Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
74. alea
2012ko azaroa

 
Euskarazko Produktuen Katalogoa
+

Aurten ere Euskarazko Produktuen Katalogoa argitaratu da, dagoeneko, 15. edizioa, eta joan den azaroaren 15ean Donostian aurkeztu zen. Aurkezpenean katalogoaren nondik norakoen berri emateaz gain, katalogoaren eragina neurtzeko Aztiker enpresak egin duen azterketaren berri ere eman zuten.

Liburuxka honen bidez, urte osoan zehar eta, batez ere, Gabonetan euskaraz oparitzeko zer dagoen erakutsi nahi dute euskara zerbitzuek. Katalogoak guraso eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu zortzi ataletan sailkatuta.

Paperezko euskarriaz gain, www.katalogoa.org web gunea ere martxan dago eta liburuxkan jasotako produktuez gain, merkatuan aurkitu daitezkeen beste asko bertan agertzen dira.

Donostian egin zen aurkezpenean honako hauek izan ziren: Ibon Uribe, Galdakaoko alkatea, Zigor Etxaburua, Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendaria, Lurdes Larruzea, Igantziko alkatea eta Aztiker enpresako ordezkaria. Aurkezpenean bertan aurreratu zen bezala, azterketaren emaitzak ikusi ostean, aurrera begira web gunea indartzea izango da helburu nagusietako bat.

Udalerri batzuek, katalogoaren zabalkundearekin batera, txokoa antolatzen dute euskarazko produktuak guraso edo umeek ikusteko eta zelan erabiltzen diren jakiteko.

Bizkaiko 48 udalerritan, 45.895 katalogo banatu dituzte.

Argazkiak ikusi

DSC_0030.JPG

Euskararen Eguna
+

Joan den azaroaren 21ean Euskararen Eguna aurkezteko prentsaurrekoa egin zen EUDELen egoitzan. Bertan izan ziren BFAko Kultura diputatua, Josune Ariztondo, eta Getxoko alkatea, Imanol Landa.

Prentsaurrekoan Bizkaian Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan egingo diren egitasmo eta bestelako ekintzen berri eman zen eta horretarako prestatu den kartelaren eta agendaren berri ere zabaldu zuten. Izan ere, azken urteetan bezala, ekitaldi horiek guztiak biltzeko asmoz, Euskararen Eguna iragartzeko kartela jarri da Bizkaiko euskara zerbitzu guztien esku eta bizkaia.net atarian argitaratu da ekimenon agenda.

Goian esandakoaren ildotik, bi kartel eredu prestatu dira, diseinuz antzekoak, bata Euskararen eguna bera iragartzeko eta bestea ekintzen berri emateko. Agenda elektronikoa dela eta, herritarrek udalerrian bertan zein Bizkaiko beste udalerri batzuetan egingo diren ekintzen berri izateko agenda elektronikoa garatu da. Ahalik eta zabalkunde handiena izan dezan, agenda aipatutako web gunean kokatu da.

Argazkiak ikusi

euskararen eguna.JPG

Lauaxeta sariak
+

Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Sariaren zortzigarren edizioan hiru sari banatu ditu azaroren 30ean. Aurten Lauaxeta hil zutenetik 75. urteurrena betetzen denez euskararen sustapen, zabalkunde eta normalizazioan izandako ibilbideagatik eman ohi den sariaz gain, poesia saria eta ikus-entzunezkoen sariak ere banatu dira.

Urteroko saria Karmele Goñi etnografoari eman diote. Karmele Goñi 1926an Tolosan jaio zen eta, besteak beste, Barandiaranekin lanean ibili zen, Aranzadiko Etnografia ataleko idazkaria izan zen, Bilboko Euskal Museoko zuzendaria ere izan zen eta Bilbon lehen ikastolak sortzeko lanetan buru belarri ibili zen.

Poesia saria Amaia Iturbideri eman zaio Eszenatokietako aztarnak hasten direnean lanagatik. Sari hau eskuratzeko ondoko baldintzak bete behar zititzuten lanek: euskaraz eta bertsotan edo prosa poetikoan sortutako lanak izatea; euskaraz sortutako poesia-lan horiek argitaratzeko orduan egileek bizirik egotea; lan horien lehen argitalpenak 2011ko urtarrilaren 1etik 2012ko ekainaren 30era izatea. Lehiaketaren epaimahaiak 34 poesia-lan aztertu ditu.

Egoitz Rodriguezi egokitu zaio ikus-entzunezkoen saria Zerutik sua dator lanagatik. Sari honetarako hautagaiak memoria historikoa duten euskarazko ikus-entzunezko lanak izan dira eta 2011ko urtarrilaren 1etik 2012ko ekainaren 30era sortu direnak.

Argazkiak ikusi

lauxeta.jpg

Leioako leku-izenak
+

Pasa den azaroaren 14an Kultur Leioako liburutegian Leioako leku-izenak liburua aurkeztu zuten.

