Joan den azaroaren 28an Euskararen Eguna aurkezteko prentsaurrekoa egin zen EUDELeko egoitzan. Bertan izan ziren BFAko Kultura diputatua, Josune Ariztondo, eta Getxoko alkatea, Imanol Landa.
Prentsaurrekoan Bizkaian Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan egingo diren egitasmo eta bestelako ekintzen berri eman zen eta horretarako prestatu den kartelaren eta agendaren berri ere zabaldu zuten. Izan ere, iaz bezala ekitaldi horiek guztiak biltzeko asmoz, Euskararen Eguna iragartzeko kartela jarri da Bizkaiko euskara zerbitzu guztien esku eta bizkaia.net atarian argitaratu da ekimenon agenda.
Goian esandakoaren ildotik, bi kartel eredu prestatu dira, diseinuz antzekoak, bata Euskararen eguna bera iragartzeko eta bestea ekintzen berri emateko. Agenda elektronikoa dela eta, herritarrek udalerrian bertan zein Bizkaiko beste udalerri batzuetan egingo diren ekintzen berri izateko agenda elektronikoa garatu da. Ahalik eta zabalkunde handiena izan dezan, agenda aipatutako web gunean kokatu da.
Aurten ere Euskarazko Produktuen Katalogoa argitaratu da, dagoeneko 14. edizioa. Liburuxka honen bidez, urte osoan zehar eta, batez ere, Gabonetan euskaraz oparitzeko zer dagoen erakutsi nahi dute euskara zerbitzuek.
Katalogoak gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu zortzi ataletan sailkatuta: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak, horrela etxeko haur eta gaztetxoak euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko edo gozatzeko aukera izango dute. Udalerri batzuek, katalogoaren zabalkundearekin batera, txoko bat antolatzen dute euskarazko produktuak guraso edo umeek ikusteko eta zelan erabiltzen diren jakiteko.
Paperean jasotako produktuez gain, merkatuan aurkitu daitezkeen beste asko www.katalogoa.org web gunean agertzen dira. Aukera dago, gainera, argitaletxearen denda birtualera iristeko produktuaren gainean klik eginez eta, nahi izanez gero, begiz jotako produktuaren erosketa etxetik egiteko. Urte osoan zehar bizirik eta eguneratua dagoen gunea da, argitaletxeek beraiek aukera baitute produktu berriak sartzeko merkaturatu ahala eta deskatalogatuak gelditu direnak kentzeko. Hartara, Euskarazko Produktuen Katalogoaren web gunea urte osoan kontsulta daiteke, eta irakurleek iruzkinak egin ahal izango dituzte bertan, irakurri, ikusi, entzun edota jostatzeko hautatu duten produktuaren inguruan.
Bizkaiko 44 udalerritan, 61.085 katalogo, 29.925 gutun, 18.545 gutunazal, 5.258 eranskailu eta 694 kartel banatu dituzte.
Bizkaiko Foru Aldundiak urtero ematen duen Lauaxeta Sariaren zazpigarren edizioa Gerediaga Elkartearentzat izan da.
Lauaxeta Saria ohorezko sari sinbolikoa da, eta Bizkaian euskara zabaldu, sustatu eta normalizatzeko eginiko ahaleginagatik nabarmentzen diren irabazi asmorik gabeko taldeak edo pertsonak saritzen ditu.
Elkartekide guztiek eginiko lanari esker, Gerediaga Elkarteak hainbat lan-arlo garatu ditu azken hamarkadetan, besteak beste, Durangaldeko ondare historiko, artistiko eta dokumentala berreskuratzea, folklore-adierazpenak mantentzea, eskualdearen iragana ikertzea eta ikerketa-lan berriak sustatzea, Durangaldea ezagutaraziz eta tokiko erakundeei aholkularitza eskainiz. Zaintzea, ikertzea eta zabaltzea dira elkartearen azken hiru helburuak.
Bestalde, Gerediaga Elkartearen eginkizun ezagun eta garrantzitsuena urtero abenduan antolatzen duen Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka da. Aurtengoa, 46. edizioa, abenduaren 4tik 8ra arte egingo da, berrikuntza ugari izango direla bertan. Azokak eskatzen duen esfortzua ikaragarria da, are gehiago Gerediaga bezalako elkarte txiki batentzat, eta hori ere kontuan izan dute Bizkaiko Foru Aldundian.
Pasa den azaroaren 30ean BIKAIN ziurtagiria jaso zuten 19 enpresa eta erakunde Bilboko Guggenheim museoan egindako ekitaldian bildu ziren. Bikain Ziurtagiria ofizial, publiko eta doakoa da, Eusko Jaurlaritzak ematen duena eta enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen dituena.
Erakunde horiek talde ebaluatzaile batek berariaz egindako ebaluazio-prozesu bat izan dute. Halaber, ebaluazio-txosten bana jaso dute beren indarguneak, zer-hobetuak, gomendioak eta puntuazioa azaltzen dituena. Uneotan guztira 93 erakundek daukate Bikain Ziurtagira; 2008an ebaluatu ziren lehen aldiz erakundeak eta orduan 30 entitatek lortu zuten, 2009an 25 eta 2010ean beste 19. Entitate horiek guztiak, gainera, era askotakoak dira eta tartean daude: hedabideak, makina-erreminta arlokoak, administrazio publikoak, banaketa-enpresak, fundazioak eta elkarteak, osasun-laguntza ematen dutenak, finantza-erakundeak, eraikuntza arlokoak, aholkularitza-enpresak... Aurten Alkarbideko partaidea den Bermeoko Udalak jaso du urrezko Bikain ziurtagiaria.
Hona hemen 2011n Bikain ziurtagiria lortu dutenak: Arrasateko Udala, Bermeoko Udala, Birzikla, Cavsa, Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, SA (CAF), Copreci Kooperatiba, Elay SL, Encartaciones SA, Galdakao-Usansolo Ospitalea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Ilarki Elkargoa, Kursaal Elkargunea SA, Mendaroko Ospitalea, Ortzadar SL, Osakidetza Gipuzkoa Mendebaldeko Eskualdea, P.M. Urruzuno S. Coop. (Elgoibarko Ikastola), TSST Tranvia San Sebastian Tolosa SA, Gipuzkoako Emergentziak UTE eta Zumarragako Ospitalea.
Gernika-Lumoko toponimia liburua aurkeztu zen azaroaren 30ean Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Bertan liburuko egileak izan ziren hizlari lanetan: Iratxe Lasa, euskara teknikaria, eta Mikel Gorrotxategi, Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordeko Idazkaria eta ikerketaren zuzendaria. Bertaratu zirenek liburua eskuratu egin zuten.
2003an hasi ziren herriko toponimia kontuetan “Gernika-Lumo kalerik kale” argitalpena jendaurreratu zenean, hau da, kale/plaza izen bakoitzari buruzko historia, gertakizunak eta datu aipagarriak jasotzen zituena. 2003an beste aldi berri bat hasi zen Deiker Institutuarekin sinatutako hitzarmenaren bidez. Helburua 1986. eta 2002. urteetako kanpainetan ahoz jasotako toponimoen mapen prestaketa egitea eta egiaztapen-lanetan erabiliko zen tresna informatikoa prestatzea izan zen. Gero, lortutako toponimo zerrendaren balidazio-lanak egin ziren, zalantzazko kasuak aztertu eta udalaren katastroarekin kontrastatu. Ondorioz, 2007an toponimia mapa kaleratu zen toponimia urbanoa eta landa toponimia desberdintzen zituena.
Bide honetan, 2008an Euskaltzaindiarekin hitzarmena sinatu zen ikerlanaren helburua toponimia liburua gauzatzea izanik. Lan hori burutzeko, Iratxe Lasa izendatu zuen Euskaltzaindiak, Onomastika Batzordeko Idazkaria Mikel Gorrotxategiren zuzendaritzapean. Azkenean 510 toponimo dira liburuan jaso direnak. Bakoitzari buruzko fitxa osatu da, jatorria, etimologia, aldaerak, gertakizunak eta abarrak zehaztuz.
Lana ez da hor bukatuko, liburu horretan oinarritutako datu-basea izango baita biltoki aurrerantzean egin beharreko aberaste, zuzentze eta zehazte lanetarako.
Aukeratu Zeurea kanpainaren barruan, goi-mailako mendizalea den Alex Txikonen hitzaldiak egin ahal izango dira aurten horrela gura duten udalerrietan. Dagoeneko zenbait hitzaldi egin dira Zaldibarren eta Erandion, hain zuzen ere. Abenduan ere hainbat hitzaldi hitzartuta ditu gure udalerriotako euskara zerbitzuen bitartez, batez ere, ikastetxeetan emateko.


