Apurka-apurka, aurtengo urtea amaitzen goaz hamahirugarrenean murgiltzeko. Urtero egiten dugun legez, urte zaharreko kontuak zuritu eta berrikoak lantzen hasita gaude. Horietan guztietan lagun izango gaituzue Alkarbide bilgunearen Idazkaritza Teknikoa nahiz Batzorde Eragilea osatzen dugun kideok baina, oraingoz, ondo amaitu urtea eta hobeto hasi berria.
Urtea amaitzeaz batera, udalek, udal erakunde autonomoek eta mankomunitateek 2013ko ekitaldian euskara sustatu, zabaldu edo normalizatzeko egingo dituzten jarduerei laguntzeko deialdia argitaratu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Aipatu deialdia arautzen duen dekretua (168/2012 FORU DEKRETUA, abenduaren 4koa) abenduaren 14ko BAOn argitaratu da eta aipatutako erakunde publikoei dagokienez, guztira, 1.115.000 euro banatuko ditu BFAk diru-laguntzetan.
Eskabideak aurkezteko epea 2013ko urtarrilaren 2an hasiko da eta hilaren 31n amaituko da.
Era berean, gogorarazi nahi dizuegu 2013ko otsailaren 28an azken eguna duzuela 2012an eskatutako eta jasotako jardueren diru-laguntzak justifikatzeko.
Urtero legez, Gabon jaiak orduko koordinatzaileen batzarra egin genuen bilgunearen urteko balantzea egiteko. Horretarako, aldez aurretik, teknikarioi balorazioa egiteko orria jarri genuen zuen esku . Balorazioetan, besteak beste, honakoak jaso ditugu:
Koordinazio atalari dagokionez jaso ditugun postontziaren inguruko balorazioak oro har oso onak izan dira; gehienok esan diguzue komunikazio bide eraginkorra dela. Indartu beharrekoen artean web gunea eta alkarpost zerbitzua aipatu dituzue, hala ere horiek biak asko erabiltzen ez dituzuela aipatu arren, guztiok azpimarratu duzue bata zein bestea egon beharreko tresnak direla. Agerkariaren bitartez aurten beste euskara zerbitzu batzuek egiten dutenaren berri jasotzen duzuela aipatu diguzue, hala ere, baten batek uste du informazioa errepikatu egiten dugula posta elektroniko bidez ere informazioa bidaltzen dugulako. Lan-mahaien funtzionamendua ere, oro har, ona da gehienon esanetan eta arlo honetan hobetu beharrekoen artean honakoak aipatu dituzue: taldekideen parte-hartzea eta ekarpenak; beste lan-taldeei buruzko informazio gehiago eta, oro har, elkarren berri gehiago izatea...
Proiektugintzari dagokionez, aurten egindako egitasmoen artean hobetu beharreko gutxi dagoela adierazi diguzue, izan ere egitasmoei buruz egindako ohar gehienak positiboak izan dira eta baita landutako gaiak ere nahiz eta baten batek aipatu udal txikiak kontuan hartu beharko liratekeela.
Azkenik, hurrengo urterako proposamenak egiteko eskatzen genizuen balorazio orrian, gehienok prestakuntza gehiago lantzea eskatu duzue. Gainera prestakuntza atal horretan zer landu nahiko zenuten ere zehaztu duzue eta guztion nahiak asetzen ahaleginduko gara.
Goian aipatutako balorazio horiek sakonago aztertzeko 2012ko Jardueren Txostena jarriko dugu Alkarbideren web gunean, baita koordinatzaileen batzarrean esandakoak jasotzen dituen akta ere.
GetxOnegin pintxo lehiaketaren helburua herriko ostalaritza eta euskara uztartzea eta sustatzea da. Aurten IV. edizioa izan da, eta herriko 44 tabernak eman dute izena. Abenduaren 15a eta 16a bitartean, bezeroek euro baten truke dastatu ahal izan dituzte lehiaketara aurkeztutako pintxoak, eta 4.000 boto-txarteletik gora utzi dituzte parte hartzeko kutxetan; gainera, 39 lagunek SMS bidez ere hartu dute parte (sistema hau urte honetako berrikuntza izan da). Bezeroek, pintxoa baloratzeaz gain, pintxoari piropo bat euskaraz idatzi behar diote, eta irabazleak hauek izan dira: Zelako sakramentua, zugatik utziko neuke komentua! (boto-txarteletan) eta Pintxitoa izango banintz, zotza jango nizuke! (SMSetan). Kaleetan eta tabernetan giroa alaitzeko, kale-animazioa ere egon da.
Ostalarien artean hiru sari eta bi aipamen berezi egon dira, eta bezeroek idatzitako piroporik onenen artean hamaika sari zozketatu dituzte, hainbat erakunde eta herriko merkatarien laguntzari esker. Tabernetako hizkuntza-paisaia euskaraz ere egon dadin, euskara zerbitzuak doako itzulpengintza eta maketazio-zerbitzua eskaini die parte hartzaileei; izan ere, tabernen artean banatutako sarietako bat hizkuntza-paisaia euskaraz txukunen duen establezimenduak irabazi du.
Ostalaritza eta euskara elkartzeko asmoarekin, eta GetxOnegin pintxo lehiaketaren aurrekari gisa, abenduaren 13an euskara zerbitzuak Show Cooking ardoa lagun ekitaldia antolatu zuen Fadura jatetxean. Josemi Olazabalaga, Aizian jatetxeko sukaldariburua, eta Mikel Garaizabal, Mendraka Txakolina upategiko enologoa eta sommelierra, izan ziren anfitrioiak. Lehenengoak lau pintxo egiten irakatsi zuen, eta bitartean, bigarrenak pintxo bakoitzarekin dastatu beharreko ardo aproposena gomendatu zuen, baita euren ezaugarriak azaldu ere. Ekitaldira 60 lagun hurbildu ziren.
Aurten ere Gernika-Lumon euskararen aldeko aldarrikapena helburu duen korrikaldi/ibilaldi herrikoia (krosa eta mendi martxa) egingo da abenduaren 30ean.
Aurten aldaketa txiki batzuk egin arren, aurreko edizioetan finkaturiko bi modalitate izango dira parte hartzeko: batetik, kros herrikoia eta bestetik, mendi martxa. Ekitaldi biak uztartu gura dira eta, horretarako, kontuan hartu dira ibilbideak, ordutegia eta amaiera ordua, partaide guztiek ordu berean, 13:00etan, topo egin dezaten. Han bukatuko da, kopautxo, opari eta zozketak bitarteko.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (HPS) ekimenez, euskara-ziurtagirien erregistro ofizial berria sortu da. Horrenbestez, herritar orok zer titulu duen jakin nahi izanez gero, norberaren datuak kontsultatzeko, erregistro bateratu horretara jo dezake.
Aplikazio informatikoa sortu da erregistro bateratuko informazioa kudeatu ahal izateko. Horrela, gune birtual propioa eraiki da Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren arabera baliokidetu diren euskara-ziurtagirien gaineko informazioa batzeko.
Erregistro bateratua zerbitzu publiko gisa eratu da, hau da, interesdunen eskura egongo da Internet bidez (www.euskadi.net).

