planaren aurkezpena Zallako Kultur Etxean eta bertan planaren nondik norako guztiak azaldu dizkiete bertaratutakoei. Horrekin batera eskualdeko euskaltzale batzuen testigantzak entzuteko aukera ere egon da.
Ikusi eta ikasi
Bilboko Udalak bederatzigarren urtez Ikusi eta Ikasi kultur zirkuitua antolatu du. Egitasmo horren baitan antolatu diren ekintzen bitartez, Bilboko haurrek euren aisialdia euskaraz gozatu ahal izango dute. Ekintzok udalerriko gune gehienetara zabaldu nahi izan dira ikusleentzako eta gurasoentzako ordu egokian eta egun ezberdinetan.
Eskaintza gustagarria izan dadin, zirkuituaren barruan era askotako kultur adierazpideak uztartu dira: pailazoak, antzerkia, magoak, sukaldaritza, txotxongiloak eta abar. Egitasmo honen hartzaileak bi eta zortzi urte bitarteko haurrak dira; urtarrilaren 14an hasi eta martxoaren 23 arte luzatuko da eta 30 ekitaldik baino gehiagok osatuko dute. Gainera, iazko arrakasta ikusirik, aurten ere gurasoak umeekin errezeta gozoak egiten ikasteko 4 tailer izango dira euskararen transmisio familiarraren eremua bultzatzeko. Haur eta gurasoentzako mozorrogintza tailerra ere antolatu da elkarrekin mozorroa eta bere osagaiak sortzeko eta diseinatzeko.
Informazio gehiago http://ikusietaikasi.net orrian aurkituko duzue.
Harrapazank
Bilboko Udalak Harrapazank aisialdi programaren laugarren edizioa antolatu du. 9 eta 18 urte tarteko gazteen kultura eta hizkuntza-ohiturei eragin eta euskararen erabilera sustatzeko asmoz. Aurten Harrapazank eszena lehiaketa eta Sortuzank tailerrak antolatu dira.
Harrapazank eszena lehiaketan parte hartzeko gazteek 3-5 minutuko ikuskizun bat prestatu eta kasting batean aurkeztu beharko dute. Aukeratuak izanez gero, bigarren sailkapen kasting-a pasa beharko dute finalera heltzeko. Aurten sari bakarra izango da irabazle edo irabazleentzat: 1.500 euroko bonoa.
Bestetik, Sortuzank tailerrak 5 dira: moda diseinua, kazetaritza, grafittia, argazkilaritza eta musika. Tailerretan eginiko lanak on-line egingo den lehiaketan aurkeztu ahal izango dira eta, irabaziz gero, 500 euroko bono saria jasoko du kategoria bakoitzeko irabazleak. Tailerretan sortutako materialarekin erakusketa bat egingo da.
Informazio gehiago http://harrapazank.com orrian aurkituko duzue.
Euskalapps.net
Euskalapps.net web gunea The Movier Virtual enpresak sortu duen euskarazko aplikazioak biltzen dituen online denda da. Web guneak plataforma anitzeko sarrera izango du mugikorren aplikazioetara (IOS, Android, Windows Phone, Meego; BlackBerry..) eta, besteak beste, jokoak, ipuinak, musika eta euskara ikasteko aplikazioak aurkitu ahal dira, doakoak eta ordaindu beharrekoak.
Euskalapps.net-ek kontsumitzaileen eta erabiltzaileen euskarazko aplikazioen erreferentzia izan nahi du, baita aplikazioen egileentzat ere, aplikazio berriak programatzen laguntzeko.
Euskalplay
Azkue Fundazioak EuskalPlay webgunea sortu du eta bertan euskaraz jolasteko eta aldi berean euskara ikasteko aukera ematen du. Web gunean bederatzi joko aurki daitezke eta bakoitzak euskararen inguruko eduki bat lantzen du: euskalki ezberdinetako hitzak ikasi, sinonimoak bilatu, euskarazko hitzen jatorriari buruz ikertu, esaerak landu, euskalkien historia ezagutu edo gai ezberdinei buruzko hiztegia landu…
Plataformaren erabilpena doakoa eta guztiz zabala da. Jende orori zabalduta dago, baina ikastetxeetan erabilgarria izango delakoan joko bakoitzean ikasketa zein mailatarako zuzenduta dagoen azaltzen da etiketa baten bidez.
Euskara zerbitzuetan egiten ditugun egitasmoek ahalik eta zabalkunderik handiena izateko Agerkaria euskara zinegotziei ere bidaltzea proposatu zen azken koordinatzaileen batzarrean. Ildo horretan, euskara teknikariei mezua bidali zaie beraien arduradun politikoren batek Agerkaria bere posta elektronikoan jaso nahi izango balu, guri eskaera egiteko. Esan beharra dago, zuetako askok eskaria egin duzuela zuen arduradun politikoen izenean. Eskerrik asko!
Bestalde, beste alorretako pertsona batek edo bestek Agerkaria jasotzeko interesa izango balu, gurekin harremanetan jartzea besterik ez du.