Alkatearekin batera, mahaian Xabier Kintana eta Mikel Gorrotxategi izan ziren leku-izenen jatorriak eta bilakaerak azalduz. Alkateak ikerketa noiz eta nola hasi zen azaldu zuen. Xabier Kintana, aldiz, toponimiaz mintzatu zen, herrikoaz nola Euskal Herrikoaz, gaiak daukan garrantzia hurreratutakoei azpimarratuz. Ondoren, Mikel Gorrotxategik Leioako toponimiaren zenbait datu esanguratsu eta jakingarri eman eta azaldu zituen. Aurkezpenaren ostean, herritarren eta aurkezpenean parte hartutakoen artean solasaldia egin zen.

Argazkiak ikusi

Leioako leku-izenak.JPG

Gurasoentzako hainbat hitzaldi
+

Pasa den hilean Erandion egin ziren hitzaldien haritik azaroaren 22an Etxebarrin Guraso Topagunea 2012/2013 egitarauaren baitan gurasoentzat hitzaldia antolatu zen. Hizlaria Iñaki Eizmendi izan zen eta hitzaldiaren izenburua: No sabemos euskera… ¿Cómo podemos ayudar a nuestros hijos e hijas?

Iñaki Eizmendik abenduaren 4an Urdulizen ere gai beraren inguruko hitzaldia emango du bertako gurasoentzat. Hitzaldiaren izenburua Bilingüismo y multilingüismo: ¿cómo ayudar a nuestros hijos e hijas? izango da eta hitzaldiaren helburua gurasoei gizarte eleanitzean bizi garela azaltzea da eta eleaniztasun hori modu positiboan hartu behar dugula azalduko zaie gurasoei horretarako hainbat ideia eta baliabide eskainiz.

Argazkiak ikusi

hitzaldiak.jpg

Bikain sarien banaketa ekitaldia
+

Pasa den azaroaren 22an BIKAIN ziurtagiria jaso zuten 28 enpresa eta erakunde Gasteizko Europa jauregian egindako ekitaldian bildu ziren. Bikain Ziurtagiria ofiziala, publikoa eta doakoa da, Eusko Jaurlaritzak ematen duena eta enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen dituena.

Uneotan guztira 121 erakundek daukate Bikain Ziurtagiria; 2008an ebaluatu ziren lehen aldiz erakundeak eta orduan 30 entitatek lortu zuten, 2009an 25, 2010ean 19 eta 2011n beste 19. Entitate horiek guztiak, gainera, era askotakoak dira eta tartean daude: hedabideak, makina-erreminta arlokoak, administrazio publikoak, banaketa-enpresak, fundazioak eta elkarteak, osasun-laguntza ematen dutenak, finantza-erakundeak, eraikuntza arlokoak, aholkularitza-enpresak...

Orain arte Bikain ziurtagiria lortu duten erakundeen zerrenda honako helbide honetan ikusi daiteke: http://www.euskalit.net/bikain/eus/reconocimientos.php?id=2.

Argazkiak ikusi

bikain.jpg

Ikastaroak
+

Teknologia Berriak eta euskara

Azaroaren 8 eta 9an Azkue Fundazioan Teknologia berriak eta euskara ikastaroa egin zuten Bizkaiko udaletako eta Foru Aldundiko 40 teknikarik. Ikastaroan eguneroko lanean erabiltzeko tresnen berri eman zieten Azkue Fundazioko teknikariek.

Ikastaroan parte hartu zuten guztiek ikastaroan bertan erabilitako aurkezpena jaso dute eta nahi duenak ziurtagiria ere eska dezake. Baina, ikastaroan parte hartu ez duzuenok ere, bertan azaldutako informazioa eska dezakezue bilgunera idatzita.

Gutxitutako Hizkuntzetako Hedabideak eta IKTek Eragindako Erronka Berriak

Datorren abenduaren 18an Carlton Hotelean Leizaola Elkarteak ikastaroa antolatu du. Ikastaroaren helburuak honako hauek dira: gutxitutako hizkuntzetako hedabideak testuinguru honetan izan dezaketen aukera zein den aztertzea; tokiko hedabideetan euskarari dagokion lekua zehaztea; euskarara IKTen eskutik datozkigun tresna eta baliabide berriak nola ezarri azaltzea eta publizitatearen merkatua nola kudeatu oraingo egoera berri honetan erakustea.

Informazio gehiago nahi izanez gero Leizaola Elkartean aurkituko duzue.

Argazkiak ikusi

txartela.png

Koordinatzaileen batzarra
+

Abenduaren erdialdean urteroko koordinatzaileen batzarra egingo da eta bertan Alkarbide bilgunearen 2012ko nondik norakoak eta datorren urteko lan-ildoak aztertuko ditugu.

Alkarbide bilgunearen kudeaketa hobetze aldera, egunotan jasoko duzuen galdetegia betetzea eskertuko dizuegu. Gainera aurten, lana errazte aldera, web gunean bertan ere bete ahal izango duzue.

 

 

Argazkiak ikusi

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea