saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Agerkaria

Informazioa

Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
65. alea
2011ko abendua

 
Urte barri on!
+

Urte zaharra atzean utzita, oraintsu hasi zaigun urte berri honetan ere lagun izango gaituzue zuen ekimenotan Alkarbide bilgunearen Idazkaritza Teknikoa nahiz Batzorde Eragilea osatzen dugun kideok.

Argazkiak ikusi

zorionak irudia.bmp

2011ko Jardueren txostena
+

Urtero legez, urte amaieran koordinatzaileen batzarra egin genuen bilgunearen urteko balantzea egiteko. Horretarako, aldez aurretik, teknikarioi balorazioa egiteko orria bidali genizuen. Balorazio gehienak oso antzekoak izan dira eta besteak beste, honakoak jaso ditugu:

Koordinazio atalari dagokionez, harremanetarako bideak, bai postaz, bai telefonoz eta bai aurrez aurre oso onak direla esan diguzue, prestutasuna momentu guztietan agertu da eta. Bultzatu beharrekoen artean web gunea eta Alkarpost zerbitzua ditugu. Agerkariko informazioa interesgarritzat jotzen duzue, baina gai gehiago jorratzea proposatzen duzue. Lan-mahaien funtzionamendua ere, oro har, ona da gehienon esanetan eta arlo honetan hobetu beharrekoen artean honakoak aipatu dituzue: beste lan-taldeei buruzko informazio gehiago eta, oro har, elkarren berri gehiago izatea, udalek egiten dituzten ekintzak Alkarbideren bitartez gehiago zabaltzea...

Proiektugintzari dagokionez, aurten egindako egitasmoen artean hobetu beharreko gutxi dagoela adierazi diguzue, izan ere egitasmoei buruz egindako ohar gehienak positiboak izan dira, baina aurrera begira batzuen kezka da proiektu horiek zelan neurtu behar ditugun aztertzea proiektuak hobetze aldera.

Azkenik, hurrengo urterako proposamenak egiteko eskatzen genizuen balorazio orrian, gehienok prestakuntza gehiago lantzea eskatu duzue. Gainera prestakuntza atal horretan zer landu nahiko zenuten ere zehaztu duzue eta guztion nahiak asetzen ahaleginduko gara.

Goian aipatutako balorazio horiek sakonago aztertzeko 2011ko Jardueren Txostena jarriko dugu Alkarbideren web gunean, baita koordinatzaileen batzarrean esandakoak jasotzen dituen akta ere.

Argazkiak ikusi

2011ko Jardueren txostena.jpg

Bizkaiko Foru Aldundiaren 2012ko diru-laguntzak
+

Urtea amaitzeaz batera, udalek, udal erakunde autonomoek eta mankomunitateek 2012ko ekitaldian euskara sustatu, zabaldu edo normalizatzeko egingo dituzten jarduerei laguntzeko deialdia argitaratu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Aipatu deialdia arautzen duen dekretua (194/2011 FORU DEKRETUA, abenduaren 7koa) abenduaren 12ko BAOn argitaratu da eta aipatutako erakunde publikoei dagokienez, guztira, 1.825.000 euro banatuko ditu BFAk diru-laguntzetan.

Eskabideak aurkezteko epea 2012ko urtarrilaren 2an hasiko da eta hilaren 31n amaituko da.

Era berean, gogorarazi nahi dizuegu 2012ko otsailaren 28an azken eguna duzuela 2011n eskatutako eta jasotako jardueren diru-laguntzak justifikatzeko.

Argazkiak ikusi

vertical.jpeg

Getxon pintxotan eta euskeraz berbetan
+

Lau mila pertsonak parte hartu zuten herriko 41 tabernatan Gabonen aurreko asteburuan Getxoko Udalak antolatutako GetxOnegin III. Pintxo lehiaketan. Urterik urte sendotzen doan ekimen honen helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea da ostalaritzako langileen eta herritarren arteko harremanetan. Horretarako, besteak beste, euskarazko itzulpenak eta kartelak doan eskaintzen dizkie euskara zerbitzuak parte-hartzaileei, tabernetako hizkuntza-paisaia euskaraz egon dadin.

Tabernei dagokienez, hiru sari banatzen dira: epaimahaiaren saria eta herritarren saria, pintxo onenarentzat, eta hizkuntza-paisaia egokienaren saria. Bestalde, aurtengo edizioan, berebiziko garrantzia izan du pintxozaleen parte-hartzeak pintxoen gaineko piropoak idazteko aukera izan baitute pintxoak puntuatzeko txarteletan. Eta ahalegin hori eskertzeko, udalak bost sari banatu dizkie piropo onenen egileei.

Argazkiak ikusi

kroketa.jpg

Durangoko azoka, inoizkorik teknologikoena
+

Urtero legez, Durangoko azoka euskaltzale guztien bilgune izan zen abenduaren hasieran. Aurten, 46. edizioan (1965-2011), hain zuzen ere, 474 argitalpen berri aurkeztu dira 274 postutan. Horietatik hamahiru teknologikoak izan dira.

Durangoko azoka nahitaezko topagunea da euskaltzale, literaturzale, musikazale eta kulturzale askorentzat, baina antolatzaile eta babesleek esan bezala, garai berriek ekarritako aldaketetara egokitu beharra daukate eta, horretarako, hiru gune berri eskaini dira: Irudienea, Szenatokia eta Kabi@.

Irudienea aretoa autobus baten barruan atondu zen filmak eskaintzeko. Szenatokia, berriz, San Agustin kulturgunean prestatu zen euskarazko antzerkigintzaren erakusleiho bilakatzeko eta, azkenik, Kabi@ gunea eskaini zen sarean eta euskarri teknologiko berrietan euskaraz garatzen diren ekitaldi, proiektu eta produktuak erakusteko.

Argazkiak ikusi

Gabonetan txioka euskaraz
+

Gabonetan zorionak elkarri eman eta urte berri ona euskaraz opatzeko helburuz, Twitter eta Facebook sareak erabiliz, “Txioka Sarean” lehiaketa antolatu zuten Azkue Fundazioak eta Bizkaia Irratiak. Parte-hartzaileek berrogeita hamar bat mezu bidali dituzte “Gabonetan euskaraz zoriondu daigun” facebook-eko taldeko kide eginda eta euren mezua utzita edota #gabonagurra traola edo etiketa erabilita. Mezuak idatzizkoak, Gabon-postal itxurakoak, bideo-muntaiak eta ahozkoak izan dira. Irabazleek abenduaren 21ean jaso zuten saria.

Argazkiak ikusi

txioka sarean.jpg

Urdulizko leku-izenen aurkezpena
+

Urdulizko leku-izenak batzen dituen lana argitaratuko du laster Urdulizko Udalak. Hala ere, argitaratu aurretik, toponimia lanaren aurkezpena eta erakusketa irekia egin du udalak abenduaren 31 bitartean herriko kultur etxean, herritarrek ekarpenak, zuzenketak edo iradokizunak egin ditzaten.

Argazkiak ikusi

Gernika-Lumoko 33 erakundek Bai Euskarari ziurtagiria
+

Euskararen Egunarekin bat, Gernika-Lumoko 33 enpresa, saltegi eta erakundek Bai Euskarari ziurtagiria jaso zuten merkatu plazan eginiko ekitaldian.

Argazkiak ikusi

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea