Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
71. alea
2012ko ekaina

 
BFA eta APAVIren arteko lankidetza-hitzarmena
+

Bizkaiko hainbat euskara zerbitzutan gidabaimena euskaraz ateratzeko ekimenak egin dira azken urteetan eta ahalegin horri jarraipena eman guran hitzarmena sinatu dute Aldundiko Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak eta APAVIk (Bizkaiko autoeskolen elkartea).

Hitzarmenaren helburua gidabaimena euskaraz ateratzea sustatzea da eta helburu hori aintzat hartuta, prestakuntza saioa antolatu zen gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera eskaintzen duten autoeskoletako irakasleentzat. Saioa joan den zapatuan Aldundiko Foru Liburutegian egin zen. Bizkaiko 20 irakasle bertaratu ziren eta Unai Zuluaga Igorre autoeskolako arduradunak jardun zuen irakasle. Horrekin batera gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera eskaintzen duten autoeskolei autoetan jartzeko hainbat eranskailu banatu zaizkie.

Uneotan honako udalerri hauetako autoeskolek parte hartzen dute egitasmoan:

Amorebieta-Etxano — Arrigorriaga — Barakaldo — Basauri — Bermeo — Bilbo — Derio — Erandio — Etxebarri — Durango — Ermua — Galdakao — Gernika-Lumo — Getxo — Igorre — Leioa — Lemoa — Lekeitio — Markina-Xemein — Mungia — Ondarroa — Portugalete — Plentzia — Santurtzi — Sodupe — Sondika — Sopela — Urduliz — Zalla — Zaldibar.

Argazkiak ikusi

20120623021.jpg

Barraketan euskararen erabilera sustatzea xede duen hitzarmena
+

AFADE –Euskadiko Ferialarien Elkartea- EUDEL eta Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egin dute barraketako hizkuntza paisaia euskaratzea helburu duen hitzarmena.

Iaz bezala, aurten ere Alkarbide, Aldundiak sustatzen duen Bizkaiko Euskara Zerbitzuen bilgunea arduratuko da barraketako euskarriak prestatu eta AFADEra helarazteaz. 2011n AFADEk eskatuta 300 kartel inguru egin zituen Alkarbidek eta aurten ere bide horretatik jarraitzea da asmoa. Aurten gainera, Getxoko Udalak barraketan jartzeko musika CDa egin du eta hori ere AFADEko arduradunen esku jarriko du Alkarbidek.

AFADE elkarteko ferialariek Bizkaiko udalerri hauetan jarriko dituzte aurten jolas-ikuskizunak:

Abadiño (Matiena) — Amorebieta-Etxano — Areatza — Arrigorriaga — Balmaseda — Bakio — Basauri — Bermeo — Bilbo (Deusto/Rekalde) — Elorrio — Durango — Galdakao — Gernika-Lumo — Getxo — Leioa — Lekeitio — Markina-Xemein — Muskiz — Mundaka — Mungia — Ondarroa — Ortuella — Plentzia — Santurtzi — Sestao — Sondika — Trapagaran — Ugao-Miraballes — Urduña

Nolanahi ere, Bizkaiko udaletako euskara zerbitzuek ere eskura izango dituzte barraketan jartzeko kartel ereduak eta musika, bakoitzak udalerrian egoki ikusten duen zabalkundea egin dezan.

Argazkiak ikusi

barraketan.jpg

Eman Giltza
+

Familiak hizkuntza transmisioaren garrantziaz sentiberatzeko, aurreko urteetan legez, ondorengoetaratze kanpaina egin da Bizkaiko hainbat udalerritan. Iazkoari segida eman guran aurten ere Eman giltza / ¡Háblale, escúchale! kanpaina egin da Alkarbide bilguneak koordinatuta.

Eman giltza / ¡Háblale, escúchale! kanpaina 36 udalerri eta 2 mankomunitatetako ia 11.000 familia inguruk jasoko dute euren etxeetan. Guztira, 51 udalerrik parte hartu du.

Aurten ere diptikoa banatuko zaie jaioberriak eta 1-6 urte bitarteko umeak dituzten gurasoei eta, horrez gain, hainbat udalerrik azken urteetan argitaratutako KU-KU, haur hizkera jasotzen duen liburuxka eta CDa ere banatuko dituzte.

Aurtengo berrikuntzen artean, aipatu beharrekoak dira, batetik, web gunearen helbidea inprimatuta daukaten askari-poltsa eta adur-zapiak; eta bestetik, web gunean egin diren hobekuntzak. Udal batzuek banatu dituzten adur-zapi eta askari poltsekin kanpainaren hartzaileak ez diren gurasoengana ere heldu nahi izan da, kalean erabiltzen direnean kanpainaren berri zabalduko delako.

www.emangiltza.com web gunea, aurten ere kanpainaren zatirik garrantzitsuena da, bertan gurasoentzat transmisioa bermatzeko giltza izango diren aholkuak, tresnak eta baliabideak batzen dira. Gainera hainbat gurasoren testigantzak ere sartu dira beste guraso batzuek izan ditzaketen kezka, beldur edota bestelako zalantzak argitze eta uxatze aldera. Hobekuntza gehienak giltzak eta aholkuak ataletan egin dira. Besteak beste, egitura bera aldatu da gurasoentzat erakargarriago egite aldera eta orain arte jasotako aholku eskaerak eta erantzunak ere sartu dira. Sariak atalean 2011ko irabazleen bideoak ere sartu dira. Aurten ere, atal horretan dagoen inkesta betez gero, gurasoek familia guztiarentzako sariak irabazteko aukera izango dute.

Argazkiak ikusi

eman giltza.jpg

Teknologia Berrien Erronkak eta Aukerak Hizkuntza Plangintzan
+

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Alkarbidek Teknologia berrien erronkak eta aukerak hizkuntza plangintzan izeneko jardunaldia antolatu zuten Euskalduna Jauregian ekainaren 7an. Jardunaldien helburua informazioaren eta komunikazioaren teknologiek lan egiteko moduan sorrarazi eta sorraraziko dizkiguten aldaketen berri ematea eta eztabaidatzea izan zen.

Jardunaldiak hiru atal nagusi izan zituen: lehenengo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Diputatuak, Josune Ariztondok, euskarak Bizkaian azken urteetan izan duen bilakaeraren berri eman zuen. Horren ostean, Maite Goñik, Mondragon Unibertsitateko eta Jakintza ikastolako iraskasleak, teknologia berrien inguruko testuinguruaren berri eman zuen. Hirugarren zatian Maite Goñi, Joxe Rojas (Topagunea), Fernando Simon (Erandioko euskara teknikaria) eta Josu Larrañaga (Txorierriko Mankomunitateko trebatzailea) mahai inguruan aritu ziren. Bertan teknologia berrien erronka eta aukeren inguruan eztabaidatu zuten; eta bertaratu zirenek arlo ezberdinetan teknologia berrien eragina zertan datzan entzun ahal izan zuten.

Guztira arlo ezberdinetako 90 aditu baino gehiago batu ziren bertan eta jardunaldiaren inguruko balorazioa oso positiboa izan zen.

Argazkiak ikusi

teknologia barriak1.jpg

Teknikari eta Trebatzaileen Prestakuntzarako ikastaroa
+

Labayru ikastegiak antolatu duen euskara teknikari eta trebatzaileen prestakuntzarako ikastaroan izena emateko epea zabalik dago uztailaren 27a bitarte. Ikastaroa euskara teknikari lanetan dabiltzanei edo euskara teknikari edota trebatzaile beharretan ibili nahi dutenei zuzenduta dago.

Ikastaroak atal bi izango ditu. Lehenengoak, Administrazioa eta euskara izenekoak ikasleak trebatzaileen mundura hurbilduko ditu. Bigarren atalean, Hizkuntzaren normalizazioa, ikasleek euskararen erabileraren normalizaziorako dauden hiru planak (EBPN- ESEP, Erabilera Plana eta Enpresetan Hizkuntza Normalizaziorako Plana) sakonean ezagutzeko aukera izango dute.

Ikastaro bukaerarako, talde txikitan, lan praktiko bat egin behar dute ikasleek, eta eskolan egindakoarekin batera, hori izango da ebaluatzeko erabiliko dena.

Ikastaroa irailean egingo da, 10ean hasi eta 22an amaituko da. Izena emateko deitu Labayrura (944 437 684) edo idatzi posta elektroniko honetara (eskola@labayru.org).

Argazkiak ikusi

Twitter euskaraz
+

Uztailaren 5etik aurrera twitter sare soziala euskaraz ere erabili ahal izango da. Erabiltzaileek horrela eskatuta, egun horretatik aurrera sei hizkuntza gehiagotan erabili ahal izango da interfazea: euskara, katalana, afrikaansa, txekiera, greziera eta ukrainera.

Euskaratzeko gunea ireki zutenetik itzulpen lanetan aritu diren erabiltzaileek dagoeneko erabil dezakete Twitterren interfazea euskaraz, Beta bertsioan. Gainerako erabiltzaileek uztailaren 5etik aurrera jarri ahal izango dute. Hala ere, bada baldintza bat: egun horretarako % 100ean, erabat, bukatuta egon beharko du itzulpenak, Twitter euskaraz erabiltzen hasi ahala izateko.

Argazkiak ikusi

twitter_euskaraz_270.jpg

Oporretan!
+

Uda dagoeneko etorri da eta Agerkariak, oporrak hartuko ditu. Irailean itzuliko da berriro albiste interesgarri gehiagorekin; Alkarbideko postontziaren bidez jasoko dituzue bitartean sortuko diren berri guztiak.

Oso ondo ibili oporretan eta irailera arte!

Argazkiak ikusi

oporretan3.jpg

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea