Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
61. alea
2011ko ekaina

 
Gidabaimena euskaraz 2011
+

Aurten ere Bizkaiko hainbat udalerrik Gidabaimena euskaraz egitasmoa martxan jarri dute. Egitasmoaren helburu nagusia da gazteei adieraztea gidabaimena euskaraz ere prestatu daitekeela, eta hori oinarri hartuta, egitasmoa bi zatitan banatu da: alde batetik, apirilean hitzaldi batzuk antolatu ziren zenbait herritan, gidabaimena euskaraz egin daitekeela jakinarazteko eta gazteen artean mezu hori zabaltzeko; bestetik, egitasmoan parte hartu duten udalerriek sentiberatze-kanpaina martxan jarri dute azken asteetan, herrian bertan ere gidabaimena euskaraz atera daitekeela jakin dezaten. Parte hartzaileak Bizkaiko 7 udal izan dira.

Egitasmoa, batez ere, 17 eta 23 urte arteko gazteei zuzenduta dago, adin horretan askok eta askok gidabaimena atera nahi izaten dutelako eta euskaraz alfabetatuta daudelako. Ildo horretan bada, gidabaimena euskaraz atera nahi duenak erabilgarri izango ditu teoria liburua eta testak egiteko programa informatikoa, euskara hutsean biak; ondoren, azterketa teorikoa eta praktikoa euskaraz egiteko aukera ere izango dute. Horren guztiaren berri emateko eta gidabaimena euskaraz herriko zein autoeskolatan atera dezaketen adierazteko, hainbat triptiko banatu dira: guztira 17.400 triptiko eta 300 kartel ekimenean parte hartu duten udalerrietan.

Aurtengo berrikuntza nabarmenena diru-laguntzen eskaintza da. Iaz udalek autoeskolei diru-laguntzak eman zizkieten gidabaimena euskaraz egiteko materiala eskura zezaten eta herritarrak aukera horretaz jabe zitezen. Aurten, aldiz, gazteei emango zaizkie diru-laguntzak gidabaimeneko azterketak euskaraz egiteagatik, hau da, diru-laguntza emango zaie matrikula ordaintzeko eta zenbait herritan klase praktikoak ordaintzeko ere bai. Gainera, azterketa teorikoa euskaraz egin eta gainditu dutenen artean bidaia zoragarri bat zozketatuko da.

Argazkiak ikusi

33x48 kartela_igorre.jpg

Abadiñoko toponimiari buruzko mapa eta liburua
+

Abadiñoko ondare kulturalaren leku-izenak berreskuratzeko lana aurkeztu zen ekainaren 29an Abadiñoko Errota kultur etxean. Aurkezpen saioan izan ziren Jose Luis Navarro alkatea, Argi Abad euskara zinegotzia, Jose Inaxio Arrizabalaga euskara teknikaria, Mila Salterain proiektuaren koordinatzailea, eta Euskaltzaindiko hiru ordezkari. Proiektu hau Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundu du.

Azken hamar urteotan egindako lan guztia batu eta toponimia mapa zein Abadiñoko leku-izenak biltzen dituen Ahozko iturburuak, iturri dokumentalak eta bibliografikoak izenburuko liburua argitaratu dituzte. Aipatutako mapa toponimikoan 800 toponimo inguru kokatu dituzte, honako bost multzo nagusi hauetan banatuta: leku-izenak, erreka-izenak, ondare artistikoaren izenak, desagertutako izenak, eta baserri- eta etxe-izenen idazkera, ahoskera eta koordenatuak, besteak beste.

Euskara zinegotziaren esanetan, beharrezkoa da, eta ahaleginak egingo dituzte, izen horiek berriz ere zuzen eta normaltasunez erabiltzeko.

Lan honi guztiari zabalkundea eman nahi diote udal ordezkariek eta ildo horretan herriko ikastetxe eta liburutegietan eskuragarri ipiniko dituzte hainbat ale; gainera, interesa duten guztientzat dagoeneko erabilgarri daude dokumentu biak udalaren web gunean (www.abadino.org). Mapa toponimikoa eskuratu gura duenak, bestalde, udaletxean bertan eskaria eginda jasoko du ale bat.

Argazkiak ikusi

MAPA.jpg

Erabileraren GPSa
+

Azken urteotan euskararen erronka nagusia hizkuntzaren erabilera da. Gazteen hizkuntza erabilera aztertzen eta lantzen aritu dira azken urteotan Soziolinguistika Klusterra, Urtxintxa Eskola eta Topagunea, besteak beste, eta hirurek elkarlanean landu dute euskararen “Erabileraren GPSa” osotzeko. Hizkuntza erabileran eragiten duten aldagai guztiak kontuan hartuz lan egiten laguntzeko sortu da.

Liburuxka formatuan gazteen hizkuntza erabilera kokatu eta bertan esku hartzeko gida argitaratu dute eta gazteei eta eurekin harremanetan dihardutenei zuzendu zaie, hau da, euskararen sustapenarekin lotura izan edo ez, gazteen hizkuntza erabilera kontuan hartuz lan egin nahi duen guztiei: begiraleak, irakasleak, kultur programatzaileak, entrenatzaileak, hedabideetako arduradunak, administrazioa…

Erabileraren GPSak gazteen parte hartze zuzena izan du. Era berean, esparru anitzetan lan egiten duten adituen ekarpenak ere jaso ditu, hala nola, unibertsitatekoak, hezkuntza mundukoak, administrazio publikokoak, komunikazio arlokoak, aisialdi antolatukoak, hedabideetakoak, euskararen aldeko mugimendukoak…

Liburuxka edizio digitalean eskuratu ahal da: www.soziolinguistika.org/gazteak web gunean. Paperezko euskarriak, liburuxka eta posterra, jaso nahi dutenek eskaerak kluster@soziolinguistika.org helbide elektronikora bideratu beharko dituzte. Salneurri orokorra 5 eurokoa da eta Soziolinguistika Klusterreko bazkideentzat 4 eurokoa.

Argazkiak ikusi

Logoa.preview.jpg

IKTetako tresna berritzaileak euskaraz
+

Ekainean Donostian izan zen Berrikuntza euskaraz ekitaldian azken urteotan gehien erabiltzen diren programak aurkeztu ziren. Eusko Jaurlaritzak eta Microsoftek 10 urte daramatzate elkarlanean eta azken honek puntako teknologia euskaraz hedatzeko eta erabiltzeko konpromisoa hartu du bere gain ordutik hona.

Euskaratutako azkenak Microsoft Office 2010, Microsoft Sharepoint 2010, Microsoft Dynamics CRM 2011 eta CRM Online dira eta aurretik Microsoftek euskaraz egin dituen produktuen zerrendara gehitu dira. Aipatutako produktu horiek doan deskargatu daitezke modu seguru eta erraz batean, bi lotura hauen bitartez: www.microsoft.es/eus edo www.euskara.euskadi.net/euskara_soft.

Aurrera begira, Microsoftek azpimarratu zuen ezinbestekoa dela aurreratzen joateko enpresako puntako softwareak euskaraz izatea. Euskaratu diren azken produktuak produkziorako erabiltzen diren puntako erremintak dira eta enpresari zein erabiliko duten langileei teknologia modu eraginkor batean erabiltzen lagunduko diete.

Bestetik, urte honetan beste proiektu hauek martxan jarriko dira: Wikipedia entziklopedia digitalerako 10.000 eduki sortuko dira euskaraz, itzulpen automatikoa martxan jarriko da eta Itzulpen Memoriaren Banku Publikoa sortu da.

Argazkiak ikusi

pc.jpg

Etxebarriko Udala eta 11 telebistaren arteko hitzarmena
+

Etxebarriko Udalak eta Hamaika Telebistak Lankidetza hitzarmena sinatu dute Etxebarriko udalbatza aretoan ekainaren 30ean. Etxebarriko alkate Loren Olivak eta Hamaika Bilbo Telebistako Zuzendari Urtzi Urrutikoetxeak sinatu dute lankidetza-hitzarmena. Alkateak adierazi du Etxebarriko herritarrei tokiko informazioa euskaraz helarazteaz gain Etxebarriko herria Euskal Herri osora zabaltzeko tresna izango dela. Telebistako zuzendariak, berriz, Etxebarriko herritarrei tokiko informazioa euskaraz landuz eta zerbitzu berria eskaintzeaz aparte, Etxebarriko Udalaren inplikazio eta laguntza eskertu du.

Argazkiak ikusi

IMG_1901.JPG

Oporretan!
+

Uda dagoeneko etorri da eta nik, Agerkariak, oporrak hartuko ditut. Irailean itzuliko naiz berriro albiste interesgarri gehiagorekin; bitartean Alkarbideko postontziaren bidez jasoko dituzue bitartean sortuko diren berri guztiak.

Oso ondo ibili oporretan eta irailera arte!

Argazkiak ikusi

oporretan3.JPG

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea