Alkarbide: Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea

Agerkaria
59. alea
2011ko apirila

 
Gidabaimenari lotutako hitzaldia Ander Vilariñoren eskutik
+

Aurten ere Bizkaiko hainbat udalerrik abian jarriko dute gazteek gidabaimena euskaraz ateratzeko kanpaina. Kanpainaren xede nagusia gazteak sentsibilizatzea izango da, horretarako eurei zuzendutako hainbat motibazio hitzaldi antolatu dira eta karneta ateratzeko diru-laguntzak ere banatuko zaizkie.

Apirilean 8 hitzaldi eman dira Bizkaiko 3 udalerritako 6 ikastetxetan eta Ander Vilariño lasterketako pilotu profesionala izan da hitzaldiotan gidari. Helburu nagusia gazteek gidabaimena ateratzeko azterketa euskaraz egitea da eta horretarako herriko autoeskoletan gidabaimena euskaraz ateratzeko duten eskaintzaren berri ere eman zaie. Hitzaldiarekin batera, ikastetxe batzuetan auto simuladore bi egon ziren gazteek eurek gidatzeko probak egin zitzaten. Ildo beretik, gidabaimena lortzeko testak ere egin zituzten.

Hitzaldian, Ander Vilariñok gidatze ekologikoari buruz hitz egin zien eta gidatzeko aholku batzuk eman zizkien gazteei. Horrekin batera, pilotu profesional moduan parte hartu duen maila ezberdinetan izan duen esperientzia ere kontatu zien.

Argazkiak ikusi

Vilariño_agerkaria.jpg

Euskararen transmisioari buruzko mintegia
+

Eibarko …eta kitto! euskara elkarteak transmisioari buruzko mintegia antolatuko du maiatzaren 25ean Eibarko Portalea kultur etxean. Helburu nagusia da transmisioaren inguruan dauden esperientzia eta praktika onak elkarbanatzea eta ezagutaraztea. Era berean, partaideak gaiari buruzko eztabaida eta lan ildoak definitzen ahaleginduko dira.

Asko dira transmisioaren gainean lanean diharduten euskara elkarte, udal, erakunde, aisialdi talde, irakasle edota guraso elkarteak. Alor askotan gertatzen den antzera erakunde bakoitzak bere eremuak dituen beharrizanen arabera jokatzen du eta batzuetan besteek egiten duten lanaren berri izan gabe. Beraz, Euskal Herri mailako mintegia izan nahi du honek.

Mintegia euskara elkarteetako kide, udaletako euskara teknikari, aisialdi-taldeetako kide, irakasle eta gurasoei zuzenduta dago. Egun osoko mintegia izango da, goizeko bederatzietan hasita, eta izena emateko epea maiatzaren 2an hasiko da. Izen-emateak 20 euroko kostua izango du, bazkaria barne. Informazio gehiago nahi izanez gero, elkarteko telefonora deitu (943200918) edo helbide elektronikora (normalizazioa@etakitto.com) mezua bota.

Argazkiak ikusi

logo-etakitto.jpg

Ume elebidunen gurasoentzako eskuliburua
+

Alkarbide bilguneak koordinatuta, Bizkaiko 5 udalerrik eta mankomunitate batek Ume elebidunen gurasoentzako eskuliburua berrargitaratu dute. Egitasmo hau orain dela urte batzuk sortutako ekimena da eta azken urteotan urtero berrinprimatu da liburuxkaren arrakasta tarteko. Aurten Soraluzeko udalak ere parte hartu du berrinprimaketan.

Eskuliburuaren xedea da, ume elebidunen gurasoei laguntzea eta aholku ematea elebitasunaren inguruan sortzen zaizkien zalantzen inguruan. Liburuxka hau Alma Flor Ada eta Colin Baker irakasle entzutetsuen GUÍA PARA PADRES Y PROFESORES DE NIÑOS BILINGÜES liburuan oinarrituta dago eta gurasoek eguneroko bizitzan erabilgarri izango dute.

Liburuxkan hainbat aholku batu dira “umeak-gurasoak” bikotea eta eleaniztasuna ardatz hartuta, gurasoek egin ohi dituzten galderen erantzun gisa antolaturik. Gaiak honakoak dira: familia, hizkuntzen garapena, arazoak, irakurketa eta idazketa, pedagogia eta eskola-errendimenduari buruzkoak.

Argazkiak ikusi

UEGE_azala.jpg

Santiago Onaindia bekaren XII. edizioa
+

Amorebieta-Etxanoko Udalak Santiago Onaindia bekaren XII. edizioa martxan jarri du. Euskal literaturaren alorreko ikerketa lanak sustatzea xede duen bi urterik behin deitzen den beka honen bidez Santiago Onaindia omentzen da. Aurtengo beka honek 9.000 euroko zuzkidura dauka eta lana burutzeko epea urtebetekoa da.

XII. edizioan parte hartzeko interesa dutenek Ametx erakunde autonomoko erregistroan aurkez dezakete proiektua uztailaren 1a baino lehen. Informazio gehiago nahi izanez gero, Ametx erakunde autonomora deitu (946300650) edo bere web gunean (www.ametx.net) bekaren oinarriak kontsultatu ahal izango dira.

Bestalde, apirilaren 13an Amorebieta-Etxanoko Udalak, Ametx erakunde autonomoak, Labayru Ikastegiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Santiago Onaindia bekaren XI. edizioan irabazle izan zen lanaren argitalpena aurkeztu zuten. Miren Ibarluzea izan da beka burutu duen ikertzailea eta lan horretan euskal literatur itzulpenen kritika akademikoa lortzeko lehenengo urratsak finkatzeko hausnarketa bat egiten du.

Labayru Ikastegiak argitaratzen ditu Santiago Onaindia Bekaren hartzaile diren proiektuak “Aita Santi Onaindia Beka” bildumaren barruan. Oraingo honen izenburua Literatur itzulpenaren kritika. Lehen pausoak da.

Argazkiak ikusi

Santiago Onaindia beka.JPG

Bizkaiera-batua bihurtzailea on-line
+

Batua-bizkaiera bihurtzaile berria dago jada interneten Azkue Fundazioaren eskutik. Testu zati bat sartuz edo URL bat emanez, batuan idatzitakoa bizkaierara bihurtzen du Opentrad B izena duen tresna berri honek. Era berean, Xuxen B web zerbitzu moduan ere jarri berri dute Azkue Fundazioaren web gunean bizkaiera hizkuntza-aldaera moduan onartua izateko eta kode propioa izateko.

Azkue Fundazioak beharrezkotzat ikusi du euskara batuaz idatzita dauden testuak bizkaieraz automatikoki emateko tresna bat garatzea. Tresna hau baliagarria izan daiteke, besteak beste, irakaskuntzak, komunikabideetan, argitaletxeetan administrazio publikoan eta enpresetan. Lotura honetan kontsulta daiteke: http://bizkaiera.opentrad.com/itzuli/

Bigarren fase batean, bizkaieraz idatzitako testuak euskara batuaz ere eman ahal izango dira Opentrad B tresna osatuarekin. Tresna horrek web zerbitzu moduan funtzionatuko du eta Azkue Fundazioaren web gunean erabilgarri egongo da. Opentrad B tresnak formaturik gabeko testuak, formatudun testuak (.doc…) eta web guneak itzuliko ditu.

Argazkiak ikusi

Opentrad b.jpg

Irudimena: sormen lehiaketa sariak
+

Irudimena sormen lehiaketaren sariak banatu dituzte jada Azkue Fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak. Lehiaketaren helburua gazteen artean euskal kulturaren inguruko sormen literarioa eta grafikoa bultzatzea izan da. Hamabi irudi oinarri hartuta, beste irudi edo testu bat sortu behar izan dute edozein estilo teknika edo genero erabiliz, eta euren sormena azaltzeko aukera izanez.

Bi kategorietan guztira 120 lagunek parte hartu dute eta sari handiak irabazteko aukera izan dute, besteak beste, netbook-a eta argazki kamera. Lehiaketa internet bidez gauzatu da eta parte hartzaileen lanak ikusgai daude horretarako sortu den web gune honetan: www.irudimena.com .

Argazkiak ikusi

Irudimena.jpg

Opentrad itzulpen automatikoak zerbitzu berriekin
+

Opentrad itzulpengintza automatikoa kudeatzen duen partzuergoak (imaxin/software eta Eleka enpresek) lan-tresna honi buruzko web gunea berriztatu du eta zerbitzu berriak eskaintzen ditu. Web gunea erabilgarri dago jada dokumentuen on-line itzulpena egiteko. Erakunde zein enpresa zein norbanakoentzat tresna erabilgarria izateko helburuaz jaio da.

Opentrad dokumentu-itzultzaileak arin batean eta kalitate handiz  itzultzen ditu dokumentuak formaturik ohikoenetan. Jatorrizko formatua eta estiloa errespetatzen ditu eta horrek denbora eta lana aurrezten dio erabiltzaileari. SMS bat bidaltzearekin batera lan-tresna hori erabiltzen has daiteke edonor, hau da, ez da inon izenik eman behar. Berrikuntza nabarmenenak dira hizkuntza-bikoteen kalitatea hobetu egin dela eta bikote gehiago egongo direla. Hori guztia www.opentrad.com web gunean aurkituko duzue.

Argazkiak ikusi

opentrad2.jpg

  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Eusko Jaurlaritza
  • Euskadiko Udalen Elkartea