Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
72. alea
2012ko iraila

 
Eskola Agendak
+

Alkarbide bilguneak koordinatuta, laugarren urtez jarraian Bizkaiko 20 udalerrik lehen hezkuntzako ikasleen artean banatzeko Eskola Agenda 2012-2013 argitaratu dute. Agendaren helburua irakasle, ikasle eta gurasoen arteko harremanetarako baliabide praktikoa izatea eta harreman horiek euskaraz izan daitezen ahalbidetzea da.

Galdakaon ibilbidea hasi zuen agenda honek arrakasta izan du eta aurten 5.000 ale baino gehiago banatu dira 27 ikastetxeko lehen hezkuntzako ikasleen artean.

Ikasturte honetako agendaren ardatz nagusia urtaroak dira, agendaren aurkezpenean, bai gelan, bai etxean, txandaka, egunean poema bat ozenki irakurtzeko gonbita egiten da eta hilabete bakoitzean, hilabetearen izenarekin edota dagokion urtaroarekin zerikusia duen olerki bat agertzen da. Alboan, olerki horrekin egin daitezkeen hiruzpalau joko edo ariketa agertuko dira, haurra buru delarik, gelan nahiz etxean (edo biak lotuta) egiteko modukoak. Egun bakoitzean, esaldi bakarreko edo asko jota esaldi biko baliabide poetikoa ere agertzen da.

Agenda honako udalerri hauetan banatu da: Balmaseda, Bermeo, Elorrio, Enkarterriko Mankomunitatea, Etxebarri (Lea-Artibai), Mundaka, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, Muxika, Muskiz, Muxika, Ortuella eta Zierbena.

Bestetik, urtero legez, Bizkaiko Foru Aldundiak agenda prestatu du Bizkaiko DBHko ikasleei banatzeko. Bizkaieraz egiten den agenda hau erakargarria ez eze didaktikoa ere bada. Bizkaiko euskara hobeto ezagutarazteko ahalegina da, Bizkaian gizaldiz gizaldi erabili den euskara modu didaktiko eta entretenigarrian aurkezten zaie ikasle gazteei eta horretarako aurten ikasleei Bizkaiko esakunean eskaintzen zaizkie. Guztira 18.000 ale banatu dira eskatu dituzten ikastetxeen artean. Eskaerak ikastetxeetatik bertatik bideratzen dira eta banatzaileak BIGE, BIE, eta Kristau Eskola dira.

Argazkiak ikusi

agenda.jpg

Gurasoentzako hitzaldiak eta Haiku lehiaketa Erandion
+

Erandioko Euskara zerbitzuak web gune berria jarri du martxan herritarrek euskara zerbitzuaren nondik norako guztien berri izateko. Web guneak dituen atal ezberdinei esker Erandioko bizilagunek behar duten informazio guztia aurkituko dute eta gainera facebook eta twitterren bitartez ere izango dute ekintzen eta bestelakoen berri. Web gune berriaren helbidea honako hau da: www.erandiokoeuskarazerbitzua.com/

Web gune berria martxan jartzeaz batera, Erandioko Euskara Zerbitzuak hainbat ekintza antolatu du ikasturte hasierarako, besteak beste: Haiku lehiaketa eta Gurasoentzako hitzaldiak.

Haiku lehiaketa bigarrenez antolatu dute. Haiku-a hiru lerroko poema txikia da: lehena bost silabakoa, bigarrena zazpikoa eta hirugarrena, berriz ere, bostekoa. Ez du titulurik, ez errimarik, eta askotan puntuazio markarik ere ez. Hitzak dira protagonista, bestelako apaindurarik gabe. Poemak aurkezteko azken eguna azaroaren 11 izango da eta liburu-irakurgailu elektronikoa izango da maila bietako irabazle bakoitzarentzako saria.

Gurasoentzako hitzaldiak. Erandioko ikastetxeetan bi hitzaldi eskainiko dituzte urrian zehar. Julian Iantzik eta Iñaki Eizmendik nola lagundu seme-alabei eleanitzak izan daitezen izenburua duen hitzaldia emango dute eta Paula Kasaresek Euskera. Entra un idioma en casa hitzaldian seme-alabak eskolan hasi berriak dituzten eta euskaraz ez dakiten gurasoei hainbat aholku emango dizkie.

Argazkiak ikusi

erandio.jpg

Ikasturte hasieran hainbat ekintza Bermeon
+

Ikasturte hasierarekin batera, Bermeoko euskara sailak hainbat ekintza jarri ditu martxan, besteak beste, Berbalagun, Guraso eta Etorkinentzako euskara eskolak, euskara ikasteko diru-laguntzak, irakurleen txokoa.

Berbalagun: euskararen erabilera bultzatu eta indartzea xedea duen egitasmoa da, euskaldun zaharrak edo euskaraz egiteko ohitura duten hiztunak eta euskaldun berriak edo euskaraz ikasten ari diren pertsonak harremanetan jarrita.

Guraso eta etorkinentzako euskara eskolak: urritik aurrera, AEK euskaltegian eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegian etorkinentzat eta gurasoentzat euskara ikasteko ikastaroak antolatuko dira. Guztira 120 orduko bi ikastaro izango dira eta interesa duenak matrikula egin behar du urriaren 15a baino lehen.

Irakurleen txokoa: Hirugarrenez ekingo diote irakurleen txokoa antolatzeari Liburutegiak eta Euskara Sailak. Ekintza honen helburu nagusiak honakoak dira: euskaraz dagoen literatura, jatorrizkoa edota itzulpenak, ezagutu eta irakurzaletasuna sustatzea; liburutegiaren eta taldeko jendearen arteko lotura areagotzea; euskaraz idazten duten idazleak ezagutzera ematea eta talde egonkorra lortzea eta partaideen eta dinamizatzailearen arteko konfiantzazko giroa sortzea.

Hilean behin batzen da interesa daukan jendea eta irakurritako liburu baten gainean berba egiten dute. Horretarako, taldeak dinamizatzaile baten laguntza dauka eta partaide bakoitzak liburu horretaz daukan iritzia azaltzen du.

Euskara ikasteko diru-laguntzak: euskaltegian izena eman ostean diru-laguntza eska dezakete Bermeoko 16 urtetik gorako biztanleek. Diru-laguntza eskatu ahal izateko Bermeon erroldatuta egon behar da, 16 urte baino gehiago izan eta eskoletara joan behar da. Eskaera egin ahal izateko eskaera orria beteta, nortasun agiria eta matrikularen ordainagiriaren kopia aurkeztu behar dira.

Argazkiak ikusi

bermeo.jpg

Bardinean Euskeraz
+

Txorierriko Mankomunitateak ume zaintzaile, nagusi zaintzaile, kirol begirale, aisialdiko begirale, eskola partikularrak emateko irakasle edota dendari eta tabernari euskaldunen zerrenda osatzeko deialdia zabaldu du. Zerrendetan urtean zehar, etengabe, izena eman daiteke.

Zerrenda baten edo gehiagotan eman daiteke izena eta horretarako ez da inolako azterketarik egin behar baina ezinbestekoa da eskaera orria betetzea eta datuak erabiltzeko baimena sinatzea.

Argazkiak ikusi

baridnean euskaraz.jpg

Mungiako ekintzak ikasturte hasieran
+

Lauaxeta olerki-lehiaketa

Mungiako Udalak Lauaxeta olerki-lehiaketaren laugarren edizioa antolatu du. Aurtengo lan guztiek izenburu bera izan beharko dute: Amayur gaztelu baltza eta izenburu horren interpretazio librea jorratu beharko dute eta sari bi emango dira: 800 eurokoa, bata, eta 500 eurokoa, bestea. Lehiaketan edozeinek parte hartu ahal izango du, jatorria eta bizilekua edozein izan ahal delarik. Lanak urriaren 9a baino lehen entregatu behar dira Astiunerako Udal Erakundean.

Maskota diseinatzeko lehiaketa

Olerki lehiaketarekin batera, udalak euskararen erabileran eragile izango den pertsonaia baten irudia diseinatzeko lehiaketa ere antolatu du. Irudia euskarri ezberdinetarako erabiliko da, beti ere euskarari eta Mungiako elementuei lotutako jardueretan. Lehiaketan parte hartzeko 15 urte baino gehiago izan behar dira eta lana, beranduenez, urriaren 17an aurkeztu beharko da Agirre jauregian.

Argazkiak ikusi

lauxeta.jpg

Berbagunea
+

Irailaren 25ean Bilbon lehen aldiz Berbagunea antolatu zen Alondegian. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bat egin zuten proiektuaren helburua euskara kalera ateratzea zen eta euskaldunak zenbait gairi buruz euskaraz aritzea eta horrela Bilbon euskararen erabilerari bultzada bat ematea.

Bertan batu ziren 1.000 lagun baino gehiago taldeka aritu ziren. Talde bakoitzean sei lagun egon ziren eta aurretik jarritako gai bati buruz hitz egin zuten. Mahai guztietan pertsona bana egon zen gaia proposatzeko eta mahaiko kideen elkarrizketan moderatzaile-lanak egiteko.

Argazkiak ikusi

berbagunea.jpg

Futbola Oinarritik Euskaraz
+

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak eta Txorierriko Mankomunitateak aurten ere martxan jarri dute Futbola Oinarritik Euskaraz egitasmoa.

Batean zein bestean hainbat talde sortu dituzte entrenatzaileei ikastaroak euskaraz eskaintzeko eta ikastaroa amaitu ostean gazte horiek umeak euskaraz entrenatuko dituzte. Durangaldean bi talde sortu dira eta guztira 31 ikasle arituko dira 24 orduko ikastaroak jasotzen.

Argazkiak ikusi

Hiznet graduondokoa
+

Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntza Plangintza graduondokoan izena emateko epea zabalik dago urriaren 6a bitarte. Beste urtebetez, Euskal Herriko Unibertsitateko Berezko Tituluen eskaintzaren artean ageri da eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babesa dauka. Soziolinguistika Klusterra eta Udako Euskal Unibertsitatea ere ikastaroaren laguntzaile dira.

Soziolinguistikaren oinarrizko ezagutza eskaintzeaz gain, Hiznet Hizkuntza Plangintza graduondokoak ondoko helburu nagusi hauek ditu: euskararen normalizazioaren plangintzarako metodologia eta lanabesak irakastea, euskararen egoeraren berri zehatza ematea, eta Euskal Herriko gizarteak hizkuntzekiko eskaintzen dituen baldintzak ezagutaraztea.

Ikastaroak metodologia malgua darabil; e-learning formazio eredua eta aurrez aurreko lau saio uztartzen ditu. Ikastaroa abian jarri zenetik arlo ezberdinetako irakasleek parte hartu dute bertan.

Graduondokoa euskararekin lotura duen hainbat jenderi zuzenduta dago, hala nola, euskalgintzako euskaltzaleei, euskara teknikariei, egunen batean zeregin horietan aritzeko asmoa dutenei, herri administrazioan, hezkuntza sisteman eta antzeko lan arloetan hizkuntza normalkuntzaren erantzukizun publikoa dutenei...

Aurtengoa hamabigarren edizioa izango da eta datorren azaroan hasi eta hurrengo urteko uztaila bitarte burutuko da.

Argazkiak ikusi

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea