saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Agerkaria

Informazioa

Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
60. alea
2011ko maiatza

 
Eman giltza transmisio kanpaina
+

Familiak hizkuntza transmisioaren garrantziaz sentiberatzeko, aurreko urteetan legez, ondorengoetaratze kanpaina egin da Bizkaiko hainbat udalerritan. Alkarbide bilguneak koordinatuta eta C lan-taldeko teknikarien ekimenari esker garatu da aurtengo kanpaina. Aurten leloa, Eman giltza / ¡Háblale, escúchale!, eta kanpainaren formatua aldatu ditugu. Kanpaina jaioberriak nahiz 1-6 urte bitarteko umeak dituzten gurasoentzat egin da, eta helburua euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzeak duen garrantzia nabarmentzea da.

Eman giltza / ¡Háblale, escúchale! kanpaina 37 udalerri eta 3 mankomunitatetako ia 16.000 familia inguruk jasoko dute euren etxeetan. Guztira, 58 udalerrik parte hartu du.

Aurten diptiko bat banatuko zaie jaioberriak eta 1-6 urte bitarteko umeak dituzten gurasoei. Diptikoan, guraso guztiengana hurbildu asmoz, alkateak edo udal ordezkariren batek sinatutako testua agertzen da hiru hizkuntzatan (euskara, gaztelania eta frantsesa). Gutun edo testu horren bidez gurasoak animatu nahi dituzte euskaren transmisioa bultzatzera eta, bide batez, kanpainarako sortu den web gunearen berri ere ematen da. Horrez gain, hainbat udalerrik azken urteetan argitaratutako KU-KU, haur hizkera jasotzen duen liburuxka eta CDa ere banatuko dituzte.

Web gunea, berriz, aurtengo kanpainaren zatirik garrantzitsuena da. Web guneak, www.emangiltza.com, gurasoentzat transmisioa bermatzeko giltza izango diren aholkuak, tresnak eta baliabideak batzen ditu. Gainera hainbat gurasoren testigantzak ere sartu dira beste guraso batzuek izan ditzaketen kezka, beldur edota bestelako zalantzak argitze eta uxatze aldera. Horrez gain, gurasoek aukera dute nahi dutena galdetzeko horretarako beren-beregi sortu den atalean. Sariak izeneko atala ere aurkituko dugu eta bertan agertzen den inkesta betez gero, gurasoek familia guztiarentzako sariak irabazteko aukera izango dute, gainera inkesta horretan jasotako erantzunei esker kanpainaren balorazio osatuagoa egin ahal izango dugu. Azkeneko atala antolatzaileena izango da eta bertan kanpainan parte hartu duten erakunde guztien armarriak eta kontaktuak agertzen dira.

Argazkiak ikusi

eman giltza.JPG

AFADErekiko lankidetza-hitzarmena
+

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak, EUDELek eta AFADEk (Euskadiko Ferialari Autonomoen Elkartea) lankidetza-hitzarmena sinatu dute herrietako jaietan jartzen diren jolas-ikuskizunetan euskararen erabilera sustatzeko asmoz.

Lankidetza-hitzarmen horri jarraiki, BFAk kartel-eredu bat prestatu du eta kartel horretan idatziko dira ikuskizunetako arduradunek behar dituzten testuak. AFADEkoek euskarri horiek erabiltzeko konpromisoa hartu dute eta elkarteko kideei banatuko dizkiete herriko jaiak hasi baino lehen. Bestalde, idatzizko euskarriez gain, hainbat baliabide emango dizkio BFAk AFADEri euskarazko musika ipin dezaten.

Hitzarmen honen esparruan, Alkarbide bilguneak idazkaritza teknikoaren lana beteko du, hau da, behar den materiala zehaztu, horren ezaugarriak finkatu, materiala berritu eta egokitu, kontu teknikoak erabaki eta amaierako txostena egingo ditu. Hala ere, lan horiek guztiak egiteko, Alkarbide bilgunearen idazkaritza teknikoa udal-mankomunitateetako euskara teknikariekin koordinatuko da tokian tokiko eskakizunei erantzuteko.

Argazkiak ikusi

fitxen salmenta.jpg

Nahi dudalako! sari banaketa
+

Nahi dudalako! kanpaina pasa den otsailean martxan jarri zen Batxilergoan eta Lanbide Heziketan euskarazko ikasketak sustatzeko asmoz. Ordutik hona DBHko 3. eta 4. mailako hainbat gaztek kanpainako web gunea erabili dute Bizkaian euskaraz eskaintzen diren ikasketak eta zentroak kontsultatzeko hurrengo ikasturtera begira.

Kanpainarekin batera abian jarri zen lehiaketa maiatzaren 24an bukatu zen eta saridunak egunotan agertuko dira web gunean. Lehiaketan parte hartzeko inkesta bat besterik ez zen bete behar. Inkesta barruan web guneari lotutako 3 galdera zeuden eta galdera horiek ondo erantzun behar ziren zozketan sartzeko. 109 inkesta jaso dira guztira eta galderak ondo erantzun dutenen artean 7 sari banatu dira. 2 sari Berango aldera joan dira, beste 3 Etxebarrira eta beste 2 Ortuellara.

Saridunak euskara zerbitzuetara hurbildu beharko dira sariak jasotzera. Horretarako herri bakoitzeko euskara zerbitzuetako arduraduna saridunekin harremanetan jarriko da.

Argazkiak ikusi

nahidudalako.JPG

Beharsarea: Getxon lana euskaraz
+

Beharsarea Getxoko euskara zerbitzuak euskara sustatzeko martxan jarri duen ekimen berria da. Askotan euskara zerbitzuak zubi lana egiten du euskal hiztunen eta langile euskaldunak behar dituzten pertsona, enpresa edo erakundeen artean. Zerbitzu hori eta teknologia berriek eman duten erabilgarritasuna uztartuz, beharsarea.net web gunea sortu da, era berean lan munduan euskararen erabilera sustatzeko. Helburu nagusia euskaldunon komunitatea sendotzea eta hedatzea da lan munduaren bitartez.

Atari honek bitartekari lana egiten du lana eskaintzen eta lana behar duenaren artean. Iragarkia jartzen duenak ez du erregistrorik bete beharko. Doako zerbitzua, da eta iragarki baten bitartez norberaren eskaintza edo eskaria jarri eta posta elektronikoan jasoko du zerbitzua lehen aldiz erabiltzen duenaren mezua. Mezua onetsiz gero, norberaren posta elektronikora helduko dira erantzunak eta hemendik aurrera nahi beste iragarki jarri ahal izango ditu. Erantzun horiek ez dira web gunean ikusiko. Baldintza bi bakarrik eskatzen zaizkie erabiltzaileei: lana euskaraz eta lana baldintza duinetan burutuko dela.

Beharsarea web gunea Getxoko euskara zerbitzuak eta Egizu elkarteak landu dute. Egizu elkartea Getxoko euskaldunon komunitatea sendotu eta hedatzeko xedearekin sortu zen 2000. urtean Bizarra Lepoan euskara elkartearen eta Getxoko 3 euskaltegiren eskutik. Egizu elkarteak web gunea kudeatzen du eta euskarazko lanak bideratu, bide batez, lan alorrean euskararen erabilera sustatzeko.

Argazkiak ikusi

Beharsarea.JPG

‘Zuzterretatik ahora’ Nerbioi-Ibaizabal eskualdean
+

Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko hurrengo udalek, Arakaldo, Arrigorriaga, Arrankudiaga, Basauri, Galdakao, Etxebarri, Orozko, Ugao-Miraballes eta Zaratamo, Hizkuntza eta Kultur ondarea batzeko eta hedatzeko proiektuarekin aurrera egin dute 2011 urtean, euskal hizkuntza, etnografia eta kultura bildu, ikertu eta era didaktikoan zabaldu eta gizarteratu nahian.

Aipatutako udalerriek 2009an ZUZTARRETATIK AHORA izeneko DVDa argitaratu zuten batik bat ikastetxeei zuzendutako material didaktikoarekin. Ekimen honi jarraipena emateko asmoz, hasieratik lekukoen ahotik jasotako hainbat material eta kantu erabili dituzte familia-eremura zuzendutako material berria argitaratzeko: “Orbelak airez aire“ gida didaktikoa eta gidan agertzen den kantu-bildumaren CDa.

“Orbelak airez aire“ umeen gurasoei zein hezitzaileei zuzenduta dago, eta hemen bildu diren edukiak guraso edo/eta hezitzaileek umeei transmititzeko moduan aurkeztu dira. Azken batean euskaldun guztion nahia da gure hizkuntza aberastuz gure euskal kultura ondareari bultzada ematea, belaunaldiz belaunaldi aurrera egin dezan.

“Orbelak airez aire” argitalpena datorren ikasturtearen hasierarekin batera aurkeztuko dute parte hartu duten udalerriek. Erabilera praktikoa lehenetsi nahi izan dute udalerri parte-hartzaileek, eta horretarako, familiei zuzendutako tailerrak edo antzeko ekimenak bideratuko dira eskualdeko herri horietan.

Argazkiak ikusi

Zuzterretatik ahora.irudia.JPG

Diru-laguntzak: esleipena (BFA) eta deialdia (EJ)
+

Bizkaiko Foru Aldundiak ebatzi ditu 2011. urteko ekitaldian euskara sustatu, zabaldu eta normalizatzeko jarduerak egiten dituzten udalei, udal erakunde lokabeei eta mankomunitateei zuzenduriko diru-laguntzen deialdia arautzen duen Bizkaiko Foru Aldundiaren abenduaren 9ko 148/2010 (2010eko abenduaren 13ko «Bizkaiko Aldizkari Ofizialean», 237. zka) Foru Dekretuaren arabera aurkeztutako diru-laguntza- eskabideak, eta 2011ko maiatzaren 23an Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren.

Bestetik, Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) garatu edo entitateotako administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko planak onartzeko diru-laguntzak eskatzeko epea zabalik dago. Maiatzaren 11n argitaratu ziren laguntzak eskatzeko baldintzak eta betebeharrak.

Aurten Irati aplikazioa derrigorrez bete behar da eta aurreko deialdietan ez bezala, zein ekintzak diruz lagunduko eta zein ez zehazten da. Diru-laguntzak eskatzeko azken eguna ekainaren 13a izango da.

Argazkiak ikusi

izengabea.JPG

Euskalterm-en bertsio berria eta 14 hiztegi berri
+

EUSKALTERM-en bertsio berria aurkeztu berri dute Bilboko Euskalduna Jauregian burututako ekitaldian. Bertsio berri hori erabiltzaile guztien eskura dago www.euskadi.net/euskalterm helbidean. Berrikuntza honi esker bilaketaren emaitza zehatzagoa da eta ezkerraldeko zutabean zuzenean ikusten dira emaitza horiek, horrela erabiltzaileak terminoa zein arlotakoa den ikusi ahal du. Zuzenean eta denbora errealean eguneratzen den banku terminologiko honen berrikuntzen artean, erabiltzaileak Euskalterm-en kalitatea hobetzen eta edukiak aberasten laguntzeko aukera du.

Bestetik, Euskararen Aholku Batzordeko Terminologia Batzordeak onartutako 14 hiztegi terminologiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) argitaratu berriak ere aurkeztu ziren. Hiztegien arloak honakoak dira: hipermerkatuko produktuak; kirol-materialak; merkataritza-guneetako errotuluak; bulego-materialak; oinetakoak; iturgintza; lanbideak; norbere irudia, ile-apaindegiak eta estetika; irudia, ikus-entzunezkoak eta soinua; soziolinguistika; bulegotika; toki administrazioa; datu babesa; eta laburtzapenak.

Argazkiak ikusi

euskalterm.JPG

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea