Aurten ere Bizkaiko hainbat udalerrik Gidabaimena euskaraz egitasmoa martxan jarriko dute. Egitasmoaren helburu nagusia da gazteei adieraztea gidabaimena euskaraz ere atera daitekeela, eta hori oinarri hartuta, egitasmoa hiru zatitan banatuko da: sentiberatze-kanpaina, hitzaldiak eta prestakuntza-saioak autoeskolentzat.
Hitzaldietan Iñigo Olabegogeaskoetxea arituko da hizlari. Hitzaldiok hainbat herritan emango dira eta helburu nagusia da gidabaimena euskaraz egin daitekeela jakinaraztea eta gazteen artean mezu hori zabaltzea. Bestetik, egitasmoan parte hartuko duten udalerriek sentiberatze-kanpaina martxan jarriko dute, herrian bertan ere gidabaimena euskaraz atera daitekeela jakinarazteko. Horretarako triptikoak banatuko dira gazteen artean eta herrian kartelak jarriko dira.
Aurten berrikuntza moduan Bizkaiko autoeskoletako irakasle euskaldunei 4 orduko prestakuntza saioa eskainiko zaie APAVIren prestakuntza-eskaintzaren barruan. Ikastaroa maiatzean egingo da APAVIren egoitzan. Horretarako Bizkaiko Foru Aldundiak eta APAVIk lankidetza-hitzarmena sinatuko dute. Prestakuntzaz aparte, elkarteei hizkuntza-aholkularitza eskainiko zaie eta euskarazko eskaintza duten autoeskolei bertako autoetan itsasteko eranskailuak emango zaizkie.
Egitasmoa, batez ere, 17 eta 23 urte arteko gazteei zuzenduta dago, adin horretan askok eta askok gidabaimena atera nahi izaten dutelako eta euskaraz alfabetatuta daudelako. Ildo horretan bada, gidabaimena euskaraz atera nahi duenak erabilgarri izango ditu teoria liburua eta testak egiteko programa informatikoa, euskara hutsean biak; ondoren, azterketa teorikoa euskaraz egiteko aukera ere izango dute.
Aurten ere udalerri batzuek gazteei emango dizkiete diru-laguntzak gidabaimeneko azterketak euskaraz egiteagatik. Matrikula ordaintzeko diru-laguntza emango zaie eta zenbait herritan klase praktikoak ere ordainduko zaizkie. Gainera, azterketa teorikoa euskaraz egin eta gainditu dutenen artean bidaia zoragarri bat zozketatuko da.
Iaz Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak, EUDELek eta AFADEk (Euskadiko Ferialari Autonomoen Elkartea) lankidetza-hitzarmena sinatu zuten herrietako jaietan jartzen diren jolas-ikuskizunetan euskararen erabilera sustatzeko asmoz.
Lankidetza-hitzarmen horri jarraiki, BFAk kartel-eredu bat prestatu zuen eta hori erabili zen barraketako arduradunek behar zituzten testuak idazteko. AFADEkoek euskarri horiek erabiltzeko konpromisoa hartu zuten eta elkarteko kideei banatu zizkieten herrietako jaiak hasi baino lehen. Guztira 300 kartel eskatu eta plastifikatu ziren AFADEko idazkariak hala eskatuta eta gero hark bere bazkideen artean banatu zituen. Askok kartel bera denboraldi osoan erabili izan dute herriz herri.
Iazko arrakasta ikusita, aurten ere hitzarmen hori berretsi egingo da eta AFADEtik kartelak egiteko eskaerak jasoko dira Alkarbide bilgunean, bilgune horretako idazkaritza teknikoa izango baita kartelak egokitzeko lana beteko duena. Hala ere, lan horiek guztiak egiteko, Alkarbide bilgunearen idazkaritza teknikoa udal-mankomunitateetako euskara teknikariekin koordinatuko da tokian tokiko eskakizunei erantzuteko.
Basauriko Udalak 2004an onartu zuen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN). Aurten, urtebeteko luzapena eskatu eta gero, bigarren plan estrategikoa amaituko denez, hirugarren plan estrategikoaren lan-ildo nagusiak zehaztu nahi dute. Horretarako Basauriko eragile guztien partaidetza lortu nahi du beraien iritziak, iradokizunak eta ekarpenak jasotzeko.
Beraz, lehenengo pauso legez, apirilaren 25ean Basauriko Social Antzokian jendaurreko ekitaldia egin zuten. Aurkezpenean Alkateak eta Euskara eta Kultura Politikako zinegotziak euskararen egungo egoera orokorraren eta planari begira gure hizkuntza sustatzeko neurri eta lan ildoen berri eman zieten bertaratutakoei. Horrekin batera, Euskararen Aholku Batzordea zelan osatuko den azaldu zuten. Aurreko bi planetako ondorioak aztertu eta gero, Basauriko esparru ezberdinetako herri-eragileez osatutako Euskararen Aholku Batzordea ardatz izango da plan berriaren eraketan, prozesu horretan esparrukako ikuspegi zehatzagoa landuko delako.
Getxoko III. Euskara Plana
Getxoko Udalak Getxoko III. Euskara Planaren zirriborroa aurkeztuko du maiatzaren 3an Andres Isasi musika eskolan. Zirriborro hori dokumentua irekia izango da, hau da, etengabe aldatzen joango dena. Aurkezpena Imanol Landa alkateak egingo du eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiaren partaidetza ere izango du, bere aldetik, euskararekin izandako esperientzia azalduz.
Plan berriaren zirriborroa diseinatzeko lanean, udalerriko erreferentzia kuantitatibo eta kualitatibo ugari izan dira kontuan: aurreko planen betetze maila, herriko gazteen artean interesari eta jarrerari buruz egindako inkesta, euskara menperatzen ez duen jendeari egindako azterketa kualitatiboa, merkataritza azterketa eta 2010. urtean egindako Getxoko azterketa soziolinguistikoaren emaitzak.
Aurkezpenaren ostean aurkezpen sektorialak etorriko dira, alorretako eragileekin, proposamena aztertu, eztabaidatu eta osatzen joateko, beti ere, finkatutako helburuei begira: euskararen transmisioa bermatu, erabilera ziurtatu eta hizkuntza beraren elikadura bideratzea. Proposamenaren inguruko dokumentazioa CD batean banatuko da eta www.getxo.net/euskara gunean ere eskuragarri izango du nahi duen guztiak ekarpenak internet bidez, posta elektronikoz edo euskara zerbitzuan bertan egiteko.
Bermeoko Udala EBPN berria sortzeko bidean
Bermeoko Udalak EBPN garatzen jardun du azken urteotan, eta aurten, datozen bost urteetarako plangintza berria herritarrekin batera landu nahi du. Orain arte egindako ibilbidea aztertu, hutsuneak eta hobetzekoak identifikatu eta egungo egoeraren diagnostikoa egin nahi dute, etorkizunera begira, jarraitu beharreko norabidea zehazteko asmoz.
Bide hori jorratzeko eta euskararen garapenaren aldeko lanean diharduten udalerriko elkarte eta erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza areagotzeko, hainbat lan-mahai proposatu ditu udalak arloka banatuta. Lan-mahaiak honako hauek dira: familia, transmisioa, euskalduntzea eta etorkinak; gazteak; aisia, kirola, kulturgintza eta teknologia berriak; eta lan-mundua eta teknologia berriak. Arlo bakoitzean egindako lanak baloratu ondoren, gaur egungo egoeratik abiatuta datozen bost urteetarako plangintza egin gura dute. Udalak herriko biztanle guztiak gonbidatu ditu lan-mahaietan parte hartzera, bermeotar guztien bizipen, proposamen eta hausnarketak lagungarriak izango direlako.
Horrenbestez, Bermeoko Udalak lan-mahai horiek maiatza-ekaina bitartean batuko direla jakinarazi zien herritar guztiei apirilaren 26an egindako prentsaurrekoaren bitartez.
Euskaraz Olgetan Uribe Kostan
Azkeneko urteetan bezala, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako umeek euskaraz jolastu ahal izango dute Euskaraz Olgetan programari esker maiatza, ekaina, iraila eta urrian. Lau hilabete horietan zehar aisialdiko jarduerak eskainiko dira Uribe Kostako bost herritan eta euskara ardatz nagusia izango da haurrek eta gurasoek elkarrekin euskaraz jolasteko. Astero bi ordutan Lemoiz, Plentzia, Urduliz, Gorliz eta Plentzian ekintza ezberdinak eskainiko dira: jaialdiak, puzgarriak, tailerrak, jolasak…
XI. idazlan koadernoak eta irakurketa ekitaldiak Gernika-Lumon
Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzua eta Hezkuntza Arloaren eskutik eta udalerriko irakaskuntza zentroekin elkarlanean, XI. Idazlan Koadernoak argitaratu dira, azken hamaika urteetan bezala. Horri lotuta apirilaren 19 eta 20an irakurketa ekitaldiak antolatu ziren. Egitasmoaren helburu nagusia euskara sendotzea eta idazmena lantzea da irakurzaletasuna sustatzearekin batera.
Idazlan koadernoetako idazlanak aukeratzeko, zentro bakoitzak bere idazlanak hautatzen ditu, ziklo bakoitzeko bi. LHkoen liburuan 30 idazleren lanak jaso dira, eskuz eurek idatzitako moduan eta jatorrizko marrazkiekin folio formatuan. DBH/Batxilergo/HHI mailakoen argitalpenak, berriz, aurten formatu digitalean 31 idazlan bilduko ditu CD batean.
Idazlan horietako idazleek egindako lana saritzeko, irakurketa ekitaldiak antolatu ziren apirilaren 19 eta 20an. Argitalpenen aleak eskuratzeaz gain, LHkoek 30 euroko bonoak jasoko dituzte eta DBH/Batxilergokoek 40koak, udalerriko liburu dendetan euren gustuko liburuak erosi ahal izateko.
VIII. bertsopaper lehiaketa Bermeon
Bermeo Udaleko Euskera Sailak, herriko ikastetxeekin batera, zortzigarren aldiz, Bertsopaper lehiaketa antolatu du. Lehiaketaren emaitzen berri apirilaren 25ean eman zen Nestor Basterretxea aretoan egin zen sariak banatzeko ekitaldian.
Lehiaketa honen bitartez, gaztetxoen artean bertsozaletasuna sustatu nahi da eta 11 eta 18 urte bitarteko gazteek parte hartu dute. Bertso bat aurkeztu duen gazte bakoitzak sari bana jasoko du eta maila bakoitzeko irabazleek, berriz, bertsozaletasuna lantzen jarraitzeko materiala jasoko dute. Aurten 11 eta 14 urte bitarteko mailan 106 lagunek aurkeztu dute bertsoa, iaz baino askoz gehiago. Bigarren mailan, berriz, hiru lagunek aurkeztu dituzte bertsoak.
Alkarbide bilguneak maiatzean Jendaurrean eraginkortasunez berba egitea ikastaroa antolatu du eta bertan Alkarbide bilgunea osatzen duten euskara zerbitzuetako euskara teknikariek parte hartuko dute. Irakaslea Manu Marañon izango da eta helburuak, besteak beste honako hauek izango dira: eraginkortasunez komunikatzea eta aurkeztea, modu konstruktiboan eta positiboan egitea, jendaurrean hitz egiteko segurtasuna eskuratzea eta ideiak ordenatzea eta baliabideak aukeratzea.
Ikastaroa 20 ordukoa da eta lau egunetan egingo da Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko Errekalde zumarkaleko egoitzan 9:00etatik 14:00etara: maiatzaren 7, 10, 14 eta 17an.
Maiatzaren 8an Eibarko …eta kitto! Euskara Elkarteak euskararen transmisioari buruzko II. mintegia antolatuko du Eibarko Portalea Kultur Etxean. Gaiari sendotasunez heldu eta mintegiaren bitartez gaiaren inguruan dauden esperientzia eta praktika onak elkarbanatu eta ezagutarazteaz gain, transmisioari buruz eztabaida eta lan ildoak definitu nahi ditu elkarteak.
Egun osoko saioa izango da eta bertan sei hizlari arituko dira transmisioaren gaineko esperientziak azaltzen. Horietako bat Alkarbide bilguneko ordezkari bat izango da eta Alkarbidek bideratutako Eman giltza kanpainari buruzko informazioa eskainiko du. Mintegia euskara elkarteetako kide, udaletako euskara teknikari, aisialdi-taldeetako kide, irakasle eta gurasoei zuzenduta dago.
Apirileko opor ostean, Eman Giltza kanpainan parte hartzen duten udalerrietako euskara teknikariek Facebook sare sozialari buruzko ikastaroan parte hartu dute. Kanpainari buruzko orrialdea kudeatzen ikasteko antolatu da ikastaroa. Ikastaroa 2 ordu eta erdikoa izan da eta bertan oinarrizkoa ikasteaz gain, ariketa praktikoa ere egin zuten teknikariek.
Ikastarora joateko aukerarik izan ez dutenek informazioa eska dezakete Alkarbide bilgunera mezua idatzita.
ArgIHIzkiak argazkietan oinarritutako I. testu laburren lehiaketa laster egongo da martxan. Lehiaketa hau Egizu Getxo euskara elkarteak, UK aldizkariak, Getxophoto ekimenak eta Getxoko Udalak antolatu dute. Literatur-ekimen honen helburua jendea euskaraz idaztera eta irakurtzera animatzea da. Horretarako aukeran ematen diren hamabost argazkitik parte hartzaileek bat aukeratu eta irudi horretan oinarritutako testuak idatzi beharko dituzte.
Lanak bidaltzeko epea maiatzaren 1etik 31ra zabalik egongo da. Argazkiak helbide honetan daude ikusgai: http://www.egizu.org/2012/04/argihizkiak-argazkietan-oinarritutako-testu-laburren-lehiaketa/


