saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Agerkaria

Informazioa

Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
66. alea
2012ko urtarrila

 
D bitamina. Aberastu bere heziketa
+

Azken urteetan egindako lanarekin jarraituz, aurten ere abian jarri da hainbat udalerritan D bitamina. Aberastu bere heziketa kanpaina 2012-2013. Egitasmo honen bidez 2-3 urteko umeen eskolatze-aldia baino zertxobait lehenago, gurasoei hezkuntza sistemari buruzko informazioa bidaltzen zaie horren gainean hausnarketa egin dezaten. ALKARBIDE bilguneak koordinatu du ekimena eta guztira 8000 liburuxka inguru banatu dira.

Helburua umeak eskolan lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoei D ereduari buruzko informazioa ematea eta eredu hori aukeratzeko arrazoiak azpimarratzea da. Guztira 42 udalerrik hartu dute parte: 21 udal eta 3 mankomunitate.

Kanpainaren osagarri nagusiak hiru dira: gutuna, gutunazala eta oparia. Udaleko ordezkariren batek sinatutako gutunean bertan euskarazko ereduetan ikasteak dakartzan abantailen berri ematen da. Gutunazalean, berriz, jasotzailearen helbidearekin batera D eredua aukeratzeko arrazoiak agertzen dira. Nahiz eta gutuna gurasoei zuzenduta egon, umeei opari bat egiten zaie: kanpainaren leloa idatzita duen neurgailua.

Aurrematrikulazio epea urtarrilaren 30ean hasi eta otsailaren 10ean amaituko da. Eskaera internet bidez eginez gero, epea otsailaren 9an amaituko da.

Argazkiak ikusi

Complet 1.jpg

Bilbo ekintzez beterik
+

Ikusi eta ikasi

Bilboko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz zortzigarren urtez Ikusi eta Ikasi kultur zirkuitua antolatu du. Egitasmo honen bidez Bilboko haurrek euren aisialdia euskaraz gozatu ahal izango dute horretarako prestatu dituzten ekintzen bitartez.

Eskaintza gustagarria izan dadin, zirkuituaren barruan era askotako kultur adierazpideak uztartuko dira: antzerkia, txotxongiloak, magia, musika, pailazoak, ipuin kontalariak…. Egitasmo honen hartzaileak hiru eta hamabi urte bitarteko haurrak dira; urtarrilaren 16an hasi eta martxoaren 17a arte luzatuko da eta 30 ekitaldik baino gehiagok osatuko dute. Aurten, gainera,tailerrak ere prestatu dira gurasoentzat, bata umeekin errezeta gozoak egiten ikasteko tailerra izango da euskararen transmisioa familiaren eremuan bultzatzeko, eta bestea guraso erdaldunek seme-alabei etxeko lanak egiten laguntzeko aholkuak jasotzeko eta zalantzak argitzeko tailerra izango da Iñaki Eizmendiren eskutik.

Informazio gehiago www.ikusietaikasi.com orrian aurkituko duzue.

Harrapazank

Bilboko Udalak Harrapazank aisialdi programaren hirugarren edizioa antolatu du. 12 eta 16 urte tarteko gazteen kultura eta hizkuntza-ohiturei eragin eta euskararen erabilera sustatzeko asmoz.

Ukabila taldeak Harrapazank-erako abestia sortu du eta bideoklipa grabatzeko Bilboko gazteek parte hartuko dute. Bestetik, aurreko edizioetan argazki lehiaketak izandako arrakasta ikusi eta gero, kalea gaitzat duen lehiaketan parte hartu ahal izango dute. Horretarako, nahi duenak argazkilaritza ikastaroa jaso ahal izango du otsailean. Tailerrekin jarraituz, moda tailer bat ere izango da nahi duenak pasarela probak egiten hasteko gero desfile nagusian taldeka desfilatu dezaten. Talde onenak 100 euroko bonoa jasoko du.

Harrapazank Eszenatokia lehiaketa berrian, aldiz, iazko bi lehiaketa (distirazank eta dantzazank) uztartu dira lehiaketa nagusi bat sortzeko. 3-5 minutuko ikuskizun bat prestatuko dute gazteek eta ondo prestaturik iristeko irakasle profesionalekin entseguak izango dituzte. Sailkapen galak igaro eta gero, talde finalistek martxoaren 31n 1.500 euroko bonoa bereganatzeko aukera izango dute. Harrapazank telebista egitasmoaren barruan otsailean antolatuko den kazetaritza tailerrean beharrezko ezagutzak barneratu ostean erreportari izateko proposamena egingo zaie gazteei.

Argazkiak ikusi

Ikusi eta ikasi.jpg

Sopelan, euskaraz atseginez! bloga
+

Urtarrilaren 10ean Sopelan, euskaraz atseginez! egitasmoaren blogaren aurkezpena izan zen. Bertan iazko martxoan aurkeztu zen Sopelan, euskaraz atseginez proiektuaren jarraipena jendaurrean aurkeztu zen. Proiektua Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren, Sopelako Udalaren eta AITXU! euskara elkartearen arteko elkarlanaren ondorioz jaio zen eta hainbat gizarte-eragileri esker hazi da: ikastetxeak, euskaltegiak, Berbalagun, Sopelako Merkatari Elkartea, zenbait merkatari eta ostalari, herriko eta inguruko hainbat auzokide eta beste.

Egitasmo honen helburua Sopelako merkataritza eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzea eta normalizatzea da. Horretarako, orain arte emandako hainbat urrats oinarritzat hartu eta gero, zerbitzua euskaraz emateko gai diren saltokien berri ematen zaie herritarrei. Gainera merkatari eta ostalariei euren lana apurka-apurka euskaraz egiteko behar duten laguntza eskaintzen zaie egitasmo honen bitartez.

Blogak egitasmoaren ispilua izan nahi du eta merkatari, ostalari zein bezeroentzat erabilgarria eta dinamikoa den parte-hartzaile guztien zerrenda osatu da bertan. Berriak, elkarrizketak, egitasmoari atxikitako salgaien fitxak, merkatari eta ostalaritzako baliabideak, argazkiak, bideoak eta abar gehitu dira web gune honetako ataletan.

Argazkiak ikusi

Sopelan euskaraz2.JPG

Jardunaldiak
+

Euskara Entitate Publikoetan. Jardunaldiak

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Euskara Entitate Publikoetan jardunaldiak antolatu ditu Miñaon bertan dagoen Arabako Teknologi Parkean otsailaren 2an. Jardunaldi horien bitartez Sozietate Publiko eta Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoetan euskarak lekua baduela erakutsi nahi da. Horretarako erakunde horien guztien lankidetza behar-beharrezkoa da denen artean herritarrei zerbitzurik onena eskaintzeko asmoz.

Egun bateko lan-saioa izango da, goizez eta arratsaldez eta bertan aukera egongo da elkar ezagutu, esperientziak elkarbanatu eta arlo honetan beharrizanak, iritziak, ideiak eta ardurak jasotzeko. 3 atal nagusitan banatuko da lan-saioa: teoria, talde-lana eta esperientzia praktikoak. Lehenengo atalean araudia zein den, erabilera planak nola gauzatzen diren eta zein baliabide dauden azalduko dira. Talde-lanean, berriz, bertaratutakoen iritziak eta premiak jasoko dira, aurrerantzean jarraitu beharreko lan-lerroak finkatzerakoan kontuan hartuko direnak. Amaitzeko, arratsaldean, zenbait erakundek beraien esperientziak eta martxan jarri dituzten ekimenak ezagutzera emango dituzte: Artium zentro-museoa, DTK-dBus, Kalitatea Fundazioa eta EITB.

Jardunaldiak euskaraz izango diren arren, aldibereko itzulpen zerbitzua izango da behar duenarentzat.

V. Euskal Soziolinguistika Jardunaldiak

Euskal Soziolinguistikaren Jardunaldien bosgarren edizioa izango da otsailaren 24an Donostian, Miramongo Zientzien Museoan, eta aurtengo izenburua Kulturgintza euskararen garabidean izango da. Izena emateko epea otsailaren 21ean amaituko da.

Jardunaldia hausnarketa teorikoan eta maila aplikatuan euskalgintzan ari direnei zuzentzen zaie. Ikerlarien, unibertsitateko irakasleen, eta ikastetxeetan, lan munduan eta administrazioan euskararen normalizazioan ari direnen topagune izan nahi du. Horretarako, hitzaldiak eta lan-saioak antolatu dira.

Informazio gehiago www.soziolinguistika.org/jardunaldia web gunean aurki dezakezue.

Argazkiak ikusi

Enpresa publikoetan euskaraz.jpg

Lemoiz euskaraz eta Bazkalosteak
+

Lemoizko Udalak herrian euskara sustatzeko kanpaina bat martxan jarri du Lemoiz euskaraz izenburupean. Egitasmo honekin euskara hizkuntza gizarteratu, mantendu eta ezagutzera eman nahi da inguruko baserritar eta arrantzaleek urteetan erabilitako bertako berbei erabilera emanez, batez ere, herriko ume eta gazteek gaur egun ezagutzen ez dituztenak.

Alkatearen esanetan, udalak egitasmo honekin herrian euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa hartu nahi du. Helburu nagusia, auzokideak euskaraz bizitzea eta beraien esperientziak eta errealitatea euskaraz elkarbanatzea da.

Bestetik, Bazkalosteak izeneko egitasmoa ere martxan dago jada Lemoizen. Egitasmo hau herriko ikastetxean ikasten ari diren umeei zuzendua dago eta bazkalosteko orduan umeek euskaraz egin dezaten dinamizatzaile bat kontratatu du Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak.

Argazkiak ikusi

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea