Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
70. alea
2012ko maiatza

 
Gidabaimena euskaraz. Lankidetza-hitzarmena
+

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Bizkaiko Autoeskolen Elkarteak (APAVI) lankidetza-hitzarmena sinatu dute euskararen erabilera sustatzeko asmoz gidabaimena ateratzeko ikasketan. Aipatutako hitzarmenaren helburuak hiru dira: irakasleak (teoriakoak nahiz bidekoak) prestatzea, autoeskolen elkarteari hizkuntza aholkularitza iraunkorra ematea eta gidabaimena euskaraz ateratzeko eskaintza sustatzea herritarren artean. Azken horretarako, BFAk eranskailu batzuk diseinatu ditu eta gidabaimena ateratzeko aukera eskaintzen duten Bizkaiko austoeskoletako autoetan jarriko dira, gutxi gorabehera, 100 ibilgailutan.

Irakasleak prestatzeko saioak, berriz, ekainean egingo dira eta 35 bat irakaslek parte hartuko dute.

Argazkiak ikusi

eranskailua.jpg

Teknologia barrien erronkak eta aukerak
+

Teknologia berriek gero eta garrantzi handiagoa dute euskararen erabilera sustatzeko ekimenetan eta ohiko lanabes bihurtu dira gure eguneroko lanean. Hori horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Alkarbidek gai horren inguruko jardunaldia antolatuko dute, batik bat, Bizkaiko euskara teknikarientzat, ekainaren 7an, Euskalduna Jauregian. Jardunaldia doakoa izango da eta goizez egingo da.

Jardunaldiari hasiera emateko Josune Ariztondok, Kultura diputatuak, Bizkaian euskarak azken urteetan izan duen bilakaeraren berri emango digu. Horren ostean, Maite Goñik, Mondragon Unibertsitateko eta Jakintza ikastolako iraskasleak, teknologia berrien inguruko testuinguruaren berri emango digu. Kafe ostean, teknologia berrien erronkak eta aukeren inguruan gogoeta egingo dute Maite Goñi, Joxe Rojas, Fernando Simon eta Josu Larrañagak izenburu bera daukan mahai-inguruan.

Jardunaldia, batik bat, euskara teknikarientzat bada ere, gai horren inguruan interesa duen edonorentzat zabalik dago. Izena emateko mezua bidali beharko da alkarbide bilgunera.

Argazkiak ikusi

dreamstime.jpg

Diru-laguntzak: esleipena (BFA) eta deialdia (EJ)
+

Bizkaiko Foru Aldundiak ebatzi ditu 2012. urteko ekitaldian euskara sustatu, zabaldu eta normalizatzeko jarduerak egiten dituzten udalei, udal erakunde autonomoei eta mankomunitateei zuzenduriko diru-laguntzen deialdia arautzen duen Bizkaiko Foru Aldundiaren abenduaren 7ko 194/2011 (2011ko abenduaren 12ko «Bizkaiko Aldizkari Ofizialean», 234. zka) Foru Dekretuaren arabera aurkeztutako diru-laguntza eskabideak, eta 2012ko maiatzaren 30ean Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren.

Bestetik, Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) garatu edo entitateotako administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko planak onartzeko diru-laguntzak eskatzeko epea zabalik dago. Maiatzaren 11n argitaratu ziren laguntzak eskatzeko baldintzak eta betebeharrak.

Aurten ere Irati aplikazioa derrigorrez bete behar da eta eskabideak on-line egin beharko dira. Diru-laguntzak eskatzeko azken eguna ekainaren 11 izango da.

Argazkiak ikusi

diru-laguntza.jpg

Eskolarteko XXIV. antzerki astea Gernika-Lumon
+

Ikasturtean zehar ikastetxeetan lantzen diren antzerkiak kaleratzeko astea antolatzen da urtero Gernika-Lumon. Ekintza gisa aintzat hartuta dago Gernika-Lumoko Euskara Biziberritzeko Plan Estrategikoan eta Udal Eskola Kontseiluak ere ikasturtean zehar koordinatzen dituen eskolaz kanpoko ekintzetako bat da.

Lortu nahi den helburu nagusia mintzamena sendotzea da, euskaraz, eta, bide batez, umeak gizarteratzeko bideak jorratzea.

Guztira udalerriko 7 zentro, 7 antzeztalde, 100 bat antzezle eta 1.400 ikusle, LHkoak eta DBHkoak. Ikasleek ikasleentzat goizez eta arratsaldez eskainiko dituzten saioez gain, guraso eta familiartekoei eskainitakoak ere izango dira.

Argazkiak ikusi

antzerkia.jpg

Etorri berri helduei inkesta egiteko kanpaina Gernika-Lumon
+

2011ko azaroan Euskara Batzordeak etorri berriei buruzko hausnarketarako lan-mahaia eratzea erabaki zuen. Lan-mahai horretan, indarrean dauden egitasmoen balorazioa egiteaz gain, hausnarketa sakonago bat egin eta estrategiak proposatzea finkatu da helburu nagusitzat, ondoren Euskara Batzordera bideratzeko. Ildo horretatik, etorri berri helduei zuzendutako inkesta bat prestatzea erabaki da.

Inkestaren helburua gure gizartean etorri berriak integratzeko bideen artean, hizkuntza integrazioaren jokabidean txertatzea da eta horretarako honakoak ezagutu nahi dira: etorri berriek guganako eta gure gizartearekiko duten pertzepzioa; euren gustuak zeintzuk diren eta euskara ikasteko duten motibazioa.

Inkesta anonimoa izango da eta galderen artean, euren egoera pertsonalari buruzko datuak (jatorria, familia, adina, lana, aisialdia) eskatzen zaizkie; gure gizartearekiko duten pertzepzioari eta eskaintzen zaizkien zerbitzuei (gizarte zerbitzuak, kultura, kirola, hezkuntza) buruzkoak ere. Tartean, euskara ikasteko duten motibazioaz eta aukerei buruz ere galdetzen zaie.

Argazkiak ikusi

Hizkuntzalaritza eta euskal filologia ikerketa ikastaroa
+

Egitarauaren xedea Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologiako ikertzaile profesionalak trebatzea da. Ikastaroa egiten duten ikasleak, doktoretza-tesi bat egin ahal izateko edo euskal gaietan kalitatezko beste zernahi ikerlan egiteko beharrezko diren gaitasunaz, trebakuntzaz eta ereduez jabetu daitezela bilatzen da ikastaroan. Ikaslearen prestakuntza zientifiko eta teknikoan sakontzea da helburua, ikerlan esperimentalak ontzeko gaitasuna eta metodoak garatzea, horretarako guztirako baliagarri diren alderdietan prestakuntza hobetzea.

Ikastaroa osatzeko, ikasleak 60 kreditu egin behar ditu, urtebetean edo bi urtean: 45 ikastaroen bidez eta 15 ikerlanaren bidez.

Ikasleak bi adar osorik hartu behar ditu (osorik garatzeak 15 kreditu egitea esan nahi du) eta beste 15 kredituak beste adarretatik hautatu behar ditu. Adar bakoitzaren egitura antzekoa da: lehen lauhilabetean (irail amaiera-abendua) oinarrizko ikastaro bi ematen dira, 4,5na kreditukoa; bigarren lauhilabetean (otsail-martxoa), berriz, ikastaro aurreratu bat eta mintegi berezi bat, 3na kreditukoak, egiten dira. Apiriletik aurrera, ikerketa gidatuaren aldia hasten da, tesia osatzeko helburuarekin.

Irakasleen artean, ospe handiko EHUko ikertzaileak aurki daitezke (Iñaki Camio, Itziar Idiazabal, Joseba Lakarra, Mari Jose Olaziregi, Koldo Zuazo...), baina baita EHUtik kanpokoak ere: Andoni Barreña (Salamanca), Jon Casenave (Bordele), eta Lola Pons (Sevilla).

Aurrematrikulazioa egiteko epea maiatzaren 31n amaituko da, eta matrikulazioa irailean egin beharko da. Informazio gehiago helbide honetan aurkituko duzue: http://www.hizkuntzalaritzaeuskalfilologia ra.ehu.es/p120-1999/eu.

Argazkiak ikusi

filologia- ra.jpg

Zuztarretatik Ahora
+

Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko herri-jakituria eta kultura tradizioa batu eta berreskuratzeko proiektua da Zuztarretatik Ahora. Proiektu honen bitartez ondare etnografikoa, eguneroko bizimodua, lanbideak, ohiturak, olgetak, urte-sasoiei lotutako ekintzak eta errituak; ondare lexikala, berbak, esaera zaharrak, esamoldeak; eta ondare etnolinguistikoa, kantak, ipuinak, bertsoak batu dira.

Egindako lanarekin hainbat euskarri eta material kaleratu dira: 2009an Haur eta Lehen Hezkuntzako umeentzako material didaktiko-pedagogikoa Zuztarretatik ahora izeneko DVDan.

2011n Orbelak Airez Airez gida didaktikoa eta musika CD-a argitaratu zen; eta bertan zuzenean lekukoen ahotik jasotako hainbat informazio eta kantu sartu ziren.

Aurten, ekainaren 2an KANTALDIA antolatu dute Social Antzokian; arratsaldeko 19:00etan. Bertan Basauriko umeek eta helduek gida didaktikoan eta CDan argitaratutako kantak abestuko dituzte eta ikerketan berriemaile, lekuko izan diren 8 basauritarrei omenalditxoa egingo zaie.

Argazkiak ikusi

Euskaraz abestu eta jolasten ikasteko saioak Balmasedan
+

Euskaraz abestu eta jolasten ikasteko saioak antolatu dituzte Balmasedako Udalak eta Zubi Zaharra ikastolak.

Gurasoei zein hezitzaileei zuzenduta daude saioak eta haur eta gurasoek elkarrekin gozatzearekin batera, euren xede nagusia ondokoa da: euskaraz abesteko eta jolasteko baliabideak ematea, familian, euskarazko harremana areagotzea eta euskararen transmisioa bultzatzea. Abestu eta jolastu euskaraz izenburupean, saioak maiatzaren 21, 24, 28 eta 31n egin dira.

Argazkiak ikusi

Jakintza librearen III. jardunaldiak
+

Maiatzaren 30ean, Jakintza librearen III. jardunaldiak egin dira. Aurtengo gaia Sarean jaioberriak. Mundu digitalean sortutako lankidetza aukera berriak izan da eta Euskararen etxean egin dira.

Jardunaldien barruan, ondokoak izan dira: komunikabideetako mahai ingurua, Euskararen Interpretazio Zentrora bisita, Storytelling tailerra, sarean jaio eta gizartearen partaidetza eskatzen duten egitasmo ezberdinen aurkezpenak eta bukatzeko, Alfonso Alcántararen (@yoriento) hizaldia.

Argazkiak ikusi

jakintza librea.jpg

Rafael Mikoleta ipuin lehiaketaren XXIV. edizioko sariak Bilbon
+

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak maiatzaren 7an banatu zituen Rafael Mikoleta ipuin-lehiaketaren XXIV. edizioko sariak. Lehiaketa hau Bilboko lehen eta bigarren hezkuntzako eskola-umeentzat da eta ipuinek euskaraz idatzitakoak izan behar dute.

Aurten 892 ipuin aurkeztu dituzte. Guztira, Bilboko 31 ikastetxetako 400 mutikok eta 492 neskatok hartu dute parte. Oinarrietan finkatutako lau kategoriak (A, B, C eta D) hauek dira: lehen hezkuntzako 3. eta 4. maila, lehen hezkuntzako 5. eta 6. maila, DBHko 1. eta 2. maila eta DBHko 3. eta 4. maila. Kategoria bakoitzaren barruan hiru sari daude: lehenengoak 180 euroko balioa du, bigarrenak 140 eurokoa eta hirugarrenak 100 eurokoa. Bilboko 24 umek, 22 irakaslek (euretako bik saritutako ipuin bigatik hartu zuten saria) eta 14 ikastetxek jaso dituzte sariak.

Argazkiak ikusi

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea