saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Agerkaria

Informazioa

Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
73. alea
2012ko urria

 
Berbalagun egitasmoak
+

Aurten ere abiatu dira Berbalagun egitasmoak Bizkaiko hainbat udalerritan.

Gernika-Lumo

Gernika-Lumon Berbalagunen hamargarren urteurrena dute eta hori izango da aurtengo Berbalagun egitasmoaren ardatz nagusia. Iazko ikasturtean 80 partaide aritu ziren 13 taldetan baina ekintza jakinetan 200 lagun ere batu ziren eta aurten ere arrakasta errepikatzea da euren helburua.

Durangaldea

Durangaldean aurten ere martxan jarri da Udalak, Mankomunitateak, Udal Euskaltegiak, AEK-k eta Berbaro, Barriketan eta Eixu euskara taldeek garatzen eta dinamizatzen duten Berbalagun egitasmoa. Orain arte 216 lagun aritu dira 30 taldetan; baina aurten gurasolagun programa ere bultzatuko dute egitasmoaren barruan; proiektu horrekin gurasoak eta eskolak lotu nahi dituzte, eskoletako patiotan gurasoen berbalagun taldeak sortuz. Iaz Elorrion horrelako talde bat aritu zen eta ikastetxe guztietara zabaltzea oso garrantzitsua dela uste dute antolatzaileek.

Uribe Kosta

Uribe Kostako Mankomunitatean ere abiatu da 2012-2013 ikasturteko egitasmoa eta momentu honetan 7 talde daude, guztira 49 lagun.

Ikasturtearen aurkezpena azaroaren 8an izango da, Kurtzio Kultur Etxean eta aurkezpen ekitaldirako Showcooking saioa antolatu da. Aingeru Etxebarriaren eskutik hiru pintxo egiten ikasteko aukera izango dute bertaratutakoek, eta baita probatzeko aukera ere.

Horiez gain, besteak beste, ondoko udalerri hauetan ere garatzen ari dira Berbalagun egitasmoak: Abadiño / Abanto-Zierbena / Arrigorriaga / Barakaldo / Bermeo / Berriz / Bilbo (erdialdea) / Bilbo (Deustua) / Bilbo (Mahatserria) / Durango / Elorrio / Enkarterri / Erandio / Ermua / Galdakao / Getxo / Igorre (Arratia) / Lea-Artibai / Leioa / Ondarroa / Ortuella / Portugalete / Santurtzi / Sestao / Trapagaran / Txorierri / Urduña / Zaldibar.

Argazkiak ikusi

Kartela showcooking_001.jpg

Guk Euskeraz… eta Zuk Zergaitik Ez?
+

Gernika-Lumoko Euskara Zerbitzuak urriaren 17an Guk euskeraz… eta zuk zergaitik ez? kanpaina aurkeztu zuen.

Udalerriko herritar eta erakunde guztiei zuzenduta dagoen kanpainaren helburuak, besteak beste, honako hauek dira: ahozko eta, batik bat, idatzizko euskararen erabilera areagotzea herritarrek eta erakundeek udalarekin dituzten harremanetan; euskaraz funtzionatzeko, Udalak dituen baliabideen berri ematea herritarrei eta udal erakundeak euskararekiko duen konpromisoa berrestea. Zeharka, beste hauek lortu nahi dira: herritarrei laguntzea, eskabideak euskaraz egin ditzaten eta itzulpenak egiteko Udal baliabideak herritarren eskura jartzea.

Helburu horiek lortzeko komunikazio kanpaina jarriko dute martxan eta herritar guztiek etxean bi orrikoa jasotzeaz gain bandoa ere izango dute atarian. Horrez gain 300 gutun bidaliko dizkiete gainerako udal eta erakundeei.

Argazkiak ikusi

froga-neska-mutil.jpg

Getxon udazkenean hainbat ekintza
+

Getxon ere akademiak euskaraz

Getxoko akademien euskarazko eskaintzaren berri eman du aurten ere bertako Euskara Zerbitzuak, Interneten jarritako flipping book edo liburu elektroniko baten bidez. Getxoko herritarrek akademiek euskaraz zer eskaintzen duten jakin dezaten, Getxoko Euskara Zerbitzuak 6.000 gutun inguru bidali ditu 2 eta 16 urte arteko ume-gazteak dauzkaten familien etxeetara, sarean ikusi ahal izateko helbidea bertan agerian jarrita: http://www.getxo.net/flip/akademiak2012/index.html. Gainera, paperezko liburuak ikastetxe eta leku publikoetan ere banatu dira.

Argitalpen horretan, udalerriko 28 akademiaren euskarazko eskaintza jasotzen da, bost multzotan sailkatuta: eskola laguntza; euskara eskolak; musika eskolak; pintura, eskulanak eta dantza eskolak; eta umeentzako euskaltegiak.

Ekimen hau Getxon euskara sustatzeko hitzarmenaren (GEHI) barruan jasota dago.

Iparra galdu gabe

Getxoko Udalak eta EKE, Euskal Kultura Erakundeak antolatutako Jardunaldien helburua da Ipar Euskal Herria Getxora hurbiltzea eta aldi berean Getxo Ipar Euskal Herrian ezagutaraztea. Hori lantze aldera, orain dela 12 urtetik hona elkarlanean aritu izan dira eta aurten urriaren 4tik azaroaren 4ra V. Jardunaldiak antolatu dira.

Jardunaldiak bi urtean behin egiten dira eta oraingo edizioak HITZA izango du ardatza, eta horregatik jarduerak horren ingurukoak izango dira, transmisiorako eta elkar ulertzeko ezinbestekoa delako.

ArgIHIzkiak erakusketa

Getxoko Udalak, Egizu Getxo euskaldun elkarteak, UK aldizkariak eta Getxophotok antolatu dute “ArgIHIzkiak” lehiaketaren helburua, batetik, jendea euskaraz idaztera eta irakurtzera animatzea da eta horrekin batera udalerriko argazkilariak eta euren lana sustatu gura da.

Parte hartzaileek pasa den maiatzean testu laburrak (SMS eta e-postak) aurkeztu zituzten, aurretik aukeratutako udalerriko 15 argazkilariren 15 argazki banatan oinarrituta. Guztira, 81 lagunek hartu dute parte, 107 lan, SMS eta e-posta. Testuen estiloa anitza da (prosa, poesia…) eta batuaz zein euskalkietan idatzita daude. Laura Mintegi, Iñaki Friera, Irati Elorrieta eta Unai Elorriaga idazleek osatutako epaimahaiak SMS eta e-posta hoberenak aukeratu zituen. Lan guztiekin erakusketa antolatu dute.

Argazkiak ikusi

getxo.jpg

Euskararen Ginkana Barakaldon
+

Barakaldoko Sasiburu euskara elkarteak urriaren 15etik abenduaren 2ra euskararen ginkana antolatu du. Jokoaren helburuak herrian euskararen erabilera sustatzea, Barakaldok euskal kulturarekin duen lotura ezagutaraztea eta, bide batez, ondo pasatzea dira.

Ginkanako galderak eta erantzunak e-mail bidez egingo dira, froga batzuk gainditzeko herriko erdigunera joan beharra badago ere. Argazki batzuk herriko zein txokotan atera diren ere asmatu beharko dute jokalariek. Jokoan aurrera egin ahala, jokalariek perretxiko (birtual) bat jasoko dute gainditzen duten froga bakoitzeko. Helburua ahalik eta perretxiko gehien biltzea da. Horrez gain, txanpon bereziak, froga gehigarriak eta bidean dauden zubiak erabiliz, ibilbidean saltoak egiteko aukera ere badago. Jokoa abenduaren 2an amaituko da eta irabazleen izenak Euskararen Egunean, abenduaren 3an, argitaratuko dira.

Argazkiak ikusi

euskararen ginkana.png

Banden Lehia
+

Abian da Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak antolatutako Banden Lehia izeneko musika-lehiaketaren laugarren edizioa. Lehiaketak arrakasta handia lortu du aurreko edizioetan eta aurtengoan berrikuntza gehiagorekin dator, bai musika taldeentzat, bai musikaz gozatu nahi dutenentzat eta baita sariei dagokienez ere.

Musika arloko lehiaketa honek euskara eta teknologia berriak uztartzen ditu eta bere helburua euskal musika talde amateurrik onena saritzea da. Tokiko musika banda euskaldunak ezagutzera ematen ditu eta urtez urte hauek sustatzeko ahalegina egiten du.

Web guneak itxura berria du eta hemen burutuko da lehiaketaren lehenengo fasea. Taldeek Banda Beat euskal musikako sare sozialaren bidez eman dute izena lehiaketa honetan eta honek ere berrikuntza nabarmenak ditu aurten: itxura estetiko berria eta erabiltzaile zein banden izen ematea. Gainera, bi profilek euren musika zerrendak osatu eta partekatzeko aukera izango dute. Banda Beatetik, lehiaketarako kantak Banden Lehiako web gunean argitaratuko dituzte.

Web gune horretan, musika taldeek beraien bandei buruzko informazioa eta kantak argitaratuko dituzte eta jarraitzaileen botoa eskatuko dute. Bozketa internet bidez egingo da eta herritarrek zein epaimahai aditu batek emandako botoak hartuko dira kontuan. Finalerako lau talde aukeratuko dira.

Finala zuzeneko emanaldi batekin ospatuko da azaroaren 30ean Bilborock aretoan eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzaren Euskararen Nazioarteko Egunerako antolatutako ekitaldien barruan.

Argazkiak ikusi

Euskararen Eguna
+

Urtero legez, abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Eguna dela eta, eskaintza eta eskaera egin dizuegu Alkarbide bilguneko teknikarioi. Batetik, Euskararen egunari lotuta antolatzen dituzuen ekintzak iragartzeko kartelak bidali dizkizuegu; betiko moduan, kartel bi dira, bata orokorra, Euskararen eguna bera iragartzekoa, eta bestea mutua, herrian-herrian antolatzen direnen berri ematekoa.

Eskaerari dagokionez, Bizkaiko herriotan antolatzen diren ekintzok batzeko fitxa ere jaso duzue, ahal dela azaroaren 19a baino lehen bilgunera bidaltzeko. Bestetik, Euskararen egunari lotutako ekintza guztien (batzen ditugunen, behintzat) agenda osatuko da bizkaia.net atarian.

Argazkiak ikusi

cartel udalak 1.jpg

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea