Getxoko akademien euskarazko eskaintzaren berri eman du bertako euskara zerbitzuak, Interneten jarritako flipping book edo liburu elektroniko baten bidez. Getxoko herritarrek akademiek euskaraz zer eskaintzen duten jakin dezaten, Getxoko Udalak 6.664 postal bidaliko ditu 2 eta 16 urte arteko ume-gazteak dauzkaten familien etxeetara, sarean ikusi ahal izateko helbidea agerian jarrita: www.getxo.net/akademiakeuskaraz. Argitalpen elektroniko horretan, udalerriko 27 akademiaren euskarazko eskaintza jasotzen da, bost multzotan sailkatuta: eskola laguntza; euskara eskolak; musika eskolak; pintura, eskulanak eta dantza eskolak; eta umeentzako euskaltegiak.
Ekimen hau Getxon euskara sustatzeko hitzarmenaren (GEHI) barrukoa da.
Orbelak airez airez gida didaktikoa eta kanta bilduma joan den urriaren 6an aurkeztu zen Basauriko udaletxean. Aurkeztutako materiala DVD didaktikoa da, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako eskoletan erabiltzekoa. Ekimena Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko eta Ugao-Miraballeseko udalek sustatu dute Zuztarretatik ahora! egitasmoaren ildoan, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Egitasmoaren helburua Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko euskararen ondare linguistikoa eta etnografikoa ikertu eta batzea da eta horren lehenengo emaitza aurkeztutako DVDa daukagu. Edozelan ere, egitasmoaren helburu nagusia hizkuntza belaunaldiz belaunaldi transmititzea da, Nerbioi-Ibaizabal eskualdearen nortasuna berreskuratu eta, bide batez, Haur Hezkuntzan zein Lehen hezkuntzan erabili daitekeen materiala eskaini. Egileen esanetan, batutakoaren %10 bakarrik sartu da DVDan. Hori dela eta, laster monografiko bat, liburu bat eta 0-3 urte arteko umeen familiei zuzendutako abestiak jasotzen dituen CDa ere argitaratuko dira.
Matrikulazio kanpaina hasteaz batera, Leioako euskaltegiek Berbalagun programari ekin diote "Atsegin dut!" lelopean. Izan ere, esamolde hori Interneteko sare sozialekin lotzen da eta sare birtual horien balioaren ildotik, aurrez aurreko harreman sareen beharra azpimarratu nahi dute antolatzaileek.
Horrenbestez, mintzapraktika programan 2011-2012 ikasturtean parte hartu nahi duten leioaztar guztiek eman dezakete izena dagoeneko. Egitasmoaren sustatzaileak Leioako Euskara Zerbitzua, Berbalamiñe euskara elkartea, Lamia AEK euskaltegia eta Mastitxu udal euskaltegia dira. Guztien helburua herritar orori euskaraz bizitzeko aukera eskaintzea da.
Urriaren 28an Euskaltzaindiaren Luis Villasante Euskararen Ikergunea inauguratu zen Donostian, Ibaeta aldeko Tolare baserrian. Ikerguneak Euskaltzaindiak Gipuzkoan dituen zerbitzu, egitasmo eta lantalde guztiak batzen ditu: ordezkaritza ez ezik, Jagonet Zerbitzua, Joanes Etxeberri egitasmoa (Euskararen Historia Soziala) eta Euskaltzaindiaren Hiztegigintzan lan egiten duten taldeak ere bai. Beraz, egoitza soila barik, ikergunea ere izango da, ikergune horri 1970etik 1988ra euskaltzainburua izan zen Luis Villasante izena jarri diote.
Bilboko Udalak eta Nontzeberri kultur atariak bilblogari izeneko blog lehiaketa jarri dute abian. Ekimena 15 eta 35 urte bitarteko gazte euskaldunentzat da eta horren helburua, euskara, gazteak eta teknologia berriak uztartzea da, euskararen erabilera gazteen artean areagotzeko asmoz.
Azkue Fundazioak Iñaki Ugarteburu II. edizioaren sariak banatu ditu WIKIPEDIAN egindako euskarazko ekarpen onenak direla eta. Aurtengo edizioa zientzietako ikasleentzat izan da eta bost arlotan banatu dira sariok: Osasun Zientziak, Natur Zientziak, Gizarte Zientziak, Teknika eta Teknologia
Etxepare Institutua Londres hirian izan da The language show azokan eta handik Berlingo Expolingua azokara joan da, euskara eta euskal kultura kanpora zabaltzeko xedez.


