Nahi dudalako! leloa ardatz hartuta, Bizkaiko 39 udalerrik aurten ere abian jarri dute Batxilergoan eta Lanbide Heziketan euskarazko ikasketak sustatzeko kanpaina eta, horrenbestez, Bizkaiko 6200 gaztek euskaraz ikasten jarraitzeko aukerari buruzko informazioa jaso dute.
Ekimen honen hartzaileak DBHko (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako) 3. eta 4. mailan euskarazko ereduetan ikasten ari diren gazteak dira. Gazte horiei ondorengo urteetan ere ikasketak, Batxilergokoak zein Lanbide Heziketakoak, euskaraz egiten jarraitzeko informazioa ematen zaie.
Web gunea da kanpainaren ardatza, baina aurten eskuorriarekin batera udalerri batzuek gurasoei zuzendutako gutuna ere bidaliko dute, adin horretan gurasoek ere zeresana izaten baitute gazteek hartu beharreko erabakian. www.nahidudalako.com web gunean ere berrikuntzak izango dira. Testigantzak atalean, esaterako, bi esketx grabatu dira DBH amaitzear dauden gazte biren egoera irudikatzen da lehenengoan eta bigarrenean euskaraz ikastea erabaki duten gazte biren esperientzia jasotzen. Horrekin batera eta iazkoaren ildotik jarraituz, DBHO euskaraz ikasi duten bi gazteren esperientziak jasotzen dira bi bideotan eta horrekin batera euskaraz ikasten jarraitzea zergatik aukeratu duten eta horrek zer onura ekarri dien bai lanari begira, bai euren bizimoduari begira.
Web gunera sartzeagatik aurten ere gazteek sariak eskuratu ahal izango dituzte inkesta bat bete eta gero. Horretarako, parte hartzaileek kanpainan parte hartu duten udalerrietan erroldatuta egon behar dute.
Bestalde, kanpainari lotuta, aurten ere Itxaso Paia bertsolari eta aktoreak hitzaldiak emango ditu. Hitzaldiotan berak euskararekin izan duen lotura eta euskarak eman dizkion onuren gainean berba egingo du.
Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak Euskara Bizia batzordea sortzea erabaki zuen iaz, lurraldean euskararen alde lan egiten duten elkarteei laguntzeko eta euren jarduerak koordinatzeko. Batzorde hori kide anitzeko erakunde aholku-emailea da eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari atxikita dago.
Batzordeak, besteak beste, honako eginkizun hauek dauzka: euskararen alde lan egiten duten elkarteen arteko koordinazioa eta lankidetza sustatzea; aldundiaren jardunari buruzko neurriak proposatu eta bideratzea; gomendioak eta proposamenak egitea, eta elkarte eta erakundeen arteko hartu-emanetarako eta komunikaziorako foro legez jardutea.
Horiek horrela, batzordeko kide dira Bizkaiko Foru Aldundiko hiru ordezkari (Kulturako diputatua, Euskara Sustatzeko zuzendari nagusia eta Hizkuntza Gizarteratzeko Ataleko burua) eta erakunde hauetako ordezkari bana: Eudel, Euskaltzaindia, Alkarbide, Azkue Fundazioa eta euskararen alde lan egiten duten elkarteak, erakundeak eta pertsona ezagunak. Josune Ariztondo Kultura diputatua da batzordeburua.
EraLan Soziolinguistika Klusterrak sustatzen duen proiektua hizkuntza normalizazio planak dituzten lan munduko erakundeei zuzenduta dago. Egitasmo hau euskararen erabileran eragiten duten aldagaiak identifikatzeko eta horietan positiboki eragiteko metodologia gorpuzteko helburuarekin garatu da. EraLan izenak adierazten duena, “laneko erabilera” da; lan munduko euskararen erabilera. Eta horren atzean, bi lan nagusi daude: laneko erabileran eragiten duten aldagaien identifikazioa eta aldagai horietan eragiteko interbentzioak diseinatzeko metodologia zehaztea eta aplikatzea.
EraLan hiru alditan garatzen ari da eta aurreko bien emaitza moduan, orain EraLan3 jarri da martxan. Administrazioan hizkuntza lidergoa lantzeko proiektuetako ondorioak eta fase berri honetan parte hartuko duten erakunde bakoitzaren interesak landuko dira.
Helburu nagusia administrazioetako euskara planak berritzeko hizkuntza lidergoaren bitartez kudeaketatik elkarrekintzara saltoa egitea da. Horretarako portaera eredugarriak sustatu, administrazioaren udal agente guztien lidergo kateak artikulatu eta euskara teknikarien rola birdefinitu nahi dira.
EraLan3 proiektu honetan interesa duen edozein udalek parte har dezake. Horretarako garapen taldeak sortuko dira.
Aurreko urteetan antzera, Galdakaoko Udaleko euskara zerbitzuak otsailean zehar gazteen artean motibazio-saioak eta “Lagunarteko hizkerarekin jolasean” saioak antolatu ditu herriko hiru ikastetxeetako DBHn eta Batxilergoan.
Motibazio-saioetan gazteen euskararekiko inplikazioa landu nahi da. Orokorrean, hizkuntzen inguruko hausnarketa egiten da, batez ere euskara hizkuntzaren gainean, eta gazteen euskararen normalkuntzan parte hartzea nahi da. Motibazio-saio hauen helburuak honako hauek dira: alde batetik, euskararen egoerari buruzko hausnarketa egitea, jarrera aktiboa eta kontzientea bilatuz, eta, bestetik, gazteen inplikazioa bilatzea, euskararen normalkuntzan egin dezaketena ikasaraziz. Saioak parte hartzaile eta dinamikoak dira, diapositibak, talde-dinamikak, musika, jolasak eta jarduera desberdinekin.
Beste alde batetik, “Lagunarteko hizkerarekin jolasean” saioa ere burutu da DBH irakasten duten herriko ikastetxeetan. 10 orduko saio hori egoera ez-formaletan euskararen erabilera areagotzea izan du helburu. Jakina da inguru euskaldunetan ere gazteak gaztelania erabiltzen dutela lagunarteko erregistroetan, askotan euskaraz zelan esaten den ez dakitelako. Saio honekin gazteak euskaraz jolastu, bizi eta gozatzea lortu nahi izan dute antolatzaileek.
Saioetan haserrea, ligatzea edo adarra jotzea landu da gazteen eguneroko gaiak erabiliz. Erabiltzen dituzten esaerak aztertu eta berriak nola sortu ahal dituzten landu dute, bestek beste. Era berean, gazteei animatu nahi zaie egoera ez-formaletan eta lagunarteko erregistroan euskaraz erabiltzen. Horretarako, euskara erabiliz ere ondo pasatu ahal dutela erakutsi zaie, gazteak gustura sentiaraziz eta metodologia dinamikoa eta parte hartzailea erabiliz.
Getxoko Udaleko Euskara eta Immigrazio zerbitzuek bultzatutako proiektu berria da Maia egutegia. “Mundua salbatzeko zer egin dezakegun” aitzakia oinarri hartuz, herriaren bizikidetza sendotzea da helburu nagusia. Gai hauetan interesatuta dauden elkarte eta pertsonak elkarlanean jarri nahi dira herritarrei gizarte berri baten existentzia posible dela agerraraziz.
Aurkezpena Romoko Kultur Etxean izan zen otsailaren 10ean goizeko 10:00etatik 13:00etara. Bertan hasi zen “denboraren atzerako kontaketa”. Euskal kultura eta immigrazioaren alorreko elkarteak bildu ziren bertan, mundua aldatu ahal izateko egin daitekeenaren inguruan hausnartzeko. Hezi, entzuten ikasi, partekatu, elkarlana, partaidetza eta beste hainbat proposamenekin zerikusia duten gaien inguruan aritu ziren. Maia Egutegiak iragarritako ordena aldaketa gainditzeko beharrezkoa den eraldaketa soziala lortzeko ahaleginak egin zituzten.
Horrenbestez proiektuak aurkezteko epea ireki da. Galeako gotorlekuan aurkitutako oholtxoak dakarren premisari erantzuna ematen dioten proiektuak egiteko garaia da; Bizikidetza lantzea da helburua. Proposamenak jasotzeko azken eguna martxoaren 5a izango da. Proiektuek bizikidetza orekatuaren eraikuntza bultzatu, Getxoko agenda kulturaleko edozein ekintzetan sartu ahal izan, eta herriko eta euskal kultura eta ohituretara hurbiltzea erraztu beharko dute.
Maia egutegiaren gaineko informazio gehiago facebook (http://www.Facebook.com/maiaegutegia ) eta blog-ean (http://maiaegutegia.wordpress.com/) aurkituko duzue.
Udaltop
Udaletako euskara zerbitzuek egin duten lana elkarbanatzeko eta denontzako erabilgarria izateko sortu ziren orain dela hiru urte Udaltop topaketak. Udaltopen helburu nagusia Euskal Herri osoko herri administrazioetako euskara zerbitzuen arteko elkarlana sustatzea eta bide berriak irekitzea da, gai ezberdinak jorratuz. Ildo beretik jarraituz, aurten gai hau jorratuko dute: Nolakoa da gure (udalaren) hizkuntza-politika? Begiratu, mesedez, euskara sailetik kanpo!
Horretarako martxoaren 22 eta 23an Udaltop Udaletako Euskara-Zerbitzuen IV. Topaketak antolatu dira. Laugarren edizio honetan 9 ponentzia egongo dira eta 17 hizlari arituko dira bi egun horietan.
Iazkoaren ildotik, erakusketa eta azoka ere izango dira. Euskara zerbitzuentzat interesgarriak izan daitezkeen hainbat esperientzia bilduko dira erakusketan. Azokan, berriz, hainbat enpresa, elkarte eta erakundek euren zerbitzuen eta produktuen berri emango dute.
Udaltopen izena emateko azken eguna martxoaren 16a izango da.
Bilerak dinamizatzeko teknikak
Udako Euskal Unibertsitateak martxoaren 24an eta 31n Bilerak dinamizatzeko teknikak ikastaroa antolatu du Eibarko Markeskoa Jauregian. Ikastaroaren helburua da bilerak ahalik eta eraginkorren egitea. Horretarako bilerak dinamizatzeko abileziak garatu, bileretan izaten diren prozesuen hausnarketa kolektiboa gauzatu eta talde-dinamizazioan gertatzen diren fenomenoak aztertuko dira.
Ikastaroa enpresa, elkarte edo erakunde taldeen koordinazio eta dinamizazioaz arduratzen direnei edota bileren dinamizaziorako tekniketan trebatu nahi duen edonori zuzenduta dago. Irakaslea Marije Apokada izango da, psikologian lizenziatua eta EHUko irakaslea.
Ikastaroan izena emateko epea martxoaren 16an amaituko da. Ikastaroa bera bi larunbatetan egingo da: martxoaren 24an eta 31n, 9:00etatik 14:00etara eta 15:30etatik-18:00etara. Guztira 15 ordu izango dira.
BerbaTek
BerbaTek hiru urterako (2009-2011) ikerketa estrategikoko proiektua da eta proiektuaren aurrekontuaren zati bat Elhuyar Fundazioak, EHUko IXA eta Aholab ikerketa-taldeek, Vicomtech teknologia-zentroak eta Tecnalia-Research & Innovation fundazioak osatzen dute.
Proiektuaren helburu nagusia da hizkuntza-, ahots- eta multimedia-teknologiak garatzea, itzulpenaren, irakaskuntzaren eta edukien sektoreek osatzen duten hizkuntzen industriaren sektore ekonomikoaren euskarri teknologiko izateko, izan ere, industria horrek teknologia aurreratuak eskura behar ditu ingurune globalizatu, interkonektatu eta eleaniztun honetan lehiakor izateko.
Proiektuaren beste helburuetako bat ikerketa erabilera praktikora bideratzea da eta hiru demo sortu dituzte: zientzia eta teknologiako bilatzaile semantiko multimedia bat, dokumentalen bikoizketa automatikorako demo bat, eta hizkuntzen irakaskuntzarako tutore pertsonal bat.
Gaztelania-euskara itzultzaile automatikoaren aurkezpena egin zen otsailaren 28an Bilboko Alondegian arratsaldeko 8:00etan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eskutik. Bertan Patxi Lopez lehendakaria eta Blanca Urgell Kultura sailburua egon ziren.
Testu labur orokorrak itzultzeko tresna lagungarria izango da itzultzaile automatiko hau eta interneten eskuragarri egongo da. Baina momentuz bertsio zabala Jaurlaritzaren intranetean bakarrik erabili ahal izango da. Antza denez, Gaztelania-Euskara itzultzaile automatikoak oraindik hobekuntzak behar dituela jakinarazi dute. Gerora erabilgarria izateko, Jaurlaritzan itzulpen automatikoak eskuz hobetzen joango dira eta horrela tresna zuzenagoa izango da.
Bermeoko Udaleko Euskara Sailak hirugarren urtez jarraian ekingo dio abizenak euskal grafiaz idazteko kanpainari. Aurreko bi urteotan, ehun bat herritarrek gauzatu zuten espedientea izen-abizenen grafia aldatzeko, oso prozedura erraz baten bitartez. Horrez gain, Bermeoko epaitegiko erregistroak -jaiotza, ezkontza eta heriotza- ere euskaraz egin ahal izango dira hemendik aurrera.
Euskararen erabilera Bilboko saltokietan sustatzeko programari esker, hiriburuko 469 merkatarik euskarazko eskolak jaso dituzte 2009 eta 2011 urteen artean. Biribilko programak bi ikastaro mota eskaintzen dizkie Bilboko merkataritza-establezimenduetako langileei: bata, merkataritza kontuetan aritzeko oinarrizko euskara ikastaroa, 85 ordukoa, euskaraz jakin ez edo gutxi dakitenentzat. Ikastaro horretan, 391 lagunek parte hartu dute; bestea, euskaraz oldez edo moldez moldatzen diren merkatarientzako hobekuntza-ikastaroa, 100 ordukoa. Azken horretan, 78 lagunek hartu dute parte.
Sestaoko Udalak AISA programarekin bat egin du aurten etorkinei oinarrizko euskara ikastaroak eskaintzearren. Ikastaroa hirurogei ordukoa da eta martxoaren 1etik maiatzaren 25era emango da.


