Euskara eta kirola uztartzen dituen Aukeratu zeurea kanpainaren aurtengo edizioaren barruan, Mendizaletasuna jorratuko dugu Alkarbide bilguneko teknikariok Alex Txikon mendizale lemoarraren eskutik.
Euskararen erabilera kirolean sustatzea xede duen aurtengo kanpainan, posterrak eta liburuxkak argitaratuko dira mendizaletasuna eta euskara bultzatzeko familiaren esparruan. Horretarako, poster eta liburuxkez gain, Txikonek hitzaldiak emango ditu Bizkaiko institutuetan, batik bat, DBHko ikasleentzat. Hitzaldietan, euskal espedizioetan euskarak zein leku hartzen duen azalduko du lemoarrak eta kulturartekotasunari buruzko gaiak ere jorratuko ditu.
Euskara eta kirola lotzen dituen egitasmo hau 2009an hasi zen; beraz, hirugarren urtea dauka ekimenak. Hiru urte hauetan hamabi kirol landu dira poster eta liburuxken bitartez eta hainbat euskarri eskaini zaizkie erabiltzaileei euskaraz, berbarako, kirolariak animatzeko esaldiak, sakelako telefonora deskargatzekoak.
www.aukeratuzeurea.biz
Bizkaiko 25 udalerrik (hamasei udal eta mankomunitate batek) hasi berri den ikasturteko ESKOLA AGENDA argitaratu dute mitologia ardatz hartuta, eta lehen hezkuntzako ikasleen artean banatuko dute. Jakina denez, agendaren xede nagusiak euskal kultura sustatzea eta guraso eta ikastetxeen arteko harremanak euskaraz lantzeko tresnak eskaintzea dira.
Berbalagun egitasmoa euskararen erabilera bultzatu eta indartzea xedea duen egitasmoa da, euskaldun zaharrak edo euskaraz egiteko ohitura duten hiztunak eta euskaldun berriak edo euskaraz ikasten ari diren pertsonak harremanetan jarrita. Ikasturtea hasteaz batera, hamaika ekintza iragartzen hasi zaizkigu berbalagunak, Bizkaiko egitasmoen barruan aritzen diren herrietako egitarauetan.
Gaur egun, Bizkaian, ondoko herri eta eskualdeotan garatzen dira berbalagun egitasmoak (guztira, 30 egitasmo):
Abadiño / Abanto-Zierbena / Arrigorriaga / Barakaldo / Bermeo / Berriz / Bilbo (erdialdea) / Bilbo (Deustua) / Bilbo (Mahatserria) / Durango / Elorrio / Enkarterri / Erandio / Ermua / Galdakao / Gernika-Lumo / Getxo / Igorre (Arratia) / Lea-Artibai / Leioa / Ondarroa / Ortuella / Portugalete / Santurtzi / Sestao / Trapagaran / Txorierri / Urduña / Uribe-Kosta / Zaldibar
Bermeoko Euskera Sailak ahozko transmisioari indarra emateko ekintza berria jarri du martxan, Ipuin lapikoa izenekoa. Itziar Rekalde ipuin kontalariak gidatutako ekimen honen bitartez, oroimena martxan eta mingaina dantzan jarri gura dira, entzundako ipuinak eta kontuak ahora ekarrita.
IZARREN DISTIRA URIBE KOSTAKO GAZTE SORTZAILEEN BILA. Aurten Izarren Distira kasting eta galaz haratago joan eta joango da. Izan ere, gazteek hamaika zaletasun eta irrika dauzkate, eta zaila izaten da behar horiei erantzuteko espazioak topatzea. Hori dela eta, Uribe Kostako Mankomunitateak antolatu duen Izarren Distira ekimenak hainbat ekintza jorratuko ditu azaroa bitartean aipatutakoak asebetetzeko.
Mungiako Udalak Lauaxeta olerki-lehiaketaren laugarren edizioa antolatu du. Aurtengo lanek Itxasora gaiaren interpretazio librea jorratu beharko dute eta sari bi emango dira: 800 eurokoa, bata, eta 500 eurokoa, bestea.
Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko udalek urriaren 6an aurkeztuko dute Orbelak airez airez kantu-bilduma, Zuztarretatik ahora izeneko egitasmoaren barruan.
Aurkezpena Basauriko udaletxean izango da, goizeko 11etan.


